San Jose: “Berdintasun Legea ez betetzeko aitzakiarik ez dago”

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 150 langile baino gehiagoko enpresek Berdintasun Plana eduki beharko dute 2020ko martxoaren 7tik aurrera. 600 enpresa dira.
Industriaren urte pattala ikusita, zerbitzuak izan dira berriro ere ekonomiaren motor nagusia. Haien ekarpena oso gutxi moteldu da (%2,7tik %2,5era), nahiz eta haien barruan izan den aldaketarik: indarra galdu dute ostalaritzak, merkataritzak eta garraioek (%4tik %2,4ra), eta indarra hartu dute gastu publikoak (%2,1etik %2,2ra) eta beste zerbitzuek (%2,2tik %2,6ra).
2019an gehien hazi den sektorea eraikuntzarena da (%3,1), baina azken datuak ez dira hain onak. Urteak aurrera egin ahala, behera egin zuen haren bultzadak, eta azken hiruhilekoan %1,9 hazi da urte arteko tasan, aspaldiko gutxien. Krisia lehertu zenean erdira jaitsi zen hark hiru lurraldeetako ekonomiari egiten zion ekarpena, baina azken urteetan berriro biziberritu da.
Sektore ahulena, berriz, lehen sektorea da. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren ekarpena %0,6 baizik ez da handitu.
Enplegua, %1,6 gora
Eskariaren arabera, portaerarik onena kapital eraketa gordinak izan du; hau da, enpresen inbertsioak. %2,8 hazi zen iaz: %2,3 makinetan egindakoa, eta %3 gainerakoa.
Enpleguak ere bilakaera ona izan zuen, baina horretan ere antzeman da ekonomiaren moteltzea: 2018an %2,6 handitu zen, eta 2019an, berriz, %1,6. Gainera, azken hiruhilekoa izan da ahulena: %1,2ko hazkundea izan da. Zenbaki osoetan, 15.335 enplegu sortu dira hiru probintzietan, lanaldi osoko postuetan zenbatuta.
Koronabirusak ekonomiari kalte egingo diola baieztatu dute nazioarteko erakundeek, eta OCDEk ohartarazi du urteko lehen hiruhilekoan atzera egin dezakeela zenbait eremutan, tartean eurogunea. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du aldatu 2020rako bere iragarpena, 2019ko irailean egindakoa. Haren arabera, %1,9 haziko da BPGa, eta %1,2 enplegua.
Nafarroako Estatistika Erakundeak martxoaren 31n emango ditu 2019ko azken datuak. Aurreratu zuenez, BPGa %2,6 hazi zen.
Errusiak eutsi egin zion atzo ekoizpena bere hartan uzteko erabakiari. LPEEko ordezkariekin bilera egin zuen Vienako egoitzan (Austria), baina hasi eta 90 minutura bukatu zen, epemugarik gabeko negoziazio bat zabaltzeko Saudi Arabiako eta Errusiako ordezkarien artean. Erlojupean ariko dira orain Saudi Arabiako eta Errusiako Energia ministroak, Abdelaziz bin Salman eta Alesandr Novak, COVID-19a hedatzearekin batera behera baitoa upelaren prezioa. Egungo salneurriekin ados dagoela dio Errusiak, eta 2018ko urriko ekoizpena baino 2,1 milioi upel gutxiago eskaintzeko helburuari eustearen aldekoa da urte bukera arte. Gauzak horrela, ez da ekoizpena apalduko apirilaren lehentik aurrera, Saudi Arabiak gidatzen duen petrolioaren kartelak nahi zuen moduan. «Apirilaren 1etik aurrera ez dugu derrigortasunik ekoizpena murrizteko», esan zuen argi eta garbi Alesandr Novakek bilera bukatzean.
Iturria ixteko beharra
LPEEk iturria itxi nahi du petrolioaren prezioa gehiegi merka ez dadin, energia horren nazioarteko eskaeraren gainbehera handia datorrelako, aurreikuspenen arabera. 2020an eskaerak izango duen hazkundea erdira jaitsi du LPEEk, eguneko 0,48 milioi upelera; 1,1 milioi upeleko aurreikuspena egin zuen 2019ko abenduan. Kontua da petrolioaren iturria 2016ko hondarrean ixten hasi zela LPEE, Saudi Arabiaren estrategiari jarraikiz. Errusia eta karteletik kanpoko beste ekoizle batzuk merkatutik ateratzeko saioa izan zen, prezio merkeekin lehiatik kanpo geratuko zirelakoan. Eta Errusiak, orain, ez du merkatze gehiagorik nahi.
