Aurreikuspenen arabera, Fronte Popular Berria nagusi litzateke gaur Frantziako Asanblearako eginiko bozetan. Bigarren postuan geratuko litzateke Emmanuel Macron presidentearen inguruko koalizioa, eta hirugarren eskuin muturra. Ustekabea da emaitza, RN ultraeskuindarra faboritoa zelako, lehen itzulian nagusi geratu ostean. Baina, badirudi ultraeskuinarekiko beldurrak eta hura gelditzeko deialdiak herritar asko abstentziotik atera dutela, eta espero gabeko garaipena eman diotela ezkerrari. Zundaketak ikusita, adierazpenak egin ditu Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruak: «Presidenteak Fronte Popular Berriari deitu behar dio gobernatzera». Sinbolikoki-edo, La Rotonde Stalingrad jatetxea aukeratu du Melenchonek lehen adierazpenak egiteko. «Gure herriak bere kalterako konponbidea baztertu du. RN gehiengo osotik urrun dago». Melenchonen arabera, milioika pertsona «arnasa» hartzen ari dira, «lasaitu ederra» hartuta. «Lehen ministroak alde egin behar du», esan du, gainera, Gabriel Attal aipatuta, eta ezkerreko frontea gobernatzeko prest dagoela gaineratu du. Baina ohartarazpen bat egin dio Macroni: fronteak «bere programa besterik ez du ezarriko, eta programa osoa». Irakurri gehiago Hauteskundeetako emaitzak, grafiko eta mapa interaktiboetan Astelehenean utziko du Attalek Melenchonen hitzek eragina izan dute, antza. Attal lehen ministroak iragarri du kargua utziko duela bihar, baina ohartarazi du jardunean jarraituko duela «betebeharrak eskatu bezain luze». Macronek 2017tik eduki duen laugarren lehen ministroa da Attal. Parlamentua sakabanatzeko eta bozak deitzeko Macronek harturiko erabakia deitoratu du Attalek. «Nik ez dut sakabanatzea aukeratu, eta ez dut hori zertan sufritu». Gehiengorik gabe, Frantziak «aurrekaririk gabeko egoera politikoa pairatzen» duela gaineratu du, eta Parisen aurki Olinpiar Jokoak jokatuko direla aipatu du, zehazteko dimisioa aurkeztu arren jarraituko duela jardunean. RNren porrota Eskuin muturreko RN taldeko Jordan Bardellak porrota onartu du. Ezkerreko taldeen batuketari «desohorearen aliantza» deitu dio, eta herritarrei «politika aldaketa galarazi» izana leporatu die. Marine Le Pen alderdiko buruak ohartarazi du RNren garaipena «atzeratu besterik» ez dela egin. Eskuin muturraren «itsasaldia igo egin da, baina ez da behar bezainbeste igo oraingoan; halere, jarraitzen du igotzen». Macronek ez du hitzaldirik egingo gaur, iragarri dutenez, baina Eliseoak adierazi du presidenteak itxarongo duela «Asanblea berregituratu arte», «hartu beharreko erabakiak hartzeko». Fronte Popularraren gobernua? Zundaketetan ateratako aurreikuspenak betez gero, lehia estuan dauden hiru blokeetako batek ere ez luke gehiengo osorik lortuko, baina aukera emango lukete ezkerraren eta Macronen aldekoen artean gobernatzeko koalizio sendo bat eratzeko. Melenchonek gobernua eskatu bezain pronto, baina, horren kontrako ahotsak altxatu dira Macronen aliatuen artean. MoDem zentroko alderdiko buru François Bayrourek esan du «irudikaezina» dela ezkerreko fronteak gobernatzeko gehiengo bat osatzea. «Inork ez du irabazi», gaineratu du, eta Fronte Popular Berriak gehiengo osorik ez duela nabarmendu du. Bide beretik jo du Edouard Philippe Horizons alderdiko ordezkariak. Bozekin egoera «argitu» behar bazen ere, emaitzek «indeterminazio handia» eragin dute, haren arabera. Zentroko indarrei eskatu die itun bat egiteko, egoera politikoa «egonkortzeko». Baina ohartarazi du itun hori ezin dela eraiki ez RNrekin, ezta Melenchonen intsumisoekin ere. Macronekin lehen ministro izan zen Philippe. Renaissance alderdiko buru Stephane Sejournek esan du «begi bistakoa» dela Melenchon eta haren aliatuek «ezin dutela Frantzia gobernatu». Philippek bezala, gehiengorik ez dagoela nabarmendu du, eta bere alderdiak baldintzak jarriko dituela edozein elkarrizketa hasteko. Baldintza horien artean jarri du Ukrainari Errusiaren aurka sostengua ematen jarraitzea.
