Greba, masiboa sindikatuentzat eta porrota Gobernuarentzat eta patronalarentzat
2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorra Hego Euskal Herrian: iritziak. Zer dioten greba deitu dutenek eta gainerako eragileek U30eko greba orokorraren gainean.
Eguerdian espero dira mobilizazio handienak, hiriburuetan. Bilbon, 11:45ean abiatuko dira zutabeak, Zabalburutik, Deustutik, Jesusen Bihotzetik eta Errekalde Zumarkaletik; 12:30ean batuko dira, Moyua plazan. Donostian, 11:45ean aterako dira Groseko, Amarako eta Antiguako zutabeak, eta 12:30ean elkartuko dira, Artzain Onaren aurrean. Gasteizen, 12:00etan hasiko da manifestazioa, Bilbo plazan. Iruñean, 11:00etan abiatuko dira Sanduzelaiko, Berriozarko, Txantreako, Arrotxapeako, Atarrabiako, Unibertsitateko eta Barañaingo zutabeak; 12:00etan juntatuko dira, Gaztelu plazan.
Nafarroan, gainera, Lizarran, Tafallan eta Tuteran ere manifestazioak egingo dituzte 12:00etan, eta Eibarren (Gipuzkoa), 12:30ean. Arratsaldean, berriz, hiriburuetan eta herri askotan egingo dituzte manifestazioak. Gehienak arratsaldeko bostak eta zazpiak bitartean hasiko dira. Guztira 92 mobilizazio egiteko asmotan dira, beste hainbeste hiri eta herritan.
Greba deialdiak 1.500 langile batzorderen atxikimendua jaso duela jakinarazi dute egunotan, eta grebaren deitzaileak itxaropentsu agertu dira: «erantzun zabala eta mobilizazio garrantzitsuak» espero dituzte.
Pentsiodunek grebarekin ez dutela bat egingo zabaldu diren mezuen aurrean, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak ohartarazi du haien mugimendua ez dagoela hautsita, eta mobilizazioetan parte hartzera dei egin du aste honetan. Eguerdiko manifestazioen buruetan agertuko direla ere jakinarazi dute. Bizkaiko pentsiodunen bilera baten lekuko izan da BERRIA egunotan.
Ezohiko greba eta mobilizazioak izango dira. Lehenik eta behin, ez baitira sindikatuak soilik deitzaileen artean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak arlo askotako gizarte mugimenduak hartzen ditu, tartean, baita gehiengo sindikala ere -ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta EHNE; CNTk eta CGTk ere bat egin dute-. Bestelako talde eta mugimenduek aberastu dute deialdia, ordea; mugimendu feministak, adibidez, Martxoaren 8an egin dituen azkeneko bi grebetako irakaspenen ekarpena egin dio urtarrilaren 30eko grebari.
Gainera, grebaren ikuspegia orokorra edo integrala da, deitzaileen aldarrikapen taulak erakusten duenez –Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoak gutun batean azaldu zituen horrela antolatu izanaren arrazoiak-. Hauek dira grebaren deitzaileek «Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei, eta patronalari» egin dizkieten eskariak, zortzi puntutan laburbilduta:
• Erosteko ahalmena berreskuratzea. Pentsioek eta soldatek galdutako ahalmena berreskuratzea, bizitzaren kostua kontuan hartuta.
• Prekaritatea amaitzea. 2010eko eta 2012ko lan erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformako neurri murriztaileak indar gabe uztea.
• Gutxieneko diru sarrera duinak bermatzea. Gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa.
• Genero arrakala amaitzea. Gizonezkoen eta emakumezkoen soldatetan eta pentsioetan dagoen aldea amaitzea.
• Zigorrik gabeko erretiro aurreratua. Horrela nahi dute, gutxienez 40 urtez kotizatu duten langileentzat.
• Osasuna. Zerbitzu publiko eta doakoak ziurtatuko dituen sare unibertsala eskatzen dute.
• DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eta errenta bermatua. Gutxieneko soldataren kopuru bera izatea, 1.200 euro, alegia.
• Pentsioak osatzeko araudia. 1.080 eurora iritsiko direla bermatzeko neurriak eskatzen dizkiete Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.
Grebaren gainean, bestalde, ika-mika bizia ibili da. Eusko Jaurlaritzak «greba politiko bat» izatea leporatu die antolatzaileei, eta patronalak sarritan gaitzetsi du, eskariak onartezintzat joz. Iñigo Urkullu lehendakariak uko egin zion grebaren deitzaileekin biltzeari, eta gutun bat ere argitaratu zuen, grebara ez joateko arrazoiak aletuz. Lehendakariaren jokabidea gaitzetsi dute antolatzaileek. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gutun bat ere argitaratu zuen. Nafarroako Gobernua biltzeko prest agertu zen, baina bilera atzeratu egin du geroztik.
Zazpi urte joan dira Hego Euskal Herrian azkeneko greba orokorra antolatu zutenetik. 2013ko maiatzean izan zen azkena. Krisiaren urte gogorretan, 2009 eta 2013 artean, zortzi greba orokor antolatu zituzten sindikatuek. Orain, ustez ekonomia susperraldiaren arora itzulita, susperraldi hori langile gehienen patriketara eta bizitzetara ez dela iritsi ohartarazi nahi dute deitzaileek. Gainera, azkeneko urteetan pentsiodunen eta feministen mugimenduek kaleak astindu dituzte eta aldarrikapenen gaitegia eguneratu dute. Errealitate berri horri erantzun nahi diote antolatzaileek.
Hain justu, sektore batzuetan kroniko bihurtzen ari den prekaritatearen erakusle izan daitezkeen bost langileren testigantzak bildu ditu BERRIAk egunotan:
Olaia Bilbao: «Emakumeen lan bera eginda ia bikoitza irabazten duten gizonezkoak ditugu garbitzaileon artean»
Aitor Perez de Arriluzea: «950 euroko soldata batekin, gaur egun, ezinezkoa da bizitzea hemen»
Cecilia Antolin: «Zaintzaren sektorean benetako kaka zaharra diren kontratuak ditugu»
Aitziber Aranberri: «Gure borroka oso lotuta dago U-30eko grebarekin. Prekarizazioa murriztea da helburu nagusia»
Miren Peña: «Prekaritatea normalizatzen ari gara; arriskutsua da, eta erantzun kolektiboa eman behar zaio»
Langabezia tasak 2013an jo zuen goia, %16,3ra iritsi baitzen urteko batezbestekoan, eta jaitsi egin da orduz geroztik. 2019an, batez beste, %8,77 izan dira lanik gabe, 2018an baino puntu bat gutxiago.
Lurraldez lurralde, alde handiak daude. Gaindegiak kalkulatu duenez, Zuberoak (%4,09) eta Nafarroa Behereak (%4,19) izan zuten langabe gutxien 2019an. Haien ondotik doaz Gipuzkoa (%7,22), Lapurdi (%7,80), Nafarroa (%8,24) eta Araba (%8,28). Bizkaiak eman ditu berriz ere daturik txarrenak (%10,61), nahiz eta lurralde horretan jaitsiera handia izan den, puntu bat baino gehiago.
Aurrekoaren zuzenketa
2019ko azken hiruhilekoa ez da bereziki ona izan lan merkatuarentzat, batez ere Ipar Euskal Herrian (+1.100). Hegoaldeko datuetan gorabehera oso handiak daude, baina 2019ko hirugarren hiruhilekoan jasotako datu bitxiek azaltzen dute gertakari hura. Izan ere, INEk sekulako gorakada izan zuen Araban (%25ekoa), eta jaitsiera handia Gipuzkoan; 2019ko azken hiruhileko inkestak, berriz, orduko datuak zuzendu ditu, eta bilakaera normalagoa erakusten dute orain.
