Bilboko portuak instalazioak eta pertsonala handituko ditu, ‘brexit’aren ondorioz
Bilboko portuak instalazioak eta pertsonala handituko ditu, ‘brexit’aren ondorioz. Bilboko Portuak Erresuma Batuarekin duen trafikoa 3,6 milioi tonakoa da.
Lanuztearen erantzunari dagokionez, industriako enpresa askotan eten edo murriztu zen jarduera, batez ere Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean; kooperatiba industrial askok ere greba egin zuten. Merkataritzan, hiriz kanpoko gune handi batzuk itxi ziren; adibidez, Garbera eta Urbil Gipuzkoan. Hirietan, berriz, piketeak pasatu ahala saltoki gehienak —guztiak ez— pertsianak itxiz joan ziren. Hirietako erdiguneetan, dena den, multinazional ezagunen saltokiak zabalik gelditu ziren; hori bai, ohi baino bezero gutxiagorekin.
Izan ere, hiriburuetan garraio publikoen murrizketaren eragina ere asko antzeman zen. Trenak, autobusak, metroak gutxieneko zerbitzuetan aritu ziren, bidaiarien mugikortasuna zailduz.
Trafikoa trabatzeko saioak ere izan ziren egunean zehar, hala nola Bilboko San Mameseko sarreran, Hernani eta Andoain lotzen dituen zean (Gipuzkoa), eta barraskilo operazio bat ere Sakanan (Nafarroa). Trenbideak moztuta egon ziren tarte batez Berrizen (Bizkaia,) eta Hendaia eta Irun artean (Gipuzkoa).
Arlo publikoan —osasungintzan, hezkuntzan…—, deitzaileen arabera, oihartzun zabala izan zuen grebak, «nahiz eta sektore publikoko behin-behinekotasuna %35etik gorakoa izan eta ezarritako zerbitzu minimoek greba eskubidea guztiz baldintzatu».
Datu kontrajarriak
Beste behin, datu kontrajarriak iritsi ziren greba orokorraren deitzaileen aldetik eta gobernuen aldetik. Eusko Jaurlaritzak azaldu zuenez, greba deialdiak %16,9ko erantzuna izan zuen EAEko Administrazio Orokorreko sektorean, eta Osakidetzan %8tik azpikoa. Hezkuntzako datuak, arazo informatikoak tarteko, beranduago eman zituen: ikastetxeen %48aren datuekin, haietan grebaren arrakasta %48koa izan zen. Hedabide publikoek ere greba egin zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, jarduera saio informatiboetara mugatuta. Nafarroan, administrazioko langileen %8,13k egin zuten greba, foru gobernuak azaldu zuenez.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunaren arabera, grebaren erantzuna 2013ko maiatzekoa baino apalagoa izan zen. «Norbaitek administrazioaren desmobilizazioa nahi baldin bazuen, ez du helburua lortu».
EAJk, ildo beretik, greba orokorrerako deia «erabateko porrota» izan zela adierazi zuen, «euskal hiritargoaren gehiengoa lanera joan» zela. EAJren ustez, «euskal gizartearen gehiengo zabal batek ulertu du gaurko greba erabat politikoa dela, aldarrikapen ekonomiko eta sozialaren itxura eman nahi izan zaion arren».
Jendetza
Baina, norbaiten nahia bazen atzo ezer aipagarririk ez gertatzea, normaltasun erabatekoa izatea, ez zuen bere xedea lortu. Besteak beste, kaleetan jendetza batu zelako Eskubide Sozialen Gutunak deitutako manifestazioetara, batez ere eguerdiarekin hiriburuetan egindakoetara.
Bilboko manifestazioan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak erantzun egin zien greba politikoa zela leporatu dietenei. «Esaten digute greba politikoa dela; izango ez da, ba! Zer dira, bestela, pentsioak, lan baldintzak edo eskubide sozialak?».
Garbiñe Aranburu LABeko buruak, berriz, oharra egin zuen: «Bi hilabetean kasu egiten ez badute, udaberrian beste borroka loraldi bat ezagutuko dute».
