EAEko autogintzaren salmentek %5 egin dute gora
«Urte konplexua» izan da, eta 2018 eta 2019 ere konplexuagoak izango direla uste dute klusterrean; aurten %3ko hazkundea aurreikusi dute, eta 2019an, %5ekoa. Argi dago sektorea erakusten ari zen jarduera bizia moteltzen hasi dela, eta agian beldur horrek eraman du klusterra auto elektrikoari buruz esandakoa esatera: itxaron dezakeela. «Deskarbonizazioan aurrera egin behar da, baina auto elektrikoa ezin da izan horretarako bide bakarra. Ez dira deabru bihurtu behar beste teknologiak».
Jose Esmoris Acicaeko presidenteak erreparatu die brexit-ari, Trumpen muga-zergei eta Irango merkatuaren gorabeherei, azaltzeko egoera oso ezegonkorra dela eta «ziurgabetasuna» areagotu dutela kontsumitzaileei helarazitako «hainbat mezu nahasik». Gasolinari eta dieselari buruzko ohar horiek bigarren eskuko autoen salmentak handitu ditu, haren arabera, «eta hori ez da ona», isuri kutsakor gehiago eragiten direlako.
Acicaeko enpresek nazioarteko merkatuetan egin dituzte salmenta guztien %90, eta horien erdia, Europatik kanpo.