Sei urtean langabezia 7,5 puntu jaitsi arren, Euskal Herriko langabezia tasa Europako Batasuneko batezbestekotik oso gainetik dago (%6,3). Are gehiago: lurralde independente bat izango balitz, EBko kideen artean langabezia tasarik handienetan laugarrena izango luke. Haren gainetik soilik daude Grezia (%16,3), Espainia (%13,8) eta Italia (%10,1). Frantzia ere ez luke urrun izango, %8,7ko langabezia tasa baitu. Langabe gutxien, berriz, Txekiar Errepublikan (%2,2), Alemanian (%3,1) eta Polonian (%3,3) daude.
Okupazioa gora
Langabezia jaitsitakoa baino gutxiago igo da langile kopurua. INEren arabera, 2019. urtearen azken hiruhilekoan 1.221.000 okupatu zeuden Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 5.600 gehiago.
ELA ez da gustura azaldu datu horrekin: «Ehunekoetan, %0,46ko hazkundea izan da, 2013tik izandako txikiena. Krisiaren aurreko mailara iristeko, 85.800 okupatu gehiago beharko lirateke. Gainera,enpleguaren igoera txikia lanaldi partzialeko kontratuen gorakadaren ondorio da (+10.000); izan ere, lanaldi osoan lan egiten duten pertsonen kopurua murriztu egin da 2019an (-4.400)».
Ildo horretatik etorri da LABen kritika ere. Gogorarazi duenez, langileen %24,6k aldi baterako kontratua dute: «Europako Batasunean estatu bakarra dago behin-behinekotasun handiagoa duena: Espainiako Estatua (%26,1)». Sindikatu horrek uste duenez, «orokortua eta justifikatu gabea» da «kontratazio prekarioa», sektore pribatuan zein publikoan.
Edonola ere, INEren okupatuen datua ez dator bat langile kopurua neurtzen duten beste estatistika batzuekin. Horrela, joan den astean, Eustatek azaldu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.400 enplegu sortu zirela aurreko urtean; INEk 2.700 gehiago baizik ez ditu zenbatu hiru lurralde horietan.
Gizarte Segurantzak, bestalde, ziurtatu du 25.700 afiliatu gehiago lortu dituztela 2018ko abendutik 2019kora.
Atzo argitaratu zituzten datuok Cebek Bizkaiko patronalak eta Gipuzkoako Bazkundeak, eta bat egin zuten bai 2019ko ondorioetan, baita 2020ko aurreikuspenetan ere. Aurten ekonomia %1,9 haztea espero dute, eta horrek hainbat lanpostu sortuko dituela aurreikusi dute: 6.000 Bizkaian, eta 3.000-4.500 Gipuzkoan. Erakundeek azaldu zutenez, azken hilabeteetan ekonomiak izan duen «geldialdia» da datuok azken urteetakoak baino apalagoak izatearen arrazoia; lan merkatuan ere eragin du «dinamikotasun falta horrek».
Gipuzkoan, ganberak baikortasun handiagoa erakutsi zuen 2021. urtearekiko; ordurako, aurtengoak baino emaitza hobeak espero ditu, ziklo aldaketaren zantzuak ikusten dituelako.
Pedro Esnaola Bazkundeko presidentea urte honetarako ikusten dituen aukerez eta mehatxuez aritu zen. Haren ustez, mundu mailako %3,3ko hazkundea batez ere garabideko ekonomien bilakaeran oinarrituko denez, «garrantzitsua da arrantzatoki berri horietan sartzeko lana egitea, gure esportazio oinarria hedatzea». Hain zuzen, esportazioei buruzko datu esanguratsua eman zuen Javier Zubia Bazkundeko idazkari nagusiak: azken zazpi urteetan, Gipuzkoako esportazioak %30 handitu dira.
