Sidenorrek Azkoitian eta Reinosan (Kantabria) dituen lantegietan aldi baterako lan erregulazioko espedientea ezartzeko akordioa lortu dute zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek.
Magyar Vagon Hungariako taldeak Talgo enpresaren % 100 erosteko eskaintza egin du, 619,3 milioi euroren truke. Hungariako enpresak Talgoren akzio guztien gaineko erosketa eskaintza publikoa aurkeztu du Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren aurrean.
Euzko Alderdi Jeltzalearen buruek, zerrendaburuek eta erakunde nagusietako arduradunek babestuta abiatu du kanpaina Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak, Gasteizen. Haren irudiko, «ongizatean aurrera edo atzera» egitearen artean aukeratu beharko da apirilaren 21ean, eta bertan bildutakoei eskatu die eredu jelkidea defendatzeko. «Bi aste dauzkagu gure mezua zabaltzeko. Bi aste kontrajarriak diren bi ereduren artean aukeratzeko». Inkestei kasurik ez egiteko eskatu du: «Benetako inkesta apirilaren 21ean izango dugu». Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak itxi du hitzaldia, «proba gaindituko» dutela baieztatuz, Gasteizi erreferentzia eginda. Izan ere, iazko udal eta foru hauteskundeetan EAJ Araban boto gehien jaso zituen indarra izan bazen ere, Gasteizen laugarren indarra izan zen bototan. Eta azken asteotako inkesten arabera, Araba erabakigarria izango da EAJren eta EH Bilduren arteko eserlekuen lehian. «Apirilaren 21eko benetako borroka hementxe izango da. Beraz, toki ona aukeratu dugu gaur elkartzeko. Toki benetan garrantzitsua!». Imanol Pradales lehendakarigaiaren arabera, «Euskadin ondo bizi gara». Soziometroaren inkesta aipatu du hori argudiatzeko, haren arabera bizi kalitateari buruz galdetuta hamarretik 7,5ek ongi edo oso ongi bizi direla esan dutelako. Hori EAJk egindako lanaren emaitza dela esan du, orain arte egindakoa defendatuz. Talde berritu batekin aurkezten dela azpimarratu du, eta hiru lehentasun jarri ditu lanerako: ongizatearen agenda berria, ekonomia eta etorkizuneko industria berria, eta agenda humanista berri bat «sortzen ari diren desberdintasunei» aurre egiteko. Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburuak belaunaldi berri baten izenean hartu du hitza. Eta hurrengo hamabost egunak programan jaso dituzten neurriak azaltzen emango dituela adierazi du, «ahotsik gabe geratu arte». Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak EAJren eredua defendatzen egin du indar. «Bi aukera daude: PNV edo EH Bildu». EH Bilduren kontra egin du: «Trabak jarri eta eraikitakoa suntsitzen saiatu dira. Eta ez naiz ari duela hamarkada batzuk gertatzen ari zenaz solik, azken legegintzaldi honetan pairatu dugunaz ere bai». Mezu horretan sakondu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere: «Gaur adostasunez eta gobernantza kolaboratiboaz hitz egiten dutenen oztopoen gainetik egin du aurrera Euskadik». «Egunean ziurgabe bat» Ortuzarrek itxi du hitzaldia. Ez du ukatu erronka bat dutenik. «Baina badakizue zer egiten duen EAJk erronka bat duenean: lortu eta gainditu». Eta erronka hori gainditzeko lana egin beharko dela esan du. Abstentzioari egin dio erreferentzia berriz ere. Uste du abstentzioan gera litekeen boto hori mobilizatzea izango dela giltza, eta horiek mobilizatzeko laguntza eskatu du mitinean: «Erronka bat proposatuko dizuet. Kanpainako hamabost egun ditugu. Ziurgabe bat bilatu eta EAJ bota dezan konbentzitu dezagun. Onartzen duzue erronka? Zaila eman dezake, baina ez da hainbesteraino. Asko ditugu inguruan. Auzokoak izan litezke, okindegian edo autobus geltokian topa ditzakegu».
