Auzitegi Nazionalak kafea hartzea edo erretzea lanordu gisa ez…

Auzitegi Nazionalak kafea hartzea edo erretzea lanordu gisa ez zenbatzea babestu du. Auzitegiak atzera bota du CCOOk Galpen aurka aurkeztutako demanda.
Erroetaren kasuan, ez da lehen aldia Eusko Jaurlaritzak interesa agertu duena bertan parke eoliko bat jartzeko: 2002ko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialean dagoeneko jaso zuen Iturrieta kokapen posible gisa. Erabaki hark hautsak harrotu zituen orduan, eta, herritarren eta ekologisten presioen ondorioz, proiektua etetea erabaki zuten. Orain, aukera berriz hizpidera ekarrita berpiztu da eztabaida ere. Hainbat herritarrek Iturrietako Mendiak Aske plataforma eratu dute, eta salatu Gasteizko gobernuak eta Iberdrolak interes ekonomikoak lehenetsi dituztela naturagunearen babesaren aurretik.
Plataformako kideen ustez, Aixeindarrek «legez kanpo» eta «berme juridikorik gabe» ekin dio parke eolikoak jartzeko proiektuari, eta haizea neurtzeko azterketak ere ez daude plan baten jasota. «Horren ekologikoa den enpresa horrek gune babestuetan haizea neurtzeko dorreak jartzen jarraitu behar al du ingurumen eraginaren txostenik gabe?», adierazi dute, ohar bidez.
Izan ere, Iturrietako azpiegiturari lotuta, taldeak gogorarazi du Arabako Foru Aldundiak proiektu horren aurkako txosten bat kaleratu zuela 2008an, ingurumen arrazoiak argudiatuta, eta Aixeindarri egotzi dio erabaki hura «lurperatu» nahi izatea. «Aixeindarrek, larrialdi klimatikoaren aitzakian, ingurumen araudi ororen gainetik pasatzeko asmoa al du?».
Iturrietako mendietan jarri zuten neurketak egiteko aurreneko dorrea, baina norbaitek bota egin zuen, eta gaur egun ez dabil. Hura konpontzen ari dira Aixeindarreko arduradunak. Bitartean, Arabako Errioxan, Labrazako Administrazio Batzarrak haizea neurtzeko dorre bat jartzeko baimena eman du.
Inpaktu bisualak kezkatzen ditu herritarrak, eta zaratak. Izan ere, proiektuek aurrera eginez gero, orain arte jarrita daudenak baino haize errota handiagoak jarriko lituzkete inguru horietan. Bertako faunan hegaztietan batez ere izan dezaketen eraginaz ere ohartarazi dute. Jaurlaritzaren iritziz, ordea, haize errotak handiagoak eta indartsuagoak izateak errota gutxiago jartzea ekarriko du, eta, ondorioz, eragina ere txikituko du.
Kosturik gabe, ezin
Aferak sortutako eztabaida dela eta, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak esan du azterketa egite hutsak ez duela zertan baieztatu haize erroten behin betiko kokapena. «Argi eta garbi esan behar dugu oraintxe ez garela hitz egiten ari proiektu jakin baten inguruan. Haizea neurtzen ari gara bakar-bakarrik, gune horietan parke eolikorik jar daitekeen edo ez aztertzeko». Hain zuzen, Erroetako kasua lehena izan bada tramitean izandako azkartasun eta erraztasunei esker izan dela adierazi du Ansolak, eta ez parke eolikoa bertan kokatuko dutelako.
Ukatu egin du, halaber, neurketak legez kanpo egiten ari direla. Izan ere, Ansolaren arabera, 2002ko plan sektoriala indarrean dago oraindik, eta, beraz, eta haren babesean ari direla azterketak egiten. Nolanahi ere, plan berri bat onartzea nahiko luke Jaurlaritzak, eta bertan jasoko lirateke energia berriztagarrien alorrean onartutako konpromisoak. «Ez gaude duela urte batzuetako egoera berean. Esperientzia bat daukagu», adierazi du Ansolak. Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %7 dator parke eolikoetatik, baina 2030erako %21 izatea nahi du Jaurlaritzak. Hori horrela, prest dago energia eolikoaren egungo ekoizpena bost bider indartzeko: 153MWetik 783 MWera.
Aixeindarreko arduradunek ez dute kokaleku bakar bat ere baztertzen. «Kasuan-kasuan» aztertu beharko dela dio Ansolak, eta baldintzak betetzen badira erabakiak hartuko direla. «Legearen barruan aukerarik bada egiteko, saiatuko gara». Urtebeteko epea izango dute azterketek, eta, beraz, lehen haize errotak ez lirateke jarriko 2022a baino lehen.
