Adifek lehiaketara atera du “Euskal Y”aren elektrifikazioaren zati bat

Adifek lehiaketara atera du “Euskal Y”aren elektrifikazioaren zati bat. Proiektuko obren garapena bi fasetan egingo da, 12 hilabeteko epearekin.
Lurralde bakoitzaren bilakaerak erakusten du urtea gorabeheratsua izan dela. Esportazioek gora egin dute Nafarroan eta Gipuzkoan, %11,6 lurralde batean zein bestean. Nafarroako datuaren atzean dago Landabengo VWek aurreko urtean baino auto gehiago saldu dituela kanpoan. Autoen eta haren osagaien esportazioa 4.554 milioi eurora iritsi da, aurreko urtean baino %20 gehiagora. Sektore horrek esportazioen %44 betetzen ditu Nafarroan, eta %25 Hego Euskal Herri osoan.
CAF eta Irizar
Esanguratsua da Gipuzkoaren kasua ere. Ia 900 milioi euro handitu ditu kanpoan egindako salmentak, baina horietatik 790 milioi trenei eta tranbiei dagozkie, CAFi alegia. Eustaten arabera, arlo horretan esportazioak %290 handitu dira, eta beste %19,8, berriz, trenetarako osagaienak.
Gipuzkoan gehien hazi den beste atala da «hamar pertsona baino gehiago eramateko ibilgailuena»: %46,3. Beste hitz batzuetan, Irizarren autobusak, kooperatiba hura delako halakoak lurraldean ekoizten dituen bakarra —errekuntza motordunak Ormaiztegin, eta elektrikoak Adunan—. Kontrara, urte kaskarragoa izan dute altzairutegiek (-%7,4), eta igogailuak eta eskailera mekanikoen egileek (%-4,6).
Araban, berriz, esportazioak %3 jaitsi dira, Mercedesek ez baitu urte ona izan. Lurraldeko esportazioen erdiak egin ohi ditu Gasteizko fabrikak, eta oraindik ez dio bueltarik eman ahal izan dieselgate-aren kalteari. Horrela, %3,1 jaitsi da bidaiarientzako furgoneten esportazioa, eta %9,4 zama garraiatzekoena.
Lurraldeko bigarren enpresa nagusia Michelin da, eta hark ere ez ditu 2018ko emaitzak berdindu: pneumatikoen esportazioak %0,6 txikitu dira. Hodien esportazioa —Tubacex eta Tubos Reunidos— %8,5 txikitu da, eta ardoarena, berriz, %1,7 handitu.
Bizkaian, Petronor efektua
Bizkaian jaitsi dira gehien esportazioak, %7,2 hain zuzen ere. Hego Euskal Herrian lurralde berezia da Bizkaia, industriaren atal nagusia ez baita manufaktura, energia baizik. Hau da, Petronorrera iristen den petrolioa eta ziklo konbinatuko zentraletara iristen den gasa dira gehien inportatzen diren produktuak; esportazio nagusiak, berriz, Petronorretik irteten diren gasolioa eta gasolina. 2019an, %19,9 gutxiago saldu du atzerrian findegiak, eta horrek ekarri du Bizkaiko esportazioak jaistea. Baina bigarren arrazoi bat ere badago: autoen osagaien esportazioak %14,2 txikitu dira, eta sektore horrek pisu handia du lurraldean —Gestamp, Cie Automotive, Teneco…—.
Bizkaiaren beste berezitasuna da hura dela merkataritza balantza negatiboa duen bakarra, hau da, esportatzen duena baino gehiago inportatzen duela. Hego Euskal Herri osoak, ordea, ia 10.000 milioi euroren balantza positiboa du. 2019an handitu egin da, inportazioak %1,8 hazi direlako, esportazioak baino puntu bat gutxiago.
