Baskoniak ezin izan du Euroligako final-laurdenetako lehen neurketan garaipena lortu. Ez da arabarren egunik onena izan, eta Real Madril nagusi izan da, hasi eta buka. 90-74 amaitu da partida. Atsedenaldira 11 puntuko aldearengatik galtzen iritsi dira Dusko Ivanovicenak, baina hirugarren laurdenaren hasieran apurtu dute partida etxekoek. Ostegunean jokatuko da kanporaketako bigarren neurketa; Madrilen hori ere. Lehen laurdenean Edy Tavares izan da protagonista kantxaren bi aldeetan. Madrildarrek saski azpian aurkitu nahi zuten, bera baita Euroligako erreferentzia nagusiena bertan. Baskoniako jokalariak asko itxi dira Cabo Verdeko jokalariak baloia jasotzen zuenean, eta honek askotan aurkitu ditu taldekideak bakarrik, hiruko marran. Gainera, etxekoek asmatu egin dute, Mario Hezonjak batez ere –hiru hiruko sartu ditu lehen laurdenean–. Baskoniak makal hasi du partida, beste behin, eta atzetik aurrerakoa egin behar izan du. Ivanovicek argi zeukan taktika. Costellorekin hiruko marratik gertu jokatzen ahalegindu da, Tavares saski azpitik urruntzeko. Baina etxekoak ondo aritu dira defentsan, eta hiruko jaurtiketetan ere gutxi asmatu dute arabarrek. 26-17 amaitu da lehen laurdena. Bigarren laurdenean lan asko izan du Baskoniak atzean. Real Madrilek asko asmatu du, baina arabarren defentsako lana ez da ona izan, hutsegite ugarirekin. Hamazazpi puntuko aldea ere lortu dute espainiarrek (42-25). Baina atsedenaldira iritsi aurretik aurrerapausoa eman du Baskoniak. Atzean oldarkorrago aritu dira, eta erasoan lehen laurdenean baino gehiago asmatu dute. Horrela, hamaika puntura gerturatu dira (48-37). Lau minutu nahikoa izan dira Aldageletatik bueltan neurketa hasierako Baskonia ikusi du beste behin, eta bertan amaitu dira Ivanovicen ametsak. Real Madrilek 13-3ko partziala egin du lau minutuan, Dzanan Musaren gidaritzapean, eta 21 puntuko aldea lortu du berehala. Hutsartea eskatu behar izan du Ivanovicek, eta Costelloren puntuekin ahalegindu da Baskonia partidan mantentzen – 14 puntu sartu ditu guztira–, baina aldea handiegia zen. Real Madrilek ondo itxi du Baskoniaren saskirainoko bidea, eta, gainera, kanpoko jaurtiketetan kamuts aritu dira hiruko marratik. Rogkavopoulosek soilik asmatu du urrunetik. 70-53 joan da neurketa azken laurdenera. Azken laurdena tramite hutsa izan da. Kanporaketako lehen neurketa ia erabakita, etxekoek minutu gutxien jokatzen dituztenekin aritu dira. Baskoniak ere sentsazio onekin amaitu nahi zuen, batez ere osteguneko partidari begira. Orduan izango du Ivanovicen taldeak kanporaketa berdintzeko aukera.