Eskubide Sozialen Gutunaren arabera, 145.000 pertsona bildu ziren goizean hiriburuetako manifestazioetan. Arratsaldez ere, mobilizazioak izan ziren eskualdeetako herri nagusietan. Guztiak lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzeko asmoz, bizi eta ezagutzen dituzten egoera prekarioak salatzeko, erakutsi nahian atzokoa ez zela beste egun bat.
Segurtasunak, lasaitasunak eta egonkortasunak ihes egin dute ehunka milaka etxetatik; kontratudun lan bat edo bi edukitzeak ez du bermatzen bizimodu duin bat, gaur egun duintasunaren estandar gisa dugun bermeen multzoari erreparatuta behintzat; pentsio bat edukitzea ez da betiko edukitzearen sinonimo jada, ezta pobre ez izatearen aseguru ere; gazte izateak prekario izatea dakar, lan merkatuak esplotagarri etiketa jarri dielako iritsi berriei —eta ez hain berriei—; emakume izateak aldean daraman betiko zama ekonomiko eta sozialak arintzeko epea bukatu da aspaldian, eta, adibidez, esparru feminizatuetan nekatu dira soldata apalagoak jasotzeaz emakume izate hutsagatik.
Haserre uholde bat
Finean, azken urteetako hazkunde ekonomikoaren zikloan aberastasuna ez da orekaz banatu, eta arrakala handitu egin da krisi horri erantzuteko indarrean jarritako araudi liberalak eragin duen gutxiengo onuradunaren eta gehiengo kaltetuaren artean. Grebalarien eta Ertzaintzaren artean egon diren istiluek, borra kolpe, identifikazio eta irainak tarteko, ez lukete estali beharko albo ondorio horiek eragin dutenaren funtsa: greba orokorrak erantzun oso zabala izan duela hiri eta herri askotan, eta kaleak protesta uholde bihurtu direla. Ezin da halakorik azaldu jende askok ikusten ez badu bere burua injustiziak zigorturik, gobernuek gauzatzen dituzten politikek zigorturik, esan nahi baita.
«Greba politikoa da». Josu Erkoreka izan da azkena kantatzen modan jarri den hit-a. Noiz ez den galdetu beharko du norbaitek halako batean. Hari arinez jositako kontakizunek ez dituzte aintzat hartzen sakoneko arrazoiak, eta hauteskunde kalkuluak baizik ez dituzte baliatzen gertatutakoa azaltzeko; aritmetika politikoaren obsesioak itsutzen baitu bere burua euskal oasitzat duen ildo batek, Europako Batasuneko datu ekonomiko negargarrienetakoak dituen herrialde batekin etengabe alderatuta. Kaleak zuenak dira, baina hautetsontziak gureak. Bost urteren buruan Elkarrekin Podemos bere behar politikoetara erakartzeko gai den ingeniaritza politikoa alperra pasatzen ohitu da, inoizko botere instituzional handienak gizenduta, eta gainetik begiratzen dio grebalariari. Begiratu hori da, hein handi batean, kaleak bete dituen haserrearen hauspoa.
Duintasunaz eta justiziaz ari baita lantokiak hustu eta kaleak bete dituen manifestari andana, oinarrizko kontzeptuez, alegia, duela hamabost urte zaharkituak-edo geratutako hitz potoloez eta egungo agertokian adiera argia hartu duten horiez. Euskal gizartearen zati handi batek soinean daraman etsipenaren neurria ematen du horrek.
Gehiengoak elkarren aurka
Gehiengo politikoaren eta gehiengo sindikalaren arteko arrakala da greba orokorrak inoiz baino argiago islatu duen beste gako bat. Euskal langileek etengabe finkatzen duten ordezkaritza sindikalaren zati handienak mezu argi bat helarazi dio hauteskundeetan boto emaileek ezartzen duten ordezkaritza politikoaren zati handienari: «Gurekin konpondu behar duzue benetako elkarrizketa soziala nahi baduzue, eta ez baduzue egiten, ez duzue izango sindikatuon babesa zuen erabaki politikoek label demokratikoa lor dezaten». Hau da, Jaurlaritza politika langileei bizkar emanda egiten ari delako ustea zabal ez dadin, ez dela nahikoa sindikatuen lekua soilik CCOOk eta UGTk betetzen duten Elkarrizketa Sozialerako mahaiaren jolasa. Bake soziala ez duela izango Gasteizko gobernuak, nahiz eta gobernatzeko gehiengoak eratu.