Baina ikusteko dago datozen egunetan Moskurekin akordio bat egiteko gai den Saudi Arabia, eta, batez ere, adosteko ekoizle bakoitzak bere gain hartu beharko lukeen murriztea. Kartela milioi bat upel kentzeko prest dago, baina erretiratu beharreko beste milioi erdia Errusia eta beste ekoizleen bizkar utzi nahi du: Mexiko, Oman, Bahrain…
2018ko urriko eskaria erreferentziatzat hartu zuen akordioa bertan behera gera daitekeela ere esan diote Errusiari LPEEko hainbat kidek. Alegia, ekoizpena txikitu nahi ez badu, ez duela inork txikituko, ezta orain indarrean dagoen akordioak ezartzen duen moduan ere, eta prezioak bene-benetan eroriko direla. Esan beharrik ez dago: petrolio merkea aldeko aldagai bat bihurtuko litzateke atzeraldiaren beldurrez dabiltzan ekonomia askorentzat.
Aurreikuspen beltzak
Munduko ekonomiak aurrez aurre duen erronka kontuan hartuta, edozein laguntza izango dute eskertzekoa Europako gobernuek. Asiako Garapenerako Bankuak munduko ekonomiak gal dezakeenaren aurreikuspen bat plazaratu du. 68.528 eta 308.824 milioi euro arteko galera izan daitekeela dio, munduko BPGaren hamarren bat eta lau hamarren arteko zuloa. Aurretik esanda doa: inork ez daki zenbaterainoko krisia datorren koronabirusaren harira; izan ere, osasun arazoak zenbat diruaen, horrek finkatuko du kalte ekonomikoaren neurria.
Euskal Garagadoaren Elkarteak atzo eman zuen ezagutzera sor-marka, BECen antolatu duten Gustuko Gastronomia azokan. «Marka bat sortzea beharrezkoa zen, garagardogileen sektorea bateratu, eta kontsumitzaileek jakin dezaten zein garagardo ekoizten diren Euskadin eta zein ez. Gure sektorean marka batzuk euren ekoizpen gunearekin bat ez datorren jatorria iradokitzen dute», azaldu zuen Jabi Ortega elkarteko presidenteak eta Gar & Gar etxeko ordezkariak. Harena da ikurra eramango duen garagardoetako bat, eta hauek dira beste 11k: Baias, Basabe, Boga, Etxeandia, Maiken Brewery, La Salve, Olañeta, Olbeam, Pagoa, Txorierri eta Urban Beer.
Aurretik sagardoan edo ardoan erabilitako sor-marken funtzionamendua izan da euren inspirazioa. Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaiaen Politikarako sailburuordeak, dena den, onartu zuen «zaila» dela kontsumitzaileari jakinaraztea zein den «hemen» ekoitzitako garagardoa eta zein ez, eta horregatik dela garrantzitsua ikurra. Hamabi etxeetako ordezkariak egon ziren aurkezpenean, eta batek baino gehiagok «fake beer» [garagardo faltsua] kontzeptua erabili zuen jatorriarekin iruzur egiten duten markak definitzeko. Eta zer da, orduan, sormarka lortzeko eskatzen dena? Bada garagardoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzi eta botilaratzea. Elkarte «irekia» da, eta aurrerantzean etxe gehiago batzea espero dute.
Hiru herrialde horietan iaz salduriko garagardoen %2 baino ez ziren izan euskal garagardoak, eta, alde horretatik, asko dute hazteko, baina lehia estua da. «Marka handiek asko inbertitzen dute marketinean, eta prezioen gerran sartzen dira. Guk, aldiz, kalitatea, jatorria eta egiazkotasuna jartzen dugu mahai gainean», aldarrikatu zuen Alba Donadeu Boga etxekoak. Hala, sor-markaren balioa nabarmendu zuen: «Bertakotasun hori bermatzen duen kanpo ikuskaritza bat egitea bezala da».
Elkarteko kideek 1,25 milioi litro garagardo ekoitzi zituzten 2018an, eta %46 kanpoan ekoitzi zuten. Datuek diote, gainera, garagardo artisauen kontsumoa gora egiten ari dela, eta sor-markaren zigilua daramaten etxe gehienek tankera horretakoak ekoizten dituzte. «Jendea apurka ikasten ari da, eta artisaua probatzen duenak ez du besterik nahi izaten. Garagardo komertzialekin alderatuta, beste produktu bat da», aletu zuen Ortegak.