Behin negoziazio batzordeak osatu ondoren, Foru Hobekuntza berritzeko bidean lehen urrats erabakigarria egin dute Nafarroak eta Madrilek. Transferentzia juridikoki bermatzeko, trafiko eskumena Foru Hobekuntzan jasotzeko akordioa erdietsi dute. Felix Taberna Nafarroako Gobernuko presidenteordeak eta Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroak sinatu dute. Espainiako Auzitegi Gorenak trafiko eskumena eskualdatzea bertan behera utzi ondotik, Nafarroako estatutu nagusitzat hartua den Foru Hobekuntza aldatzeko bidea hautatu zuen Nafarroako Gobernuak. «Erreforma espresa» deitu bazion ere, urtebete inguru iraungo duela kalkulatzen da. Bide horretan aurrera egiteko, ezinbesteko zuten bi aldeak ados daudela adieraztea. Izan ere, trafikoa itzultzeko prozesua hitzartua zuten bi gobernuek, eta bide hura juridikoki dekretu bidez gauzatu zuten. Iazko uztailaren 1etik zegoen indarrean, baina oraingo honetan Auzitegi Gorena sartu zen tartean eta prozesua guztiz baliogabetu zuen. Gorenak ebatzi zuen ezin zutela prozesu hura dekretu bidez egin. Argudiatu zuen Nafarroako Foru Hobekuntzan jasota ez zegoen eskumen bat zela, eta eskubide historikoen artean ere ez zegoela. Aitzitik, Nafarroako Gobernuak uste zuen Foru Hobekuntzan eskumena jasota zegoela eta dekretu bidez egin zitekeela, aurrekariak zeudelako eta Gorenak berak bide hori baieztatu zuelako. Akordioak, hortaz, epai horri erantzuten dio. «Foru Hobekuntzan hitzez hitz jaso da gure errepideetako zaintza eta kontrola gure gain hartu dezakegula osorik», azaldu du Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Aukera baliatu du Foru Hobekuntza bera goraipatzeko. «Handik sortzen dira gure autogobernuaren erroak». Angel Victor Torresek espero du geratzen den bide politikoan «ahalik eta adostasun handiena» lortzea, eta «ahalik eta azkarrena». Bide luzea oraindik Akordioa gauzatuta, oraindik bere bidea egin beharko du. Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuko kontseiluak onartu beharko du eta Nafarroako Kontseiluaren oniritzia lortu beharko du. Organo aholku emaile gorenaren aldeko txostena esku artean duela, Nafarroako Parlamentura helduko da testua. Gehiengo osoz aterako da aurrera, eta handik Espainiako Gobernuaren esku geratuko da hurrengo urratsa. Ministroen Kontseiluak onetsi beharko du, eta handik Espainiako Gorteetara pasatuko da; Kongresutik lehenik, Senatutik gero. Guztia burututa, trafiko eskumena itzultzeko prozesua aktibatuko da berriz. Gorenak baliogabetu duen hori, hain zuzen. Foru Hobekuntzaren Negoziazio batzordean bi gobernuetako ordezkariak izan dira. Nafarroaren aldean, hiru presidenteordeak —Felix Taberna, Ana Ollo eta Begoña Alfaro— eta Joseba Asiain Presidentetza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia; Espainiaren aldean, Angel Victor Torres ministroa, Alicia Etxeberria Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria eta Alejandra del Rio Lankidetza Autonomikoko zuzendaria.
Fermin Muguruzak ez du epe luzerik behar izan abenduaren 20ko kontzertuko sarrera guztiak agortzeko. 8.000 ziren guztira, eta goiz bakarrean saldu dituzte. Dagoeneko iragarria zuen ‘Fermin Muguruza 1984-2024’ kortzertuak halako ikusmina piztuz gero besterik ere eskainiko zuela, eta halaxe gertatu da. Bigarren kontzertua biharamunean berean emango du, abenduaren 21ean, Bilbo Arenan. Sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai, 10:00etan, wwwmuguruzafm.eus helbidean. Antolatzaileek espresuki nabarmendu dute beste kontzerturik ez dela izango. Lehen emanaldirako bezala, BERRIAlagunek ordubete lehenago erosi ahalko dituzte sarrerak. Muguruzak hau zabaldu du sare sozialetan: «Kontzertu hauek zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko 5 irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak ‘Sarri, Sarri’ abesteagatik. Oso argi eta ozen esan nahi diet: Abenduaren 20an eta 21ean ‘Sarri, Sarri’ eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko». Zentsurari aurre egiteaz gain, bere ibilbidea eta berrogei urtean sortutako ondarea aldarrikatuko ditu.