EH Bilduk Gasteiz aukeratu du kanpaina abiatzeko. Iazko udal hauteskundeetan han boto gehien lortu zituen alderdia izan zen. Gainera, azken asteotan egin diren inkesta gehienen arabera, apirilaren 21ean lehia estua izango da EAJren eta EH Bilduren artean, eta eserlekuetan nor nagusituko den Araban erabakiko da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuek, alderdiko ordezkari nagusiek eta dozenaka militantek bete dute Santa Barbara plaza. Aldaketa «posible» dela esanez abiatu du Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak kanpaina, eta hori sinesteaz gain, horretarako unea «orain» dela azpimarratu du. Aldaketa politikoa eskatzen dutenen ordezkari gisa aurkeztu da, eta mitinera bildutakoei zuzendu zaie: «Hurrengo hiru asteetan egin dezakegunak heri honen etorkizuna baldintza dezake. Gonbidapen bat egin nahi dizuet auzoz auzo aldaketa gogoa herriz herri eramateko». Sinestuta dago aldaketaren aukera posible da, «jendeak hala perzibitzen du». Haren ustez, «erregenerazio politikoa premia bat da, zerbitzu publikoen gainbehera geldiarazteko». Uste du herri honek baduela anbizio hori eta «aldaketaren agenda martxan jartzea da» apirilaren 21ean jokoan dagoena, haren ustez. «Herriaren zati honetan aldatu da mapa politikoa, eta orain arte indarrean egon den status quo-a amaituko da apirilaren 22tik aurrera». Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak abaguneari egin dio erreferentzia. «Inkesta guztiek diote gehien igoko den alderdia EH Bildu izango dela, noraino? Herriak nahi duen tokiraino. Aukera historiko bat dago». Gonbidapen bat egin zuen botatzera joateko «herri bat aldatzeko, herri justuagoa, libreagoa eta berdinzaleagoa egiteko». Arabari egin dio erreferentzia: «Proiektu nazionala erregeneratzen ari da periferietatik». Eta Oiongo alkatea aipatu du, EH Bildukoa, mitinean zelako, «abanguardia izan da Araba erregenerazio horretan». EH Bilduk azken urteetan Araban izan duen bilakaera azaldu nahi izan du hala. Otegik joko arau batzuk proposatu ditu kanpainarako. Eztabaida «jantzi» bat eskatu du, «zehatza»; Espainiako politikaren «zaborkeria» baztertzeko eskatu du; eta «irainak, manipulazioa eta gezurraren marrak ez igarotzeko. 22an arazoak arazo izaten segituko dute, eta herri honek akordioak beharko ditu, politika kolaboratiboak». EH Bilduren programaren nondik norakoak azaldu dituzte goizean, eta kanpaina nondik nora joatea nahiko luketen ere bai, ildo beretik egin du Otxandianok goizean. Esan du kanpaina ideiak konfrontatzeko eremu bat izatea nahiko lukeela, eta baita adostasun eremuak esploratzekoa ere. «Gai izan behar dugu ezberdinen artean herri eredu berri bati forma emateko».
«Autokonplazentzia eta konformismoan jarraitzea» edo «politika eraldatzaile eta ausartak aplikatzea». Hautu hori egin beharko da Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan, Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak erran duenez. «Euskadik politika sozialak sortu eta abian jarriko dituen gobernu aurrerakoi bat izatea du jokoan. Gutxi batzuentzako gobernu bat edo gehiengo batentzako gobernu bat izatea dugu jokoan», zehaztu du. Bilbon egin dute hauteskundeen hasiera ekitaldia sozialistek, eta bertan izan dira Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroa, eta Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak Aroa Jilete eta Denis Itxaso. Anduezak erran du badakiela herritar anitzek ez dutela argi noren alde bozkatu, eta herritar horiei eskatzen diela entzuteko: «Hau ez da EAJren eta EH Bilduren arteko bataila bat. Nazionalismoaren alternatiba ezin da independentismoa izan, sozialisten progresismoa da alternatiba». Bide horretatik, gogoratu du PSE-EErik gabe Eusko Jaurlaritzan izan diren «politika progresistak» ez zirela gertatuko: «Ez litzateke etxebizitza politikarik egongo; ez genuke Hezkuntza Legerik izango ikasleen zerbitzura, baizik eta doktrinatzeko lege bat; ez litzateke Lanbideren erreforma integralik egingo erabiltzaileak erdigunean jarriz, eta ez genuke klima aldaketari buruzko lege onik izango». Jiletek eta Itxasok ere antzeko bidetik egin dituzte adierazpenak, eta erran dute sozialistek «etorkizun progresista eta feminista» ziurtatu dezaketela. Itxasok dei egin die egonkortasuna baloratzen duten horiei: «Dei egiten diegu oraingoan Alderdi Sozialistaren indarraren alde egin dezaten. PSE-EEk ziurtatzen du egonkortasuna eta akordioen politika izatea gure bizitza publikoaren eta politikoaren gidari».