Nolanahi ere, Ansolak gogorarazi du energia berriztagarriek ere ingurumen kostu bat dutela: «Energia berriztagarrien alde egin nahi badugu, gogoan izan behar dugu ezinezkoa dela inolako ingurumen kosturik gabe egitea, gustatu ala ez. Eta, horretarako, haizea dagoen lekuetara joan behar dugu, edo eguzkia dagoen guneetara… Edozein tokik ez du balio».
Txinan fabrika ugari gelditu dituzte, eta ez bakarrik autogintzaren sektorean. Baina autogintzan berezko garrantzia dauka egokitu den egoerak, Txina baita munduko autoen fabrika handiena. Urte berriarekin batera iritsi da koronabirusaren auzia, eta konpainia askok oporrak luzatu dizkiete langileei. Alegia, industriaren jarduerak beherakada nabarmena izan du, eta egoera hori Txinatik kanpoko fabriketan ere sumatzen hasi dira mundu zabalean, nahiz eta orain arte bi konpainiak baizik ez duten hartu fabrikak ixteko neurri gogorra: Hyundai Hego Korean, eta Nissan Japonian. Koreako enpresak hilaren 7an eten zuen jarduera hiru lantegitan, osagaiak falta zirelako.
Europan ere gerta daiteke
Munduko autogintzako konpainia handiek, ordea, jarduerari ekingo diote berriro datozen egunetan, Txinan. Fordek itxita eduki ditu atzo arte Chongqing eta Hangzhouko bere bi lantegiak; Teslak ere bai bere gigafaktoria, Shanghain. Elon Musken konpainiak onartu du Model 3 autoaren ekoizpenari eragin diola lantegiaren itxierak, eta atzerapenak izango direla autoak bezeroei emateko. Halaber, asteon bertan hasiko da berriro jardunean PSA Peugeot Wuhaneko bere hiru plantetan; baita General Motors ere. Hondak beste hainbeste egingo ditu; hark ere Wuhanen ditu lantegiak.
Eta Txinan fabrika gehien duen erraldoiak, berriz, Toyotak, bere hamabi lantegiak irekiko ditu otsailaren 15ean; bi egun geroago, BMW hasiko da jardunean, Brilliance bere bazkidearekin. Egun horretan bertan ekingo dio ekoizpenari beste erraldoi batek ere: Volkswagenek.
Europan normal ari dira auto konpainiak, baina Txinako egoera mehatxu argia da normaltasun horrentzat. Fiat Chryslerrek abisua eman du: baliteke Europan ere ekoizpena etetea Txinako osagaien gabezia dela eta. Bi eta lau asteko epean fabrikak ixten has daitezkeela ohartarazi du Fiat Chryslerreko zuzendari nagusi Mike Manleyk. Stockari esker aurrera egin dute fabrikek egunotan, baina horniduraren katea martxan jarri beharko dute berehala itxierak ailegatu ez daitezen.
Koronabirus ezezagunak gaixotuta, 900 pertsona baino gehiago hil dira jadanik, gehien-gehienak Txinan, eta 40.000 baino gehiago daude kutsatuak munduko 26 herrialdetan. Txinako urte berriko oporrak bukatu dira, baina enpresa asko langileen oporraldia luzatzen ari dira, edota lantegietara joan ordez etxetik lan egiteko agindu die beharginei.
Oraindik goiz da jakiteko zenbateraino eragingo dion munduko ekonomiari koronabirusaren auziak, baina kezka handitzen ari da nazioarteko erakundeen artean. Birus kutsakorra mendean hartu arte, ziurgabetasuna handitu besterik ez da egingo.
Ingalaterrako eta Eskoziako arrantzalekuak —Sole Handikoak, Rockallekoak eta Mantxako kanalekoak— dira Europa osoko oparoenak; Europako Batasuneko ontziek han egiten dituzte harrapaketa gehienak. Eta ziurtatu nahi dute ur horietan dituzten arrantza eskubideak ez dituztela galduko. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, baina, danbor hotsak sortu ditu negoziazioaren atarian; berriz ere esan du bere asmoa dela «berreskuratzea» Ingalaterrako eta Eskoziako uren «kontrol osoa».
EBrentzat, Erresuma Batuarekin etorkizunean izan nahi dituen harremanen negoziazioetan dena dago lotuta. Eta estatu kideak beldur dira arrantzaren ingurukoak ez ote dituen besteak nahastuko. Elkarrizketa prozesu luze batek ez lioke inori mesederik egingo, baina oso zaila izan daiteke hori saihestea, Erresuma Batuak eta EBk kontrako jarrerak baitituzte, eta maniobrarako tarte eta denbora gutxi.
Izan ere, bost hilabete baino ez dituzte arrantza eskubideei buruzko akordio bat egiteko. Johnsonek eta EBko buruzagiek uztailaren 1era arteko epea jarri dute. Akordiorik gabe, EBko ontziek Ingalaterra eta Eskoziako uretarako sarbidea galduko lukete urte honen amaieran.
