Hamar aitorpenetatik zazpi (% 71,64) itzultzera aterako dira, 1.179 euroko batez besteko zenbatekoarekin, eta positiboek, berriz, 2.111 euro ordaindu beharko dituzte batez beste. Biharik aurrera, zergadun guztien errenta-zirriborroak eskuragarri egongo dira, Aldundiaren egoitza elektronikoan.
Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gaur hil da, bere etxean. Hala baieztatu du EAJk sare sozialetan: «Jose Antonio Ardanza Garro gaur zendu da, Kanalan, etxean. Min eta atsekabe handiz hartzen dugu berri hau. EAJ-PNV osatzen dugun gizon eta emakumeok gure doluminak luzatu nahi dizkiegu bere emazteari, Mari Glori Urtiaga, alaba-semeari, Nagore eta Aitor, eta familia osoari. Goian bego Ardanza Lehendakaria, pertsona ona, zintzoa, bakezalea, jeltzalea, abertzalea». 1985etik 1999ra bitartean izan zen lehendakari, Carlos Garaikoetxearen lekukoa hartuta. Aurrez, Arrasateko alkatea (Gipuzkoa) izan zen, eta baita Gipuzkoako ahaldun nagusia ere. Ardanza (Elorrio, Bizkaia, 1941) Ajuriaenera iritsi zenean, askok uste zuten ez zuela luze iraungo. Inork espero ez zuelarik eta kasualitatez heldu zen Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izatera, EAJn izandako barne tirabiren ondorioz Carlos Garaikoetxeak dimisioa eman zuenean. Baina orotara hamalau urte egin zituen lehendakaritzan, inork baino gehiago Franco hil ostean instituzioa berriro ezarri zenetik. Nortasun gutxikoa zirudien politikari apal eta ezezagun hark lorratz sakona utzi zuen euskal politikagintzan, eta EAJk urte haietan hartutako norabidearen ikur bilakatu zen. Euskadi bihotzean izeneko bere memoria liburuan, Ardanzak kontatzen du 1961ean, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak hasi eta gutxira, harremanetan jarri zela EGIrekin, EAJren gazte erakundearekin, eta hango zuzendaritzako kide izatera ere iritsi zela. Kide gazteena zela eta, Pimpinela ezizena jarri zioten, eta haren egitekoa zen antolakunderako gazteak erakartzea eta «ekintzak antolatzea»; nagusiki, ikurrinak jartzea, «pintaketak egitea edo istiluren bat sortzea». Edonola ere, frankismoaren garaian, Ardanzaren jarduerarik esanguratsuena lan arlokoa izan zen: Lan Kide Aurrezkian beharrean hasi zen zuzenbide aholkulari gisa, eta horretan aritu zen 1969tik 1983ra. Franco hil osteko lehenengo udal hauteskundeetan Ardanza zerrendaburu aurkeztu zen Arrasaten (Gipuzkoa), EAJren hautagaitzan, bai eta hango alkate bilakatu ere, eta urte berean Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide ere hautatu zuten. Lau urtez jardun zuen alkate: hurrengo hauteskundeetan, 1983an, EAJk Batzar Nagusietako aukera hobetsi zuen eta Ardanza Gipuzkoako ahaldun nagusi hautatu zuten. Ronald Reagan Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin, Etxe Zurian, 1988ko martxoan. Ardura horretan zegoen EAJren barne gatazkak eztanda egin zuenean, 1985eko urtarrilean. Garaikoetxeak dimisioa eman zuen, eta EAJren EBBk Ardanza proposatu zuen hura behin-behinean ordezkatzeko. Eusko Legebiltzarrean, bozketa sekretua izan zen: antza denez, EAJko batzuek, geroago EA osatuko zutenek, ez zuten Ardanzaren aldeko botoa eman, eta PSEko beste batzuek, aldiz, hautagai jeltzaleari eman zioten botoa. Ardantza lehendakari izendatu zuten. «Sasoi hartan, euskal gizarteak lider instituzional indartsuak nahi zituen, eta neu, egia esan, ez nintzen politikari ezagun bat», esan zion Ardanzak BERRIAri 2020ko apirilean. Ematen zuen haren eginkizun bakarra izan behar zuela Jaurlaritza gidatzea berriro bozak egin arteko hilabeteetan, argi baitzegoen lehendakariak hauteskundeen deialdia aurreratuko zuela. Azkenik, bozak 1986ko azaroan egin ziren: EAJk Ardanza aurkeztu zuen lehendakarigai, eta jeltzaleak bigarren gelditu ziren legebiltzarkide kopuruan –17, PSEk baino bi gutxiago–. PSE, EE eta EAren arteko koalizio gobernua osatzeko saioak porrot egin zuen; azkenik, EAJ eta PSE ados jarri, eta Ardanza