Pentsiodunek ohartarazi dute ez dutela etsiko, eta borroka egingo…

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak berretsi du ez dutela “borroka” utziko EAEko hauteskunde kanpainan helburuak lortu arte.
Etxebizitzaren arazoa ez da berria Donostian; hala aitortu zuen Eneko Goia alkateak joan den ostegunean: «Donostian sentsibilitate berezia dago gai horrekin, eta kezkatzen gaituen fenomeno bat da». Egoera salatzeko, elkarretaratze bat egin zuten atzo Gipuzkoako hiriburuan, Kaleratzeak Stopek antolatuta. Rosa Garcia plataformako bozeramailearen arabera, Donostian arazoa kasu partikularretatik haratago doa: «Ez dago kontrolik alokairuaren prezioarekin; hori egingo balute, funtsak jabetuko lirateke hemen ezin dutela egin izugarrizko negoziorik». Funtsen lanari esker, ordea, jende gehiago ere aberasten da: «Egiten duten espekulazioaren ondorioz, igo egiten dira prezioak, eta, azkenean, etxeak alokatzen ari diren jabeak ere aprobetxatzen dira horretaz. Kiribil bat da, eta horregatik ditu Donostiak horren alokairu garestiak». Funtsek etxebizitzak apartamentu turistiko edo hotel bilakatzeko duten asmoa ere kritikatu du.
Badirudi horixe izango dela Vascongada higiezinen agentziak Donostiako Gros auzoan zituen etxebizitzen etorkizuna. Han, Madrilgo Azora inbertsio funtsak 321 etxebizitza erosi dizkio agentziari, eta bizilagunak kezkatuta daude euren etorkizunaz. Joan den asteazkenean salatu zuten Azorak abian jarri duela jada funtsek «etxeak husteko» erabili ohi duten modus operandi-a. Bi modutara egiten dute, nagusiki: batetik, ez dituzte berritzen amaitzen ari diren kontratuak; eta, bestetik, alokairuaren prezioa bertan bizitzen ari direnek ordaindu ezin duten kopuru bateraino handitzen dute. Hutsik geratzen diren etxeak ez dituzte berriz ere alokairuan ipintzen. Hala, etxebizitza horiek turismorako erabil ditzakete funtsek; bai etxebizitza turistiko bilakatzeko, bai hotelak egiteko.
Azorak ostiralean erantzun zien bere iritsierak sortu dituen eztabaidei. Funtsak «lasaitasuna» eskatu zuen, eta uste du «arrazoigabea» dela Donostian egin duten operazioa dela-eta sortutako eztabaida, «epe luzeko alokairuak» baitira euren «izateko arrazoia». Hortaz gain, funtsak gogor jo zuen Kaleratzeak Stopen aurka, eta plataformak berehala erantzun zuen: «Guretzat etxebizitza gizartearen behar bat da, ez negozio hutsal bat, eta horrek eramango gaitu beti funtsen aurka egitera».
Azora ez da, ordea, Donostia begiz jo duen lehen inbertsio funtsa. Benta Berriko babes ofizialeko etxeetan igaro da pare bat urte Blackstone funtsaren berri lehen aldiz izan zutenetik. Eusko Jaurlaritzak, 1995. urtean, Benta Berrin babes ofizialeko etxeak egiteko lehiaketa bat atera zuen, eta Metrovacesa eta Vallehermoso eraikuntza enpresek irabazi zuten. Horiek, 2016an, Testa Residencial socimiarekin fusionatu ziren, eta, 2018an, Estatu Batuetako Blackstone funts bilakatu zen enpresa horren inbertsiogile nagusia. 2028ra arte izango dira etxeok babes ofizialekoak —800 eurotik gora ordaintzen duten bizilagunak dauden arren—, eta, ondoren, funtsaren esku geratuko dira.
Alokairu Benta Berriko bizilagunen elkarteko iturriek salatu dute lurra Jaurlaritzarena izango dela aurrerantzean ere baina Blackstonek nahieran esplotatu ahal izango duela. Jaurlaritzarekin bildu dira, baina ez dute lortu akordiorik. Azaldu dutenez, ez da kasualitatea Ameriketako Estatu Batuetako funtsak etxe horiek erosi izana: «Goxoki bat dira. Unibertsitateen ondoan daude etxeak, baita hondartzatik gertu ere. Bikainak dira ikasleei eta turistei alokatzeko». Kalean gera daitezkeen 500 pertsonei, ordea, ez dizkietela alokatuko uste dute.
