KSS enpresak Orkoiengo lantegia itxi eta 130 langile kaleratu…
KSSren zuzendaritzak Orkoiengo (Nafarroa) lantegia bi fasetan ixteko asmoa du. Gainera, Kayaba multinazionaleko enpresak 130 langileak kaleratzeko asmoa du.
Xeheago aztertuz gero, agerian geratzen da euskara hala moduz erabiltzen dutela: nahiz eta euskarazko marrazo hitzean oinarritu, moldatu egin dute, sonoritatea indartu eta italiar kutsua ere emateko. Ezjakintasuna ere bistan geratu zen aurkezpenean, aurkezleetako batek kazetariei esplikatu baitzien euskara «gazteleraren taldeko hizkuntza» bat dela. Kritika batzuk ere jaso zituen Mahindrak sare sozialetan: Mendebaldeko kulturarekiko eta hizkuntzekiko obsesioa aurpegiratu zioten, Indiako laurehundik gora hizkuntzetako bat aukeratu beharrean Europako bat aukeratzeagatik.
Hizkuntzek markagintzan daukaten garrantziaren adibide bat baino ez da Mahindrarena. Urrutiko adibide bitxi bat. Baina gertuago ere, Euskal Herrian, gero eta aditu, konpainia eta erakunde gehiago dabiltza euskararen erabilerak markagintzan eta, oro har, enpresen jardunbideetan eta emaitzetan dakartzan onurak aztertzen eta sustatzen.
Konpainien erantzukizun sozialari erantzuteaz harago, euskara lan tresna eta komunikazio hizkuntza moduan erabiltzeak enpresei lehiakortasun, errentagarritasun eta fidelizazio balio erantsia ere ematen die, BERRIAk kontsultatutako adituek azaldu dutenez. Mozkin sozialaz gain, mozkin ekonomikoak ere badakartza euskarak.
Markagintza —branding, ingelesez— gakoa da konpainientzat bezeroak erakartzeko eta fidelizatzeko. Estitxu Garai EHUko irakasle eta marketin adituak esplikatu du enpresek euren burua balio batzuei lotu nahi izaten diotela. «Gakoa da konexio emozionalak sortzea, eta hizkuntza hautuak, edozein izanda ere, beti dauka eragin handia». Enpresek, komunikazio tresna gisa erabiltzeaz gain, sinbolikoki ere erabiltzen dituzte hizkuntzak. Fetitxismo linguistikoa aipatu du, Helen Kelly-Holmes soziolinguista irlandarrak erabilitako kontzeptua, «hizkuntzek eurek garraia ditzaketen ezaugarriak aktibatzeko» erabiltzen dituztelako mintzaira batzuk edo besteak, edo hainbat hizkuntza batera.
Konpainia batek, hizkuntza estrategia egiterakoan, bilatzen du beste zerbait ere, errentagarritasunaz eta lehiakortasunaz gain: aniztasunari lotutako irudia ematea. Garairen esanetan, gaur egun enpresak aktibista sozial moduan agertzen dira, «mikronitxoekin konektatzeko: dela feminismoarekin, dela ekologismoarekin…».
Jakina, hizkuntza guztiek ez daukate karga sinboliko bera komunitate jakin batentzat; edo, enpresen hizkeran esanda, bezero edo bezero potentzial batentzat. Garairen iritziz, hizkuntzen hautuak beti dauka eragina, «eta euskarak badauzka berezitasun batzuk, sinbolikoki beste hizkuntzak baino askoz indartsuago bihurtzen dutenak».
Bi indar sinboliko bereizten ditu Garaik, konpainiaren jatorriaren arabera. Kanpotik etorritako multinazionalek euskara erabiltzen badute, balio jakin batzuk lotzen zaizkio marka horri: aniztasuna, tokiko kulturarekiko errespetua, moldagarritasuna. Hori guztia transmititzen dute hizkuntzaren erabilera hutsarekin. Ikearen kasua aipatu du: «Seinale guztiak, katalogoa, webgunea… ahal duten guztia daukate euskaraz. Erosketak euskaraz egin ditzakezu sarean. Izugarria da; bertako enpresek baino askoz gehiago egiten dute».
Euskara darabiltenak euskal konpainiak badira, ostera, bertakotasuna eta gertutasuna aktibatzen dira, eta gertutasunaren balioa oso inportantea da. «Euskaldunok oso barneratuta daukagu Bertakoa kalitatezkoa da errelatoa, eta horrek sektore guztietan funtzionatzen du».
Euskararen maitaleez ere ohartarazi du EHUko irakasleak. «Euskarak mugimendu oso indartsu bat dauka atzean, eta horri markagintzan brand lovers deitzen zaio, markaren maitaleak». Konpainiak ahalegintzen dira markarekin lotzen maitale horiek hain sutsuki babesten dituzten balio horiek.