Abenduan eman zien enpresak kaleratze asmoen berri, eta, ordutik, negoziatzen aritu dira langile batzordea eta zuzendaritza, alternatibak bilatzeko. Eusko Jaurlaritza bitartekari gisa ere izan zen orduan, baina akordiorik lortu ez, eta enpresak bukatutzat jo zituen bilera horiek hil hasieran. Bada, lan gatazkan inplikatzeko eskatu diote beharginek berriz ere gobernuari. «Enplegu sailarekin bitartekaritza egiten saiatu ginen, baina ez zuen emaitzarik izan. Industria Sailari egin diogu eskaera orain, enplegua eta Arabako lantegien etorkizuna berma ditzan», adierazi du David Garcia langile batzordeko presidenteak.
Itxieraren beldur
Bilera eskatu diote Jaurlaritzari, gatazkaren nondik norakoak azaldu eta balizko konponbideak adosteko. Izan ere, kezkatuta daude zuzendaritzak proposatutako kaleratze horiek gertatuz gero, gehiago ere egon daitezkeelako luze gabe. «Arazoa ez da langile batzuk kaleratu nahi izatea orain, baizik eta horren ondoren enpresak bide beretik jarraitu nahi izatea». Beldur dira horrek berekin ekar dezakeelako Celsa Atlantic enpresak Araban dituen bi lantegien itxiera programatua.
Langile batzordeak salatu du lantaldean murrizketak izan direla azken urteetan, eta ez dagoela gehiagoren beharrik. «Neurriak hartu ziren dagoeneko arlo horretan», azaldu du Garciak. 2012tik dator gatazka Arabako Celsan: enpresak erregulazio txostena aurkeztu zuen 178 behargin kaleratzeko, baina auzitegiek baliogabetu egin zuten erabaki hura, eta langileak berriz hartzera behartu zuten. Protesta ugari izan ziren orduan ere.
Azken bi urteetan, hala ere, aldi baterako erregulazio planak egin ditu zuzendaritzak, eta kaleratzeak izan dira. Garciaren hitzetan, 2012an 360 langile ari ziren Arabako bi plantetan, eta lau urte geroago 160ra murriztu zen zenbateko hori. 2018an, berriz, 140 behargin ziren guztira, eta egun, 106 bat ari dira. «Murrizketak egon dira, horrenbestez; argi eta garbi». 2016ko eta 2018ko txostenei langile batzordeak ez zien errekurtsorik jarri, negoziazioak abiatzea lortu zutelako. Oraingoan, ordea, salatu dute zuzendaritzak ez duela beren proposamena entzun ere nahi izan.
Horiek horrela, langileek enpresari galdegin diote azken zortzi urteetan izandako «aldebakarreko bidea» alboratzea, «ez baitie inolako onurarik ekarri ez Celsa taldeari ezta langileei ere». Arabako bi lantegien jarduera eta enplegua bermatuko duen planaren aldeko apustua egitea ere galdegin diote.
Bitartean, mobilizazioei eutsiko dietela jakinarazi dute beharginek. Lanuzteak egiten ari dira hil hasieratik: bi orduko geldialdiak egin dituzte txanda bakoitzean, asteko bi egunetan. Batzordearen arabera, %99ko erantzuna izan dute mobilizazio horiek. Horrez gain, iragarri dute ostegunetan ere manifestazioak egingo dituztela Gasteizen, 2012ko protestetan egin zuten moduan. Atzo egin zuten aurrenekoa.
Voitheko langileak greban
Ibarrako (Gipuzkoa) Voitheko beharginak ere greba egitera deituta daude sei egunez: martxoaren 4, 11, 17, 18, 24 eta 25ean egingo dute. Langile batzordean ordezkaritza duten bi sindikatuek antolatu dute —ELAk sei ordezkari ditu, eta LABek, hiru—, eta «langileen babes zabala» jaso du.