Iruñeko kasua
Donostiatik kanpo, Iruñean eman dute zeresana inbertsio funtsek azken astean, eta egoera larrian egon daitezke 160 familia baino gehiago. Benta Berrikoaren antzekoa da kasua: hogei urtez, eraikuntza enpresa behartuta egon da etxeak babes ofizialera bideratzera, baina aurten bukatu da epe hori, eta Blackstonen Testa Residencial funtsa egin da etxeen jabe. Arrotxapea eta San Jorge auzoetan daude.
Hainbat familiari martxoaren 31n amaitzen zaie kontratua, eta funtsak hortaz informatzeko bidali dien gutunak bi aukera soilik eskaintzen dizkie: giltzak ematea edo alokairu berria ordaintzea. Gehienek, ordea, ezin diote aurre egin pisuaren ordainketari; batetik, Testak prezioak igo dituelako, eta, bestetik, babes ofizialeko etxeetan bizitzeagatik Nafarroako Gobernuak ematen zien diru laguntza amaitu zaielako. Baliabide gutxiko familiak dira kaltetuetako asko, eta etxebizitzen prezioak hirukoiztu egin dira kasu batzuetan: lehen 250 euro ordaintzen zituztenei 750 eskatzen dizkiete orain. Bizilagunak hasi dira antolatzen, baina konponbidea erlojupean arituta aurkitu beharko dute.
Espainia hipoteken krisi betean zen, funts handiek lur hartu zutenean, 2013. urtean. Mauka topatu zuten sos beharrean zeuden administrazio publikoen jabetzetan (Madrilgo alokairu sozialak), kutxen eta bankuen aktibo toxikoetan, amiltzen ari ziren eraikuntza taldeen promozioetan.
Socimiak (higiezinen merkatuan inbertitzeko sozietate kotizatu Anonimoak) erosketetarako tresna aproposa izan dituzte. Espainiako Gobernuak «alokairuen merkatua sustatu» eta «profesionalizatzeko» sortu zituen socimiak, eta arrakasta izan dute; 90etik gora sortu dira sei urtean.
Alokairuak dituzte negozio. Lokal komertzialak, bulegoak, hotelak, zahar etxeak, etxebizitzak erosi eta alokatzea… Hiri handietan hasi ziren, Madrilen, Bartzelonan. Eta, ondoren, nola ez jarri begiak turismoaren boomarekin puztutako alokairu prezioetan, hala nola Donostian daudenen modukoetan. Blackstonen Testa Residencial socimiarenak dira Benta Berriko babes ofizialeko alokairuko etxebizitzak, eta Testarenak dira Iruñeko babes sozialeko alokairukoak ere. Donostiara iritsi berri den Azorak sortu zuen Espainiako lehen socimia, hoteletan espezializatutako Hispania, zeina Blackstonek erosi zuen 2018an.
Socimiek ez dute sozietate zergarik ordaintzen. Behartuta daude irabazien %80 dibidenduetan banatzera (zeinek, teorian PFEZa ordainduko duten). Socimien negozioaren erakusgarri, bi datu: 50.000 milioi euroren aktiboak dituzte, eta, urte gutxian, ia 1.400 milioi euro banatu dituzte dibidendutan.
Zein dago, egiaz, socimi horien atzean? Batetik, BlackRock, Blackstone, eta AEBetako inbertsio funtsen, pentsio funtsen eta halakoen kudeatzaile erraldoiak daude. Haiek «aurrezleen izenean» hitz egin ohi dute, baina, New Yorkeko funtzionarioen aurrezkiak topatzeko, askotxo murgildu behar da jabetzen matrioxkan, eta tartean dirutzak poltsikoratzen dituen kudeatzaile asko daude. Funts subiranoak, bankuak, aseguru etxeak ere badaude socimien jabeen artean. Eta familia aberatsek euren dirutzak kudeatzeko eratutako sozietateak ere.