Frantzia ez ezik, Euskal Herria eta Europa erdia arnasari kontu egiten aritu dira azkeneko lau asteotan, Emmanuel Macronek Frantziako Asanblea desegin eta hauteskundeetara deitu zuenetik. Macronen hanka sartzea galanta izan da, batez ere bere alderdiak eta presidenteak berak ordaindu duelako, lehenaz gainera gehiago zatituta bere aldekoak ere. RN Batasun Nazionalak Europako bozetan lortutako emaitza erreplikatu zuen ekainaren 30ean, Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian, eta aukera ikaragarriak zituen bigarren itzulian irabazteko, gehiengo absolutua ez bazen ere, behintzat irabazteko, eta lehen ministro bat aukeratzeko modua izateko. Horregatik, ezusteko handia izan da NFP ezkerreko frontearen emaitza, inork gutxik kalkulatzen baitzuen bigarren itzuli honetan irabaz zezakeela. Irakurri gehiago Hauteskundeetako emaitzak, grafiko eta mapa interaktiboetan Izan ere, pronostiko guztien kontra, eskuin muturraren kontrako fronte errepublikanoak funtzionatu egin du, eta hori da hauteskunde gau honetako lehen ondorioa. NFP Fronte Popular Berrian ezkerreko indarrak horren azkar eta horren modu eraginkorrean elkartzea harrigarria suertatu bada, izan da arriskuak eta izuak hartaratuta. Eta herritarrek ulertu dute botoa biltzeko aukera ona zela, aukera bakarra agian, ikusita Macronek zenbat ezadostasun eta haserre bildu dituen bere inguruan, agintean denetik. Eta eskuin tradizionaleko zein zentroko eragile ugarik NFPrekin —bereziki Frantzia Intsumisoarekin: askok RNren pareko jarri dute, eta, horretan bederen, Jordan Bardella RNko hautagaiaren diskurtsoa kopiatu du eskuin errepublikanoaren parte batek— hartu duten jokabidea ikusita, ez zen erraza asmatzea zer gertatuko zen gaur: eskuineko boto emaileek NFPri emango ote zioten botoa, RNri kontra egin behar zitzaion barrutietan? Azkeneko bi hamarkadetan, ezkerreko boto emaile gehienek eta alderdiek erakutsi dute eskuin muturraren kontra behar zenean behar zenari botoa emateko prestasuna. Baina zalantzak baziren kontrara ere berdin funtzionatuko ote zuen sistemak, eta gaurko emaitzak ikusita, esan liteke baietz. RNk askotan esaten du «herritarren gehiengoa» isilarazi nahi dela, eta «antinatura» koalizioak egiten direla eskuin muturrari atea ixteko, baina egia bestea da: askoz gehiago dira RNk agintzea nahi ez dutenak. «Herritarren gehiengoa» beste hori da, RNk onartu nahi ez duen hori. Gaurko gauak utzi duen bigarren ikaspena: eskuin muturraren mamuari esker ailegatu izan da Macron presidentetzara, parez pareko lehian eskuin muturra zuelako irabazi baititu hauteskunde presidentzialak, baina ez herritarren gehiengo baten babesa zuelako; gogorik gabe eta beste aukerarik ez zutelako eman dio botoa jende askok, eta ez du ematen Macronek hori ongi ulertu duenik, agintean daramatzan zazpi urteotan adiskideak galdu eta kontrarioak ugaldu baitzaizkio, hain justu kontrakoan ahalegindu behar zuenean. Ezkerrak aldarrikatu du hauteskundeak irabazi dituela, baina kontuz ibili beharko du, Macronen herren bera ez egiteko. Hauteskundeak irabazteak ez du esan nahi herritar guztien babesa dutenik, eta bi itzuliko sistema batean are gutxiago, herritar askok halabeharrez ematen baitute botoa, eta gero norberaren kontra itzul liteke hori. Politika egiteko eta agintzeko beste manera batzuk galdatzen ditu egoerak. Eta oreka ahul horiez kontziente izatea. Sentsibilitate gehiago. Eta elkar aditzea ere bai. Izan ere, eta hori da hirugarren ondorioa, zatitutako herrialde bat agertzen dute gaur gaueko emaitzek. Hiru bloke argi ikusten dira: erreforma sakonak nahiko lituzkeen ezker bat; gizartea hankaz gora jartzea nahiko ez lukeen zentro-eskuin bat; eta gizartearen parte bat Frantziatik bota nahiko lukeen eskuin mutur bat. Eta tartean, ezin da ahantzi, halako egoera larri eta muturrekoetan ere botorik ematen ez duten herritarren heren bat inguru. Gobernatzeko beste sentsibilitate eta modu batzuk eskatzen ditu egoerak eta garaiak. Egunotan teoria eta hipotesi mordoska bat haizatu dira, astelehenetik aurrera Frantzian gerta litekeenari buruz: kohabitazioa, dimisioak, Konstituzioaren erreformak, Asanblea ostera ere desegitea, presidenteak botere gehiago hartzea, «V. errepublika hil da», eta gisakoak. Eta Macronek izango du tentazioa, akaso, superrerreforma politikoren bat egiteko, baina agian beste galdera batzuei ere heldu behar zaie: posible ote den demokrazia langabeziarekin eta desberdintasun ekonomikoekin; ze eskalatako herrialdeak diren bideragarriak, herrialde handiegiek ez ote dituzten herritarren beharrak urrunegi ikusten; eskala txikiagoko aginteak ez ote diren hobeak herritarrentzako eta herritarrek kontrolatzeko; nola egin komunitateak berpizteko eta herritarrak beraien artean ostera ere konektatzeko, sareetako erradikalizazioetatik ateraz. Esate baterako. Ikuspegi murritzegia suerta liteke gobernabideari soilik begiratzea.
