Mugimendu eolikoak
Euskal konpainiak East Anglia Oneren zati bat saldu du, baina proiektuaren kontrolari eutsiko dio. Ipar itsasoan dago kokaturik Iberdrola egiten ari den parke eoliko hori; amaitzean, 714 megawatteko potentzia izango du, Erresuma Batuko 600.000 etxe energia garbiz hornitzeko adina. Gainera, Iberdrolak datozen urteetan itsasoan proiektu eoliko gehiago garatzeko asmoa du; nagusiki Ipar itsasoan, Baltikoan eta Estatu Batuetan.
Bizkaiko energia enpresak 2018-2022 aldirako plan estrategikoan zehaztu zuen bere aktiboa mugitzeko beharra, eta hor kokatzen da azken mugimendu hori ere.
Ez da proiektu eolikoetan murgilduta dabilen euskal enpresa bakarra. Gaur bertan iragarri du GES Global Energy Servicesek Yucatanen (Mexiko) 90 turbina jartzeko eskaria beteko duela. Envision enpresak egin dio eskaria, munduko turbina fabrikatzailerik handienetako batek. Guztira 2,5 megawatt-eko 36 makina eta 120 metroko dorre bat egin beharko ditu GESek. 50 pertsona inguruk egingo dute lan proiektuan, bost hilabetez; ez dute prezioaren berri eman.
Bigarren aldia da Envisionek GESi eskari bat egiten diona; iaz ere Mexikon jardun zuten elkarlanean.