Garairi harrigarri egiten zaio ikustea nola batzuetan hizkuntzen kudeaketari garrantzi handiagoa ematen dioten kanpotik datozen enpresek. «Azkenean, hori joera global bat da, ez da hemengo kontu bat. Argi daukate markagintzan elementu inportantea dela hizkuntzen kudeaketa, eta badauzkate irizpide batzuk. Harrigarria da hemengo enpresa batzuek, komunitate elebidun batean bizitza, ez daukatela begirada hori, eta utzikeria erabatekoarekin jokatzen dutela. Nik uste dut honi begirada estrategiko bat ezarri behar zaiola, eta horren arabera erabakiak hartu».
Irakasleak uste du Euskal Herrian gutxiengoak direla ideologiagatik bakarrik gazteleraz edo frantsesez jardun nahi dutenak. Gai horri buruzko gogoeta falta dela sumatu du, eta pentsatzen du gehienek «inertziaz, erosotasunez eta begirada estrategiko faltaz» ez dutela erabiltzen euskara.
Azaldu du, gainera, euskararen erabilera ezagutza baino apalagoa izatea ezin dela izan aitzakia bat, markagintzan euskara erabiltzeak ez baitauka eragina bakarrik euskara dakitenengan: hizkuntzaren erabilera sinbolikoak kontsumitzaile guztientzat ditu esanahiak. Markagintza ez da kontu kuantitatibo bat. «Guztiok euskaraz eginda ere, beti izango gara gutxi konparaziok eginez gero. Baina erreferentzialki kopuru handia izan gabe ere, berdin-berdin erabil daiteke euskara, eta hori inportantea da, zeren Euskaldunak gutxi gara leloa ezabatzen baitu».
Karmelo Aiesta automozioko aholkulariak esanguratsutzat jo ditu, esaterako, Googleren eta Youtuberen adibideak. «Edozein aplikaziotan 1.000 milioi erabiltzailetik gora dauzkate; beraz, euskaldunen komunitatea ez da ezer bezero kopuru bezala. Orduan, zergatik jartzen dute euren zerbitzua euskaraz ere? Apustu estrategikoa delako; hizkuntzen garrantzia ikusi dute».
AZK branding, komunikazio eta publizitate konpainiako estrategia arduradun Xabi Igoak dioenez, markagintzak bi oinarri dauzka: koherentzia eta konstantzia. «Bi zutabe horiek gabe, markak jai dauka». Beraz, edozerk ez du balio. Hizkuntzaren eta nortasunaren karga sinbolikoa desegoki erabiltzeak kontrako ondorioak izan ditzake.
Duela urte batzuk, esate baterako, sarean zeresana sortu zuen Altzolako uraren basque water etiketak, non ez baitzen euskararik ageri. Estitxu Garairen aburuz, inkoherentziak kalte handia eragin dezake, zeren brand lover-ak dauden bezala baitaude brand hater-ak ere, marka gorrotatzaileak. «Euskal komunitate horrek ikusten badu basque horren aldarrikapena eta hizkuntzari halako mespretxua, hori ez da koherentea. Eta koherentzia oinarrizkoa da markagintzan: aldarrikatzen dena praktikatu behar da».
Zurikeriak arduratzen du Igoa, konpainiek euren irudia zuritzeko erabil dezaketelako euskara komunikazioan; itxura zaintzeko. «Euskaldun gisa arduratzen nau horrek, baina, komunikazio ikuspegitik, ibilbiderik ez diot ikusten: zurikeria hutsa den neurrian, jausi egingo da lehenago edo beranduago, koherentzia faltagatik».
Badago itxurakeria hain begi txarrekin ikusten ez duenik ere; Iñigo Fernandez Ostolaza adibidez, marketin eta komunikazio aholkularia —«aditua eta aritua», bere hitzetan—: «Zurikeria? Ez nuke negatiboan esango beti. Egia da nahiago dugula denak konbentzituta egitea euskaraz, baina agian lehen pauso gisa ez da txarra itxuragatik hastea».
Edonola ere, Fernandez Ostolazak uste du abiapuntua dela markagintzan, publizitatean eta, oro har, enpresen munduan euskara hain gutxi erabiltzearen arazoetako bat. Eta abiapuntua, haren hitzetan, ezagutza falta da. «Inork ez die esan enpresei zer onura ekarriko liekeen euskara erabiltzeak».