Peio Dufau EH Baiko kide eta NFP Fronte Popular Berriko hautagaia gailendu da Frantziako Asanblearako hauteskundeen bigarren itzulian Ipar Euskal Herriko seigarren hautesbarrutian, eta hark eskuratuko du diputatu eserlekua. Ezkerreko abertzaleek Parisen lortu duten lehen ordezkaria da. 27.117 herritarren babesa eskuratu du Dufauk, botoen %36,28 lortuta. Haren gibeletik gelditu da Christian Deveze Kanboko (Lapurdi) auzapez eta Ensemble koalizioko hautagaia, botoen %35,33 eskuratuta. Eskuin muturreko hautagaia gelditu da hirugarren, botoen %28,39 eskuratuta. iFrameResize({ log: true },’#frleg24′); «Momentu historiko bat» dela erran du Dufauk, lortutako emaitzak ospatzeko Ziburuko plazara bidean zihoala. «Sekulako esperantza eman da nire buruaren gainean, orain lanera lotu beharko gara». Eskerrak eman dizkie hauteskunde kanpainan parte hartu duten guziei: «Ezkerreko alderdi guzietakoek bat egin dute, ezberdintasunak izanik ere». Hunkitua mintzatu da Dufau: «Euskal Herriaren bozak Parisera eramatera goaz». Halakorik sekula ez dela gertatu adierazi du. «Urteetan lan egin dut CGTren barnean, sasi guzien gainetik, beti ezkerreko indarrak batzeko gogoarekin; oztopatua izan naiz anitz. Orain, ezkerreko diputatu izanen naiz». Peio Dufau (@PeioIZATE) diputatu hautatu berria zuzenean @euskalirratiak sarean. Kontent, Parisen eskubide sozialen alde eta Euskal Herriaren aitortzaren alde lan egiteko prest.@antxetairratia pic.twitter.com/Fe6CCJJBkl — Aimar Lopez Erasun (@aimarlopezz) July 7, 2024 «Atsekabetua» agertu da Deveze, eta Dufauk atera dion diferentzia txikia azpimarratu du. «Lehen itzuliko botoen banaketa ez da koherentea izan». Errepublikanoetako boto anitz Batasun Nazionalari joan zaizkiola baieztatu du, eta EAJrenak Dufauri. «Xantza ona» opatu dio ezkerreko abertzaleari. iFrameResize({ log: true },’#frleg24′); Bosgarren hautesbarrutian Colette Capdevielle PSko kide eta NFPko hautagaia gailendu da. Eskuin muturreko hautagaiaren emaitza bikoiztu du, 40.607 herritarren babesa eskuratuta —botoen %62,64—. Hiri handietan atera dio alde handiena Serge Rosso RNko hautagaiari. iFrameResize({ log: true },’#frleg24′); Laugarren hautesbarrutian Iñaki Etxaniz PSko kide eta NFP hautagaiak irabazi du. Hura izan da diputatua azken bi urteetan, eta egindako lana aitzinean emanez egin du kanpaina azken asteetan. 27.762 boto eskuratu ditu Etxanizek (%47,92), Sylviane Lopez RNko hautagaiak baino aise gehiago (16.753; %28,92). 2002 eta 2022 artean diputatu izan zen Jean Lassalle Eutsi! alderdiko burua izan da hirugarrena, 13.419 herritarren babesarekin (%23,16). «Pozik eta arindua» agertu da Etxaniz, eta lortutako emaitza nabarmendu du, diferentzia handiarekin irabazi baitu, bai hautesbarrutian eta baita hainbat herritan ere. «Esperantza altxatu da, NFP gailendu da, eta herrialdeari alternatiba bat emanen diogu». Kanpaina «zaila» izan dela erran du, eta «bereziki EH Bairen kontra» batzuek izan dituzten adierazpenak gaitzetsi ditu, RNren pare eman baitute. Bihartik aitzina Parisera joanen dela eta talde parlamentarioko lehen bilkurak eginen dituztela erran du: «Kolektiboki gogoetatuko dugu zer aukera posible diren». Baina baieztatu du alternatiba bat proposatzeko gai izanen direla. «Bihartik aitzina hasiko da dena, eta nik nire partea emanen dut lan kolektibo horretan. Orain arte gai izan gara desberdinen artean lan egiteko, baita presidentearen gehiengokoekin ere. Hemendik aitzina ere gai izanen gara gure programa aitzina eramateko».