ostera ere lehendakari izendatu zuten, oraingoan koalizio gobernu baten buru. Euskal politikan aro berri bat zabaltzen ari zen: hurrengo urteetan eta Lizarra-Garaziko akordioak iritsi arte, EAJren eta PSEren arteko elkarlana izan zen ezaugarri nagusia, eta bi alderdiek –zenbaitetan, beste bazkide batekin– eratutako koalizio gobernuak izan ziren horren adierazpiderik behinena. Jose Antonio Ardanzaren bigarren gobernua EAJ, EA eta EE alderdien ordezkariekin. Argazkian, besteak beste, goiko lerroan ezker-eskuin: Josu Bergara (2.), Joseba Arregi (3.), Mari Carmen Gallastegi (4.). Behean Iñaki Azkuna (1.), Inazio Oliveri (2.), Juan Maria Atutxa (3.), Jon Azua (4.), Jose Antonio Ardanza (5.), Martin Auzmendi (9.). OLALDE / EUSKALDUNON EGUNKARIA Alderdiak hartutako norabideari 1988an eman zioten bedeinkazioa, Bilboko Arriaga antzokian egindako batzarrean. Arriagako espiritua izendatu zuten horren arabera, ez zen abenturetarako garaia, eta ituna, moderazioa eta instituzio autonomikoen garapena lehentasuntzat hartu zituzten. Hurrengo hamarkada luzean, Ardanza izan zen estrategia hori Jaurlaritzara eramatearen arduraduna eta haren pisu politikoa izugarri handitu zen: berak ordezkatu zuen beste inork baino gehiago EAJren irudi autonomista eta moderatua. Ardanzak gidatutako gobernuek arazo askori buru egin behar izan zioten: krisi ekonomikoa, Gernikako estatutuaren garapenari jarritako oztopoak eta abar. Baina, dudarik gabe, gatazka politikoari lotutako indarkeria izan zen korapilo nagusia. Horren harira, Ardanza lehendakariaren jarrera argia izan zen: Ajuriaeneko Ituna eta hortik eratorritako Ajuriaeneko Mahaia «demokraten batasuna» bermatzeko tresna gisa, eta aurrez aurreko konfrontazioa ezker abertzalearekin. [articles:1125544] Arlo horretan, hamarkada gogorra izan zen 1990ekoa, eta, egoera kale itsu batean sarturik zegoela iritzita, lehendakariak proposamen bat egin zuen 1998ko otsailean, Ardanza plana deiturikoa, alderdien arteko elkarrizketa bultzatu nahian. Planak oso bide motza egin zuen, baina esanguratsua izan zen, Ardanzak EAJren barruan eskuraturiko autonomiaren adierazgarri izan zelako: EAJren EBBren presidente Xabier Arzalluzek bere memorietan idatzi zuenez, Ardanzak «alderdiari aholkurik eskatu gabe» idatzi zuen plana, eta jeltzaleek gainerako alderdietako ordezkariekin batera izan zuten haren berri, lehendakariak dokumentua Ajuriaeneko Mahaian aurkeztu zuenean. Ajuriaeneko Mahaiaren bilera itunaren 10. urtemugan. Ezker-eskuin: Alfredo Marco Tabar (CDS), Inaxio Oliveri (EA), Txiki Benegas (PSE), Jose Antonio Ardanza (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria), Kepa Aulestia (EE), Xabier Arzalluz (EAJ), Julen Gimon (AP). Garai hartan bazegoen gatazka ataka zail hartatik ateratzeko ahaleginik, baina ez Ardanzak bere planean marrazten zuen norabidean: 1998ko irailean indar subiranistek —EAJ barne— Lizarra-Garaziko akordioak sinatu zituzten, eta handik gutxira, 1999ko urtarrilean, Ardanzak utzi egin zion lehendakari izateari, ardura horretan lau agintalditan jardun ostean. Politikaren lehenengo lerroa alde batera utzita, enpresa munduan aritu zen buru-belarri. Tubacex enpresako aholkulari izan zen, eta, informazio batzuen arabera, hiru herrialdeetako aurrezki kutxen fusiotik sortu beharreko finantza erakundea berak zuzendu behar zuen, baina, azkenean, Euskalteleko presidente izendatu zuten lehendakaritza utzi eta urtebetera. Jose Antonio Ardanza Euskaltelen 2004ko emaitzak aurkezten. 1999tik 2011ra bitartean izan zen telekomunikazio enpresako presidente. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Hamabi urte eman zuen telekomunikazio enpresa horretan. Izan ere, 2010eko martxoaren 3an bihotzekoak eman zion, eta ospitaleratu behar izan zuten. Sendatu zenean, bere ardurak apurka-apurka uzteko asmoa agertu zuen, eta, azkenean, 2011ko abenduan utzi zuen Euskalteleko presidentetza.