Gaia sakon aztertu du Hizkuntza gutxituen eraginkortasuna pertsuasio prozesuetan. Euskararen kasua EAEn tesian. Ondorioztatu zuen euskarak «abantaila pertsuasiboak» eskaintzen dituela, hizkuntza hegemonikoekin alderatuta. «Gaur egun, enpresa guztiak ari dira aztertzen nola hurbildu bezeroengana edo bezero potentzialengana, nola lortu konplizitatea… Eta hizkuntza sekulako tresna da bezeroaren bihotzera sartzeko».
Nelson Mandelaren egia egia komertziala ere badela ondorioztatu dute marketin adituek. Hegoafrikako lider politiko eta bakearen Nobel saridunak xhosa hizkuntza eta ingelesa hitz egiten zituen, eta ingelesez esplikatu zuen: «Norbaiti ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, haren burura iritsiko zara; bere hizkuntza propioan hitz egiten badiozu, berriz, bihotzera iritsiko zara».
Zenbat enpresak darabilte euskara kanpora begira eta barrura begira? «Ez dakigu», erantzun du Fernandez Ostolazak. «Ez dakigu zenbat enpresak jokatzen duten elebakar, elebidun ala eleaniztun. Ez dakigu, hori ez da ikertu. Ez dakigu hori egiteko zer arrazoi dituzten. Aritu gaitezke usteez, baina hor egon daitezke oso kasuistika eta arrazoi ezberdinak».
Egon badaude datu batzuk, erreferentzia modura balio dezaketenak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia laurehun enpresak daukate Bikain ziurtagiria, Eusko Jaurlaritzak ematen duen euskararen egiaztagiria. Halaber, Euskal Herri osoan 1.353 konpainiak daukate Bai Euskarari ziurtagiria, Bai Euskarari Elkarteak emandakoa.
Zenbaki oso txikiak dira. Bi ziurtagiriak gehituz, 2018ko urtarrilaren 1ean soilik Hego Euskal Herrian zeuden ia 96.000 enpresekin alderatuz, euskararen egiaztagiria darabilten konpainien portzentajea %2tik beherakoa izango litzateke.
Karmelo Aiestak, «negozio ikuspegitik» garatu du euskararen aldeko diskurtsoa, apropos, Hizkuntza Aniztasuna Enpresetan. Estrategiak Europan lehiatzeko txostenean. Ingeniaria da Aiesta, eta aholkulari dihardu automozioaren sektorean. Hogei urteko lan esperientzia izan du Erresuma Batuko GKN automozioko multinazionalean, non salmenta arduraduna izan baita hainbat herrialdetan: AEBetan, Alemanian, Erresuma Batuan eta Frantzian. Orain, arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko gogoetan murgilduta dago.
Hiru ideia darabiltza buruan. Lehengoa, enpresei euskara erabiltzeko premia sortzea. «Ikusten dudana zera da, oso txikia dela aldaketa egiteko premia sentimendua». Bigarrena, konpainien munduari bisio bat eskaintzea enpresen hizkeran eta parametroetan: «Enpresa batek halako aldaketarik bultzatu behar badu, argi izan behar du zein den bere bisioa, zer onura dakarkion». Eta hirugarrenik, koalizio bat sortzea, «zoru komun bat, euskalgintzan asko aipatzen den kontzeptua».
Diskurtsoa garatzeko, Aiestak bi erreferentziatara jo du, nahita: batetik, Europara, «Espainia-Frantzia binomioa gainditzen duelako, onerako», eta, bestetik, eleaniztasunera. Azaldu duenez, hizkuntza aniztasuna ezaugarri nagusia da gaur egun enpresen munduan, internalizazio prozesuaren ondorioz. Errealitate horretara egokitu beharra dagoela dio aholkulariak. «Enpresen lehiakortasuna bermatzeko, hizkuntza estrategia berriak eta jokabiderik egokienak aukeratu behar dira, bai barneko eta bai kanpoko harremanetarako». Eta hor, haren ustez, euskarak aukera handia dauka ingelesarekin batera erabilita.
Aiestak Europa iparraldeko herrialde txikiak jarri ditu adibide: Danimarka, Suedia… «Horiek bezala, hiztun kopuru txikia gara, eta ingelesak balio digu munduarekin zuzenean harremana izateko, eta gureak geure eremuan komunikatzeko. Ingelesa da lingua franca, hori oso argi dago, baina hemen, askoren buruetan oraindik gaztelera da lingua franca». Gainera, Aiestak uste du ingelesak ez diola tokirik kenduko euskarari, bakoitzaren esparruak argi utzita: «Ingelesak ez du identitate loturarik hemen, eta horrek kentzen dio konnotazio hori guztia».