Lanuztearen bitartez, lortu nahi dute zuzendaritzak enpresa hitzarmena betetzea, sindikatuen ustez hari izkin egiteko neurriak hartu dituelako azken urteetan. Batetik, salatu dute azpikontraten eta ABLE aldi baterako lan enpresen erabilera areagotu egin duela lan batzuk egiteko. Bestetik, saiatzen ari da lan hitzarmena ez aplikatzen «gazteei eta emakumeei», haien «kalteberatasuna baliatuta».
«Egoera ez da nobedade bat. Dagoeneko izen handiko enpresa gehiegi dira, batik bat industriaren sektorean, berdin jarduten dutenak. Lan erreformek beren eskura jarri dituzten lege trikimailuak erabiltzen dituzte, hainbeste borroka eta greba egun kostatu zaizkigun lan eskubideak baztertzeko», adierazi du ELAk zabaldutako agiriak.
Ibarrako Apatta industrialdean dauka fabrika Voithek, eta papergintzarako makinak egiten ditu. Haren jabea Voith multinazional alemaniarra da. Lan hitzarmena langile guztiei ezartzeko duela urtebete abiatutako negoziazioak desblokeatu nahi dituzte sindikatuek. «Hitzarmena errespetatzeko dago, eta guztiona da».
Interes tasa oso apaleko garai bati batu zaio ekonomiaren moteltzea, baina, hala ere, emaitzak hobetzea lortu du Mondragon taldeko kreditu kooperatibak. Horrela, sozietate zergan hamasei milioi euro ordaindu ondoren (+%9), 137,7 milioi euro irabazi ditu, 2018an baino %3 gehiago.
Jarduera komertziala handituta egin die aurre interes txikiei. Etxebizitzak erosteko mailegu berriek, hipotekek, %12,9 egin dute gora, eta enpresei emandako maileguek, berriz, %9. Kreditu horiei esker eta «altxortegi propioaren gestioaren ekarpenari» esker, interesen marjina %1,38 handitu ahal izan du, ia 250 milioi euroraino.
Diru sarreren aldetik, gora egin du komisioen ekarpenak ere (+2,6), aseguru negozioaren eskutik batez ere.
Gastuen aldetik, ia 3,5 milioi euro txikitu ditu administrazio eta amortizazio gastuak (-%1,4), eta diru gutxiago jarri behar izan du mailegu ustelak hornitzeko (-%6,4).
Maileguen berankortasuna txikitzeko urrats handia egin du Laboral Kutxak, urtebetean %17,2 txikitu baititu zalantzazko maileguak. 2019. urtearen amaieran, kredituen %3,73 ziren zalantzazkoak; sektore osoarenak, berriz, %4,99 dira.
Bere lehiakiderik gehienak baino hobeto dago kapital aldetik ere. Horrela, urtearen bukaeran %20,17ko kapitala zuen, CET1 fully loaded ratioan neurtuta. Kapitala «modu organikoan» sortzen jarraitzen du Laboral Kutxak —2019an, 1,41 puntu handitu da—. «Kaudimen maila lehiakideena baino hobea da orokorrean, eta gainbegiralearen eskakizunak aise betetzen ditu».
Gora egin du Laboral Kutxak kudeatutako aurrezkiak. Guztira, 23.590 milioi euro gestionatzen ditu, 2018 amaieran baino %8,1 gehiago. Bezeroen gordailuak %7,9 handitu dira, eta Laboral Kutxak kudeatzen dituen inbertsio funtsak, berriz, %11,9.
Atzokoa indar erakustaldia izan zen. Barianen hitzetan, «historikoa» izan zen, eta 1984ko urtarrilaren 19an Tafallan egin zen manifestazio handia ekarri zuen gogora. Berez, bi zutabe osatu ziren, 11:30ean. Lehena, Iruñe hegoaldean, Sadar futbol zelatitik gora, berrehundik gora traktorek Zaragozako etorbidea bete zuten eta trafikoa eten zuten. Bidea egin zuten Espainiako Gobernuaren egoitzaraino, klaxonak etengabe joz. Bigarren zutabea, berriz, sanferminetan entzierroa hasi ohi den tokian abiatu zuten laborariek. Hiru mila lagun inguru elkartu ziren. Entzierroaren antzezpen horretan, San Domingon, santuari kantatu zioten, laborarien defentsan irten dadila eskatuz.