EBko kideek jarrera bateratua dute: uretarako eta arrantza- baliabideetarako sarbidea egun dagoen moduan mantendu nahi dute. Bruselak ohartarazi du Erresuma Batuak bere uretarako sarbidea murrizteko hartzen duen edozein erabakiri «erantzun gogor bat» emango diola.
Gaur-gaurkoz hipotesi bat baino ez da, baina Londresko gobernuak urak itxiz gero, Ingalaterra eta Eskoziako arrantzaleek galdu egin ditzakete hainbeste behar dituzten Europako merkatuetara sartzeko eskubideak. Horrek, baina, beste alor batzuetako merkataritza negoziazioak oztopa litzake, eta areagotu 2020aren amaieran brexit-ari buruzko akordiorik ez egoteko aukerak. Eta Europak ez du hori nahi. Negoziazioak hasi baino ez dira egin.
Esportazioak gako
Egun, EBko arrantza flotek sarbidea dute besteen uretara —EEZ edo Eremu Esklusiboko Uretan—, kostaldetik kanpoko lehen hamabi itsas milien salbuespenarekin. Hortik aurrera, EBk urteko kuota batzuk ezartzen ditu herrialde bakoitzerako. Erresuma Batuaren eta EBren artean akordiorik ez balego, muga hori 200 itsas miliatara hedatuko litzateke. Britainia Handiko uretan Europako dietako oinarrizko elikagai ugari daude: berdela, zapoak, mihi arrainak sardinzarra eta itsaskiak.
Erresuma Batuarentzat, brexit-ak esan nahi du Europako arrantza politika bateratutik ihes egitea. Banantzearen aldekoek boto ugari jaso zituzten kostaldeko arrantzale komunitateetan. Besteak beste, argudiatu zuten gobernuak sektore hori «sakrifikatu» egin zuela 1973. urtean, Europako batasun ekonomikoan sartzeko. Ordutik, sektorea burua altxatu ezinda dabil, eta azken hogei urteak oso gogorrak izan dira. «Hori zuzendu nahi dugu orain: 70eko hamarkadan eta gerora arrantza eskubideak trukatu ziren bezala ez trukatzea ziurtatuko dugu», adierazi du Johnsonek.
EBko kideek harrapakinen %33 arrantzatzen dute Ingalaterra eta Eskoziako uretan. Sektore horrek 180.000 pertsona inguru enplegatzen ditu Atlantikoko kostaldeko komunitateetan, eta ezinbesteko elementu ekonomikoa da. Ez horrenbestekoa Ingalaterra eta Eskoziakoentzat: 6.000 ontzi eta 12.000 arrantzale inguru dituzte, eta ekarpen txikia egiten die hango ekonomiei (BPGaren %0,2). Gainera, Erresuma Batuan, dagokien kuota harrapatzen duten itsasontzi handien erdiak kanpotarrak dira, eta beste erdiak, enpresa mistoak. Hala ere, berebiziko garrantzia du kostaldeko herri batzuentzat, bereziki Eskozia ekialdekoentzat: han egiten dituzte Erresuma Batuko arrain lehorreratzeen %64. Eta han daude, halaber, esportazio enpresa nagusiak.
Erresuma Batuak arrainetan superabit komertziala du EBrekin, eta hango arrantzaleek irabazirik handiena duten espezieetako batzuk Europako merkatuetarako harrapatzen dituzte ia esklusiboki. Erresuma Batuak arrainen ia %70 esportatzen ditu, eta esportazioen bi heren EBra doaz. Erresuma Batuko esportatzaileak, baina, beldur dira esportazio eta inportazio agiriek — ingurumen eta osasuneko ziurtagiriek eta ikuskapenek, besteak beste— EBn saltzea bideragarria ez egitea.
Horiek horrela, hainbat aukera aipatu dituzte: batetik, arraina muga zergarik gabe saltzeko aukera eskain diezaioke Bruselak Londresi, baldin eta hark sarbidea bermatzen badie EBko itsasontziei Ingalaterra eta Eskoziako uretan arrantza egin dezaten. Downing Streetek, berriz, eskain dezake muga zergak kentzea EBko itsasoko produktuei, nahiz eta ez utzi bere uretarako sarbiderik. Hori tentazio handia litzateke EBko kontserba sektorearentzat, asko saltzen duelako Erresuma Batuan, eta baduelako gaitasuna presio egiteko Bruselan.
Gaur-gaurkoz, dena dago airean. Erresuma Batuak Norvegia ikusten eredu gisa. Oslok urtero negoziatzen ditu EBrekin uretarako sarbideak, partekatutako arrain espezieen kudeaketa eta, horrekin batera, kuotak. Baina ikuspegi horrek ziurgabetasun amaigabea ekarriko lioke EBri. Europako Arrantza Aliantzako presidente Gerard van Balsfoortek azaldu duenez, EBko kideek «sarbide bermatua» nahi dute, ez urtez urteko negoziaziorik.
