Mercedes-Benzek apirilaren 26ra atzeratu du jardueraren hasiera Gasteizen

Mercedes-Benzek jarduera apirilaren 26an berrabiaraztea planteatu du Gasteizen, lan-arriskuen prebentziorako batzordearen bilera baten ostean.
Urkulluren lasaitasuna handituko dute EAEko Justizia Auzitegiak arratsaldean jakinarazitako bi ebazpenek. Batean, auzitegiak dio ez duela gaitasunik kautelazko neurriak ezartzeko, eta, hortaz, ezin duela eragotzi langile batzuk beren lanpostuetara itzultzea. Bigarren ebazpenean, berriz, hiru eguneko epea eman die salatzaileei eta Jaurlaritzari alegazioak egin ditzaten auzitegiaren egokitasunari buruz.
Agiri baten bidez, ELAk eta LABek ziurtatu dute beren ustez auzitegi horri dagokiola «hain erabaki urgente eta beharrezkoa hartzea», beren iritziz, «milaka pertsonaren osasuna eta bizitza arriskuan daudenean, eta korona- birusaren pandemia mugatzeko ordu bakoitzaren balioa izugarria denean». Nafarroako Lan Arloko Auzitegiak oraindik ez du ebazpenik argitaratu.
Atzoko Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Urkulluk berretsi zuen Jaurlaritza beharginen segurtasuna eta osasuna bermatzen ari dela. ELAren eta LABen jarrerak arbuiatu zituen, eta adierazi zuen «modu orokor batean» jartzen ari direla zalantzan «enpresa guztien» jarduna, nahiz eta salaketan horietako batzuen izenak ematen dituzten sindikatuek. Urkulluk beste behin adierazi zuen egungo egoeran osasuna eta enplegua «bateragarriak» direla, eta azpimarratu zuen enpresaburuak direla «lehen interesatuak» hori hala izan dadin.
ESK-k ere jarri du salaketa bat, kasu horretan, Reyes Maroto Espainiako Industria ministroaren eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren aurka, prebarikazioa leporatuta. Igor Merak azaldu zuenez, ministro eta sailburu horiek «ez zegozkien eskumenak» hartu dituzte; ESKren arabera, Osasun ministroari zegokion arriskuen balorazioa egitea, eta, horren arabera, dekretua malgutzea ala gogortzea. «Baina ez zen hori gertatu. Zera gertatu zen: Confebaskek eta EAJk haserre monumentala hartu zutela, eta Pedro Sanchezen gobernua mehatxatzera ere iritsi ziren, dekretua malgu zezan».
ELAk eta LABek ere heldu zioten gaiari atzo, Herrialde Katalanetako CSC eta Galiziako CIG sindikatuekin batera kaleratutako adierazpen batean. Gobernuak «botere ekonomikoen» menpe jokatzen ari direla salatu dute. «[Espainiako Gobernuak] berandu hartu zuen erabakia, eta ezin okerrago kudeatu. 48 ordu igaro ez zirelarik, amore eman zuen botere ekonomikoen presioen aurrean, eta iruzur egin zuen, ikuspuntu demokratiko eta juridiko batetik».
155. artikulua, «zeharka»
Sindikatuok adierazpen bat egin zuten otsailean, agenda sozialaren eta erabakitzeko eskubidearen alde. Atzo kaleratutakoan, berriz, azpimarratu dute egungo egoerak «are eta beharrezkoago» egiten duela agiri horretan jasotzen dena garatzea. Sinatzaileek diote COVID-19ak eragindako osasun krisia «kapitalismoaren krisiaren» emaitza dela, eta agerian uzten ari dela Euskal Herriaren, Galiziaren eta Herrialde Katalanen «burujabetza gabezia».
«Salatu behar dugu COVID-19aren pandemia baliatu dela 155. artikulu bat zeharka sartzeko, gure lurraldeek berez duten autonomia urria indargabetuz», adierazi dute, eta azpimarratu Madril hartzen ari den zenbait neurri «propaganda unionista» indartzeko erabiltzen ari direla, «desfile militar eta guzti». «Haren asmoa ez da osasun krisiari aurre egiteko indarrak biltzea, baizik eta krisia erabiltzea gure nazioetako langileen bizitzarako funtsezko gaietan erabakitzeko eskubidea deuseztatzeko».
Lau erakundeek nabarmendu dute zer «konpromiso zibikoa» erakusten ari diren herritarrak oro har eta bereziki hainbat sektoretako langileak, baina salatu dute behargin horiek lanean ari direla «babesteko bitarteko nahikorik gabe» eta ez dagoela behar beste langilerik eginkizun guztiei aurre egiteko. «Espainiako Gobernua eta gobernu autonomikoak hartzen ari diren erabakiek eskubideak konfinatzen dituzte; berandu datoz, bidegabeak dira, eta motz geratzen dira langile klasearentzat eta kolektiborik zaurgarrienentzat».
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, laguntza horiek oinarrizko premiei erantzuteko dira, hala nola behar besteko diru sarrerarik ez duten familientzat edo jantziekin, hezkuntzarekin, prestakuntzarekin eta osasun arretarekin loturiko beharretarako. Ez du eman zehaztasunik, baina azaldu du laguntza eta programa horiek hainbat erakunderekin batera garatuko dituztela: udaletako gizarte zerbitzuekin bereziki, eta gobernuz kanpoko erakundeekin.