Nola epaitu Ardanza lehendakariaren jarduna eta legatua? Ez naiz seguruenik pertsonarik objektiboena horretarako. Denbora luzea igaro dut bere aldean, lankide bezala hasieran, adiskide gisa ondoren, eta ez daukat patxadarik ez gorputz-aldirik distantzia hartzeko. Ardanza belaunaldi jakin bateko seme izan da. Gerra zibilaren inguruan jaioa, Francoren diktadurapean bizi izan zen, eta, beste gizon eta emakume asko bezala, askatasunen aldeko borrokari lotu zitzaion, kausa ugaritan militatu zuen, demokraziaren etorrerarekin ilusionatu zen eta euskal autogobernua berreskuratzeko euskal erakundeak berreraikitzen parte hartu. Kooperatiben munduan lan egin zuen, eta ikastolen sorreran. Baita zerbitzu publikoan ere: Arrasateko alkate, lehen udal hauteskunde demokratikoetan, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi ,1983an. 1985 eta 1999 bitartean Euskadiko lehendakaria izan zen. Garai hartako gizon-emakume asko eta askorengan bezala, Ardanzaren bizitza politiko eta instituzionalaren oinarrian humanismoaren eta demokraziaren aldeko aukera egon zen beti, pertsonaren duintasuna, askatasuna eta giza eskubideen errespetua. Lehendakariari urte zailak egokitu zitzaizkion. Nahikoa da laurogeiko hamarkadan gure herrialdeak bizi zuen krisi orokorra gogoratzea, berak eta bere lehen gobernuek izan zituzten zailtasunak ulertzeko. Erakundeen eta alderdi politikoen arteko tentsioa izugarria zen, eta blokeo-egoera zen nagusi. Bizikidetzari eraso egina zion ETAren indarkeria terroristak, eta artean nabariak ziren Estatuak eta haren estoldetatik etorritakoek eragindako legez kanpoko indarkeriaren ondorioak. Estatu-agente batzuek demokrazia bera zalantzan jartzen zuten. Ekonomia, egoera kritikoan. Industria, deseginda. Langabezia biztanleriaren % 25era iritsi zen eskualde batzuetan. Gizartean pobrezia- eta marjinazio-poltsa garrantzitsuak zeuden. Demokraziarekiko konpromisoa eta autogobernua berreskuratzeko ilusioa izan ziren gure herria modernizatzeko erronka hartu zutenen inspirazio nagusia, gure gizartean bizikidetza sustatuz, jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertuz. Bere agintaldiaren azkenerako euskal gizartearen gehiengoaren onarpena lortu zuen Ardanzak. Ez, ordea, guztiena. Gure gizartearen zati batek ez du behin ere ezkutatu lehendakariari izan zion herra eta gorrotoa. Hogeita bost urte igaro dira 1999an Lehendakaritza utzi zuenetik. Urte hauetan guztietan gauza asko gertatu da gure herrian. Haien artean Lehendakariak biziki irrikatu zuen bat: ETAren indarkeria amaitu da, Politika erakundeetan egiten da modu demokratikoan eta elkarri begietara begiratu eta iraganaz eta etorkizunaz nahi duguna pentsatu eta esateko askatasuna daukagu. Urrunekoa eta ia ezinezkoa zirudien. Ardanzak bere lehendakari-denborarik gehiena eman zion helburu horri. Uste dut gaur egun bizi dugun herrialdeari begiratu bat ematea dela Jose Antonio Ardanzak eta haren kide izan zirenek hartutako bideak egokiak izan zirela ikusteko, gauza handietan eta txikiagoetan. Mila esker, Lehendakari.
