Baserritarren produktuak bildu eta saltzeko aukera emango du zerbitzu…

Baserriko produktuak bildu eta saltzeko aukera emango du zerbitzu berri batek. Helburua koronabirusaren pandemiak zuzeneko salmentan duen eragina arintzea da.
Espainiako Lan Ministerioko iturriek berri agentziei baieztatu dietenez, laguntza berezi baten azken xehetasunak fintzen ari dira koronabirusaren krisiaren ondoren enplegua eta diru sarreren zati handi bat galdu duten etxeko langileentzat. Gobernua bihar bilduko da, eta aukeren artean dago orduan onartzea laguntza.
Euskal Herrian 35.000 lagun ari dira etxeko langile gisa kotizatzen Gizarte Segurantzan, baina sektore horretako benetako langileak gehiago dira, milaka batzuek beltzean egiten dutelako lan. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak urtarrilean jakinarazitako inkestak dioenez, lau langiletik hiruk orduren bat kotizatzen dute, eta 21 ordutik gora lan egiten dutenen artean %94 daude lege barruan lanean.
Baina, soldatapeko langileek eta autonomoek ez bezala, Gizarte Segurantzan dauden etxeko langileek ez dute langabezia saria jasotzeko eskubiderik, horretarako kotizatzen ez dutelako.
Ministerioko iturriek ez dute zehaztu zenbateko laguntza jasoko duten etxeko langileek, baina kotizazio oinarriaren %70ekoa izan daitekeela aurreratu du El País egunkariak. Hein horretakoa da enplegua aldi baterako galdu dutenek jasoko duten langabezia sari berezia. Kotizazio oinarria soldata gordina da, baina aparteko sarien zati proportzionala gehituta. Haren gainean kalkulatzen da langile batek eta haren kontratatzaileak zenbat ordaindu behar dioten Gizarte Segurantzari.
Etxeko langile askok etxe batean baino gehiagotan lan egiten dutenez, ikusi beharko da nola kalkulatzen den jaso beharreko saria. Hau da, etxeetako bat galduz gero eskubidea izango ote duten horri dagokion zatiaren araberako laguntza jasotzeko.
Alokairuak ez ordaintzea
Alokairuei dagokienez, eztabaida dago Espainiako Gobernuaren barruan maizterrei eman beharreko laguntzen inguruan, Unidas Podemoseko ministroek eskatu dute enplegua galdu dutenek eta lanaldia murriztu behar izan dutenek ez ordaindu behar izatea beren etxeko alokairua bi hilabetez. Etxearen jabeari kalte ez egiteko, estatuak bere gain hartuko luke alokairu osoa etxe bat edo bi dituztenei, eta zati bat hortik gora dutenei. Zortzitik gora dutenei %5 soilik ematea proposatu du Unidas Podemosek, argudiatu baitu higiezinetako funtsek soilik betetzen dutela baldintza hori.
Alokairuak ez ordaintzeko aukerari eragozpen gehien jarri dien ministroa Nadia Calviño da, Ekonomia ministroa. Argudiatu duenez, alokatzaile gehienak pertsona pribatuak dira, eta diru sarrera nagusirik gabe gera daitezke maizterrek pagatzen ez badiete. Baina atzo goizean aitortu zuen haiei laguntzeko «hainbat aukera» aztertzen ari direla. «Ziurtatu behar dugu neurriak eraginkorrak eta ongi zuzenduak direla, eta ez ditzatela zehar kalteak eragin», zehaztu zuen.
Calviñok nabarmendu duenez, desberdina da etxearen hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituzten herritarren kasua, haien kasuan zorra banku batekin dutelako. Talde horrentzat laguntza bat onartu du jada Espainiako Gobernuak, baina azken egunotan kaleratutako letra txikiak asko zailtzen du laguntza hori jasotzea.
Etxebizitza publikoetan bizi diren maizter askok lortu dute azken egunotan alokairua ez ordaintzea, baina, gehientsuenek jabe pribatu bati ordaintzen diotenez, laguntza eskatu dute azken egunetan. Haien artean dago Eusko Jaurlaritza. Stop Kaleratzeak elkarteak ontzat jo du erabakia, baina uste du motz geratu dela. Batetik, eskatu du Alokabide zerbitzuaren bidez etxebizitza alokatzen duten guztiei ezarri ahal izatea, baita kudeaketa pribatuko etxe babestuetan daudenei ere. Bestetik, alokairua ez ezik, etxepeko gastuak eta etxearekin lotutako zergak ez ordaintzeko ere eskatu du.