Leire Bergara Okina euskara eta berrikuntza soziala sustatzeko Emun kooperatibako marketin eta komertzial arduradunaren esanetan, ingelesak normalean ez dio kenduko tokirik euskarari; bai, ordea, gaztelerak edo frantsesak. «Horretara jo behar genuke: laneko hizkuntza euskara izatea, eta kanpoko harremanetarako, nagusiki ingelesa. Euskararen mehatxua gaztelera eta frantsesa dira, ez ingelesa».
Joera globala izaki, Aiestak dio multinazional batzuek bertako konpainia txiki eta ertain batzuek baino errazago besarkatzen dutela eleaniztasuna, tokiko hizkuntza ere erabilita. Ikea altzarigile suediarra eta GKN autogintzako ekoizle britainiarra aipatu dituzte adituek euskara darabilten kanpoko multinazional gisa; hala ere, horrelako adibideak oraindik ere gutxiengo direla ohartarazi du Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko zuzendariak.
Multinazionalen «jatorrizko konplexu bat» ikusten du Fernandez Ostolazak estrategia eleanitzaren atzean: leku askotan daude, baina ez daude inon errotuta. Orduan, tokiko hizkuntza erabiltzeko beharra senti dezakete, gertutasuna adierazteko. «Hori Eliza katolikoak egin du hemen tradizionalki, oso argi edukita estrategia». Kontrako norabidean ere antzematen ditu konplexuak. «Eta badago bertako batzuen konplexua ere, uste dutelako euskara erabilita oso lokalista agertuko direla»
Badira, izan, euskara lehiakortasunerako balio erantsi modura darabilten enpresak. Horietako bat da Oreka IT zerbitzu informatikoen konpainia arabarra. Duela hamar urte sortu zen; Gasteizen du egoitza nagusia, eta SAP teknologian adituak dira. Enpresen kudeaketarako software programa bat da SAP, konpainien kontularitza, giza baliabideak, nominen kalkuluak eta abar egiteko erabiltzen dena. Lehiakideen artean nazioarteko erraldoi batzuk ditu Oreka ITk (IBM eta Deloitte, adibidez), baita bertako batzuk ere (Ibermatica eta i3s, adibidez).
«Guk ez dugu kokatzen euskara horrenbeste ardura sozialaren inguruan; guretzat, lehiakortasunaren esparruan dago», adierazi du Iraitz Perez de Goldarazenak, Oreka ITko sortzaile eta zuzendariak. Konpainiak Bai Euskarari ziurtagiria dauka, eta euskarazko zerbitzua eskaintzen die bezeroei: «Enpresei gertuko eta epe luzerako zerbitzua emateko sortu ginen, eta euskara gertutasun baliabidea da guretzat». Fidelizazioa ere errazten baitu hizkuntzak.
Enpresako langile guztiak ez dira euskaldunak, baina bai erdiak baino gehiago. Beraz, politika eta antolaketa bat jarri dituzte martxan zerbitzu informatikoa ematen duten zortzi lantaldeetan bermatzeko euskara: talde guztietan daude euskaldunak.
Bezeroen kasuan, araua urrezkoa da: eleaniztasunak eleaniztasun, bezeroaren hizkuntza erabili behar da salmentetan arrakasta izateko. Modu zuzenean esplikatu zuen Willy Brandt Alemaniako Errepublika Federaleko kantziler ohiak: «If I am selling to you, then I speak your language, aber wenn du mir etwas verkaufst, dan mußt du Deutsch sprechen». Alegia: «Zuri saltzen dizudanean, ingelesa erabiliko dut, baina zuk zerbait niri saldu nahi badidazu, alemana erabili beharko duzu».
«Salerosketa harremanetan elkar ulertzea nahikoa dela uste dutenak erratuta daude», dio Aiestak, bi hamarkadatan pilatutako esperientzian oinarrituta. Kontsumitzailea bere indarraz jabetu beharraz hitz egin du Iñigo Fernandez Ostolazak. «Konturatu behar dugu bezero garenean botere posizio batean gaudela. Gure patrikarekin gauza asko esaten dizkiegu enpresei: merkatuak elkarrizketak dira». Haren ustez, ordea, euskaldunek orokorrean ez dute ez saritzen ez zigortzen euskaraz edo erdaraz egiten dion enpresa. «Zoritxarrez, ez gaude sentsibilizatuta gai horrekin».
Konpainiak, gainera, inoiz baino sentiberagoak dira orain, oso adi daudelako haiei buruz sare sozialetan esaten denari. «Igual euskararen aktibismoa ere aldatu behar da», Fernandez Ostolazak dioenez. «Beharbada eraginkorragoa da ondo idatzitako txio bat Twitteren edo Instagramen, eta ez beti salatzen, baizik eta esaten: zure kontsumitzailea naiz, eta nahi nuke zuk niri nire hizkuntzan hitz egitea».