Penaltietara iritsi behar izan du Ingalaterrak Eurokopa honetako finalerdietara heltzeko. Aukera handirik gabeko partida izan da, Suitzak lehen gola sartu duen arte. Kolpe horren aurrean, baina, azkar berpiztu da Gareth Southgateren taldea, eta handik bost minutura berdindu du. Luzapenera joan da partida, eta ezer gutxi jazo da. Penaltien txandan, Ingalaterrak bost penaltiak sartu ditu Yann Sommerren atean, eta Suitzako Manuel Akanji izan da huts egin duen bakarra. Txapelketa hasi aurretik, faboritoetako bat zen Ingalaterra, baina taldeak duen talenturako, ez du batere ondo jokatu aste hauetan. Hala ere, azken Eurokopan egin moduan, finalerdietan da. Ingalaterra hasi da partida kontrolpean hartzen, baina ez dio min handiegirik egin Suitzari. Pase askoko jokaldirik osatuenak haiek egin dituzte, baina Suitzak ere izan ditu bere aukerak lehen minutuetan. Batez ere hegaletatik egin dituzte erasoko saiakera gehienak Ingalaterrak eta Suitzak, baina bi defentsak sendo aritu dira, eta bi atezainek, Sommerrek eta Jordan Pickfordek, ez dute ia lanik izan. Defentsek oso kontrolpean izan dituzte aurrelariak, eta erraz saihestu dituzte erasoak. Suitzari minik handiena egiten saiatu diren jokalariak Jude Bellingham eta Bukayo Saka izan dira, baina haien paseek ez dute lortu arrisku handiko jokaldirik sortzerik. Bi taldeek lehen zatian egin dituzten jaurtiketa guztiak askogatik joan dira kanpora, edo defentsek alboratu dituzte. Ingalaterrak proposatu du jokoa, baina Suitzak ere ez du horretarako asmorik izan: atzean itxaron du, eta ez diote minik egin. Baloia eskuratzean, bestalde, kontraeraso azkarrekin min egiten saiatu da, emaitza handirik gabe. Lehen 45 minutuetan indarrak gordeta, bazirudien bi taldeak gola egiteko eta husteko asmoarekin aterako zirela, baina ez da horrela izan. Bigarren zatiko lehen minutuak lehenaren jarraipena izan dira: Ingalaterraren kontrol saiakera, eta Suitza atzean itxaroten. Aukerarik garbiena 56. minutuan iritsi da, Suitzaren eskutik: erdiraketa bat errematatu du Breel Embolok, defentsak garaituta, baina Pickfordek ez du arazorik izan jaurtiketa geratzeko. Ondorengo minutuak ere aukera handirik gabekoak izan dira, harik eta partida amaitzeko hamasei minutu falta izan diren arte: Suitzak jokaldi on bat egin du, eta, Dan Ndoyeren erdiraketa bat Ingalaterrako defentsak ukitu ostean, Embolok baloia sareratu du. Sakaren erantzuna Gutxi iraun dio, baina, poztasunak Suitzari, Sakak berak asmatutako jokaldi batean gola egin baitu Ingalaterrak handik bost minutura. Declan Ricerengandik jaso du baloia Arsenaleko hegalariak, eta, lekua zuela ikusita, albotik erdialdera sartu, eta area kanpotik jaurtiketa eginda sareratu du baloia. Hortik aurrera, biziago jokatu dute luzapena saihesteko, baina ez dute lortu, 90 minutuak berdinduta amaitu baitituzte. Luzapena lehengo zatiaren antzekoa izan da: ez da aukera handirik egon, eta, kontuan hartuta jokalariak nekatuta zeudela, ez dute askorik arriskatu. Xherdan Shaqiriren aukera izan da onena, zelairatu eta gutxira langara bota baitu baloia. Hala iritsi dira penaltietara. Ingalaterra hasi da jaurtitzen, eta Cole Palmerrek baloia sareratu du. Akanji izan da Suitzaren lehen penaltia jaurtitzeko hautatua, baina indarrik gabe eta nahiko erdira botata, Pickfordek ez du zailtasunik izan baloia geratzeko. Ondorengo penalti guztiak sartu dituzte biek, baina Akanjiren akatsak kanpoan utzi du Suitza; Ingalaterra garaitu izan balu, txapelketa handi bateko finalerdietan lehen aldiz arituko zen. Herbehereek ere aurrera Turkiaren aurka 2-1 irabazita, Herbehereak dira finalerdiak osatu dituzten azken taldea. Frantziak eta Espainiak jokatuko dute partida bat, eta bestea Ingalaterrak eta Herbehereek. Turkiaren eta Herbehereen arteko partidak ez du zerikusirik izan Suitzak eta Ingalaterrak jokatu dutenarekin. Irabaztera atera dira biak, eta ikuslea aulkira pegatuta mantentzen duten horietako norgehiagoka izan da; zaleak erakartzen dituenetakoa. Lehen zatian Turkiak izan ditu aukera gehien, eta Samet Akaydinen eskutik etorri da Turkiaren gola, 35. minutuan. Atsedenaldira irabazten joan da Turkia, eta bigarren zatiaren hasieran ere ez die arazo handirik sortu Herbehereek. Joan etorriko partida bat izan da, baina 70. minutuan Memphis Depayk erdiraketa bikain bat egin du, Stefan de Vrijen burura guztiz zuzendua, eta ederki sareratu du defentsak. Handik gutxira etorri da Herbehereen bigarren gola, 76. minutuan, Denzel Dumfriesen erdiraketa bat bere atean sartu baitu Mert Muldurrek. Handik aurrerako minutuak zirraragarriak izan dira: Turkia etengabe aritu da erasotzen, baina herbehereetarrak ez dira kikildu, eta ondo defenditzeaz gain, aurrera ere egin dute. Cody Gakpo herbehereetarrak aukera bikaina izan du, baina Mert Gunok atezainak bikain atera du baloia. Turkiak arrisku handiko beste bi eraso egin ditu, eta horietako bat ozta-ozta atera du Bart Verbruggen atezainak, 91. minutuan; bere taldekideak geldiketa zoriontzera hurbildu dira beregana. Azken minutuetan, faltak eta denbora galtzeak direla medio, berotu egin da giroa, eta epaileak hainbat txartel hori eta gorri bat atera dizkie Turkiako aulkiko hainbati, izan jokalariak edo taldeko langileak.