Charles Michel Europako Kontseiluko buruak bilera batera deitu ditu EBko 27 gobernuburuak, aurrekontua eztabaidatzeko. Ez da baztertu behar goi bilerak larunbatera arte irautea, baina horrek ere ez du ziurtatzen Bruselatik akordio batekin joango direnik. Ohiturak dio —eta ohiturak indar handia du EBn—, gutxienez bi goi bilera direla beharrezkoak ados jartzeko.
Londresek beti protagonismo handia izan du eztabaida horretan, ahalik eta diru gutxien jartzea baitzen beti haren lehen helburua —baita lortu ere, Margaret Thatcherrek negoziatutako txeke britainiarrari esker, zegokion baino gutxiago jartzen zuen—. Oraingoan ez da Bruselan egongo, baina hein handi batean bera izango da protagonista. Izan ere, Erresuma Batua zen gehien jartzen zuten herrialdeen artean bigarrena, eta hark jarritako 10.000 milioi euroak falta zaizkio EBri.
Hiru talde azaldu dira orain arteko negoziazioetan. Batetik, aurrekontua txikitu nahi dutenak daude: Herbehereak, Austria, Suedia eta Danimarka. EBren kutxan gehiago jartzen dute handik ateratzen duten baino. Gehienez, EBren barne produktu gordinaren (BPG) %1 jarri nahi dute; hain zuzen ere, orain arte jarritakoa, Erresuma Batuaren ekarpena aintzat hartu gabe.
Beste aldean, jarri baino gehiago jasotzen dutenak daude: Europa hegoaldeko, erdialdeko eta ekialdeko herrialdeak. Haiek eskatu dute %1,11 jartzeko; hau da, Londresek jarriko ez duena beste batzuek jartzea. Haien aldean jar daiteke Europako Parlamentua, guztien artean anbiziotsuena, %1,3 jarri nahi baitu EBren aurrekontuan.
Bien erdian, Frantzia eta Alemania daude. Haiek jartzen dute diru gehien (ekarpenaren %42), baina beste lehentasun batzuk ere badituzte: bere laborarientzat dirua bermatzea Parisek, eta akordioa gehiegi ez atzeratzea Alemaniak.
Nekazariak eta klima aldaketa
Azken asteotan batzuekin eta besteekin negoziatzen aritu da Michel, baina ez du eman aurrerapausoen berri. Espero da Finlandiaren proposamena eramatea bilerara —hura da EBren jarduneko presidentea—. Helsinkik proposatu du EBren BPGaren %1,07 jartzea, eta horrek dakar %12 gutxiago ematea kohesio funtsetarako —herrialde eta eskualde pobreenek jasotzen dituzte—, eta %13 gutxiago NPB Nekazaritza Politika Bateraturako. Azken bi horiek EBren aurrekontu komunaren bi heren hartzen dituzte orain, baina haien pisua jaisten ari da, premiazko beste gai batzuk ere agertzen ari direlako. Europako Batzordeak, esaterako, diru gehiago eskatu du mugazaintzarako, baina, batez ere, bere programa kuttunerako, Europako Itun Berderako. Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak ohartarazi du ez duela onartuko aurrekontuaren %25 baino gutxiago bideratzea klima larrialdiaren aurkako borrokan.
Gaur-gaurkoz argi dagoen gauza bakarrenetarikoa da nekazarientzat diru gutxiago izango dela EBren kutxetan. Zenbat jakitea ez da posible, Frantziak zeresan handia baitu gai horretan, eta aliatuak ez baitzaizkio faltako —Espainia, Irlanda, Polonia…—. Diru gutxiago izateak zaildu egingo du EBren hurrengo erronketako bat: NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma.
Sindikatuak ordezkarien bilera bat antolatu zuen Bilbon, eta hura baliatu zuen 2019an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eginiko negoziazio kolektiboen balantzea helarazteko. Espejoren ustez, «urte oso positiboa» izan zen iazkoa, sindikatuen kalkuluen arabera %14,4 handitu baitzen bere lan baldintzak hitzarmen kolektibo baten arabera arautuak dituzten langileen kopurua. Igoera hori 2018koa halako bi da —%7,25—, eta, gaur egun, langileen %61,1 daude lan hitzarmen baten menpe. Hazkunde horren arrazoia hiru hitzarmen sektorial dira: ikastolena, itunpeko irakaskuntzarena eta Bizkaiko metalgintzarena.