Frantziaren neurriak
Ipar Euskal Herrian ere aldaketak izango dira aurki, Frantziako Gobernuak neurri sorta bat aztertu baitzuen atzo. Batetik, langabezia saria automatikoki luzatuko diete martxoan hura jasotzeko eskubidea agortu dutenei, oraintxe bertan enplegua aurkitzea praktikoki ezinezkoa dela aintzat hartuta.
Bigarrenik, batez besteko gehienezko lanaldia —hamabi aste jarraian egin daitekeena—, 44 ordutik 46ra handitu dute, eta errazago onartuko dute aste batean 60 egitea. Neurri hori oraingo krisian oinarrizkoak diren sektoretan ezarri nahi dute —osasungintzan, logistikan, elikadura industrian…—.
Azkenik, enpresei aukera gehiago emango dizkie langileak oporrak noiz hartu behar dituzten erabakitzeko.
Halaber, Aierdik azaldu zuen zergen ordainketak atzeratuko direla: BEZ, errenta eta sozietate zergetan lehen hiruhilekoko autolikidazioak borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea ekainaren 1era atzeratuko dute —egungo epemuga apirilaren 20a zen—. Gauza bera otsaileko autolikidazioen kasuan: apirilaren 30era atzeratuko dituzte. Horrekin batera, apirilaren 14ra arte Ogasunarekin kitatu beharreko zorra hilaren amaierara atzeratuko da, eta zorraren berri martxoaren 14tik aurrera eman dietenei ekainaren 1era luzatuko diete. Indarrean den zorren ordainketa hilabete batez atzeratuko da. Zerga arloko prozedurak ere atzeratu egingo dira. Halaber, autonomoei eta urtean sei milioi eurotik behera fakturatzen duten enpresei zor ororen ordainketak zazpi hilabetez atzeratuko dizkiete, interesik gabe. Gobernuak dei berezia egin die egoera ekonomiko onean diren enpresei, «arduraz eta elkartasunez» jokatu eta zergak ordain ditzaten.
Neurri ekonomikoez gain, alokairuan bizi diren gazteentzako EmanZipa programaren babesa martxoaren 14tik langabezian den edozein herritarri zabalduko zaio, eta etxebizitza sarbiderako kenkari berezien David izeneko programa egoera zailean den pertsona orori.
Koronabirusak eragindako krisia dela-eta langileak pairatzen ari diren egoera nabarmendu dute. Azken egunetan, hainbat beharginek salatu dute prebentzio neurri egokirik gabe ari direla. Sindikatuen arabera, funtsezko zerbitzuetan lanean ari diren pertsonak «behartuta daude lanera joatera, beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatuak izan gabe», eta, horregatik, «etengabeko arriskuan» daude.
Azaldu dutenez, ordea, lanera joaten ari direnak ez dira oinarrizko zerbitzuetako langileak soilik. «Funtsezko zerbitzuetan lan egiten ez duten langileak ere behartuta daude, Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak lehenesten dituztelako haien osasunaren gainetik». Horregatik eskatu dute lantoki horiek berehala ixteko.
Enplegu erregulazioen gaia ere izan dute mintzagai sei sindikatuek —atzo, 88.200 langile Hego Euskal Herrian—. Ohartarazi dute milaka pertsonaren lan baldintzen prekarizazioan sakontzeko erabiltzen ari direla krisian: «Aurreko krisia langileei ordainarazi ziguten, eta, orain, patronalek eta gobernuek nahi dute osasun krisia ere guk ordaintzea».
Sindikatuek ez dute baztertzen ixten ez dituzten enpresak salatzea. Hala adierazi dute egunotan ELAk eta LABek. Eta horixe bera azpimarratu zuen atzo Mitxel Lakuntzak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. ELAko idazkari nagusiak salatu duenez, enpresa batzuen jabeek ez dute neurririk hartu langileak babesteko; horren adibide jarri ditu Sidenor eta Tubacex. Horrekin batera, nabarmendu du autogintza, aeronautika eta eraikuntza sektoreak ez direla «lehentasuneko jarduerak», eta gelditu beharko luketela.