Hasi eta buka nagusitasun handiz irabazi du Urdaibaik bere palmareseko bigarren Fabrika bandera. Bou Bizkaia-ren azken asteetako irudiari eutsi diote Iker Zabalaren arraunlariek, eta estropada ikusgarria egin dute Eusko Label ligako hirugarren bandera irabazteko. Bigarren Zierbena izan da, Urdaibaikoengandik ia hogei segundora, eta hirugarren Hondarribia, minutu erdira. Ohorezko txandako azkena Orio izan da, berrogeita bi segundora. Lehen luzetik hasi da Urdaibai errenta handitzen, eta aurkaririk ez duela erakutsi du beste behin. Itsaso harrotuan, bikain moldatzen da Bermeoko eskifaia, eta traineruak inork jarri ez duen erritmoa jarri du gaur Kontxako badian. Aspalditik ez zen horrelako nagusitasunik ikusten arrauneko goi mailan, eta Bermeoko traineruak estropadetan ateratzen dituen errentak beldurgarriak dira. Hirugarren luzean puskatu ohi ditu estropadak Urdaibaik, baina gaur ez dute hainbeste itxaron nahi izan Zabalaren arraunlariek. Argi berdea ikusi orduko, palada azkar eta indartsuak jo dituzte, gainontzeko txandakideek baino nabarmen gehiago, eta tartea ireki dute lehen metroetan. Tarte horiek mantentzen trebeak dira bermeotarrak, eta Gorka Aranberri patroiak ez die bere arraunlariei erritmoa apaltzen uzten. «Garbi geneukan gaur ahalik eta arraunketarik onena egitea zela gure lana. Hasieratik tartea irekitzera irten gara, eta bi luze bikain egin ditugu» GORKA ARANBERRI Urdaibaiko patroia Bou Bizkaia aurrera zihoan bitartean, Zierbena eta Hondarribia parean mantendu dira, Orio zertxobait atzeratzen zen bitartean. Lehen ziabogan, dagoeneko sei segundoren aldea ateratzen zien Urdaibaik bigarren eta hirugarren traineruei, eta orduan hasi da bigarren posturako lehia. Poparean izugarrizko abiada sartu du Urdaibaik, eta hogei segundoren aldea atera dionean Hondarribiari, erori egin da Ama Guadalupekoa. Zierbenak, ordea, ez du behera egin, eta azkar batean gainditu du ontzi berdea. Ontzi bateko tartea ireki du Bizkaiko taldeak, eta Hondarribiak ez du jakin haren erritmoari jarraitzen. Azken ziabogan ikusi dira ia behin betikoak izango ziren tarteak. Urdaibai hegan, Zierbena hemeretzi segundora, Hondarribia 24ra, eta Orio 38ra. Hala ere, estropada ona osatu dute Orioko mutilek. Azken baliza horretan dozena bat segundo ateratzen zizkion bigarren txandako Isuntza garaileari, eta helmugan, azkenean, sei izan dira. Mikel Arostegiren arraunlariek sendotasuna erakutsi dute beste behin ohorezko txandan aritzeko. Santa Klara uhartea pasatuta, erritmo bizia moteldu du Bou Bizkaia-k, bihar Zierbenan estropada garrantzitsua dutela jakitun. Helmugan 21:22ko denbora markatu du. Zierbena ia hogei segundora heldu da, eta Hondarribia, hamabi segundo beranduago. Oriok laugarren postua eskuratu du, eta Isuntzarentzat sekulako arrantza izan da bosgarren postuan amaitzea. Urdaibairen tarte erraldoiez jabetzeko, minutu baten aldea atera dio zazpigarrenari, eta hiru minutu baino gehiago azken sailkatuari. Gainontzeko traineruetatik koska bat edo bi gorago daudela berretsi dute. Isuntza eta Donostiarra, ziaboga egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU Bigarren txandak ere izan du bere saltsa. Isuntzak irabazi du, Donostiarra etxeko traineruaren aurretik. Hirugarren postuan ere borroka sutsua izan dute Getaria eta Ondarroak, baina azken luzean Esperantza-k lortu du azkarrena izatea. Hasieratik, Donostiarra izan da txanda menderatzen saiatu den trainerua. Lehen metroetatik hasita, eta bigarren luzera arte, Igor Makazagaren arraunlariak txanda irabazteko intentzioz gailendu zaizkie beste traineruei, baina ez dute luze mantendu estropadaburua. Istant batean, Isuntzak tartea nabarmen murriztu du, eta, olatu pare bat hartuta, estropadaren buruan jarri da. Poparean itzuli bikaina egin dute Osertz Aldairen arraunlariek. Isuntza, bikain poparean Baina edonoiz lortu zezakeen Donostiarrak bien arteko tartea kentzea. Hori buruan izanez, Isuntzak ez du atzera begiratu behin ere, eta paladaz palada lortu dute tarteari eustea. Azken ziabogara hiru segundoko tartea zuten, eta azken luzea hasterako, seira zabaldu dute. Helmugarako, azkenean, hamar segundokoa izan da tartea. Baina azken luze horretan atzean egon dira ikusleen begiradak. Getariak eta Ondarroak lehia bizia izan dute bata bestearen aurretik amaitzeko, eta azkenean Getariak lortu du hirugarren postu hori, poparean luze bikaina eginez. Lehen txandan, Galiziako Cabo taldea gailendu da, eta ustekabea eman du hala. Boiroko taldeak kalerik onena baliatu du txanda irabazteko, eta hasieratik egin dute hori lortzeko hautua. San Pedrok ere orain arteko estropadarik onena egin du. Estropadaren zati handi batean galiziarren parean aritu da, baina azkenean haiengandik hemeretzi segundora iritsi da helmugara. Oso urrun, Kaiku eta Bueu iritsi dira. Bizkaiko traineruak Cabo baina minutu bat eta hamasei segundo gehiago behar izan ditu, eta Bueuk, minutu bat eta erdi. Bihar Zierbenan (Bizkaia) izango dute asteburuko bigarren estropada (12:20, ETB1).