Inbertsiorako oraindik garai onak direla uste dute merkataritza ganberakoek, aintzat hartuta likidezia egon badagoela merkatuan, interes tasa txikiei esker. Gipuzkoako ekonomian gero eta pisu handiagoa du turismoaren sektoreak, eta aurten ere indartsu haziko dela uste du Esnaolak.
Mehatxuei buruz, ganberako presidentearen ustez, bazkide komertzial nagusien —Alemania, Frantzia, Italia— neurrizko bilakaerak eragina izango du Gipuzkoaren ibilbidean, eta automobilgintza ere kezka iturri izango da oraindik, «nahiz eta uda amaieran seinale positibo batzuk antzeman diren». Ziurgabetasunek ere hor jarraituko dute: Txinaren eta AEBen arteko talka komertzialek, Ekialde Hurbileko gatazkek eta horiek petrolioaren prezioan izan ditzaketen eraginek, eta baita brexit-ak ere, «Erresuma Batua irten egingo baita, baina oraindik ez baitakigu nola amaituko den irteera hori».
Gipuzkoako merkataritza ganberak herrialdeko enpresen artean egindako galdeketari dagokionez, ondorio nagusia da gehienek egonkortasuna espero dutela beren datuetan. %54ek 2019koaren antzeko negozioa aurreikusi dute 2020rako; %82k uste dute langile kopuruari eutsiko diotela.
Cebeken inkesta
Bizkaian, antzeko inkesta baten ondorioak argitaratu zituen Cebek patronalak, eta, geldialdiak geldialdi, enpresaburuek badute neurrizko baikortasun bat: inkesta erantzun dutenen %60k positibotzat jo dute Bizkaiko egungo egoera, eta %80k esan dute asmoa dutela soldatak mantendu edo handitzeko. Iñaki Garcinuño Cebekeko presidentearen ustez, «oraindik ere interesgarria da dugun hazkunde erritmoa».
Enpresaburuek kritikatu zutena absentismoa izan zen. Bizkaian, batez beste, 18,6 gaixo baimen hartu ditu langile bakoitzak 2019an, eta, enpresaburuen %60ren ustez, nabarmena da arazoa. Garcinuño pozik agertu zen, «enpresariek barneratu egin dutelako absentismoaren garrantzia: gizarteak ez ditu arbuiatzen lanera huts egiten profesionalak direnak, eta baditugu».
Azkenik, aipatu zuen Bizkaiko enpresen %74k uste dutela Espainiako egoera politikoa ekonomiari eta garapenari eragiten ari dela. Garcinuñok ekiten uzteko eskatu zien enpresariei, baina aitortu zuen enpresekiko «sentsibilitate txikia» ikusten diola osatu berri den gobernu koalizioari.
2020ko lehen Ekonometroak gizarteari eragiten dioten edo eragin diezaioketen gaiez ere galdetu die ekonomialariei. Hala, erdiek uste dute banku nagusiek buruan darabiltela dirua bankuan sartzeagatik bezeroei kobratzea; erantzun dutenen %24,8ren iritziz, diru gehien duten bezeroei soilik ezarri beharko liekete neurri hori. EAEko ekonomian gehien eragiten duten aldagaiez galdetuta, berriz, I+G+B alorra eta langileen kostuak aipatu dituzte. Ez ditu horrenbeste kezkatzen langabeziak.
Ekonomisten Euskal Elkargoak urtean bitan argitaratzen du Ekonometroa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 535 ekonomialarik hartu dute parte, kolektiboaren %12k.
Joan den ostiralean aurkeztu zuten Donostian Hauspotu, herriak bizituz programa, Euskal Herriko eremu zabalek nozitzen duten despopulazio eta gainbeherari tokiko proiektu eraldatzaileen bidez aurre egiteko. Udalbiltzak, Koop57 finantza erakundeak eta OlatuKoop sareak elkarlanean abiatu dute programa.