Manifestazioak ordubete inguru iraun zuen. Buruan, UAGN eta UCAN elkarteetako ordezkariek «Nekazari eta abeltzainik gabe, nork emango dizu jaten?» gazteleraz zioen kartelari heldu zioten.
Nafarroako EHNEk ez zuen bat egin kontzentrazioarekin. Aurreko egunetan Imanol Ibero idazkari nagusiak azaldu zuen urtarrilaren 30eko greban jaso zirela bere aldarrikapenak. Dena den, EHNEk ere beharrezkotzat jo du elikagaien hornidura katean gardentasuna ezartzea.
Laborarien haserrea
Hori izan zen laborarien ahotan gehien entzun zen aldarrikapena. Tuterako Jaime Castel-Ruizentzat, adibidez, egun «ia ezinezkoa» da laborantzan aritzea. «Kostuak ikaragarrizko abiadan igotzen zaizkigu: ongarria, gasolioa, lan kostuak… Aldiz, elikagaien truke jasotzen dugunak berdin jarraitzen du. Ez du bat egiten kostuen igoerarekin». Nazioarteko merkataritzan joko arau berekin aritzen ez diren sentipena du: «EBtik kanpoko produktuak sartzen dira: Hegoafrikako laranja, Senegalgo meloia, Argentinako limoia, Marokotik ere asko sartzen da. Ez dute arau berekin jokatzen. Berdin duela dirudi». Uste du Nafarroan laborantza desagertzen ari dela: «Guk, azken hiru urteetan, orburuen azalera %25 murriztu dugu; brokolia, %30; fruituak, %30 baino gehiago…».
David Lander Eraulgo abeltzain eta laboraria iritzi berekoa da. Haragitarako behiak hazten ditu, baita zainzuriak landatzen ere. «Egoera okertuz joan da, bai prezioetan, bai baldintzetan. Herrietako bizimodua zailtzen ari da. Uste dut kalera ateratzea aproposa dela arazoa ikusarazteko». Gonzalo Palacios itzaltzuarrak adierazi du nekazariek eta abeltzainek ez dutela errentagarritasunik. «Guri kostuak urtero igotzen zaizkigu, baina geuk jasotakoa duela 30 edo 40 urte bezala dago».
Manifestazio amaieran, Jose Maria Martinez UCAN Nafarroako nekazaritza eta elikagai kooperatiben elkarteko lehendakariak esan zuen lehen sektoreak duintasuna eta itxaropena behar dituela: «Berdin zaigu nork duen errua, baina ilusioa eman behar diegu gure gazte laborariei». Azken hamabost urteetan Nafarroako laborari eta abeltzainen kopurua ia erdira murriztu da, eta oso gutxi dira lehen sektorearen alde egiten duten gazteak. «Nafarroan 30 urtetik beherako 78 laborari baino ez daude», aipatu zuen Bariainek. «Herriak bizirik nahi badituzte, aldatu daitezela azken 40 urteetako politikak. 40 urtez, alderdi guztiek agindu dute hala foru gobernuan nola gobernu zentralean, baina ez dute ezertxo ere egin».
Zergatik mobilizatu zarete?
2020ko kostuak ordaintzen ditugu, baina duela 30 urteko prezioak kobratzen. Urte asko daramagu egoera hau jasaten, eta gaur egun errentagarritasunik ez dugu. Sektoreak «aski da» esan du.
Galera orokorra da, ala alor jakinei eragiten die gehiago?