Arraun denboraldia hasi zenetik hirugarren aldia izan dute traineruek Kontxako badian estropada jokatzen. Lehenik, Euskadiko Txapelketa izan zen; ondoren, Espainiakoa, eta, orain, Donostiako Bandera Euskotren ligako hirugarren jardunaldian. Hiru aldietan, txalupa berbera gailendu da Donostiako uretan, eta denboraldi hasiera honetan menderatu beharreko trainerua dela berretsi dute. Arraun Lagunak taldeak beste bandera bat altxatu du gaurkoan, orain arte izan duen lehiarik estuena izan bada ere. Izan ere estualdian jarri du Tolosaldeak bigarren luzean, baina azkenerako zazpi segundoko errenta atera dute Juan Mari Etxaberen arraunlariek. Hirugarren Orio izan da, eta laugarren, Donostiarra. Lehen txandako traineruek sufritu dituzte lehenik itsaso zakarraren zailtasunak. Cabok, Tiranek, Hibaikak eta Hondarribiak estreinatu dute Fabrika Bandera, eta gainontzeko traineruei erakutsi diete zein zaila izan den trainerua menderatzea, beste behin, Donostiako itsaso zakarrean. Lau traineruek zailtasuna izan dute hasierako balizan egonkortzeko, eta are zailagoa zuten branka haizeari eta itsasoari lerrokatzea. Hondarribiari lehen kale konplexua egokitu zaio, eta hasieratik saiatu da bigarren kalera hurbiltzen. Haizearen kontra zanbuluka aritu da Ama Guadalupekoa, eta laugarren kaletik, ordea, Cabo eroso aritu da irlaren babesean. Galiziarrak ziztu bizian atera dira, eta laugarren kale horrek ematen duen faboritismoa berretsi dute. «Zail zegoen arraunean egiteko, eta ahalik eta txukunen egiten saiatu gara. Joaneko luzean, ea beste aurkarien pare ginen, eta, itzulikoan, olatuak hartzen saiatu gara. Ikusi da hor gaudela, eta bihar denbora hau hobetzera joango gara» GARAZI ORMAZABAL Tolosaldeako arraunlaria Aurreko asteburuan etxean aritu zen Cabo, baina ez zuen zapore gozoarekin amaitu estropada, eta beharrez zegoen Donostian eman duen itxura ona emateko. Kale ona zuen, bai, baina horrelakoetan aprobetxatu egin behar da, eta lortu du. Lehen luzean, hamalau segundo atera dizkio Hondarribiari, hogeita zortzi Tirani, eta 53 Hibaikari. Helmugara airean iritsi dira Galiziarrak, baita Hondarribia ere. Miren Garmendia patroiak bikain gidatu du ontzi berdea itzuliko luzean, eta dotore iritsi dira helmugara olatu gainean. Azkenean zazpi segundoko tartea Cabo irabazlearen eta Hondarribiaren artean. Tiran 48 segundoko atzerapenarekin heldu da, eta Hibaika, sufrikario bizian, handik minutu bat eta hogei segundora. Ohorezko txandan, kalerik gogorrena faboritoari tokatu zaio. Denboraldi hasieran aurkaririk izan ez duen Arraun Lagunak gainditzeko aukera ezin hobea zen gainontzeko lehiakideentzat, baina gaurkoan ere ez dute kale egin. Sufritzen jakin du Lugañeneko eskifaiak, eta momentu zailetatik ateratzen badakitela erakutsi dute Donostiako estropadan. Oriok zuen kalerik erosoena; Arraun Lagunak-en aldean, oso garbi aritu da hasieratik. Lugañene zanbuluka ibili da hasieratik, baina erritmo gogorrean ez dute denbora galdu gainontzekoen aurrean. Tolosaldea Orioren kalera hurbildu da, baina epailearen abisua jaso du bertatik ateratzeko. Donostiarra, iazko garailea, atzetik aritu da lehen metroetatik. Arraun Lagunak-eko arraunlariak bandera astintzen, Donostiako kaian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tolosaldea, ustekabea emateko zorian Lan erdietan, Arraun Lagunak-ek eroso irabaziko zuela aurreikusten zen, Tolosaldea bigarrenari bederatzi segundoko errenta atera dioenean. Orio izan da hurrena, hamahiru segundora, eta Donostiarra hogeita sei segundora. Baina lehen bi traineruek lehia bizia izan dute ziaboga pasa orduko. Itzuliko luzean gogotik estutu du estropada Tolosaldeak. Ramon Erostarbe entrenatzaileak behin baino gehiagotan adierazi dio Laiene Izagirre patroiari Arraun Lagunak-en erritmoa hartzeko aukeran zeudela. Esan eta egin. Pixkanaka gerturatuz joan dira, parean jartzeraino. Azkarrago ari zen Tolosaldea, eta bost segundoko koska palada gutxian murriztu du. Momenturen batean olatu bateko tartean ziren bi traineruak, eta Tolosaldea indar gehiagorekin ikusten zen. Baina Lugañene hazi egin da, eta garaile sena erakutsi du beste behin. Etxaberen arraunlariek, aurkaria parean ikusi dutenean, azkenengo martxa sartu dute, eta hegan egin dute helmugara iristeko. Tolosaldea zazpi segundora heldu da azkenean, eta Oriok ere itzuli ederra egin du, hamar segundora helmugaratzeko. Donostiarrak