Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berriak urtebete egin du, eta lehen 12 hilabeteotan, indarkeria matxistaren 600 biktima baino gehiago babestea lortu du. Izan ere, biktimek ez dute hiru urteko gutxieneko erroldaren baldintza bete behar, eta hala, igo egin da babestutakoen kopurua.
LABek Iruñean egingo duen manifestazio eta jaialdi nazionalarekin ospatuko du Maiatzaren Lehena. Iruñean, eta egun osoko egitaraua prestatu dute (manifestazioa, ekitaldia, bazkaria eta kontzertuak). Halaber, LAB sindikatua Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko da.
Athleticek Gabarran igota segiko zuela zirudien. Gutxi falta zen San Mameseko partida amaitzeko, zuri-gorriak 1-0 irabazten ari ziren eta eskura zituzten Txapeldunen Ligara sailkatzeko oso garrantzitsuak ziren hiru puntu. Baina, zigortzeko modukorik inork ikusi ez duen jokaldi batean, VAR-ak muturra sartu du eta penaltia adierazi du protagonista izan den Cuadra Fernandez epaileak. Aldaratze batean Yuriren eskuan jo du baloiak, baina eztabaidarako emango du kontuak. Parejok bikain errematatu du, eta 95. minutuan berdindu du Vila-Realek. Norgehiagoka amaitutakoan entzun dira «txapeldunak! txapeldunak!» oihu batzuk, baina sekulakoa zen jokalarien zein zaleen haserrea. Bi puntuk eskuetatik egin diote ihes Athletici. «Egia esan, ez dut ezer ulertzen. Urtero ematen dizkigute hitzaldiak, eta gauza bera esaten digute: errebote batean baloiak eskuan jotzen badigu, ez dela penalti. Jaurtiketa ez zihoan atera ere. Errespetatu beharko dugu, baina inork ulertzen ez duen erabaki batengatik joan zaizkigu puntuak», adierazi du Oihan Sancet golegileak lehia amaitutakoan. Partidaren hasieran ere izan du penalti bat alde kanpoko taldeak, baina zutoinera bidali du Gerard Morenok. Athletic indartsu zelairatu da, baina lehen zatian hobeak izan dira bisitariak. Etxekoen alde ere izan da erabaki polemiko bat: 45. minutuan epaileak txartel gorria erakutsi dio Santi Comesañari, Prados nahigabe zapaltzeagatik. Neurketa eskuetatik joan zaio erabat. Muniain eta De Marcos Athleticeko kapitainak koparekin, gaur, partida aurretik. RAUL BOGAJO / FOKU Bigarren zatian, bat gehiagorekin, dena alde jarri zaio Athletici. Jokaldi eder batean heldu da gola, 65. minutuan. Ander Herrerak erdiratu du baloia, Guruzetak, buruz, atzean utzi du baloia, eta zetorkion moduan, oinaren kanpoko aldearekin, zoragarri errematatu du Sancetek. Azken egunetako zoramen kolektiboan segitzen zuten zuri-gorriek. Azken minutuetan hiru aurrelarirekin jokatu du Vila-Realek, estutu du, eta heldu zaio saria. Athleticek 57 puntu ditu, eta lau puntura du laugarren sailkatua, Atletico Madril. Amaitu da festa, momentuz.