Orokorra da. Klimatologia txarraren ondorioz gerta liteke eskaintza jaistea eta produkturen baten prezioa garestitzea. Unitateko errentagarritasuna lor dezakezu, baina ez bolumenean. Olioa, adibidez, errentagarria izan ohi da, baina Trumpen muga zergek eta uzta txarrak galerak eragin dituzte.
Muga zerga horiek eraginik izan al dute beste produktuetan?
Zergak olioaren eta ardoaren gainekoak dira, baina horri gehitu behar zaio barazkien eta fruituen gainean Errusiak ezarritako betoa eta batez ere brexit-a. Nafarroa lurralde esportatzailea da, eta ez dakigu nola eragingo duen. Gainera, logikoki, Erresuma Batuak Nekazaritza Politika Bateratuan jarri ohi duen dirua ere murriztuko da. %14 jaitsiko dela diote. Asko dugu jokoan, galerari aurre egiteko ezinbestekoa direlako laguntzok, eta, murriztuz gero, egoerari ezingo diogu aurre egin.
Protestarako ordua iritsi da?
Bai. Urteetan, akordioak egiteko elkarrizketaren bidea defenditu dugu, eta soilik zaplaztekoak jaso ditugu. Errusiaren betoari aurre egiteko laguntzak ez dira nahikoak izan, Trumpen muga zergen aurrean ez da erantzun. Orain, Espainiako Trantsizio Energetikoaren Ministerioak dio produkzio eredua aldatu behar dugula, zerbait gaizki egiten ariko bagina bezala. Berez, kontrakoa da, inoizko elikagai onenak ekoizten ari gara.
Gutxieneko soldataren igoerak eragin al dizue?
Ez, Espainian bai, han hitz egin da horri buruz, baina Nafarroan, gure sektoreko hitzarmena egungo gutxieneko soldatatik gora dago. Ez digu eragiten, inondik ere ez.
Zer eskatzen duzue?
Ezin liteke elikagaiak Boeing edo Airbusen arteko gatazka konpontzeko baliatu. Elikagaiekin halako tratutan ibiltzea etika ororen aurkakoa da, eta Munduko Merkataritza Erakundeak presio egin behar luke. Hurrengo Nekazaritza Politika Bateratuak sektorearen beharrei erantzun behar lieke.
Horrez gain, hornidura katean zerbait egin behar da?
Bai, mundu guztiak dio negozio marjina estua duela, baina gero kontsumitzaileak ordaintzen duen prezioa sei aldiz handiagoa da. Ez du zentzurik saltoki handiek tokiko ekoizpena aldarrikatzeak, eta gero geuri esateak tokiko produktuen kontsumoa %7koa dela. Hemen tartak denontzako eman beharko luke: herena laborariontzat, herena industriarentzat eta herena hornitzaileentzat. Ekoizleak ez badu heren hori jasotzen, besteren bat geratzen da tarte horrekin.
«Espainian ekoizten denaren aldean, gu tanta txiki bat baino ez gara», dio Pedro Luis Gonzalez Trujal Mendiako lehendakariak. Nafarroan, oliogintzan aritzen diren 4.000 laborari biltzen ditu kooperatiba horrek, eta lurraldeko olioaren %40 inguru ekoizten du. Espainiak produzitzen du munduan olio gehien, eta hango merkatuaren bilakaeraren menpe dago ezinbestean Trujal Mendia. Gonzalezen arabera, faktore asko elkartu dira aldi berean, eta prezioak beherantz ari dira, ekoizleen negozio tartea estutuz: «Eskaintza ugari dago, eta laborantza oro har atomizatuta dagoenez, lauzpabost ekoizle handik prezioak itundu eta jaisten dituzte». Trujal Mendian, zuzeneko salmentaren eta kalitatearen aldeko apustu egiten badute ere, kanpoko joeraren menpe daude: «Jakina, eragiten digu. Iaz prezio bat ezarri genuen, baina aurten jaitsi behar izan dugu».