Bestalde, Karmelo Aiestak nabarmendu du enpresaren barne hizkuntzaren hautuaren helburu nagusiak produktibitatea eta eraginkortasuna direla. Hizkuntza estrategiak langileen integrazioa eta enpresarekiko identifikazioa indar dezake. Horregatik besarkatu du GKN Erresuma Batuko autogintzako eta aeronautikako multinazionalak euskararen erabilera, esate baterako, Zumaiako lantegian (Gipuzkoa).
Keinu bat, adibide gisa. Iazko azaroan, GKN Automotive adarreko zuzendari berria aukeratu zuten Londresen, Liam Butterworth. Aurkezteko gutuna bidali zion konpainiako langile bakoitzari, eta Zumaiakoei euskarazko karta bidali zien ingelesezkoarekin eta gaztelerazkoarekin batera. «Ingalaterratik bidaltzen dizkieten komunikazioak, sistematikoki, euskaraz eta gazteleraz datoz». GKNk 58.000 langile ditu mundu guztian, eta bere bezero nagusiak Toyota, General Motors, Ford eta tamaina horretako erraldoiak dira.
Hizkuntza estrategiak eragin handia izan lezake, halaber, beharginak enpresara erakartzeko. «Hamar urte barruko talentu handiko profesional gazte horiek zer baloratuko dute?», galdera egin du Igone Bastarrika Salegik, Emuneko aholkulariak. Eta hiru zehar-lerro aipatu ditu: «Enpresan genero politika jator batzuk edukitzea; ingurumen politika jator batzuk edukitzea; eta, maila berean, tokiko hizkuntzan eta kulturan errotuta dagoen enpresa bat izatea».
Datu demografikoak eta berrikuntza teknologikoaren joerak kontuan hartuta, konpainia batzuek zailtasunak aurreikusten dituzte epe ertainera lanpostu kualifikatuak betetzeko. «Teknologia aurreratuarekin lan egiten duten enpresak eta zentroak jabetzen dira hemengo ingeniari onenak Alemaniara doazela. Zelan erakarri bueltan datozenean? Ibilbide profesionala euren hizkuntzan garatzeko aukera ematea balio erantsi bat da langile gaztearentzat».
Baikorra da Oreka ITko zuzendari Iraitz Perez de Goldarazena ere. «Gizarte berri bat ari da sortzen Araban. Gutxi gorabehera 40 urtetik beherakoak ikastolen belaunaldikoak dira, eta enpresa handietako ardura karguetan oraindik gutxiengoa dira. Baina denborarekin euskararen erabilera normaldu behar da enpresetan, nahitaez. Gazte askok ikasketa guztiak euskaraz egiten dituzte, baina pasatzen dira enpresaren mundura, eta ja ez dira gehiago akordatzen euskararekin».
Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko zuzendariak amildegia deitzen dio hezkuntzaren eta lan munduaren arteko saltoari, eta hori zeharkatzeko egiturak behar direla dio, elkarlanean eraikitako zubiak. Araban, hain zuzen, hainbat eragilek Lanabes sortu dute lankidetzan, lanean euskara sustatzeko enpresen eta entitateen sarea. Era berean, martxan dabiltza Enpresarean foroa eta Lansarean euskarazko lan atari bakarra ere.
Hizkera ekonomikoari eutsiz, Gutierrezek dio «input ugari» behar direla arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera normalizatzeko. «Erabaki hori bakarrik enpresen esku uzten badugu, oso enpresa gutxi etorriko dira euskarara; langileen esku uzten badugu bakarrik, berdin; gurea bezalako erakunde baten esku uzten badugu bakarrik, beste horrenbeste; eta administrazioaren esku soilik utziz gero, berdin-berdin». Ez da aspertzen mezu bera errepikatzen: «Elkarlana gakoa da».
Jakina, araudiak ere garrantzi handia du. Bai Euskarari-ko zuzendariak azaldu du errazagoa zaiela EAEn lan egitea beste administrazio esparru batzuetan baino; Nafarroan errazagoa dela zonalde euskaldunean lan egitea; eta Ipar Euskal Herrian zaila dela lan egitea.
Hala ere, enpresen eraginkortasun sena baliatu beharra aipatu du Aiestak. «Enpresak oso pragmatikoak dira. Gai bat agendan ez badago, ez dago zereginik, baina agendan sartzen bada jarriko dute martxan, ez izan zalantzarik».
Publizitatea gazteleraz sortzea eta gero itzultzea ikuspegi profesionaletik «ezinezkoa» dela dio Garaik. «Publizitate agentzia bati eskatzen diozu publizitate elebiduna eta elebakarra ematen dizu, hizkuntza bakarrean funtzionatzen duena».