Hurrengo pausoa euskal produktuekin lan egitea izango da, eta Ortegak aurreratu zuenez, helburua jarri diete euren kideei. «Gure asmoa da garagardogile bakoitzak, gutxienez, hemengo osagarriekin eginiko garagardo bat izatea. Euskal lupulu, malta eta legamiarekin egina».
LPEEko ordezkariak Aleksander Noval Errusiako Petrolio ministroarekin dira gaur biltzekoak, ekoizpen murrizketari buruz erabaki bat hartzeko. Proposamen bateratua onartu zuen atzo kartelak, Vienako egoitzan egindako bileran: haiek milioi bat upel gutxiago ekoitziko dituzte, eta beste milioi erdi kendu beharko dute Errusiak eta besteek (Kazakhstan, Mexiko, Bahrain, Oman…).
Azken egunetan izan dituzte harremanak bi aldeek, baina ez dira ados jarri. Errusiak eta LPEEz kanpoko besteek diote nahikoa dela abenduan onartutako 2,1 milioi upelen murrizketarekin, nahiz eta urtea hasi denetik %25 inguru txikitu den Brent upelaren prezioa: 66 dolarrean salerosi zen abenduaren 31n, eta 51 dolarrean atzo.
Upela garestitzeko behar handiagoa dute LPEEko kideek. Saudi Arabiak, esaterako, ziurtatu du petrolioa 70 dolarrean behar duela bere aurrekontua orekatu ahal izateko. Errusiako Gobernuak, berriz, 40 dolarrekin nahikoa duela azaldu du.
LPEE eta haren aliatuen arteko borroka, hein batean, kuotari buruzkoa da. Ekoizpena txikitu duten bakoitzean, karteleko kide batzuek ahalegin handiagoa egin dute. Iaz, esaterako, murrizketaren %65 Saudi Arabiak hartu zuen bere gain —hark du errazen putzuak ixtea eta irekitzea—, eta Errusiak %11 baizik ez zuen egin, Bloomberg-en datuen arabera. Hau da, Saudi Arabiak merkatu kuota galdu duela Errusiaren mesedetan.
‘Fracking’ ekoizleak, adi
Baina azken urteetan merkatu kuota gehien irabazi dutenak AEBetan daude, eta fracking-aren bitartez petrolioa ustiatzen duten ehunka konpainia txikiak dira. Haien eskutik, AEBak munduko ekoizleetan handien bilakatu da, eta inportatzaile zena esportatzaile bihurtu da. Iaz, batez beste, 12,2 milioi upel ekoitzi zituzten AEBek, eta aurten milioi bat upel esportatu ditu.
Baina petrolioaren merkatzeak arriskuan jarri du ekoizle horien errentagarritasuna, produkzio kostu handiagoak baitituzte ohiko putzuak baino. Garai txarrean datorkie, gainera, zor handiak pilatu dituztelako —75.000 milioi dolar hurrengo lau urteetan ordaindu behar dituzte, Moody’s-en arabera—, eta Wall Streeten babesa galdu dutelako, prezio txikiekin ez direlako gai izan errentagarritasuna emateko.
Finantzaketa merkeari eta errazari esker lortu zuten azken krisia gainditzea, 2014-2016 urteetan. 2014ko azaroan, merkatu kuota berreskuratu nahian, LPEEk iragarri zuen aurrerantzean ez zela saiatuko merkatuko prezioa baldintzatzen. Bi urtez eutsi ahal izan zion politika horri, baina 2016an amore eman zuen, 35 dolarrera merkatutako upelak diru-sarrerak gehiegi txikitu zizkielako. Kiderik ahulenak ez ezik —Venezuela, Irak, Iran…—, Golkoko monarkia aberatsek ere arazoak zituzten orduan beren kontuak orekatzeko.
Krisi horretan, milioi bat upel jaitsi zuten ekoizpena fracking bidezko ekoizleek, baina, oro har, uste baino hobeto eutsi zioten erronkari, aurrerakuntza teknologikoei esker merkeago ekoiztea lortu zutelako. Prezioa igo zenean, ia %50 handitu zuten berriro ekoizpena, eta horrek ekarri du, hein batean, prezio apalak itzultzea.