Eneko Lazkozek irabazi du Agoizko saioa, eta Nafarroako bertsolarien…
Gaur arte izenik gabe zeuden Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko zortzi eserlekuak. Bada, koskatxo bat aitzineratu dira gaur, eta bete dute lehen aulkia: Eneko Lazkoz Martinez da lehen finalista. 508,5 puntu batu ditu gaur Agoitzen, txapelketako lehen finalaurrekoan. Nahiko hurbil izan du hurrengo kantukidea: Saioa Alkaiza Guallar, 496 puntu lortuta. Haien gibeletik zerrendatu dituzte Ekhiñe Zapian Arlegi (494 puntu), Eki Mateorena Zozaia (488,5 puntu), Julen Zelaieta Iriarte (458,5 puntu) eta Endika Legarra Nuin (441 puntu). Irabazleak seguru daki, baina gainerakoek sailkapenaren zain gelditu beharko dute finalean kantatuko ote duten jakiteko; lehendabiziko hirurek aukera anitz dituzte barnera sartzeko. Eserlekuak bete direnean banan-banan hasi dira bertsolariak eszenatokira hurreratzen, eta ikusleak txaloka agertzen orduan. Mantso samar abiatu da saioa, baina berehala hasi dira bertsolariak euren arrastoa uzten. Zortziko handian Zapiainen eta Mateorenaren ofizioa izan da borobilena. Herritarren paperean jarri dituzte, eta ibaian pilatzen den zaborrarekin arduratuta, deialdi bat egin dute hura garbitzeko. Izandako arrakasta ikusita, kontent agertu da Mateorena: «Gaur deialdia egin dugu ta/ lehendik ezin genun jakin/ dirudienez nahikoa zela/ urak harrotze hutsakin». Garbitzearen premia arrazoitu du Zapiainek, ondotik: «Ta deialdia zabaldu dugu/ hori baitugu lortu nahi/ ibaia garbi mantendu dadin/ ta kontzientziak ere bai». Irrika eta arin-arin jardun dira zortziko txikian, ondotik. Lankideak izan dira Alkaiza eta Mateorena, eta enpresak motibazioa lantzeko aholkulari batera joan daitezen agindu die. Lehen saioa bukatu aitzinetik alde egin nahi izan du Mateorenak: «Lana uztea da nire/ motibazioa». Bertzelako irtenbide bat eman dio Alkaizak: «Ez al zaude soldata/ on baten gerizan/ gelditu paso egin/ diruaren ehizan/ buruarekin bai bai/ beti hola esan/ ta egin kruzigramak/ beste denon gisan». Txalo eta irri anitz bildu ditu Lazkozen eta Zelaietaren ofizioak: maizterra izan da Zelaieta, eta errentaria Lazkoz. Zelaieta sinistuta, izpiritu bat bizi dela haren etxean, eta kontu eske joan da Lazkozengana. Ironiaz galdegin dio errentariak: «Baldin bada bat beti/ eztula duena/ ziur aski izango da/ birraitonarena». Hamarreko txikian bertsoaldi politak ondu dituzte bertsolariek, eta jakin dute tonuarekin zein edukiarekin asmatzen; Zapiainek eta Lazkozek, bereziki. Sare sozialetako eduki sortzailea izan da Lazkoz, eta Zapiain lagunak sareak uzteko aholkatu dio. Hala hasi da eduki sortzailea: «Zuk diozu uzteko/ nabilela goizik/ nahiz ta jakin ez dela/ gezur txar bat baizik/ soilik gezur horretan/ egoten naiz pozik». Erremedio bat eman dio Zapiainek: «Famatu izateak/ dakar miseria/ erran gaizki zaudela/ eman aurpegia/ bizitza ez da soilik/ itxurakeria». Lekuz kanpo Saio gehienetan izaten da horrela, eta Agoitzen ere ganbarakoa izan da ariketarik maitatuena. Honako gai honi kantatu behar izan diote doinu eta neurri librean: «Berriz ere lekuz kanpo sentitu zara; hala ere, bertan gelditzea erabaki duzu». Aita enpresari baten semearen larrutik kantatu du Lazkozek, eta horrek sentiarazi du lekuz kanpo. «Garagardo bat eskatu/ eta eman diot trago/ eta irainka etorri/ zaizkit bi tipo barbaro/ nere aitaren enpresa/ arazo larritan dago/ ta haren semea naizenez/ gaizki ikusia nago». Denak hari begira dauzkala kontatu, eta eskari bat egin du, azkenerako: «Enpresan zer gertatzen den/ nik oso ongi ez dakit/ baina ni epai nazazue/ nere jokaerengatik». Bertso horren aitzinetik, baina, poto bat egin du Lazkozek; bigarren bertsoan zehazki, birritan erabili baitu pena errima. Barrenetik aritu da bakarka Alkaiza, eta nabaritu da; emakume izateagatik bertsotan nola sentitu izan den kontatu du, eta entzuleek txaloen bidez babestu dute bertsolaria. Hala esan du: «Nere buruak esan izan dit/ aguanta Saio aguanta/ zu ona zara merezi duzu/ ta zenbat sirena kanta/ baina inpostore sentitu izan naiz/ sistema latz honen tranpa/ baina sartu naiz atalka/ eta saihestu dut talka/ emakumeok leku eginda/ eginen dugu zarata / kasu emazu Navarra Arena/ gehiago izanen gara ta». Saioko gazteena zen Mateorena, eta enpresa bateko langilerik gazteena gorpuztu du kartzelan; horregatik sentitu da lekuz kanpo. 15 urteko alaba bat gorpuztu du hurrena Zapiainek, eta aitaren etxean lekuz kanpo sentitzen dela kontatu. «Ihes egiteak sarri/ dakartza zenbait arazo/ baina ze egin ondokoak/ egiten badu eraso/ berriz komisaldegira/ sartua naiz mantso-mantso/ poliziei galdetzeko/ non dagon nire amatxo». Txalo zaparrada luzea jaso du bueltan. Zazpigarren kantatu du Legarrak, kuadrillan hark nahi ez lituzkeen gaiez aritzen direla erranez: «Futbolaz eta ligeez/ hortxe ohi dira aritu/ bestelako gaietan ez/ baikara inor aditu». Zelaieta, berriz, herrian egiten dituzten kinto bazkariez jardun da, eta zehaztapenez josi ditu hiru bertsoak: «Denek daukate ume bat/ tira ume bat edo bi/ euren kontuak kontatzen/ praktika eta teori». Sailkapenak aditu ondotik txaloz eta irri txikiz agurtu dute elkar bertsolariek eta ikusleek, eta hurrengo astean berriz elkartzekotan geratu. HURRENGO SAIOA Bertsolariak: Jabi Lezaun, Julio Soto, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Patxi Castillo eta Sarai Robles. Lekua: Leitzako Herri aretoa. Eguna: azaroak 8, 17:30ean.