Praktika txarren erruz, Iñigo Fernandez Ostolaza komunikazio aholkulariak uste du «itzultzaileen bizkar sekulako ardura» jartzen dela, «euskarazko publizitatearen %97 itzulpena delako». Eta askotan ez du funtzionatzen. Itzulpenaren hanka sartze batzuk sonatuak izan dira, 1999ko drogen kontrako Espainiako Barne Ministerioaren kanpainarena adibidez: Atsedenik ez, drogarik gabe zioena.
Agentzia handien rola
Fernandez Ostolaza hainbat publizitate kanpainatan ibili da euskaraz sortzen: besteak beste, EITBren Zabal-zabalik kanpainan, Fagorren pirolisiarenean, Kaikuren Felisa-renean, Gorenak sagardoenean eta Iztuetaren Esnetan bizi gara kanpainan. «Gu bezero guztiengana joaten gara euskaren kontuarekin: batzuetan badago sentsibilitatea, batzuetan malgutasuna, eta batzuetan indiferentzia eta sinesgaiztasuna».
Dioenez, publizitate agentzia handiek ez dute dagokien ardura betetzen, ez dietelako bezeroei aholkurik ematen euskararen onurez. «Agintzen dutenak eta aholkulariak oso erdaldunak dira, nahiz eta euskaldun batzuk ere badiren lanean».
Euskal unibertsitateen erantzukizuna ere azpimarratu du Fernandez Ostolazak. «Merkatuan ez daude komunikazio arduradun eta markagintzako aditu eta profesional euskaldun onak. Euskal unibertsitateek badaramatzate hiru hamarkadatik gora publizitatea ematen; egin beharko lukete autokritika pixka bat».
Ondorioz, publizitateak oso gutxi ustiatzen du euskararen harrobia. «Euskaldunon arku sinbolikoa esplotatu egin behar da. Markek ez badute publizitaterik egiten euskaraz —ez euskarara itzuliz, baizik eta euskaraz, euskal jenioa, euskal kultur eremu esanguratsua ustiatuz—, euskaldunok ez diogu euskarazko publizitateari merezi duen arretarik jarriko», dio Fernandez Ostolazak.
Euskararen lehia
Garrantzi handikoa da, batetik, zer motatako publizitatea egiten den euskaraz, eta, bestetik, nolako euskara erabiltzen den. Ez da gauza bera marka batek errotuluak edo katalogo bat euskaraz izatea edo euskaraz sortutako iragarki bat ere egitea. «Horrek zure buruan ideia bat sortzen du: hauek sinistuta egin dute».
Hizkuntzaren erregistroa ere gako da. Fernandez Ostolazari iruditzen zaio euskarak askorentzat «puntu akademiko-instituzional bat» izan dezakeela. «Media Markten esku orri baten eta Eusko Jaurlaritzaren baten hizkeran alderik ez badago, zerbait gaizki dabil», ohartarazi du.
Aldiz, euskarazko publizitatea leku guztietan balego, «modernitatea emango lioke hizkuntzari, nonahikotasuna, eta zernahitarako balio duela frogatuko luke… Baina hori ez da iruditu hain estrategikoa». Beste hizkuntzetan gertatzen den bezala, euskararentzat ere publizitatea erregistro informalaren erreferenteak zabaltzeko erresonantzia kutxa aparta izan daitekeelakoan dago.
Nork bultzatu behar lituzke konpainiak euskarazko publizitatera? «Sinesgarriena enpresa pribatuek egitea litzateke», Fernandez Ostolazaren ustez. Lehia izan liteke pizgarri bat. «Adibidez, Baque kafea publizitate elebiduna egiten hasi zen, eta euskarazko egitasmoak babesten. Horrek, sektore berean, mugiarazi egin zuen Fortaleza. Pentsatu zuen: ba, nik ere euskara zainduko dut».
Mitxel Lakuntza (Iruñea, 1976) idazkari nagusi izendatu berriak edozein zalantza uxatu zuen atzo, kargua hartu eta berehala. Minutu gutxian Donostiako Kursaaleko areto nagusia patrikan zuen, batik bat euskaraz egindako agerraldi zuzen eta adierazkorrari esker. Nafarroan urte askoan trebatutako sindikalistak erakutsi zuen komunikatzaile petoa dela, eta zutik jarri zituen mila entzuletik gora, umorea eta tentsioa tartekatuz, eta, lan esparruaz harago, «politikan eta ideologian» buru-belarri sartuta, Adolfo Muñoz aurrekoak ohi izan duen moduan; atzo ere egin zuen moduan, agurrean.