Eraginak Euskal Herrian
Berdin pentsatzen dute Euskal Herriko agintariek. Egungo statu quo-a mantentzearen aldekoa da Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria. «Guk nahi dugu arrantza eremuak eta kuotak zehazteko moduak berdin mantentzea, eta, trukean, Europako merkaturako sarrera librea ematea britainiarrei, orain arte bezala». Eta ideia horrekin bat dator Serge Larzabal Lapurdiko eta Landetako Arrantza Batzordeko burua ere. «Nik, bederen, beste irtenbiderik ez dut ikusten».
Eremuen eta kuoten ingurukoa da Eusko Jaurlaritzak daukan kezka nagusia. «Aurrena hori konpondu beharko litzateke. Guk gertutik jarraituko dugu eztabaida hori». Arrantza produktuen esportazio-inportazioen auzia, berriz, «ondoren» etorriko dela uste du Azkuek.
Jaurlaritzarentzat, halaber, erabaki «egokia» izan da arrantzaren inguruko akordio besteetatik bereiztea eta negoziazioak aurreratu izana. «Dena batera negoziatuz gero, arrantza salduta edo alde batera uzteko aukera gehiago egon zitekeen; lehentasun gisa jarri izana eta uztailera arteko epea jarri izana —nahiz eta akordio batera ez heldu— modu positiboan baloratzen dugu».
Larzabalek ez du berdin pentsatzen, eta, haren iritziz, gainera, EBko agintariak ez dira hala ari. «Negoziazioak aurreratu arren, ‘pakete global’ baten barruan ari dira lantzen arrantzaren gaia, beste jarduera ekonomiko batzuekin batera. Eta, nire irudiko, inportantea da hori horrela egitea». Larzabalek uste du arrantza eremuen eta kuoten gaia esportazioenarekin batera landu behar direla; eta gogoratu du Frantziako arrantza sektorearentzat ezinbestekoa dela Erresuma Batuko merkatua; bera da esportatzaile nagusia han, Galiziarekin batera.
Oinarrian ados egon arren, Bidasoaren bi aldeetan ñabardurak nabari dira batzuen eta besteen ikuspuntuetan, Larzabalek azpimarratzen duenez «oso ezberdinak» direlako bateko eta besteko arrantzaleek Erresuma Batuko merkatuarekin eta urekin dituzten harremanak. Lapurdiko eta Landetako 25-30 arrantzontzi inguru aritzen dira han arrantzan, eta Akitaniako ontzien harrapaketen %16 han egiten dituzte —Lapurdiko ontziena zenbatekoa den ezin du zehaztu Larzabalek—.
Hegoaldeko arrantza sektorearentzat, aldiz, zuzeneko kaltea ez litzateke oso handia izango, baina bai zeharkakoa. Bakarrik hiru itsasontzi dabiltza gaur egun ur britainiarretan, hirurak Ondarroakoak (Bizkaia): bi arrasteontzi —hilabete batzuk bakarrik egiten dituzte ur horietan, udaran bereziki, eta ez urtero— , eta tretzaontzi bat —urte osoan ibiltzen da—.
Baina beste ontzientzat ere izango lirateke kalteak. Azkuek azaldu duenez, Ingalaterra eta Eskoziako uretatik botatzen dituzten Espainiako eta Frantziako barkuei gehitu beharko litzaizkieke Herbehereetakoak eta Belgikakoak; horiek denak Bizkaiko golkora joango lirateke arrantzara, Frantziako uretara. «Arrantza asko handituko litzateke esparru txiki batean; hainbeste ontzi eremu batean pilatzeak iskanbilak sor ditzake. Hori da gure kezka nagusia».
Zigorrak ala laguntzak
Larzabalen ustez, horrek «eragin handia» izango luke «bizikidetzan» ez ezik arrantza kuoten banaketan ere: «Desplazamenduak bezainbesteko garrantzia du horrek; berrikusi egin beharko lirateke kuotak». Eta eragina izango luke, halaber, espezie batzuen geroan ere. «Azken hamarkadetan sekulako ahalegina egin da populazioa %60tik gora mantentzeko, eta arriskuan jar liteke hori». Horiek hala, Lapurdiko arrantzaleen ordezkariak uste du Bizkaiko Golkoan jarduera batzuk «eten edo zigortu» egin beharko liratekeela.
Euskal Herriko arrantzaleen interesak Madrilek eta Parisek defendatzen dituzte. Baikor da Larzabal: «Kontent gara orain arte gobernuak izan duen jarrerarekin eta berarekin ditugun harremanekin». Jaurlaritzako kideak, berriz, uste du Espainiako eta Frantziako gobernuek «plan alternatibo bat» izan beharko luketela. «Aurrea hartzen saiatu beharko ginateke. Adibidez, Europako arrantza funtsak moldatu beharko lirateke kaltetuak izango diren flotei diru laguntza batzuk emateko, egoera bere onera etorri arte edo beste errealitate batera moldatu arte». Azkuek eta Larzabalek diotenez, aukera bat litzateke hori, «negoziazioek porrot egin balute».