Jakin badakielako gehiengo sindikalak egungo errealitatearen kontakizuna ez dela soilik parlamentuetan idazten; aitzitik, kaleak idazten du sarritan herritarren gogoan zizelkatzen doan ustea eta iritzia. Politika ez da bakarrik eserleku ofizial bat duten politikarientzat, eta ELAk eta LABek mugarritzat hartu dute greba, aurrerantzean ere sakontzen jarraitzeko greba orokorrak finkatu nahi izan duen kontakizunean: langileei iruzur egiten ari zaie, eta urgentziazkoa bilakatu da politika aldaketa bat.
Mundua bildu zen Bilboko kaleetan Pentsio publiko duinak. Lan eta bizitza duina denontzat! zioen pankartaren atzean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kide diren kolektiboetako ordezkariek eraman zuten. Mobilizazio handia espero zen, eta aurreikuspenak bete ziren. Antolatzaileen arabera, 50.000 lagun bildu ziren; Bilboko Udalaren ustez, berriz, 15.000. Parte hartzaile kopuruaren dantzaz harago, iraupena eta luzera neurtu daitezkeen ezaugarriak dira. Burua udaletxe aurreko plazara iritsi zenean, manifestazioaren beste muturra Moyua Plazan pilatuta zegoen oraindik. Ibilbide osoa zen hori, kilometro bat eta hirurehun metro inguru. Iraupenari dagokionez, Plaza Biribilean, ibilbidearen erdian, burua pasatu eta ordubetera oraindik manifestariek aurreraka jarraitzen zuten.
Pentsiodunak ziren mobilizazioaren bizkarrezurra, eta haiek 11:45ean ekin zioten bideari Jesusen Bihotza plazatik. Asmoa zen Moyua plazara iristean Bilboko hainbat txokotatik irtendako beste lau adarrak haiekin batzea. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren deialdia zen, eta lurraldeko herri guztietako pentsiodunak bildu ziren. Uste baino motelago abiatu ziren, baina, eta Moyuara iristerako manifestari asko zituzten aurrean. Pankartaren atzean haiek jartzea zen asmoa, baina hainbesteko jendetzarekin ezinezkoa zen.
Ezin izan ziren aurrera igaro, baina haiek pasatzean ezinezkoa zen ez konturatzea. «Pentsiodunak aurrera», «Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak defendatu egiten dira», leloak izan ziren ozenen entzun zirenak. Amaieran, Celes Muñoz eta Bego Landa bozeramaileek mezu zuzena bidali zieten Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiakoari. «Premiazko neurriak eskatzen dizkizuegu pentsioen sistema publikoa bermatzeko, soldata eta pentsioetan genero arrakala errotik kentzeko, eta pertsona guztientzat bizi baldintza duinak bermatuko dituzten legezko erabakiak hartzeko». Era berean, nabarmendu zuten mobilizazioaren ondoren pentsiodunen mugimendua «inoiz baino indartsuago» dagoela. Greban parte hartu ez dutenak gonbidatu zituzten aurrerantzean ere elkarrekin borroka egitera.
Pentsiodunak txalo artean iritsi ziren Bilboko udaletxeko plazara. Ordura arte lan munduko aldarriak ziren nagusi: «Gaur greba orokorra», «jo eta ke irabazi arte», «eskirol, defendatu zure pentsioa!», eta «hauek dira patroiaren piketeak!», ertzainei eginak. Goizeko piketeekin ez bezala —tentsio handia izan zen batzuetan—, Kale Nagusiko denda askok ez zuten itxi manifestazioa igaro zenean. Ertzaintzak hamabi bat furgoi barreiatu zituen ibilbidearen barrena, eta istiluen aurkako agenteak denden aurrean kokatu ziren.