ELA sindikatuak lemazaina aldatu du, baina kargua utzitakoak eta kargura iritsi berriak garbi utzi dute sindikatuaren norabidea ez dela aldatuko. Eta norabide horrek konfrontaziora darama ezinbestean. Horretarako lehen-lehenik autonomia behar dela esan zuen Lakuntzak, botere politikoarekiko independentzia. «23 urterekin afiliatu nintzen. Banekien ELA sindikatu borrokalaria zela, abertzalea, baina gero ohartu nintzen gauza garrantzitsuenaz: autonomiaren balioaz».
Lakuntzak ordezkari gehien-gehienek emandako zilegitasuna lortu du datozen urteetan euskal sindikaturik handiena gidatzeko. 736 ordezkarien botoen %95,02ko lortu zituen, eta, harekin batera, afiliatuek batzorde eragile osoa onartu zuten: Amaia Muñoa, Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu (Adolfo Muñozek utzitako lekua hartu du), Ivan Gimenez, Laura Gonzalez de Txabarri, Pello Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.
Zuzendaritzako erreleboak bakarrik ez; hiru ebazpen ere onartu zituen biltzarrak, sindikatuaren bide orriaren hiru mugarri gisa. Lehenak dio Euskal Herria «ez dela oasi bat» eskuin muturra Europa estu hartzen ari den honetan, eta «aliantza sindikalak eta sozialak» sustatzera deitzen du, «eraldaketa sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoaren alde». Botereaz besteko gune bat eraiki nahi du ELAk, «ekintzarako gaitasunaz».
Prekaritatearekin loturik dago bigarrena. Langileak menderatzeko «tresnatzat» jotzen du ELAk, eta prekaritate eremuak bilatzen jarraituko duela dio, «sektore feminizatuetan batez ere», haiek antolatzeko eta «gatazkaren motor bilakatzeko».
Hirugarrena «autogobernuari egiten ari zaion erasoarekin» loturik dago. «Euskal Herrian eta Katalunian gertatzen ari dena ikusita», sindikatuak dio presazkoa dela «eskaera subiranistanaren hedapen sozialean sakontzea». ELAk konpromisoa hartzen du «Euskal Herriaren askapen nazionalean eta sozialean eragile aktiboa izateko».
LAB, EAJ eta Espainia
Ebazpen onartu horretan bakarrik ez, ELAren soslai abertzalea oso argia da Mitxel Lakuntzaren ahotan: «Sindikatu abertzalea gara, subiranista». Espainia «lehen-lehenik batasuna» dela esplikatu zuen, eskuin eta ezkerrean, «eta gero, atze-atzean, demokrazia dator». Erantsi zuen Madrilek «jazarpen politikoaren abangoardia» ordezkatzen duela, Altsasuko gazteak, Kataluniako «preso politikoak» eta euskal presoak gogoratuz; Iñigo Cabacasentzako justizia eskaera bat ere egin zuen. Eta EAJk helarazten duen aldebikotasuna «fikzioa» dela azaldu zuen gero, «EAJren asmakizun bat». «Subiranotasuna autobide baten 30 kilometrora mugatu dute». Horregatik, uste du «zoru bat» finkatu behar dela subiranisten artean, «baina fikziorik gabe, non gauden jakinda».
Mitxel Lakuntzak LAB ikusi nahiko luke zoru horretan, baina bien arteko aliantzaren aukera «gaizki dagoela bistan da», haren ustez. Ohartarazi zuen balizko aliantza batek aurrera egin dezan grebetan «batera» joan beharko luketela, eta «menpekotasun politikorik gabe». Azaldu zuen eguneroko lan gatazkei begiratu beharko zaiela aliantza horretan aurreratzen den jakiteko. Eta mezu argi bat utzi zuen grebaren alde: «Grebak nortasun kolektiboa ematen digu, ahaldundu egiten gaitu; greba bat irabazten dugunean denok irabazten dugu». Grebak berez patronalak eragiten dituela erantsi zuen; «beraien esku daude». Eta Jaurlaritzarenetan ere bai: «Euskal Herriko ABLErik handiena bihurtu da euskal administrazioa».
Muñozen agurra
Mitxel Lakuntza izendatu aurretik esan zuen agur Adolfo Muñozek. Agurrak lagun, senitarteko eta lankideen malkoak eragin zituen, baina idazkari ohiak bare eutsi zion bere hitzaldiari, egin eta esandakoaz harro: «Orain 40 urte gure historia aldatu genuen», aldarrikatu zuen. «Politika egin behar dugu; ELA eragile politiko kontsolidatua da». Sindikatuak duen ideologia ez da «likidoa», haren esanetan. «Subiranotasuna eta klase borroka» dira ELAren esparruak. «Neoliberalismoaren nagusitasunaz ondo baino hobeto jabetzen gara. Gatazka sozial bat dago hemen; horretan obsesiboak gara», esan zuen, eragileen arteko aliantzen beharra azpimarratuz, eta gaineratuta ELAk ez duela aukerarik pasatzen utziko «aukera bat badago» .