Apartamentu turistikoetako sarrerak % 49,1 igo dira martxoan Euskadin. Bestalde, 12.199 sarrera erregistratu ziren landa-ostatuetan, aurreko urteko hil berean baino % 12,7 gehiago.
EAEko BPGa eta enplegua % 0,5 hazi ziren 2024ko lehen hiruhilekoan. 2023ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, BPGren hazkundea % 1,6koa da eta enpleguarena % 2koa. Datorren ekainaren 7an, Eustatek BPGaren eta enpleguaren zenbatespen banakatuak argitaratuko ditu.
Bilboko Bertendona kaleko espaloi oso bat hartzen du auto klasiko ilara batek, eta beltzez jantzitako langile talde bat dabil inguruan, osagaiz osagai, hiria iraganera garraiatzen. Zurezko makuluak daramatzate, garai bateko
Gazako gerrak hamaika fronte ditu, eta denak ez dira bonbekin jorratzen. Hainbat erakundek behin eta berriz salatu dute Israelek galarazi egin duela zerrendara laguntza humanitarioa sartzea eta bertan banatzea. Israelek erakunde bat izan du jomugan bereziki: UNRWA NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa. Urtarrilean Israelek salatu zuen bulegoko kideek harremana zutela Hamasekin, eta, horren ondorioz, nazioarteak haren finantzaketa eten zuen, hein handi batean. Gaur kaleratu dute leporatutako horren inguruko ikerketa, eta emaitza argigarria da oso: Tel Avivek ez du frogarik eman UNRWAko langileak «terroristekin» harremanik dutenik ondorioztatzeko. NBEk bere garaian abiatutako ikerketatik at dago gaur kaleratutakoa. Frantziako atzerri ministro ohi Catherine Colonna izan du buru kanpo ikerketak, eta, UNRWAk «funtzionamenduko hainbat esparru hobetzeko» dituela adierazi duten arren, iritzi diote ez dagoela «Hamasekin edo beste edozein talde islamistekin» lotzeko adina frogarik. Israelen salaketa horiek direla eta, herrialde andanak —hamaseik, zehazki— behin-behinean edo behin betiko eten zituzten agentziari helarazten zizkioten funtsak, tartean zirela Europako Batzordea eta AEB Amerikako Estatu Batuak, esaterako. Jakinarazi dutenez, ikerketa egiteko ez ziren soilik UNRWAko langileekin batu, eta azken hilabeteetan Israelgo Gobernuko hainbat kiderekin harremanetan egon direla azpimarratu dute. Txostenaren arabera, UNRWAk Gazan eta Palestinako beste lurretan —eta bestelako herrialdeetan sakabanaturik dauden errefuxiatuekin— egiten duen lana «ordezkaezina eta ezinbestekoa» da. Izan ere, «askok» NBEren lan bulegoa «salbagailu humanitariotzat jotzen dute»: «Israelen eta palestinarren arteko irtenbide politiko baten faltan, agentziaren lana nahitaezkoa da gizarteko hainbat esparrutan, bereziki hezkuntzan eta osasunean». Neutraltasuna hobetu UNRWAk Palestinan eskaintzen duen hezkuntza sistema, hala ere, hobetzeko dituen esparruen artean zerrendatu dute kanpo ikerketaren egileek. Agentziaren eskoletan erabiltzen diren liburuen «eduki problematikoak» kezkatzen du ikerketa garatu duen taldea. Hori dela eta, NBEri eskatu dio material hori ikuskatu dezan —eta beharrezkoa den kasuetan beste batekin ordezkatu dezan— «joera ideologikoak alde batera uzteko». Are gehiago, «erreferentzia antisemitaren bat» izan dezakeen edozein liburu «galarazteko» eskatu dio. Agentziaren neutraltasuna hobetzeko langileek publikoki adierazten dituzten mezuak «zaintzea» eta UNRWAren eraikinen «izaera zibila momentu oro errespetatzen dela ziurtatzea» gomendatzen dute txostenean. 