Bestalde, aurtengo kanpainan, 1978 baino lehen lan mutualitateetan kotizatu zuten 30.000 bat pentsiodunei kalkulatu die Ogasunak euren proposamena, Auzitegi Gorenaren 20/2024 ebazpena ezarrita.
Gipuzkoako Ogasunak 358 milioi euro itzuliko ditu 2023ko errentaren kanpainan. Halaber, 305 milioi euro jasotzea aurreikusten du, eta, hortaz, ia 53 milioiko saldoa izango da zergadunen mesedetan. Errenta aitorpenaren aurtengo kanpaina apirilaren 8an hasi eta uztailaren 1ean amaituko da.
Terrorismoaren Aurkako Frantziako Fiskaltzako prokuradoreak urtebeteko kartzela zigorra eskatu du Beatrice Mollerentzat, eta bi urtekoa Jean Noel Etxeberri Txetx-entzat. Bi kasuetan, gibelapenarekin —bost urteko epean gisa bereko deliturik egin ezean, ez lukete bete beharko—. Era berean, armak edukitzeko debekua eskatu du bost urterako; ez du egin, haatik, bakegileak Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatzeko eskaerarik. Luhusoko operazioarekin lotuta, bakegileek ETAren helburuen arabera jardun zutela erran du prokuradoreak, eta, beraz, armak edukitzeagatik eta horiek garraiatzeagatik zigortu behar direla. Defentsako abokatuek defendatu dute Luhusoko ekinbidea «ezinbestekoa» izan zela, eta, prokuradorearen argudioei banan bana erantzunez, ukatu egin dute ETAren armagabetzea bultzatzeko operazioan delitu penalak izan zirela. Etxeberri eta Molle errugabetzeko eskatu dute aho batez. Maiatzaren 16an emanen du erabakia epaileak. «Epaitegi honen funtzioa ez da kontakizun bat adostea, auzipetuen ekintzak epaitzea baizik», argudiatu du prokuradoreak. Alta, 2016ko abenduaren 16ko gertakariak ulertzeko bi modu agertu dira epaitegian. Etxeberrik eta Mollek armak eduki eta garraiatu izana asumitu dutenez, akusazio hori ontzat eman du; helburu terroristetan jarri du azpimarra. «Galdera honako hau da: armak edukitzea eta garraiatzea ETArentzat egina izan ote da?». Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuaren irakurketa propioa egin du; hain zuzen, gatazka eta bake terminoak arbuiatuta. «Bakea ETAren hiztegian da aspalditik. Baina norekin zen gerlan? Espainiako eta Frantziako estatuekin?». Hori ETAren kontakizuna dela erran du. «Euskal Herrian ez da gerlarik egon, ekintza terroristak baizik». 2006ko su etena oinarritzat hartuta, zalantzan jarri du ETAk 2011tik aitzina abiatutako bidearen sinesgarritasuna. Fiskaltzaren irakurketan, ETAren erabakia izan zen armagabetzea alde bakarrekoa izatea, haren borondatea zen Frantziako eta Espainiako estatuei izkin egitea. Erran du Etxeberrik eta Mollek ETAk ezarritako baldintzak bete zituztela: armak «suntsitzea», armak helarazi zizkienak ez identifikatuak izatea. «Ez dute metodo diskretua hautatu: metodo publikoa hautatu dute, borrokalaria; ETAren asmoen ispilu». Prokuradoreak nabarmendu du 2016an ez zela inolako negoziaziorik ETArekin. Frantziako Estatuak aitzitik bezala segitzen zuen, erakundearen kontra, polizia indarrekin. Hala, armen arriskua gutxietsi du, erran baitu erakundea «ahuldua» zegoela. Erabat baztertu du armak beste inoren esku gelditzeko aukera. Erran du kontuan hartu dituela auzipetuen izaera, egitateetan antzinakotasuna eta Euskal Herriko gatazkak izan duen bilakaera, baina justizia trantsizionalaren ideia errefusatu du. Haren hitzetan, hori ezin da epaiketa batean «dekretatu»; «Ez da inprobisatzen; koadro bat behar da. 2016an ez zegoen koadro hori, eta gaur egun ere