«Okerrera» egin dezake
Confebaskek beste behin adierazi du ez duela sindikatuekin eztabaidetan aritzeko asmorik, argudiaturik ez dela horretarako garaia, eta ohartarazi du itxiera orokortu batek «egoera okertu» baino ez lukeela egingo. Berri agentzia bati eginiko adierazpenetan, patronalak berretsi du jarduera eteteko beharrik ez duela ikusten langileen segurtasuna bermatzen den lantokietan. Kezka agertu du enplegu erregulazioen ugaritzea dela eta. «Hau hasi besterik ez da egin». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza ganberak ere, ohar bateratu batean, jarduera mantentzearen alde azaldu dira.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, berriz, esan du osasuna bermatzea dela Jaurlaritzaren lehentasuna, baina horrekin batera nabarmendu du «jarduera ekonomikoa ere zaindu» beharra dagoela. ETB1en eginiko elkarrizketa batean, adierazi du oso zaila dela oinarrizko zerbitzuen katea non eten behar den erabakitzea. Atzeraldia iragarri du datozen hiru hilabeteetarako.
Dena den, gobernua urratsa egiteko prest azaldu da. Berri agentziek zabaldu dutenez, hurrengo bileretan jorratuko dituzten gaien artean daude alokairua ordaindu ezin dutenei ordainketak atzeratzeko aukera ematea eta lokalak alokatuta dauzkaten autonomoentzako diru laguntzak handitzea. Atzoko Ministroen Kontseiluak, halere, ez zuen erabakirik hartu. Oraingoz, berrogeialdiak iraun bitartean, etxegabetzeak eta horrekin loturiko auzibideak eten ditu.
Hainbat taldek salatu dute milaka herritar babesgabe daudela, eta irtenbide bat eskatu dute. Ohartarazi dute alokairuak ez ordaintzeagatik jarritako salaketak eta etxegabetzeak ugaritu egingo direla alarma egoera amaitzean. Hego Euskal Herrian, eskaera horrekin bat egin dute Gipuzkoako Stop Kaleratzeak erakundeak, Donostiako maizterren sindikatuak eta LABek, besteak beste.
Talde horiek bat egin dute Suspensionalquileres.org kanpainarekin. Etxeen eta lokalen jabeei entregatzeko dokumentuak prestatu dituzte —euskaraz ere bai—. Agiri horietan zehaztu dute koronabirusaren krisiagatik diru sarrerak nabarmen gutxitu zaizkiola maizterrari, eta apirileko errenta bertan behera uzteko eskaera jasotzen dute.
Zer aukera daude?
Krisiak iraun bitartean, errenta bertan behera uzteaz gain, badaude beste formula batzuk, betiere bi aldeek akordio bat lortuz gero: kontratuak aldatzea, errentaren prezioa proportzionalki murriztuz edo iraupen epea aldatuz; edo kontratuko klausula jakin batzuk kentzea, ordaindu beharrekoa murrizteko.
Eta lokalekin?
Egoera bera da. Negozioa itxi edo jarduera eten behar izan duten maizterrek kontratua aldatzeko edo eteteko eska dezakete. Adituen arabera, komeni da ixteko obligazioa modu frogagarrian jakinaraztea alokatzaileei —burofax baten bidez edo egiaztagiria duen posta elektroniko baten bidez—. Dena den, haiek ez daude behartuta kontratuak aldatzera, ordainketak barkatzera, edo atzeratzera.
Ipar Euskal Herrian, beste bat da egoera. Frantziako Gobernuak ezarritako neurrien arabera, alokairua pagatzeari utzi ahal izango diote maizterrek, baina soilik jabearen porrota ez badakar. Neurri horrek ez du balio etxebizitza bat alokatu dutenentzako.
Alokairu sozialean zer laguntza daude?
Kasu horretan, autonomia erkidegoek —eta udalek— badute zer esana, haiek baitira alokatzaileak kasu askotan. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen alokairu gastuak konpentsatzeko laguntzak egokituko dituela. Alde horretatik, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du apirilean eta maiatzean alokairua eta komunitate gastuak ordaintzetik salbuetsiko dituztela langabezian geratu diren maizterrak eta koronabirusak sortutako zaurgarritasun ekonomikoko egoera batean dauden maizter guztiak ere. Ez zuen gehiago zehaztu. Neurri horrekin bat egin du du Donostiako Udalak ere. Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du erabakirik hartu oraingoz.
Akordiorik badago, zer egin behar da?
Idatziz islatzea da seguruena, gaizki-ulerturik egon ez dadin. Adituek gomendatu dute kontratuaren eranskin bat hitzartzea, ordainketan zer aldaketa egingo diren ezartzeko eta beherapenaren edo atzerapenaren data eta baldintzak zehazteko. Bi aldeek ezin badute elkartu dokumentua sinatzeko, posta elektronikoz egin dezakete — aplikazio batzuek sinadura elektronikoak ahalbidetzen dituzte—. Adituek diote oso garrantzitsua dela izapide hori betetzea, Ogasunak alokairuaren barkatzea dohaintzatzat har ez dezan.