450 Galdutako laguntza milioi dolarretan Israelen salaketak direla medio, hamasei herrialdek laguntza emateari utzi zioten. Hala, urtarriletik 450 milioi dolar ez dira heldu UNRWAra. Neurriak hartu behar dituztela argi duten arren, UNRWAk urteetan neutraltasun hori bermatu ahal izateko egindako saiakerak goraipatu dituzte txostenean: «Esparru sendoak ditu UNRWAk neutraltasun horretatik at dauden ekintzak identifikatzeko». Are, Colannaren taldeak azpimarratu du UNRWAk beste agentzia batzuek baino «zailagoa» duela neutraltasunari eustea langileen artean. Izan ere, agentziako kide gehienak palestinarrak dira —NBEren azken datuen arabera, %99 inguru—, beraz, laguntza humanitarioa banatzeaz gain, «laguntza hori jasotzen dutenen artean egon daitezke». NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek Colonnaren eta haren taldearen lana eskertu du, eta «gomendioak onartzen» dituela adierazi. Gomendio horiek oinarri hartuta, «ekintza plan bat» abiaraziko dute, esan duenez.
Une jakin batean sentitutakoa agertzen du Itzalen tektonika liburuak. Malenkonia, nostalgia eta etorkizuneko beldur puntu guztiak ezabatuta, hemen eta orain kokatu du bere burua Itxaro Bordak (Oragarre, Nafarroa Beherea, 1958). Bestalde, «gerla ondoko bake ez segurtatu batetik» ari da. Halaxe sentitzen da errealitatean ere: «Gerla batetik gatoz, eta inguruan hainbat gerla piztu dira». Giro horretan, gorputza, plazera, mina, harremana edota premia antzematen dira gehien, eta muturrik mutur ere badabil: «Bada argirik eta ilunik, bada bortizkeriarik eta eztirik, eta bada gerratik eta baketik, edo, bederen, bake nahikundetik». 80ko hamarraldiaz geroztik makina bat liburu plazaratu du Itxaro Bordak. «Jendeak pentsatzen ahal du liburu bat gehiago dela, asperdura keinuz. Baina idazleok ez dugu liburu bat gehiago egiten; liburu bat eta urrats bat gehiago egiten dugu gure bizitzen eta gure ingurukoen bizitzen ezagutza horretan». Liburu honek, hain zuzen, bizitzako mugimendu edo «ikara» horiek dakartza, sismologiak erabiltzen duen hizkeraz baliatuta. «Idazleok ez dugu liburu bat gehiago egiten; liburu bat eta urrats bat gehiago egiten dugu gure bizitzen eta gure ingurukoen bizitzen ezagutza horretan». ITXARO BORDA Idazlea Sinbologia horretaz eta liburuaren egituraz, Susako editore Leire Lopez Ziluagak eman ditu azalpenak. Hark esan bezala, sarrerako poema bat eta zazpi atal ditu liburuak. «Erdian epizentroa du, eta lurrikara baten dardararekin, liburu hasierara eta bukaerara hedatzen dira epizentro horren uhinak, hiru erreplikatan». Hiru uhin zirkular, beraz, erdigunetik kanporantz. Harri zapal batek ura jo, eta ur azalean sortzen dituen olatu biribilen tankerakoak. Poema liburu guztiak bezalaxe, irakurleak hautatu bezala irakur lezake Itzalen tektonika ere, liburua ez baita egituraren mendekoa, baina kasu honetan bi modu dira markatuagoak, editorearen hitzetan: «Ordena arruntean irakur daiteke, hasieratik amaierara, edo epizentrotik hasi eta errepliketatik jarraitu». Nolanahi dela ere, «norabide guztiek dute logika», poema gehientsuenak autonomoak