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hartu zuen hitza pentsiodunen ordezkarien ondoren. «Udaberri gorria» hitzeman zuen, eta gobernuek euren eskakizuna bete ezean mobilizazio gehiago egon direla. Hala ere, ez dirudi beste greba orokor deialdirik egongo denik. Mintzaldiaren hasieran gogoan hartu zituen «patronalaren indarkeriak hildakoak»; grebarako eskubidea ukatuta zaienak, «etxeko langileak, ustezko autonomoak, bekadunak…»; eta euskal presoak. Iñigo Urkullu lehendakaria ere izan zuen hizpide; «gezurretan» aritzea leporatu zion, eta patronalari alfonbra gorria jartzea. Era berean, jakinarazi zion Jaurlaritzak LABekin negoziatzen hasi nahi badu grebaren aldarrikapenak bete behar dituela. Halere, hitz gogorrenak Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentearentzat izan zituen. «Soldata arrakala argudiatzeko erabilitako hitzak irain bat dira emakume guztientzat», esan zion, hark emakumeen formakuntza txikiagoari egotzi baitzion. «Emakumeok ez dugu formakuntza arazorik: arazoa egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkala da. Zapaltzen, esplotatzen eta hiltzen gaituen sistema».
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hartu zion lekukoa tranpaldoan. Udaletxeko zubia eta Areatza mukuru beteak zituen begi bistan. «Isiltasuna hautsi nahi genuen, eta lortu dugu. Isiltasunak gure arazoak estali baititu, jende arruntaren arazoak», eta isiltasun hori hausteko mobilizazioen garrantzia azaldu zuen: «Zergatik hitz egiten da berdintasunaz? Mugimendu feminista kalean dagoelako, eta bi greba handi egin dituelako. Zergatik hitz egiten da pentsio publikoez? Pentsiodunek urteak daramatzatelako plazetan. Zergatik hitz egiten da prekaritateaz eta murrizketez? Langileak greban daudelako».
Greba politikoa dela aldarrikatu zuen. «Politikoa da, noski! Bestela zein eremutan sartzen dira pentsioak, lan baldintzak eta eskubide sozialak? Kirolean? Aisian? Kulturan? Greba politikoa da, soziala delako, feminista, sindikala, arrazakeriaren aurkakoa… eta batez ere, beharrezkoa». Lau mezu bidaliz bukatu zuen. Lehendakariari langileekin hitz egiteko eskatu zion, eta herrialdeari «patronalaren betaurrekoekin ez begiratzeko»; Espainiako Gobernuari, lan eta pentsio erreformak bertan behera uzteko; patronalari, berriz, sindikatuek ez dutela prekaritate gehiago onartuko; eta, azkenik, «herri honetako ezkerrari» jendea ez nahasteko eskatu zion, eta Gasteiz eta Madrilgo gobernuen makulu ez izateko.
Feministak aurrean
Mugimendu feministak presentzia handia izan zuen manifestazioan. Afixa ikusgarriak egin zituzten, eta lelo asko zabaldu: «Patriarkatua eta kapitala aliantza kriminala» eta «sukaldean ere badago esplotazioa». Naia Torrealdai mintzatu zen guztien izenean, «bizitza erdigunean jartzea» eta «bizigarria den bizitza bat» eskatuz. Aldarri zehatza egin zuen: «Badakigu kapitalismoa ezin dela berregin emakumeak azpiratu gabe. Horregatik, greba feministetan bezala, berriz ere planto egingo dugu, emakumezko langileen esplotazioa, heteronorma eta genero rolak atzean uzteko gai den gizarte bat nahi dugulako».
Oihu antikapitalistak ere izan ziren, eta amaierako bosgarren mintzaldian Amets Ladislao Etxalde nekazari elkarteko ordezkariak txalo zaparrada piztu zuen, «elikadura sistema kapitalista eta basatia» salatuz. Hitzaldi distiratsua egin zuen. Lehendakariari leporatu zion baserritarrei laguntzeko dituen eskuduntzak ez erabiltzea, besteak beste eskoletako jangeletan bertako produktuak ez direlako lehenesten. Bildutakoei ere mezua bidali zien: «Sistema ez da inoiz baserritarron alde jarriko. Pertsonok egin behar duzue. Ez ahaztu, egunean egiten dugun lehen ekintza politikoa gosaltzea da». Manifestazioa Zutik emakumeak, Internazionala eta Eusko Gudariak abestuta amaitu zen.