Buruz Buruko Txapelketako ligaxkari ezin hobeto ekin dio Iñaki Artolak: 22-10 irabazi dio Joseba Ezkurdiari Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa). Arbizukoak sakez min egin dio alegiarrak, eta aurreko koadroetan ere fin ibili da. Artolak neurketa ona jokatu du, baina, egiari zor, Ezkurdiak ere ez du bere maila eman. Segurtasun gutxirekin jardun da Aspekoa, eta erabaki txar gehiegi hartu ditu. Beregan ohikoak ez diren akats ugari egin ditu. Horiek baliatzen jakin du Artolak, eta hasieratik amaieraraino izan du norgehiagoka kontrolpean. Azken bederatzi tantoak segidan egin ditu. Gaur hamar tanto soilik egin izanak asko baldintzatu dezake Ezkurdiaren txapelketa. Multzo gogorra dute Elordirekin eta Zabalarekin batera, eta litekeena da sailkapena estua izatea. Egungo txapeldunak 22-20 irabazi du lehen jardunaldian. Datorren asteburuan Elordi-Artola eta Ezkurdia-Zabala partidak jokatuko dira. Final-laurdenen fasea maiatzaren 12an amaituko da, eta hil bereko 18an hasiko dira finalerdietako partidekin. Final handia ekainaren 2an izango da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Pattal dabil Alaves, bereziki Mendizorrotzatik urrun. Gaur merezitako porrota jaso du Granadan (2-0), denboraldi eskasa egiten ari den talde baten aurka. Gaurkoekin, 17 puntu dituzte andaluziarrek, eta ia ezinezkoa dute Lehen Mailan jarraitzea. Babazorroek helburu hori ondo bideratuta dute, baina ez da komeni gehiegi lasaitzea. Egindako lan ona errematatu beharra dago. Une honetan 7 puntura dute 18. postua. Neurketa azkar jarri zaio maldan gora Luis Garcia Plazaren taldeari. Seigarren minutuan, Lucas Boyek sekulako indarrarekin errematatu du zutoinera, aldaratzea Granadako jokalari batek jaso du, eta haren errematea besoarekin urrundu du Andoni Gorosabelek. Penaltia. Arrasateko atzelariak ez du protestarik ere egin. Gola Myrto Uzunik sartu du. Hortik aurrera, makala izan da partida, eta ez da ia gol aukerarik izan; 39. minutura arte. Orduan, erdiraketa bat baliatuta, Lucas Boyek etxekoen bigarrena egin du buruz. Irailetik ez zuen sartu golik argentinarrak. Atsedenaldiaren aurretik hirugarrena sartzeko abagunea ere izan dute. Garcia Plazak sistema aldatu du, Alavesek lortu du baloi gehiago izatea, baina alferrik: ez du arrisku askorik sortu, eta izan dituen aukeretan bikain moldatu da Batalla atezaina. Omorodioni txistuak Norgehiagoka osoan, Samu Omorodion Alaveseko aurrelariak baloia jasotzen zuen bakoitzean sekulako txistuak entzun ditu. Melillako jokalariak denboraldi hasieran egin zuen debuta Granadarekin, baina merkatuko azken egunetan Atletico Madrilek bere etete klausula ordaindu zuen (madrildarrek utzita ari da Alavesen), eta fitxatzeko modu horren ondorioz ezin izan zuen utzita Granadan aritu. Jokaldi hark min egin zion Andaluziako taldeari. Asteon jakin da, gainera, Omorodionek salaketa jarri diola Granadari bere etete klausula abusuzkoa zela argudiatuta. Sei milioi euro ordaindu zituen Atleticok, eta jokalariak orain 40ko balioa du. Horrek are gehiago berotu du giroa, eta Granadako zaleek argi utzi diote Omorodioni: ez diote barkatzen.
Hasi du Iranek Israelen kontrako erasoa. Apirilaren 1ean Damaskon, Sirian, Irango kontsulatuari eraso egin zioten, eta Israelek bere gain hartu ez zuen arren, mendekua iragarria zuen Israelek, eta, gaur gauean, bota ditu dozenaka drone militar lehenik —ehun bat identifikatu dituela esan du Tel Avivek—, eta misil batzuk, ondoren. Irango hedabideek zabaldu dute erasoaren berri, eta Israelgo armadak berretsi egin du. Europako Batasunak, Erresuma Batuak eta Frantziak dagoeneko gaitzetsi dute Irango Gobernuaren erasoa. Irango hedabideek larunbat gau honetan iragarri dute Irango Gobernuak prestatu duen operazioa: aireko hiru eraso izango dira, droneekin lehen biak, eta misilekin hirugarrena. Irani eraso egiteko beren aire eremuak irekiko lituzketen herrialdeei eraso egingo lieketela ere esan du Teheranek. Efe agentziaren arabera, Teheranek Nazio Batuen Erakundeari jakinarazi dio erakunde horren gutuneko 