Lagardek agindu du Draghiren pizgarrien politika salbu egongo dela
Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohiak laino beltzak ikusten ditu orainean bezala geroan ere. Uste du Alemaniaren geldialdia, gerra komertziala eta brexit gogor bat gertatzeko aukera gehitzearen ariketa «erronka handia» dela euroguneko kideentzat, eta prest dago Mario Draghiren diru politika ezagunarekin jarraitzeko. «Gobernu kontseiluaren [EBZrena] iritziarekin ados nago; zilegi da politika horri tarte luze batean eustea, inflazioa %2ra eramateko».
Promesa horiek guztiek badute ifrentzua, ordea, Lagardek ohartarazpen bat ere egin nahi izan duelako: pizgarrien politikak zaintza handia behar du « sor daitezkeen bigarren mailako eragin negatiboak direla eta».
Edonola ere, Draghiren eserlekua hartu behar duenak argi esan zuen espero duela Draghiren hitz ezagunak errepikatzeko beharrik ez edukitzea: «behar den guztia». «Horrek esan nahiko luke beste eragile batzuk egin beharko luketena ez direla egiten ari», azaldu zuen.
Christine Lagarde frantziarra lehen emakumea izango da EBZ zuzentzen, eta karguan egondako soslai politiko argieneko presidentea izango da, gainera. Europako Parlamentuan esplikatu zuen erronka handia dela eurogunearentzat interes tasa txikiak munduko merkatu guztietan zabalduta egotea. Europako Batasunarekin elkarlanean aritzeko prestasuna ere azaldu zuen; «EBZ ez da ari bakarturik».