Normandiako arrantzalek bezala, Euskal Herrikoek ere kezkaz begiratzen diote Erresuma Batutik datozen hodeitzarrei. Baina, beti bezala, Sole Handian jarriak dituzte itxaropenak. Ekaitzaren ostean, etor daiteke barealdia.
Sestaoko ontziolaren historiaren azken-aurreko atala izan zen langileen sakabanaketa. Iaz itxi zutenean, langile batzuei Navantia Espainiako ontziola publikoetan lanpostua mantentzeko eskubidea aitortu zieten. Naval publikoa izan zen bitartean —1969tik 2006ra arte—, gutxienez bost urtez lan eginikoak ziren horiek, 150 guztira. Sindikatuek 100.000 euro ingururen kalte-ordainak negoziatu zituzten postuari uko egiteko prest zegoen langile bakoitzarentzat. 69k dirua hartu zuten, eta 81ek lanean jarraitzea erabaki zuten, baina ezin zen Sestaon izan. Lau aukera zituzten: Ferrol (Galizia), Cadiz (Espainia), Cartagena (Espainia) eta Madril. Madrilen bulegoak daude bakarrik; beraz, goi mailako ikasketak behar dira hara joateko.
Eztabaida eta kalkulagailu afalosteak izan ziren Navaleko langileen etxeetan: adina, dirua, urteak… «Emaztearekin hitz eginda erabaki nuen Cadiz. Eguraldia ona da, eta berak familia etxea du Kordoban. Ezagutzen genuen ingurua», azaldu du Juan Antonio de los Santosek. 53 urte ditu, eta 39 daramatza Navalen. Navaleko langileen anaia eta semea da. Uztailaz geroztik dago han, eta kostatu zitzaion egokitzea. «Nire herrialdetik bota nautela sentitzen dut. Ez naiz joan, bota egin naute, agintariek ez dute ezer egin guregatik»..Abuztuaz geroztik hiru alditan itzuli da Euskal Herrira. Bakarrik bizi da 525 euroko alokairua duen pisu batean, eta emaztea hainbatetan joan zaio bisitan. Asko eskertzen du. «Okerrena bakarrik egotea da. Etxera joan, eta bakarrik. Bizimodua-eta ezberdinak dira, baina apurka ohituz goaz. Oro har, lankide guztiak egokitzen ari gara, ez dago beste konponbiderik».
Cadizko beroak zer ikusi gutxi du Ferroleko euriarekin. Han da, abendutik, Mikel Perez erandiotarra. 54 urte ageri dira bere nortasun agirian, horietatik 38 ontziolan, eta koskorturiko bi seme alaba ditu. Bidaien gogortasuna nabarmendu du hark ere. «Ostiralean 05:00etan esnatu, eta lan egin ondoren gidatu ezazu. Leher eginda iristen zara, ostiralean ezin duzu ezer egin. Larunbata baliatzen duzu, baina igandean itzuliko bidaia duzu buruan, Arriskutsua da, lankide batek trafiko istripua izan zuen, Solaresen. Onik atera zen, baina, argazkiak ikusita, ez dakit nola den posible». Hori eragozteko, autobus bat eskatu diote enpresari, ostiralean Euskal Herrira etorri eta igandean itzultzeko, baina ez dute lortu oraindik. «Ferroleko jendearekin harreman oso ona dugu, ezagutzen dute gure istorioa. Lankideekin ere ondo moldatzen gara, baina lantegiko bulegoetara joatean tratua txarra da. Etsaiak bagina bezala tratatzen gaitu zuzendaritzak», deskribatu du Uriartek.
Denetariko kasuak
Hiru ahots dira, baina kideei buruz hitz egiten denetariko kasuak agertzen dira: alzheimerrak jota duen ama berarekin eraman behar izan duen langilea, animikoki lur jota eginda daudenak, urrunketak bikote krisia areagotu eta dibortziatu egin dena, eta Cadizen etxea erosi eta bizitza han hastea erabaki duena. «Hori du gizakiak, edozer egoeratara egokitzen dela. Ni mendizalea naiz, eta baikorra, eta hemen ibiltzeko toki asko dago. Abentura bat da, nolabait. Gurea etorkinen bizitza da, herrira itzuli nahi duzu, baina errealitateak ez dizu uzten. Okerrena da Pirinioak urrun daudela», laburbildu du, umoreko, Perezek. Hark garbi zuen lanean jarraituko zuela, eta iazko udan Cadizen astebete pasatu zuen, eta Galizian beste bat, nora joan erabakitzeko. «Ez dut penarik eman nahi, hau gogorra da, baina baldintzak ez dira txarrak. Euskal Herrian prekario daudenak okerrago dabiltza. Gurea baino tristeagoa da Ezkerraldeko langabezia tasa handia, eta Jaurlaritzak ez duela ezer egiten ikustea».