2022ko abenduan Rebeca Huayta hil zuen gizonaren aurkako epaiketa hasi da gaur Bilbon, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Zalantza gutxi ebatzi beharko ditu herri epaimahaiak, dena den; izan ere, akusatuak onartu egin du emakumea hil zuela eta aurrez ere eraso egin ziola. Hala, 28 urteko kartzela zigorra eskatu dute harentzat fiskalak, akusazio partikularrak (familiak) eta herri akusazioek (Bilboko Udalak eta Clara Campoamor elkarteak): 25 urte hilketagatik, akusatua azpikeriaz eta ankerkeriaz aritu zelakoan, eta hiru urte ohiko tratu txarrengatik. Defentsak, ordea, zortzi urtera jaitsi du zigor eskaera, delitua giza hilketatzat hartuta, eta hainbat aringarri aipatuta: gizonak egindakoa aitortu izana, alkohola kontsumitzearen ondoriozko «haserrealdi» batean jardun izana eta biktimaren familiari dirua emanez «mina konpondu» izana. Bilboko San Frantzisko auzoan hil zuen akusatuak Rebeca Huayta, abenduaren 28ko goizaldean, biktimak lantoki zuen tabernan. 45 urte zituen emakumeak, eta 44 gizonak; biak ziren Boliviakoak jatorriz. Bikote harremana zuten, eta elkarrekin bizi ziren. Fiskaltzaren eta akusazioen txostenen arabera, «menderatze eta kontrol erlazio bat» zen, eta andreak moztu nahi izan zuenean hil zuen akusatuak. «Kontuan hartzekoa da genero inguruabarra: emakume izateagatik eta desberdintasun egoeran egoteagatik hil zuen; Rebeca jasaten ari zen bortizkeriaren azken maila izan zen», nabarmendu du fiskalak. Latza da hiltzean Huaytari eragindako zaurien zerrenda: lehenik, lurrera bota zuen, eta kolpeak eman zizkion; gero, aizto batez sastakatu zuen buruan, lepoan, sabelean eta hanketan; ondoren, kristalezko objektu batekin eraso zion aurpegian, eta itotzen ere saiatu zen. Ordubete baino gehiago iraun zuen erasoak, eta odolustuta hil zen emakumea. Horregatik uste dute fiskalak eta akusazioek hilketa bat izan zela, eta ez giza hilketa bat: hiltzaileari egotzi diote azpikeriaz jokatzea, biktimak ez zuelako bere burua defendatzeko ia aukerarik izan, eta ankerkeriaz, «beharrezkoa ez zen sufrimendua» eragin ziolako emakumeari. «Hiltzen utzi, eta tabernatik alde egin zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala», laburtu dute Bilboko Udalaren txostenean. Aringarrien inguruko eztabaida Hortik aurrera, xehetasunen inguruko frogen arabera ebatziko dute aringarriez. Defentsak dio akusatuak aitortu egin zuela egindakoa, «zalantzarik agertu gabe»: Poliziari deitu ziola, tabernan bertan itxaron ziela udaltzainei eta ez zuela zailtasunik jarri ikerketan. Akusazioen arabera, ordea, erasoaren ostean tabernatik alde egin zuen —tabernako kameraren irudietan hala ageri da— eta lagun bati deitu zion tokia garbitzen lagundu ziezaion; lagun hark ezetz erantzun eta gero deitu zion Poliziari, eta ez bere kabuz. Halaber, mina konpontzearen aringarria galdegin du defentsak, akusatuak eta haren sendiak ordainketa batzuk egin dizkiotelako biktimaren familiari; biktimaren alabak adierazi du «asteburuan» jaso duela gizonaren senideen dirua. Defentsak eskatu du hainbat aringarri aintzat hartzeko: egindakoa aitortu izana, alkoholaren mende jardun izana eta kalte ordainen bidez «mina konpondu» izana. Horrez gain, defentsak argudiatu du akusatua alkoholikoa dela, eta gizonak berak berretsi du oso gazte hasi zela edaten eta «arazo handia» duela. Hilketaren egunean, gainera, alkohola ez ezik kokaina ere hartu zuela esan du, «erritu bat» egin zutelako tabernan. Horren ondorioz, «egoeraren kontrola galdu» zuela uste du haren abokatuak, eta «haserrealdi batean» eraso ziola andreari; horregatik