Edonola ere, Muñoz lasai doa erretiroaren bidera —oraindik tartetxo bat falta du—; lasai doa, uste duelako «erreleboa eginda» dagoela, «gazteak eta emakumeak» sindikatuaren arduretan ikusita. «Jende askok behar du gure sindikatua, eta ez diegu huts egingo», esan zuen bukaeran; «ELAk ondo daki zer den sindikaturik gabeko gizarte bat, baita neoliberalek ere. Horregatik egiten dute gure aurka, haiek eta gobernuek». Lakuntzarentzat babesa eskatu zuen azken unean: «Jakin dezatela ELAk aurrera jarraitzen duela». Txalo zaparrada baten artean, aginte makila eman zion Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak.
1929. Lehen batzarrean, Eibarren, Juan Jose Basterra izendatu zuten presidente. Ordurako, UGTk adina kide zituen.
1933. Manuel Robles Arangizek hartu zuen sindikatuaren lema, Gasteizko II. Kongresuan. Sindikatuak Solidaridad de Trabajadores Vascos izena hartu zuen, STV. Jada 40.000 kide zituen, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan zegoen hedatua, baina Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere. 36ko gerraren ostean, Robles Arangiz arduratu zen sindikatua erbestean gidatzeaz.
1976. Franco diktadorea hil ondoren, sindikatua publikoki agertu zen berriro, artean legezkoa ez zen arren. Euban (Zornotza) eta Eibarren egindako III. Batzarrean, Robles Arangizek jarraitu zuen presidente —1982an hil zen—, baina idazkari nagusi kargua sortu zuten, eta haren esku utzi zuten sindikatuaren gidaritza. Alfonso Etxeberria (Azpeitia, Gipuzkoa, 1941) izan zen lehen idazkari nagusia, bizkaitarra ez zen lehena. Sindikatuak alderdi politikoekiko autonomia aldarrikatu zuen; langile klase osora zabaltzeko nahia eta autofinantzaketa jarri zuen helburu gisa. 1978an sortu zuten erresistentzia kutxa, ELAko kideei grebetan babes ekonomikoa ematen dien tresna.
1988. Barne krisi batek Etxeberriaren aroa amaitu zuen. «Autoritaritarioa» izatea egotzi zioten ordura arteko idazkari nagusiari, eta ELAren indarra ahultzen ari zela. «ELA bere baitan itxita zegoen, gizartetik baztertuta, ekimenik eta erantzuteko gaitasunik gabe. Diseinu pertsonalistak arrasto kezkagarri batzuk zituen», argudiatu zuen orduan Etxeberriaren ordezkoak, Jose Elorrietak. Belaunaldi aldaketarekin batera, planteamendu politiko eta sindikalak ere aldatu ziren. EAJrekiko aldea are gehiago zabaldu zen, eta sindikatuak amaitutzat jo zuen autonomismoa. Lizarra-Garaziko Itunaren eragile nagusietako bat bilakatu zen ELA. Sindikalismoan, CCOOren eta UGTren bidaide izateari utzi zion, eta harremanak sendotu zituen beste sindikatu abertzale nagusiarekin (LAB).
2008. Adolfo Muñoz Txiki izendatu zuten idazkari nagusi, lehen lemazain arabarra ELAn. Elorrietaren lekukoa hartu, eta haren agintaldian ezarritako ildoan sakontzeari ekin zion hasieratik, alderdienganako autonomia handituz eta konfrontazio eredu garbi batekin. Atzeraldi Handia esan dioten krisialdian egokitu zitzaion Muñozi ELA gidatzea, langabe kopurua izugarrizkoa zela, afiliatuak galtzeko arrisku bizian eta enpresak itxi eta itxi egiten ari zirela. Muñozek, ordea, ordezkaritza kopuru historikoetara eraman du ELA, kontrabotere eredu ortodoxo bati helduta betiere, eta Jaurlaritzarekiko erabateko konfrontazioan. Sindikatua 100.000 afiliaturekin baino gehiagorekin utzi du Muñozek, Hego Euskal Herrian lehen sindikatua dela, %36tik gorako ordezkaritzari esker. %41etik gorako ordezkaritza du EAEn, eta %22,8koa Nafarroan.
2019. Mitxel Lakuntzak hartu du Muñozen lekukoa, lehen gidari nafarra ELAn. Lakuntzak dio sindikatuaren erroak ongi baino hobeto finkaturik daudela, eta «indar handiagorekin» segituko duela sindikatuak konfrontazioan, «aldaketa soziala urgentziazkoa delako».