De los Santosek bi seme-alaba ditu. Bat unibertsitatean eta bestea batxillergoa bukatzen. «Arazo guztiak emazteak kudeatzen ditu», aitortu du. Lutxana futbol taldean entrenatzaile zen, eta hura utzi behar izatea «bizkarrekoa» izan zen. Cadizko lehen egunetako gorabeherek ere ez zioten lur hartzea erraztu. «Lanean hasi baino lau egun lehenago, oraindik ez genituen baldintzak ezagutzen». Nola da posible? «Baldintzak mantenduko zizkigutela esan ziguten, baina lau egun lehenago ez genuen agiririk, eta guk kalte-ordainari uko egin genion. Ezer ez jakiteak akabatu egiten zaitu. Zorionez, hitza bete zuten». Ferrolen ere antzera pasatu zitzaien. Iritsi, eta justu-justu zekiten zein zen soldata, baina beste baldintzen inguruko xehetasun asko falta zitzaizkien. «Oraindik ez ditugu idatziz jaso. Baldintza zehatzak ez dakizkigu. Berdin kobratuko genuela esan ziguten, eta ez da egia. Aldea txikia da, baina soldata ez da bera. Oraindik kalkulatzen ari direla esaten digute, eta lehen lankideak udan iritsi ziren!». Kexua Perezena da.
Hirurek garbi dute urte batzuetarako erbestea dutela, eta oso zail ikusten dute laster Euskal Herrira itzultzea. «Podemosekin itxaropena dutenak daude, baina ia ezinezkoa iruditzen zait», aitortu du Uriartek. Bere jardun sindikala dela-eta —ELAko kide da—, politikari askorekin bildutakoa da. «Navalekin konpromisoa erakutsi du Podemosek, baina, 37. gauza izango da euren zerrendan, eta, asko jota, lehen hamarrak egin ahal izango dituzte. Nik, gainera, susmoa dut Jaurlaritzak baduela planen bat erabakita Navaleko oruberako. Gustura jakingo dut zein enpresari sartzen den hor». Mekanikariak, hala ere, itzultzeko oztopo nagusia euskal industriaren lan baldintzetan ikusten du. «Lan eskaintza batzuk ikusi ditut, eta baldintzak gero eta txarragoak dira. Halakoetan, alboratzen den lehen gauza segurtasuna da, eta ontzioletan istripu tasa oso handia. Iragan astean, langile bat hil zen Zamakonan. Begira, iaz enpresa batean galdezka aritu nintzen, eta nire postua zuen langile bat egun askotan 06:00etan sartu eta 23:00etan irteten zen».
Itzultzea, oso zail
De los Santos eta Perez zaharragoak dira, eta erretiro garaia ez dute hain urrun ikusten. Navantian ohikoa da langileak 61-62 urterekin erretiroa hartzea. «Noizbait itzultzen banaiz, eta ez da galduz izango. Hemen ditudan baldintzak errespetatu beharko dizkidate. 53 urterekin, gainera, kostako zait lana aurkitzea», nabarmendu du De los Santosek. Perezek ere baldintzen defentsa egin du. «Gure adinarekin lana aurkitzea oso zaila da, are gehiago baldintza duinekin. Euskal Herrian lan baldintza txarrak daude oro har. Zerbitzuen sektorea bultzatzen du gobernuak, eta han prekaritatea da nagusi. Nik ez dut hori nahi Euskal Herriarentzat».
Borroka bide luzea egin zuten Navaleko langileek, eta badirudi manifestazioak eta protestak iragan urruna direla. «Atzera begiratu, eta ziria sartu didatela sentitzen dut», aitortu du De los Santosek: «Betirako lana izango zela esan ziguten, eta partidaren erdian, pribatizatzean, jokoaren arauak aldatu zizkiguten». Ur- iartek, aldiz, «kontzientzia lasai» du. «Ahal genuen guztia egin genuen, borrokatu ginen, mugitu ginen…». Dena den, ez du ukatu aho zapore «gazi-gozoa» ere baduela. «Gurekin ari ziren kontratetako lankideekin oroitzen naiz. 2.000 ziren, eta, agian, ez genuen behar adina pentsatu haiengan. Protestaldiak urtebete lehenago hasi izan bagenitu, agian…».