eskatu du droga menpekotasunaren aringarria. Hala, akusatuak deklaratu du ez dela erasoaz gogoratzen: «Ez dakit zer gertatu zitzaidan; hurrengo oroitzapena polizia etxean daukat». Deklarazioaren amaieran, hitza eskatu du, egindakoa berriz onartzeko eta barkamena eskatzeko: «Egunero damutzen naiz. Egingo edo esango dudanak ez du ezer aldatuko, baina barkamena eskatzen diot familiari». Ildo horretan, akusatuaren izaeraz mintzatu dira akusazioak. Fiskalak adierazi du gizonak aldatu egin duela bertsioa, eta hasierako deklarazioan xehetasun gehiago zituela gogoan. Akusazio partikularrak ere zalantzan jarri du gizonaren sinesgarritasuna: «Gezurretan aritu da behin baino gehiagotan, eta epaiketan ere gezurra esateko eskubidea dauka». Eta haren aurrekariak ere mahai gainean ezarri ditu: «Tratu txarren emailea da, seriekoa; emakumeak azpiratzeko harremanak bilatzen zituen». Bortxa, kontrola eta izua Lehen lekukoen txandan, harremanaren ezaugarriei eta bortizkeriari heldu diote akusazioek. Gogora ekarri dute akusatuak beste bi auzibide dituela martxan Rebeca Huaytaren aurkako erasoengatik. Eta bikotearekin bizi zen emakume batek azaldu du «hainbatetan» izan zela indarkeria horren lekuko: «Ez nuen inoiz ikusi gizona Rebeca jotzen, baina entzun nuen Rebeca negarrez, oihuka eskatzen ez jotzeko, eta entzun nituen kolpeak. Logelatik negarrez ateratzen zen, ubelduta, sudurrean kolpeak zituela. Gero ez zen ausartzen salatzera, beldur handia zion, izua». Bortizkeria fisikoa gizonaren edanarekin lotu du, baina ez indarkeria psikologikoa: «Mozkor ez zegoenean ere asko kontrolatzen zuen: oso jeloskorra zen». Lan egitea ere debekatu zion gizonak, lagunaren hitzetan: «Rebecak adineko emakume bat zaintzen zuen hasieran, eta pozik zegoen, baina gizonak ez zuen nahi han lan egin zezan. Ondoren, hilabete egon zen etxetik atera gabe, hark ez ziolako uzten». Bikotearekin bizi zen emakumearen arabera, akusatuak «mozkor ez zegoenean ere asko kontrolatzen zuen» biktima, eta zaintzan lan egitea ere debekatu zion. Huaytak Bolivian zeukan familiarengandik aldentzea ere leporatu diote akusazioek, besteak beste sakelako telefonoa kenduz, deiak kontrolatuz… Biktimaren alabak bideo dei bidez adierazi du dirua bidaltzea ere eragozten ziola amairi. Oro har, harremanari eta bortxari buruzko informazio gutxi jaso zuen, baina izan zuen eraso baten berri, hilketa baino hiru aste lehenago gertatua: «Kontatu zidan gizonak eskaileretan behera bota zuela, eta ospitalera bidali. Esan zidan harengandik urrunduko zela, taberna utziko zuela. Gerora, dena gertatu zenean, amaren ingurukoek dena kontatu zidaten. Gauza gehiegi jasan zituen amak…».
Etxebizitzan inbertitzea ez da nahikoa izango Espainiako Estatuko erresidentzia bisa lortzeko. Etxebizitza “eskubidea izateko eta ez espekulazio negozio hutsa” hartu “beharreko” neurrietako bat da, Pedro Sanchez presidentearen arabera.
50.000 afiliaturen langa gainditu du LABek, 50 urte bete berritan. 50. urtemuga ospatzeko ekitaldia egin du sindikatuak gaur, 2024ko apirilaren 8an, Bilboko Euskalduna jauregian. “Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea” zabaltzen jarraituko dutela hitzeman du LABek.
Fiskaltzak eta Alavesek espetxe-zigorra eskatuko dute Pitermanen aurka astelehen honetan hasiko den epaiketan. Pitermanek urteak daramatza AEBn bizitzen, eta ez da espero Arabako Auzitegian azaltzea.
Bi udaltzain arin zauritu dira eguerdian Beasaingo euren bulegoetan izandako lan istripu batean. Ertzaintza ari da gertaera ikertzen, baina ez du istripuaren nondik norakoen xehetasunik eman.