PSOE nagusi Hego Euskal Herrian
Europako Parlamenturako boz gehien Alderdi Sozialistak lortu ditu Hego Euskal Herrian: 300.082. PSOE lehen indarra izan da Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Bigarren indarra EH Bildu izan da, 276.692 botorekin, lehenengoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJren aurretik geratuta, eta azken herrialde horretan lehen indarra izanda. EAJ barnean duen CEUS koalizioa izan da hirugarren indarra, 202.778 botorekin. Horrenbestez, EH Bilduren azken hauteskunde zikloaren goranzko joera berretsi egin da, eta jelkideen beheranzkoa ere bai. Abstentzioa %50ekoa izan da. Idoia Mendia eta Elena Santxo europarlamentari izango dira alderdi sozialistarekin. Pernando Barrena Orain Errepublikak koalizioarekin Europan izango da, eta EAJk ere lortu du eserlekuari eustea Oihane Agirregoitiarekin. Hegoaldeko laugarren indarra Alderdi Popularra izan da 172.770 botorekin. Javier Zarzalejos eurodiputatu izango da. Voxek, berriz, 40.556 boto jaso ditu, eta Sumar eta Podemos atzetik geratu dira, 38.469 eta 36.113 boto eskuratuta, hurrenez hurren. Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi Iruñeko ekitaldian. VILLAR LOPEZ / EFE Sozialistak nagusi Araban, Bizkaian eta Nafarroan Araban Alderdi Sozialistak irabazi ditu hauteskundeak, 36.280 boto eskuratuta. EH Bildu bigarren indarra izan da, 26.933rekin. PP da hirugarren, 22.000 botorekin eta jelkideak laugarren geratu dira, 19.122 botorekin. Voxek bosgarren lekua eskuratu du 4.952 botorekin. Atzetik daude Sumar eta Podemos, 4.722 eta 4.565 botorekin, hurrenez hurren. Bizkaian, Bilbon ere alderdi sozialistak irabazi du. Bizkaian 122.087 boto lortu ditu. EAJ izan da bigarren, 117.784 botorekin. Hirugarren indarra EH Bildu da, 104.845 botorekin. Laugarren indarrera koxka handiagoa dago. Alderdi Popularra da, 53.665 botorekin. Sumar, Podemos eta Vox atzetik doaz, 15.274, 14.761 eta 12.393 botorekin, hurrenez hurren. Gipuzkoan EH Bildu argi nagusitu da, 96.133 botorekin. Bigarren indarra PSOE izan da, 66.717 botorekin eta hirugarrena, koxka batera EAJ, 57.626 botorekin. PPk 23.946 boto lortu ditu, eta atzetik Sumar, Podemos eta Vox, 8.426, 8.378 eta 5.926 botorekin. Hiriburuan PSOEk irabazi du, 20.954 botorekin. EH Bildu bigarren indarra izan da 18.184 botora, eta EAJ hirugarren indarra izan da, 13.560 botora geratuta. Herrialdean, Albizturren eta Hondarribian baino ez du irabazi EAJk. PSE-EEk, hiriburuaz gain, Irun, Zumarraga eta Eibarren irabazi du. Gainerako herri guztietan EH Bildu gailendu da. Nafarroan Alderdi Sozialista nagusitu da. 74.861 boto lortu ditu eta 2.000 botora geratu da Alderdi Popularra. EH Bildu hirugarren indarra izan da 48.762 botorekin. Vox, Sumar eta Podemos geratu dira atzetik, 17.238, 10.017 eta 8.394 botorekin. Horien atzetik geratu da CEUS koaliziopean Geroa Bai, 8.230 botorekin. Iruñean PPk irabazi du, eta Alderdi Sozialista 4.000 botora geratu da, bigarren. Hirugarren indarra EH Bildu izan da, 15.898 botorekin. Nabarmentzekoa da EAJren emaitza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 194.504 boto lortuta, jeltzaleen inoizko emaitzarik txarrenak dira. 201.809 bototan zuen EAJk zorua, 1989ko Europako hauteskundeetan ezarria. CEUS, erdira Duela bost urteko Europako Parlamenturako bozetan lehen indarra izan zen CEUS, 406.197 botorekin. Alderdi Sozialista bigarren indarra izan zen 305.630rekin. Eta hirugarren, Orain Errepublika, 300.191 boto. Bost urtera, irauli egin dira emaitzak. Alderdi Sozialista lehen indarra izan da, 300.000 botorekin. Bigarrena Orain Errepublika 25.000 boto gutxiagorekin eta hirugarren geratu da CEUS duela bost urteko boto kopuruen erdia lortuta, 202.000 boto. Iparraldean Batasun Nazionala nagusi Eskuin muturra da lehen indarra Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri anitzetan. Pirinio Atlantikoetako prefeturak jakinarazi dituen emaitzen arabera, 92 herritan gailendu da Batasun Nazionala. Horien artean dira hainbat herri nagusi, hala nola, Baiona, Angelu, Donibane Lohizune, Senpere, Uztaritze, Kanbo eta Hazparne. Rennaissance izan da lehen indarra Donibane Garazin eta PS-Place Publique Maulen. Herritarren %53,67ek parte hartu dute. Orotara, 29.516 boto lortu ditu Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Rennaissance alderdia iritsi da ondoren, 22.182 botorekin eta PS-Place Publique zerrendak 21.498 boto bildu ditu. Apalago gelditu dira gainerako zerrendak: Jean Lassalle diputatu ohia buru zuen Landa Aliantzak 10.138 boto eskuratu ditu, Errepublikanoek 9.205 boto eta Europa Ekologiak 8.899 boto. Frantzia Intsumisoak azkenik 7.517 herritarren babesa izan du. Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren zerrenda eta Frantziako Alderdi Komunista iritsi dira ondoren, hurrenez hurren, 7.366 eta 3.233 boto eskuratuta. IKUSI GEHIAGO EMAITZAK Euskal Herriko emaitzak herriz herri Euskal Herriko zazpi lurraldeetan elkarrekin bozkatu dute Europako Parlamenturako hauteskundeetan dozenaka herritarrek. 18:00etarako itxi dituzte hauteslekuak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, eta 20:00 bukatu zaie bozkatzeko aukera Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Bestelako gorabeherarik gabe iragan da bozka eguna.