Navalen azken itxaropena epaile baten esku dago. Konkurtsoaren kudeatzaileak eskaera egin dio likidazio prozesua hasteko epea lau hilabetez atzeratzeko. Sindikatuek eta erakunde publikoek eskaera babestu dute, eta ez da espero ezezkorik. Epaileak beste astebete du ebazpena emateko. «Partida ez bukatzea da lehentasuna; bitartean, ezin dugu baloi bakar bat ere galdutzat eman». Rafa Mayoral Unidas Podemoseko diputatua da Espainiako Kongresuan, eta hark jarraitu du futbol metaforarekin. Haren alderdiak ontziola salbatzearen aldeko adierazpen ugari egin ditu, eta orain hura Espainiako Gobernuko koalizioan ikusteak itxaropen printza bat piztu du. Mayoral, baina, zuhurra da. «Industria Ministerioa ez dago gure esku, eta hau ez da alderdi baten kontua: ez gurea, ez EAJrena, ezta PSOErena ere. Gizarte egitasmo bat izan behar du, erakundeek bultzatua. Balizko inbertsiogileek asko begiratzen diete halako gauzei».
Mayoralek ezagutzen du Naval, askotan etorri baita Sestaora. Azkenekoa CATen eskutik, eta konkurtso kudeatzailearekin izandako bileran egon zen. «Podemosek Navali buruz esanikoak erakutsi genizkien, eta, oraingoz, epaileari eginiko eskaera babestu dute», esan dute CATeko iturriek. Sindikatuak argi dauka zein den hurrengo pausoa. «Elkarrizketa mahai bat osatu nahi dugu gobernuekin, eta, baldin badaude, balizko inbertsiogileekin».
ELAk ez du sinatu eskaera, eta ez du itxaropen handirik bilera horrek zer eman dezakeen. Sindikatu horretako metaleko ordezkariak, Mikel Etxeberriak, Jaurlaritzari eskatu dizkio kontuak. «Auzi honetan Jaurlaritzak eta Arantxa Tapia sailburuak egin duten gauza bakarra izan da kaleratzeak babestea. Espainiak eskuduntza batzuk ditu, eta Industria Ministerioa PSOEk du, baina ezin da ahaztu Euskal Herrian gaudela, eta eskuduntzak hemen ere badaudela; Jaurlaritzak ezin du ez ikusiarena egin».
Galdera, baina, argia da: nola piztu daiteke Naval? «Guk argi dugu formula birpublifikazioa dela», azaldu du Etxeberriak. «Atzera begiratu behar da, pribatizazio haren ondorioak… Porrot egin bazuen, akziodun handi haien erruz egin zuen [Ingeteam eta Murueta]. Sailburuari esan diogu legezkoa eta posible dela».
CATen ere aukera hori lehenetsiko lukete, baina gobernuek borondaterik ez dutela diote. Horregatik eredu publiko-pribatua errealagoa iruditzen zaie. «Inork ez du ontziola bat erosiko bazkide nagusia izan gabe. Baina %60-%40koa balitz, alde publikoak kontrol pixka bat egin ahalko luke. Orain hemen bagaude, jabe pribatuen kudeaketa txarragatik da; inork ez zituen kontrolatu».
Inbertsiogilearen figura da ekuazioa argituko lukeena, baina ba al dago norbait? «Konkurtso kudeatzaileak esaten digu interesdunik badagoela», zehaztu du CATek. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak duela urtebete aipatu zuen «hainbat interesdun» zeudela. ELAk ere uste du epaileak luzapena ematen badu kudeatzailek «zerbait» ikusi duelako dela. Mayoralek ez du balizko inbertsoreren albisterik, baina badaki erakundeak «lanean» ari direla:. «Erakunde guztiek egin dezakete zerbait, diputazioak barne. Langileekin adostu behar da eskaintza, eta Ezkerraldeko gizarte guztiarekin, oro har. Eta ontziola bat izan dadila bilatu behar da».
«Traba» kentzeko prest
Navalen azken urteetako historia, eta ondorengo itxiera eta kaleratzeak korapiloz beteriko mataza da, eta hainbat hari mutur ditu. Likidazio prozesuarekin batera, ia paraleloki, langileen kaleratze txostena jarri zen abian. Merkataritza Arloko Bilboko epaitegiak 173 langileen kaleratzea agindu zuen iazko martxoan. CAT, ELA, eta CCOO sindikatuek, baina, helegitea jarri zioten erabakiari, txostenaren tramitazioan huts larriak egon zirela argudiatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira jo zuten, eta hark ez zuen helegitea onartu. Urriaren 30ean egin zuten publiko ebazpena, baina ez aho batez. Epaile batek aurkako boz partikularra eman zuen.