Espejok, halaber, Espainiako negoziazio kolektiboari egotzi zion Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soldatak %2,25 igo izana 2019an. Azaldu zuenez, Espainia mailako lan hitzarmenetako soldata igoera %2,86 izan zen; Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatzen direnena, berriz, %1,78. Datuak Lan Harremanen Kontseilutik bildu ditu sindikatuak.
Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiak ere datuen bere analisia egin zuen: «Lan hitzarmen kolektiboa da erreminta bakarra sektore bateko langile guztiek baldintza duinak dituztela bermatzeko», eta, haren hitzetan, baldintza horiek enpresa mailako itunenak baino «hobeak» izaten dira. Idazkariak goratu zuen «mobilizazioei» eta «plataforma bateratuei» esker egin zirela lorpen horiek. Elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu zuen, eta aurreratu zuen 2020n, hauteskunde urtea izanda ere, lanean jarraituko dutela industriako lanpostuen alde eta soldata arrakalaren aurka. CCOO elkarrizketa sozialerako mahaian dago UGTrekin, Confebaskekin eta Jaurlaritzarekin batera. ELAk eta LABek, aldiz, ez parte hartzea erabaki dute.
Pozik aldaketarekin
Mari Cruz Vicente CCOOren Espainia mailako akzio sindikaleko arduradunak nabarmendu zuen Espainiako Gobernuan izandako aldaketak onurak ekarri dituela. «Elkarrizketa sozialean sinesten duen gobernu bat dugu, eta uste dugu enpresariek ere arreta jarri behar dutela lan baldintzen hobetzean. Elkarrekin aurrera egin dezakegula uste dut, eta horren eredu da 2020an gutxieneko soldata igotzeko lorturiko akordioa».
2020ra begira, CCOOk negoziazio mahai gainean jartzeko asmoa duen hainbat puntu zenbatu zituen Vicentek: akordioen ultraaktibitatea, sektore mailako akordioak enpresa mailakoen gainetik egotea, eta langileen arautegiko 42. artikulua eraldatzea. «Hori beharrezkoa da modu esternalizatuan diharduten langile guztiek erreferentziazko hitzarmen bat izan dezaten. Esaterako, hoteletako garbitzaileen arloan aplikatu ahal izango da». Langile azpikontratatuek enpresaren jardun bera egiten badute enpresakoen baldintza berak izatea lortu nahi dute eraldaketa horrekin, eta, jardun hori bera ez bada, gutxienez euren sektoreko lan hitzarmeneko baldintzak izatea.
«Egon nahi dutenak daude Errioxako sor-markan», esan zuen atzo jatorri izen horretako presidente Fernando Salamero arabarrak. Berretsi zuen ABRAk ez duela esan Errioxako sor-marka utzi nahi duenik. Errioxan zabaldu den urduritasunak eragindako galdera izango zen, oso urrun baitaude sor-markaren aterkia utzi nahi izatetik, Bastida, Samaniego, Guardia, Elvillar, Mañueta eta Arabako Errioxako beste herrietako upategi txikiak. Beste zigilu bat izan arte behintzat.
Baina ABRAko mahastizainek eta ardogileek sarritan azaldu dute Errioxako jatorri izena gobernatzen duten upategi handien mende ez dutela gerorik, haien bideragarritasuna kalitatea baita, eta Errioxan kantitatearen apustua ari baita gailentzen aspaldian. Horregatik bultzatu dute Arabako Mahastiak zigilu berria, beren arauez lehiatu ahal izateko.
Baina horrelako azalpenek ez dute lekurik ardoa, politika eta enpresen interesak nahasten diren auzi horretan. «Arabarrek modan jarri nahi dute, eta desberdinagoak izan», esan du Errioxako presidente Concha Andreuk asteon, Arabako Mahastiak gutxietsi nahian. Errioxako ozeanoan desberdintzea da, ordea, txikien flotagailua aspaldian.