51. artikulua erabili duela erasoa justifikatzeko, bere burua defenditzeko zilegitasuna duela argudiatuta. «Erregimen sionistak Damaskoko gure lokal diplomatikoen aurka egindako erasoari erantzuten dio Iranen ekintza militarrak», adierazi du Iranek NBEn duen ordezkariak. Eraso horretan zazpi iraniar eta sei siriar hil zituzten, tartean Irango Guardia Iraultzaileko zenbait kide.. Iranen NBEko ordezkariak erantsi du afera «amaitutzat» eman litekeela gaur gaueko erasoarekin nolabait adieraziz eraso honen ostean ez dela besterik izango Israelek erantzuten ez badu: «Baina Israelgo erregimenak beste akats bat egingo balu, Iranen erantzuna dezente gogorragoa izango da». AEBei ere eskatu die auzi honetaz aparte mantentzeko. Erasoa hasi eta gutxira, Ali Jamenei Irango buru gorenak mezua zabaldu du sare sozialetan: «Erregimen sionista zitala zigortuko dugu». Netanyahuk, berriz, erasoari erantzuteko prest daudela esan du gaur bertan: «Min egiten digunari mina egingo diogu; indartsu gaude». Aurre egiteko prest Daniel Hagari Israelgo armadako eledunak esan du ordu batzuk beharko direla erasoa Israelgo lurretara irits dadin, baina lehen ere horrelako mehatxuei aurre egin dietela, eta erasoari buru egiteko prest daudela. Erasoari aurre egiteko, aire eremua etenik gabe behatzen eta inguruko aliatuekin eta AEBekin elkarlanean ari direla ere adierazi du. Larrialdi kabineteak bilduta daude une honetan. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gerrako kabinetea bilduarazi du, eta Joe Biden AEBetako presidentea Larrialdien Gelatik ari da jarraitzen Iranen erasoa, Segurtasun Batzordearekin bilduta. Damaskoko erasoaz geroztik airean zegoen zerbait gerta zitekeela, baina azkeneko bi egunetan arriskuaren berri zabaldu dute AEBek publikoki, eta azken orduetan prestaketa lanetan aritu dira, eta Ekialde Hurbil osoa jarri da dantzan.. Israelek ez ezik, Irakek, Jordaniak eta Libanok ere haien aire eremua itxi dute, eta Jordaniak alarma egoera izendatu du. Egipto ere alerta egoeran dago. Azkeneko orduetan AEBek gerra itsasontziak mugitu dituzte, bestalde, Irani esanda bertan behera utz ditzala erasoak egiteko asmoak. Goiz partean, berriz, Ormuzko itsasartean itsasontzi bat bereganatu du Irango Guardia Iraultzaileak. Israelgo dirudun handi batek partea du itsasontzi horretan, zabaldu dutenez, nahiz eta berez Portugalgo banderapean nabigatzen duen. [Albiste hau eguneratzen ari gara]
2014ko apirilaren 13an, Etxarri Aranatzen herri galdeketa egin zen. Euskal Herri independente batean bizi nahi ote zuten galdetu zieten etxarriarrei. Hamar urte iragan dira geroztik, eta egindako lehen urrats hura gogoan, Etxarri Aranatzek urteurrena ospatu du, halako data bereziek atzera begiratu eta egindako bideari so egiteko parada ematen baitute. Azken finean, hamar urte ez da ezer. Giroa lasaia dago eguerdian. Etxarriko plazan, A-13 plataformak antolatutako erakusketa txikian galdeketaren prozesua gogoratzen da. Apurka, herritarrak heldu dira, eta urte haietako bizipenak etorri zaizkie gogora. «Oroitzapen polita dut. Emozio handiko egunak izan ziren», adierazi du Amaia Erdozia etxarriarrak: «Ikusi genuen Herrialde Katalanetan ari zirela mugimendua aurrera eramaten, eta nolabait hemen ekimen hori gauzatu nahi izan genuen». 2012an, Etxarri Aranatz sortu zeneko zazpigarren mendeurrenaren testuinguruan ekin zioten prozesu hari. Erakusketako lehen panelean, udalak eta Etxarri 2012 plataformak mendeurrenerako prestaturiko aldizkari bereziaren azala ageri da, eta hari begira dago Patxi Artieda. Argazki nagusian, herriko biribilgune nagusiaren parean den haritz enborraren inguruan egin zen ospakizuna deskribatzen da. Artieda, baina, enborrari begira dago. Urtero egurretarako banatu ohi diren sorta horietako batean egokitu zitzaion etxarriar bati haritz hura, eta hura ebaki beharrak penatuta, udalari oparitu zion. Han erabaki zen enborra biribilgunera eramatea. «Kostatu zitzaigun, bai, enbor hura ekartzea. Mendian zegoen, nahiko lan bideetan pasatzeko, eta hemengo kable guztietan ere ezin pasatu. Makila handi batzuekin ibili ginen», azaldu du Artiedak. 