gaur ere ez du egun ona izan, baina etxeko taldeak laugarren postua eskuratu du, eta bihar, Zierbenan (11:15, ETB1), ohorezko txandan arituko dira. Arraun Lagunak-ek laugarren garaipena bilatuko du. San Juanek laugarren garaipena, eta astillerok lehena Camargon (Espainia) aritu dira gaur KAE1 eta ETE ligako ontziak. Gizonezkoetan, San Juan gailendu da beste behin, eta beste garaipen bat eskuratu du. Oraingoz jokatutako bandera guztiak altxatu ditu Joseba Fernandezek gidatzen duen taldeak, eta erabat finkatu da sailkapeneko lehen postuan. ETE ligan, Zumaiak zituen orain arteko hiru garaipenak, baina Astillerok irabazi du gaurkoa, bere palmaresa estreinatzeko. Zarautz ere Zumaiaren aurretik sailkatu da. Bihar Portugaleten (Bizkaia) arituko dira, 16:00etatik aurrera.
Azken urteetan arrazoia galdu du Linekerrek. Ospe handia dauka haren esaldi batek: «Futbola ingelesek asmatu zuten, 11k 11ren aurka jokatzen dute, eta beti Alemaniak irabazten du». Azkenaldian, aldiz, oso gutxi irabazi du Alemaniak. Gaurkoan 119. minutuan galdu du Espainiaren aurka. Mikel Merino izan da heroia. Nafarraren burukadari eskerrak, Eurokopako finalerdietan izango da Espainia. Trabatuta hasi da partida. Lehia gogorra espero zen, eta jokalariak sendo agertu dira aurreneko dueluetan. Sendoegi akaso. Bigarren minuturako izan dute hika-mika bi taldeetako jokalariek, eta 10. minuturako Luis de la Fuentek Pedri aldatu behar izan du. Kroosen sarrera bat tarteko, ezin izan du partidan jarraitu. Gainerakoan, atsedenaldira bitartean oso gol aukera gutxi ikusi dira. Alemaniak izan ditu garbienak. Havertzek bi erremate egin ditu, baina ez du Unai Simon estutasunetan sartu. Espainia, berriz, Lamine Yamal eta Nico Williamsekin min egiten saiatu da, baina etxeko selekzioak ondo zaindu ditu hegaletako jokalari trebeak. Bigarren zatian, ordea, berehala aurreratu da Espainia. Moratak eman du lehen abisua, baina kanpora joan zaio errematea. Baina, bigarrenean, Olmok ez du huts egin. Yamalek ederki ikusi du kataluniarraren iritsiera, eta erdilariak sareetara bidali du baloia, lehen ukituan. Espainiarren golak zuhaitza astintzera behartu du Julian Nagelsmann. Fuellkrug zelairatu du, besteak beste. Aurrelariarekin erreferentzia bat izan du Alemaniak arean, eta lanak asko zaildu dizkie atzelariei. Gainera, 75. minutuan zutoinera bidali du erremate bat. Aurrelariak sor zezakeen arriskua tarteko, azken minutuetan hainbat metro egin ditu atzera Espainiak. Eta Alemaniaren joak behartuta, halako batean iritsi da berdinketaren gola. Wirtzek egin du, punpa lasterrean, 89. minutuan. Luzapenean Wirtzek eta Oiartzabalek izan dituzte aukerarik garbienak; ez dute asmatu, ordea. Partida penaltietan erabakiko zela zirudien, baina 119. minutuan Merinok sartu du gola, buruz. Finalerdietan izango da Espainia. Frantzia ere finalerdietara Eguneko beste final-laurdenetako partidak ere luzapena behar izan du. Frantziak eta Portugalek lehia estua jokatu dute. Orain arte jokatu dituzten lau partidetan bezala, ez dute joko askorik erakutsi. Ez Frantziak, ezta Portugalek ere. Bi taldeetako jokalari azpimarragarrienak atzeko lerroan izan dira; bi atezainak eta atzelariak. Luzapenean ere oso berdinduta jarraitu du partidak. Ez da gehiegi aldatu neurketaren nondik-norakoa. Portugal baloi jabetzaren bitartez aurrera egiten ahalegindu da, eta Frantziak, aldiz, aurrelarien bizkortasuna bilatu du, trantsizioan. Hala ere, golik ez 120 minutuetan, eta penaltietan erabaki da partida. Penaltiak jaurti behar izan dituzte Espainiaren aurka finalerdietan nor ariko den jakiteko. Bertan Frantziak lortu du aurrera egitea. Final-zortzirenetan jaurti zizkioten hiru penaltiak gelditu zituen Diogo Costa atezain portugaldarrak. Gaur, ordea, ez du bat bera ere gelditu. Portugalen, Joao Felixena izan da zorigaiztoko jaurtiketa. Bartzelonako aurrelari ohiak zutoinera bidali du bere jaurtiketa, eta horrek desorekatu du lehia. Asteartean neurtuko dituzte indarrak Espainiak eta Frantziak, asteartean (21:00, TVE1). Joao Felix penaltia huts egin duen unean. FILIP SINGER/EFE Hiru fitxaketa hiru euskal taldetan Osasunak Abel Bretones ezker hegaleko atzelari espainiarra fitxatu du. Oviedoko jokalari ohiak bost urterako sinatu du. Alavesek, berriz, Tomas Conechny aurrelari argentinarra fitxatu du, 2028ra arte. Bestalde, Lucia Pardo aurrelari galiziarra Realean ariko da.