Maizterrak badu eskubiderik?
Abokatuak egunotan aztertzen ari dira reubus sic stantibus deritzon klausula aplikatu daitekeen ala ez COVID-19a dela eta. Horrek aukera ematen du kontratu bat aldatzeko. Baina hiru baldintza bete behar dira: lehenik eta behin, kontratua betetzeko unean inguruabarrak nabarmen aldatzea, kontratua egiteko unean zeudenekin alderatuta; bigarrenik, aurrekoaren ondorioz desoreka neurrigabea eta gehiegizkoa gertatzea aldeek adostutako prestazioen artean. Eta, azkenik, hori guztia aurrez ikusi ezin diren zirkunstantziengatik gertatzea. Badago beste baldintza bat: bi aldeek adostu behar dute kontratua aldatzea.
Jabeak ez badu akordiorik nahi, auzitara jo daiteke?
Bai. Auzitegi Gorenak, hasieran, oso salbuespenezko kasuetan baino ez zuen onartzen klausula hori, baina, 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz, jarrera malgutu zuen, eta 2014an epai bat kaleratu zuen: klausula hori aplikatzea onartu zuen, krisi ekonomikoa behar bezain garrantzitsua izan zelako, eta aurreikusi ezina izan zelako.
Beraz, auzitegiek klausula hori onar dezaten koronabirusaren krisiaren harira, horren ondorio ekonomikoei erreparatu beharko zaie. Hain handiak izan behar dute, ezen agerian utzi behar dute kontratua ez betetzeko arriskua. Eta, era berean, ondorio luzeak izan behar dituzte denboran, eta ez negozioen berezko arriskuetan sar daitezkeen aldi baterako zailtasunak.
Biharko bilerara begira proposamenak lantzeko mintzatu ziren atzo arratsaldean Finantza ministroak, eurotaldean. Mario Centeno talde horretako buruak azaldu zuenez, «babes zabala» jaso zuen ESMk finantzaketa lerro berezi bat zabaltzeko proposamenak. Gehienez jota, estatukide baten BPGaren %2 utzi ahal izango luke, «baldintzekin». Lanketa gehiago behar du proposamenak.
Zorraren krisiari aurre egiteko sortu zuten ESM, eta 410.000 milioi euro ditu gastatu gabe. Berez, sistema horrek baditu antzekotasunak koronabonuekin: ESMk merkatuetara jo behar du diru horren bila, eta, eurogune osoaren bermea duenez, merke finantza daiteke. Aldeetako bat da ESMren dirua jasotzen duen estatuak haren zaintzapean geratu behar duela, eta halakorik ez dute nahi Italiak eta Espainiak.
Finantzaketa merkea
Bileraren aurretik, koronabonuak guztiz baztertu zituen Alemaniako Ekonomia ministro Peter Altmaierrek: «Prest gaude zorraren beste krisi bat eragozteko. Baina zuhur hartu behar ditugu ustez zoragarriak diren kontzeptuak, iraganean baztertutako ideien itzulera baitira». Iaz arte Altmaierrekin gobernuan egondako batek, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko oraingo presidenteak, esan zuen joan den astean ez zituela koronabonuak baztertzen, eta haien alde mintzatu dira Espainiako eta Frantziako gobernuak.
Lehen aldiz 2014az geroztik, Alemaniak defizita onartuko du aurten koronabirusak sortutako kalteak ordaintzeko. Jaulkitzen ari den zor berria harrera ona jasotzen ari da: atzo 2.893 milioi euro lortu zituen merkatuan, eta %0,65eko interes negatiboarekin. Hau da, interesak ordaindu beharrean, zorra erosten diotenek ordaindu egin beharko diotela.
Baina abantaila hori ez dute beste estatuek. Italiaren eta Espainiaren arrisku sariek gora egin zuten nabarmen joan den astean —zorra garestitu zitzaien—, eta soilik jaitsi ziren EBZk iragarri zuenean 750.000 milioi euro gehiago jarriko dituela zor publikoa eta pribatua erosteko. Edonola ere, ez da baztertu behar merkatuak berriro urduritzea eta interes tasa oso handiak eskatzea zorraren truke. Espainiaren arrisku saria, esaterako, 107 puntutik 121era igo zen atzo. Egonkor dago Italiarena, 194 puntuan.