izaki. Halere, liburuaren logika ez da lurrikararen sinbologian bilatu behar, Bordaren ustez, tektonikaren fenomenoan baizik: «Fenomeno orokor bat da, barnez eta kanpoz mugiarazten gaituena, poesiak bezala». Hitzak eta itzalak Hastapenean, hitz jokoan aritzeko asmoa zuen poetak. Nahi izan zuen, esate baterako, izenburuari h bat erantsi, eta «hitzalen tektonika» plazaratu, bai baitauka liburu horrek lerro bat hizkuntzaren inguruan, eta elementu asko arakatu nahi izan dituelako poetak alde horretatik. Tartean, nondik idazten den, zein hizkuntza erabiltzen den, non bilatzen diren hitzak, zein dardarak eraman duen idaztera edota zer sentitzen den idatzi ondoan. Hizkuntza asko aurki litezke euskarazko poema hauen gainean, «itzal linguistikoak izango balira bezala edo hegan». Esate baterako, gaztelania, frantsesa eta idazleak «biziki maite» duen beste bat: katalana. Hizkuntzekin batera, hizkuntza horiek transmititzen duten jakitatea ere bada zeharka. Horiez gain, badira euskararen gaineko ikerketak, kezkak, eta, bereziki, hiztegiak: «Asko erabiltzen ditut Lhande, orotarikoa eta etimologikoa, material paregabea dira idazteko». Hitz bat hartu, zer iradokitzen duen pentsatu, gogoeta egin, eta zurubi baten moduan lan egitea maite du Itxaro Bordak: «Nora helduko zaren jakin gabe». Hain zuzen, oso estimuan duen idazle batek, Annie Ernauxek, literatura sortzeko duen moduari egiten dio keinu. Harago ere jo du: «Poema baten idaztea lurrikara baten antzekoa da, bai enetzat, bai ezagutzen ditudan poetentzat ere». «Gaztetan diagonalean irakurtzen dugu askotan, adinarekin patxada etortzen zaigu burura, eta denbora gehiagorekin irakurtzen dugu, liburuen eta gauzen estimatzeko».ITXARO BORDA Idazlea Mugimenduan beti Beste ildo bat ere badu liburuak, geografikoa. «Natura asko poetizatzen dut, zaintzailea eta maitale handia bainaiz». Bere geografia ez da, ordea, nonahikoa. Pirinioak ditu gogoan, Hendaiatik hasi eta ia Mediterraneorainoko tartean ernatu dira bere poemak: «Pirinioetan bezala, hemen bizi garen auñamenditarrok jende gogorrak gara, beti gara mugimenduan eta ez dakigu gure mugimenduak zer eta norat eramango gaituen»; hain zuzen, inkognita horren arrakalatik sortu du Bordak. Hendaiak (Lapurdi) garrantzi handia du, «bihotz taupadatsu» baten gisan dakusa poetak: «Gauza eta pertsona asko pasatzen da handik, batzuetan itzalak, mamuak edo jende ezagunak izaten dira, eta beste batzuetan guk dugu muga hori pasatzen; gu gara itzalak edo mamuak». Toki horietan dabilen poeta nomada dela azaldu du. Bizpahiru omenaldi suma daitezke Itxaro Bordaren lerroetan. Horietariko bat Bitoriano Gandiaga poetari eskainia. 90eko hamarraldian, Paristik itzuli berritan, gutun bat idatzi zion, eta oraingo honetan bigarren gutuna idatzi dio, Arantzazun egon, eta, berriz ere Elorri (1962) poema liburua irakurri ostean: «Gaztetan diagonalean irakurtzen dugu askotan, adinarekin patxada etortzen zaigu burura, eta denbora gehiagorekin irakurtzen dugu, liburuen eta gauzen estimatzeko». Bai editoreak, bai eta idazleak ere, Christine Etxebers artista kanboarra goraipatu dute, batez ere azalerako egin duen margolanagatik. Itxaro Borda: «Oso ongi laburbildu du liburuaren mamia».