6.000 hektarea Nafarroan
Azken bi kanpainetan, oliba ekoizpenak nabarmen egin du gora Nafarroan 6.000 hektareako eremua hartzen duten olibondoetan —Araban ere biltzen da, baina askoz ere gutxiago—. 2016ko kanpainan, 16.000 tona oliba bildu ziren; iazko kanpainan, 27.427 tona oliba bildu ziren. Azarotik martxora bitarteko aurtengo kanpaina amaitzeko hilabete inguru baino ez da falta, baina abendura arteko datuek aditzera ematen dute %20 inguru jaits daitekeela. Espainian, berriz, iazkoa ezohiko kanpaina izan zen, 5,9 milioi tonatik bederatzi milioi tonaraino gora egin zuelako oliben bilketak, eta uzta bikain horrek olioaren gainprodukzioa ekarri du.
«Eskaintzaren eta eskariaren legearen ondorioz, aurreko urteetan olibaren uztak oso onak izan direnez, jatorriko prezioek behera egin ohi dute», azaldu du Cristina Sanduak, Aceites Sanduako kudeatzaileak. Hala ere, ez dago kezkatuta. «Nafarroan ekoizten dena bertan kontsumitzen da, edo esportaziorako erabiltzen. Ez dago desorekarik. Hemen, salneurria ez da jaitsi beste tokietan adina, egoera orokorrak eragin duen arren».
Donald Trump AEBetako presidenteak ere izan du zerikusirik. Urrian, Europako Batasunak Airbusi emandako laguntzen aurkako erreakzio gisa, hainbat elikagaiaren gainean %25eko muga zergak ezarri zituen —tartean Espainiako oliba olioari—. Hiru hilabete geroago, ondorioak jada nabari dira: esportazioak behera egitearekin batera, olio soberakinak handitu dira. «Saltzen ez den olioa Espainiako merkatuan geratu da, eta metatutako olio kopurua handitu du», azaldu du Sanduak.
Hutsunea beste ekoizleek baliatu dute —Tunisia, Aljeria, Grezia, Italia eta, neurri apalagoan, Argentina eta Australia—. Halaber, Espainiako olio enpresa handiek beste herrialde batzuetan dituzten fabriketara bideratu dute produkzioa, baina merkatu espainiarra olioz gainezka dago. Europako Batzordeak promes egin zuen merkatutik 150.000 litro tona ateratzeko eta biltegietan gordetzeko laguntzak eskainiko zituela, baina ezer gutxi egin du.
Supermerkatuetako apaletara jo besterik ez dago gehiegizko eskaintzaren ondorioak ikusteko. Eskaintza bereziak eta beherapenak nonahi. «Prezioei begira hasten zara, eta bi botilaren truke bat ordaintzea eskaintzen dutela ikusita, etsitzen zara. Bertako produktuen kalitatearen garrantzia aipatu ohi dugu, hitz politak dira, baina, azkenean, prezioari begiratzen zaio», kexu da Gonzalez.
Sanduak salatu du dendek kontsumitzaileak erakartzeko erabiltzen dutela olioa: «Gutxietsi egiten dute atzean dagoen lan guztia». Haren irudiko, «zerbait gaizki dago» baldin eta prezioak olio ekoizpenaren balioa islatzen ez badu: «Olioa galerekin saltzen ari dira edo kalitatearen lepotik». Olioaren trazabilitatea jaso behar luke produktuak, «kontsumitzaileak haren egiazko jatorria eta nondik norakoa ezagut ditzan».
Olioa biltegietan gordetzeko laguntzek sektoreari arnasa eman badiezaiokete ere, epe erdira kontsumoaren sustapenari eman dio garrantzia Sanduak. «Eskari eta eskaintzaren oreka hobeago bat lortzeko, hemen eta nazioartean kontsumoa sustatu behar da, eta erabiltzen ez duten herrialdeetan kultura aldaketa bat bultzatu».