ez». Luhusokoa, «ezinbestekoa» Euskal gatazkari loturiko aferak aztertu ditu Xantiana Cachenaultek azken hogei urteetan; Luhusoko auziaren izaera «historikoa» nabarmendu du. Haren hitzetan, «inoiz ikusi gabea» izan zen atzokoa: «Frantziako agintean goi karguak izandakoak, eta Ipar Euskal Herriko hautetsi anitz ahots bakarrean mintzo». Eta dezepzioa ere aipatu du: «Hogei urtean terrorismoaren kontrako fiskaltzaren diskurtsoa ez da batere aldatu. Eta, alta, egoera anitz aldatu da Euskal Herrian. Gatazkaren izaera errefusatzen segitzen dute». Aieteko Konferentziatik aitzina izandako bidea aipatu du Cachenaultek, elkarrizketa saiakerak, eta Frantziako eta Espainiako estatuen errefusa. «Gizarte zibilak ez zuen aurreikusten estatuen errefusik, ezinbestekoa baita bake prozesuak aitzina egiteko». 2014ko Baionako Adierazpena aipatu du: ingurune anitzetako hautetsiek estatuen parte hartzea beharrezkotzat jo zuten konponbide prozesuan. Testuinguru horretan kokatu du Etxeberriren, Berhokoirigoinen eta Tubianaren erabakia. «Hori aurretik dena entseatua izan zen». Cachenaulten hitzetan, Frantziako legediak badu baliabiderik Luhusoko auzia onartzeko. Ekintzaren «ezinbestekotasuna» aipatu du, egoerari egokitua den erantzun penala emateko aukera ematen duena. Eta Luhusokoa «ezinbestekoa» izan zela erran du: «Erakunde bat armagabetzeko, haren armen jabe egin behar da. […] Beharrezkoa zen, Frantziako Gobernuak jarrera aldatzeko». «Zigorra ez, aitortza» Jean François Blanco abokatuak banan bana erantzun ditu prokuradorearen argudioak, eta frogatu nahi izan du bakegileen ekintza ez zela delitu penal bat izan. «Gure aitortza merezi dute, ez zigor bat». Galdera egin du: «Nola epaituko genuke armagabetzen duen eta armak dituen pertsona bat? Ez genuke epaituko, eskerrak emanen genizkioke». Hori da bakegileek egin zutena, haren hitzetan; haien oroimena omendu du. Luhusoko operazioaren helburua argi zela erran du: «karrika itsutik» ateratzea. «Erakutsi nahi zuen ETA prest zela armagabetzerako, eta nahi izanez gero posible zela». Hala, ezin da apirilaren 8ko armagabetzetik bereizi. «Jarraitutasun bat bada. Luhusokoa gabe ez zen posible izanen, eta baldintza beretan entregatu zituzten ETAren armak». Epaiketako lekukoek kontatu dute aginte politikoarekin eta administratiboarekin elkarlanean antolatu zela apirilaren 8ko armagabetzea, eta aginte judizialak ere ontzat eman zuela. «Orduko Baionako prokuradoreak eta Parisko fiskaltzak konfiantza izan zuten haiengan [bakegileengan], eta gaur egun fiskaltzak berak zigortu nahi ditu?», galdetu du. Armagabetzea ETAren helburuen arabera egin zela errana zuen lehenago prokuradoreak. «Aginte politikoa, administratiboa eta judiziala ETAren helburuen arabera aritu ziren?», iharduki dio Blancok. Gauza bera helburu terroristari buruz: «Erran nahi duzue bat egin zutela armagabetu duten erakundearen helburu terroristekin?». Zigor Kodea zitatu du: «Ez da deliturik hura egiteko intentziorik gabe». Zuzenbideko beste puntu bat ere aipatu du: armak eta lehergaiak edukitzea eta garraiatzea delitua da, baldin eta ez bada horretarako motibo zilegirik. «Motibo zilegia da arma horiek jasotzea armagabetzea gauzatzeko». Historia idatzi nahi izatea leporatu dio fiskaltzari. «Baina Bakegileek arrazoi zuten, armagabetzea gauzatu baitzen, eta ETA desegin baitzen. Egitateek arrazoi eman diete». Auzipetuak errugabetzeko eskatu dio epaimahaiari.