Iratiko oihana biosfera erreserba izendatu du Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Hala, Euskal Herriak hiru biosfera erreserba ditu gaurtik. Urdaibaikoa da horietako bat, 1984ko abenduan eman zion Unescok izendapen hori. Bardea da bestea; 2000 urtean izendatu zuten. Biosfera erreserben helburua da balio ekologiko handiko eremuetan tokian tokiko neurriak sustatzea garapen jasangarria bultzatzeko, biodibertsitatea babesteko eta klima aldaketara egokitzeko. Erreserbek, era berean, zenbait baliabide jasotzen dituzte tokiko komunitateen zenbait proiektu laguntzeko. Esaterako, agroekologiarako, uraren kudeaketarako eta ingurumenarekin errespetuzkoak diren jarduera ekonomikoetarako. Biosfera erreserben xede da, halaber, eremu babestuek Kumming-Montreal Hitzarmeneko konpromisoak betetzen laguntzea. Duela bi urte nazioarteak onartu zuen Biodibertsitatearen Mundu Esparruaren helburu dira, besteak beste, natura eremu babestuek planetako lurraldearen eta itsas eremuen %30 hartzea, eta ekosistema higatuen %30 leheneratzea 2030. urtea baino lehen. Unescok joan den asteartetik gaur arte Marokoko Agadir hirian egin duen kontseiluan onartu ditu biosfera-erreserba izendapen berriak. Iratiko oihanak ez ezik, izendapen bera jaso du Pirinioetako beste eremu batek ere: Aran ibarrak (Herrialde Katalanak). Beste bederatzi izendapen ere egin dituzte Herbehereetako, Esloveniako, Italiako, Filipinetako, Hego Koreako, Mongoliako, Dominikar Errepublikako eta Kolonbiako lurretan. Guztira, 37.400 km2 babestu dituzte azken izendapenekin —ia Euskal Herriaren azaleraren bikoitza—. Biosfera Erreserben Sareak 759 eremu babestu ditu orain, 136 herrialdetan banatuta. Komunitatearen parte hartzea Iratiko biosferak Euskal Herriko basorik handiena hartzen du, eta Europako eremurik handieneko pagadi-izeidi basoen artean bigarrena da. «Biodibertsitatearentzako paradisu bat» da, Unescoren izendapenak onartu dituen kontseiluaren esanetan. Zaraitzu eta Aezkoa ibarrak hartuko ditu erreserbak, Nafarroako ipar-ekialdean, eta 537 km2-ko eremua izango du. Iratiko biosferan 2.435 herritar bizi dira. Unescoren kontseilu izendatzaileak nabarmendu du Iratiko biztanleek «funtsezko egitekoa» izan dutela biosfera-erreserba izendapena lortzeko, 2015. urtetik hautagaitzaren alde lan egin baitute. Erakundearen esanetan, hautagaitzak aurkeztu duen biosferaren kudeaketarako plangintza tokiko komunitatearen «kontserbaziorako ahaleginen lekuko» da. Halaber, tokiko biztanleen parte hartzearekin zehaztu dute Iratiko biosferak zer egitura izango duen hura kudeatzeko: kontseilu exekutibo bat eta zenbait alde interesatu ordezkatuko dituen aholku kontseilu bat. Azken horretan ordezkatuta egongo dira, besteak beste, elkarte kulturalak, ingurumenaren kontserbazioari begirakoak eta emakume taldeak.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Espainiako erregearekin bilduko da astelehenean, Madrilen. Protokoloaren irizpideak oinarri hartuta, Pradalesek lehendakari kargua hartzearen harira egingo dute agintari biek batzarra. Horrez gain, Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin biltzeko asmoa ere badu Jaurlaritzako buruak, adostu gabe dituzten eskumenak eztabaidatzeko helburuarekin. Sanchezek eta Pradalesek ez dute hitzordurik zehaztu oraindik. Aldiz, Jaurlaritzako lehendakaria Espainiako estatuburuarekin astelehen arratsaldean bilduko dela jakinarazi du Efe albiste agentziak. Pradalesen aurretik Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan den Iñigo Urkullu bi aldiz bildu da Felipe Borboikoa Espainiako erregearekin. 2014. urtean elkartu ziren lehenengoz, erregeak estatuko autonomia erkidegoetako gobernuburuekin egin zuen elkarrizketa sortan. Bigarren aldiz. 2020an elkartu ziren, 2020. urtean, urte hartako uztailaren 12an EAJk Eusko Legebiltzarrerako haurteskundeak irabazi ostean.