Hori ikusita, eta boz partikularrak hauspotuta, sindikatuek Espainiako Auzitegi Gorerenera jo dute. Gehiengoa dira Navaleko langile batzordean. CATek hiru ordezkari ditu, eta bana CCOOk eta ELAk. Dena den, UGTk du ordezkari gehien —lau—, baina ez zuen helegitea babestu. Gorenera jotzeak asko atzeratuko du prozesua. Bospasei hilabete beharko dira kasazio helegitea onartu eta tramitera onartzen duen jakiteko, eta gero hamabost bat hilabete ebazpenerako. Jaurlaritzak esana du auzibideak zaildu egiten duela inbertsoreren batek pausoa eman ahal izatea, ontziolari lotua baitoa. CATek, baina, ez du akusazio hori ametitu, eta garbi du inbertsore bat agertuko balitz, «itsasontziak egiteko gogoz», helegitea kenduko luketela. «Egingo ez duguna da ezer jakin gabe kentzea. Kudeatzaileak esaten digu, kendu helegitea, eta gero ikusiko duzue. Lanpostuak sortzea nahi dugu, baina jakinaren gainean jar gaitzateela».
Protestari «grotesko» iritzi zion Siemenseko presidenteak. Adjektibo bera erabiliko ote zuen Kaeserrek egun bat geroago, ostegunean, BlackRock inbertsiogile erraldoiak ere Australiakoa aurpegiratu zionean? Aktiboen munduko kudeatzaile handienetakoak zer, eta «ingurumen arriskuen neurria» behar bezala aintzat ez hartzea egotzi zion Siemenseko buruzagitzari.
Erregai fosiletan edo haiekin zerikusia duten proiektuetan aktiboak izatea gero eta nekezagoa bihurtzen ari da konpainia eta multinazionalentzat, eta ez soilik irudi kontuengatik, baita inbertsiogileen perspektibatik ere. Etorkizun teorian berdeago baten atarian, noizbait oso errentagarriak izan ziren aktibo horiek bihur al daitezke lasta eramanezin konpainientzat? Eta, bitartean, zenbateraino izan daitezke eragozpen enpresek negozio bide berriak urratzeko?
Siemensek joan den maiatzean erabaki zuen zer bide hartuko zuen arrisku horiek saihesteko: gero eta zailtasun handiagoko Gas & Power dibisioa talde nagusitik bereizi, eta Siemens Gamesa Renewable Energy (SGRE) harribitxi eolikoarekin batu, Siemens Energy osatzeko. Sinergiarako aukera handiak ekarriko omen ditu. Konglomeratu berriak 80.000 langile eta 30.000 milioi euroko negozio bolumena izango ditu, ohiko iturrietako, iturri hibridoetako eta iturri berriztagarrietako sistema, turbina eta abarrak eskaintzeko.
Siemens nagusia, berriz, industria digitalean eta azpiegitura adimendunetan jardungo da, eta hara, sinergia gehiago: Siemensek aukera gehiago izango ditu 2030erako zero isuriko karbono neutraltasuna erdiesteko, Gas & Powerren karbono isuriak Siemens Energyrekin joango baitira, haren %75 irailean burtsaratzen denean.
Batzuetan, boterea ez da nahikoa trago garratzak saihesteko. Zenbait hedabideren arabera, Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak, Markus Tackek, ez zekien Municheko buruzagien asmoen berri, haiek argitara atera aurretik. Egia da, halaber , Tackek nahikoa lan bazuela Siemens Gamesaren kudeaketa gorabeheratsuan, eta akziodunekin gatazkan.
Iberdrolarentzat, ziurrenez, orduan iritsi zen Gamesako parte hartzeari agur esateko unea, ikusi zuenean nola zuzeneko lehiakide bat eratzen zitzaion muturren aurrean. Maiatzeko Siemens Energyren sorrera iragarpenaz geroztik, dibortzioa atontzen jardun dira bi aldeak, Iberdrolaren % 8aren prezioa adosten. Iberdrolaren akzioena zehazki, ezen ez baitu gainerako inbertsiogileei akziorik erosteko asmorik, haien haserrerako. Berez, Siemens behartuta legoke Siemens Gamesaren akzio guztien gaineko erosketa eskaintza publikoa (EEP ) egiteko —%30 baino gehiago duelako—. Baina CNMV halako zerbait egitetik libratu zuen 2017an, industria proiektua zela argudiatuz. Orain ere libratu nahiko luke Siemensek. Izan ere, EEP batek izugarri garestituko luke operazioa: 4.500 milioi euro lirateke Iberdrolari erositako prezioetan. Eta Siemens Energyren burtsaratzea atzeratuko luke.
Siemensek sinergietarako aukera are gehiago ere ikusten dizkio Gamesaren bereganatzeari. 100 milioi euroren aurrezkiak lortuko omen dira Siemensen eta SGREren arteko lotura estuagotik. Baina norentzat izango ote dira mesedegarri sinergia horiek? Siemensen kontura dira, edo Siemens Gamesaren kontura?
Gamesaren euskal hornitzaileen eta langileen kontura erdietsiko ote dira? Botere, baliabide eta kontrol nahikorik gabe, garratzagoak izaten da trago batzuk.