32 urtez izan zen udaleko langile, eta lan zail hura datorkio gogora. Erakusketan, duela hamar urteko hautetsontzi eta boto paperak jarri dituzte. AITOR KARASATORRE / FOKU Ez zen bide laua izan Etxarriarren erabakitasunari buruzko zerbait esaten du pasarteak, 2012tik 2014ra arteko gorabeherek adierazten duten bezala. Izan ere, herri galdeketaren antolakuntza ez zen bide laua izan. Guztiz alderantziz, garai hartako UPNren gobernuak eragozpen ugari jarri zituen. «Gora eta behera, atzera eta aurrera, instituzionalki lan handia egin behar izan zen», azaldu du Maria Saez de Albeniz Etxarri Aranazko egungo alkateak. Oztopoak oztopo, herri galdeketa egin zuten. Herritarren %40k parte hartu zuten, eta %90ek eman zuten independentziaren aldeko botoa. «Begira, han bozkatu genuen». Juan Mari Mundiñano Zato-k bere ezkerrera den egoitza bat seinalatu du. «Gustura egin genuen. Lehendabiziko galdeketa egin zen Etxarrin», esan du, harrotasunez. Izan ere, 2014ko apirilaren 13ko ariketa haren ondotik, Euskal Herriko beste 208 herritan egin zituzten antzeko galdeketak. Bozkatu zeneko hautetsontzia eta orduko boto paperak jarri dituzte mahaian. «Etxarri herri plurala da, baina beti euskalduntasun sendokoa. Oso polita izan zen jende guztia elkartzea. Denok onartzen genuen modu polita zela nork bere iritzia emateko. Jende askok parte hartu zuen», aipatu du Amaia Erdoziak. Amaierako ekitaldia egin dute, eta Gure Esku-ko Josu Etxaburuk gogora ekarri du ospakizun hori ez dela soilik gogoratzeko. «Ez gara bildu nostalgiagatik», nabarmendu du. Haren esanetan, duela hamar urte Etxarrin abiatu zen olatu harekin biharko hazia erein zen. «Erabakiaren bidea ereiten jarraituko dugu», aldarrikatu du.
Espainiako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du, eta beraz ofiziala da: Gernika-Lumo (Bizkaia) memoria historikoaren leku izango da. Eztabaida eta gorabehera batzuk izan ditu auziak, Espainiako Gobernuak, hasieran, juntetxea izendatu nahi baitzuen memoria leku. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gogora Institutuak, EHUk eta beste eragile askok helegiteak aurkeztu ondoren, irizpidea zuzendu, eta herri osoa memoria leku izendatuko zuela hitzeman zuen gobernuak, eta hala gauzatu da gaur izendapena. 1937ko apirilaren 26an, orain duela 87 urte, Gernika osoa bonbardatu zuten Alemaniako hegazkinek, Espainiako frankisten esanetara. Aldizkari Ofizialean argitaratu den testuaren arabera, «euskal historiaren eta autogobernauren herri esanguratsu eta sinbolikoenetako bat» da Gernika. Horrez gainera, testu horren arabera, «Espainiako eskualdeen eta nazionalitateen autonomiaren aitortza konstituzionala» ere irudikatzen du herriak, ez alferrik Gernikako izena baitarama estatutuak, eta, horrekin batera, «aniztasun kultural eta linguistikoa» ordezkatzen ditu, eta «gerretan herritar zibilek jasaten duten sufrimentuaren eta gerren kontrako borroaren oroigarri unibertsala» ere bada. Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuaren hitzetan, «agerikoa da» Gernika-Lumok memoria demokratikoaren leku izendapena jasotzea merezi duela. Palestina gogoan Hamabi egun barru izango da urteurrena, eta justu gaur aurkeztu dituzte urteurreneko ekitaldiak. Gernika Memoriaren Lekuko plataformak jakinarazi du Palestinako herria hartuko dutela gogoan, Israel egiten ari zaion erasoaren aurrean; apirilaren 27an Palestinarekin elkartasuna adierazteko eguna egingo dute. Apirilaren 26a dute egun seinalatuena, halere. 15:45ean, bonbardaketaren ordu berean, 4 minutu ekintza izango dute, eta 21:00etatik aurrera, Gernika garretan kale antzerkia, eta kandelen ibilbidea segidan. Ekitaldi gehiago ere antolatu dituzte, eta, horien artean, Pablo Gonzalez askatzeko eskatzeko elkarretaratze bat egingo dute maiatzaren 3an.
“Botere ekonomiko handiek nekazaritza sektorea kontrola ez dezaten gaude hemen” esan dute nekazariek eta, horregatik, “herritarren babesa eta gertatzen ari denaz jabetzea” eskatu dute.