Horrekin batera, Jaurlaritzak 76 milioi jarri ditu Lanbideren bitartez autonomoei laguntzeko, Gazteen Bermerako sistemarako eta kontziliaziorako, eta beste 6 milioi udalek gazteak kontrata ditzaten. Halaber, bazterkeria eta pobrezia egoerei aurre egiteko, 10 milioiko funts bat sortuko.
ELAk eta LABek uste dute administrazio biek oinarrizko eskubideen babesa urratu dutela. «Osasunari, biziari eta integritate fisikoari dagokien eskubidea» da urratu dena, sindikatuen arabera. Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako Sailaren eta Nafarroako Gobernuaren aurka jarri dituzte salaketa judizialak.«Bi gobernuek, martxoaren 31n argitaratutako ohar argigarriekin, lantokietara joatera behartuta dauden langileen osasuna eta bizia arriskuan jarri dituzte, oinarrizkoak ez diren jarduerak egiteko», dio sindikatuok igorritako oharrak. «Bi gobernuek muturreraino malgutu dute oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, errege dekretua urratuz, hau da, oinarrizkoak ez diren jardueren etena; eta oinarrizkoak ez diren beste industria zerbitzu eta jarduerak eskaintzea bideratuz».
ELAk BERRIAri azaldu dio aldagai politikoa ere badela Jaurlaritzaren egitasmoan: «Bere mezu politikoarekin bat datozen enpresak» lagundu nahi izan dituela uste du Pello Igeregi sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak. Hala, «enpresa zehatzei» egin die mesede Lakuak; izan ere, haren ustez, enpresa horiek «epe laburreko beharrak izateaz gain» aldagai politiko horrek ere markatu ei du Gasteizko gobernuaren ekinaldia. Egunkari honek sindikatuen salaketa-idatzian irakurri ahal izan duenez, sindikatuek enpresa zerrenda bat gaineratu dute, horietan legea urratu delakoan. Besteak beste, Haizea Wind, JAZ Zubiaurre, CAF, Lointek, Tubacex, Lapoxi eta Indaux azaltzen dira.
Alarma egoera, hankaz gora
ELAren eta LABen iritziz, langileak lanpostuan kutsatzeko arriskuan jarri ditu jarduerara bultzatzeak, eta pertsona horiek beste batzuk kutsatzea ahalbidetu du orain; «modu horretan, alarma egoeraren printzipio nagusiak hankaz gora jarri dituzte». Herritarren osasuna eta segurtasuna bermatu, gaixotasunaren garapenari aurre egin eta osasun sistema publikoa indartu: horiek dira alarma egoeraren printzipioak, sindikatuek gogorarazi dutenez.
ELA eta LAB sindikatuen salaketak exijitzen du ebatz dadila «Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak EAEko eta Nafarroako industria sektoreko langileen osasunerako, bizirako eta integritate fisikorako eskubidea urratu dutela». Gainera, gobernuen ohar argigarriak baliogabetu ditzatela nahi dute, legez, eta zigor ditzatela bi gobernuak ebazpen horren edukia argitaratzera, «ohar argigarriak plazaratu zituzten hedabide beren bitartez». Halaber, sindikatuek salaketaren bidez eskatu dute bi ohar argigarriak eten daitezela kautela neurri gisa, 24 orduko epean.
ESK sindikatuak ere iragarri du salaketa jarriko diela Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuari eta Reyes Maroto Espainiako Industria ministroari. Sindikatu horrek uste du prebarikazioa egin dutela biek ala biek, alarma dekretua «malgutu dutelako».
Koronabirusak eragindako krisiaren aurretik ere, gutxieneko errenta bat ezartzea Espainiako gobernu berriaren agendan zegoen. Larrialdi egoera betean, egitasmoa bizkortzeko borondatea erakutsi dute gobernua babesten duten bi alderdiek, PSOEk eta UP Unidas Podemosek. Inklusio eta Gizarte Segurantza ministerioak martxo amaieran filtratu zuen proposamen bat prestatzen ari zela, Pablo Iglesias lehendakariordearekin batera. Iragan astean iradoki zuten gaurko bileran onar zitekeela, baina azken egunotan indarra galdu du aukera horrek, artean ez dagoelako adostasunik gobernuaren barruan.
UPko ministroek, PSOEko zenbaitzuen eta sindikatuen babesarekin, lehenbailehen jarri nahi dute indarrean, baina ez dute behin-behinekoa izatea nahi. PSOEko ministro liberal eta ortodoxoenak, ordea, uzkurrago daude, ehunka milioi asko beharko dituen neurria baita.
Oraindik ez dago garbi zeinek jasoko luketen, zer baldintzetan, ezta zenbat diru izango den ere —450 euroko hileroko kopurua aipatu dute zenbait hedabidek—. Gainera, ikusteko dago zer neurritan den bateragarria Espainiak sortzen duen laguntza gaur egun Hego Euskal Herrian indarrean daudenekin —DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta errenta bermatua Nafarroan; Ipar Euskal Herrian antzeko bat dago, RSA izenekoa—.
Beharraren sozializazioa
Egoeraren larriak erraz dezake oinarrizko errenta baten bidea. Hasteko, halakoren bat jasotzeko beharra izango duten pertsonen kopurua nabarmen handitu delako; hau da, beharra sozializatuagoa egongo delako. Gainera, testuinguru berrian onarpen sozial handiagoa izango lukeelako horrelako laguntza batek. Ez dira berdin ulertzen «lanik egin nahi ez duten horiei dirua ematea» eta «birusaren erruz bat-batean lanik gabe, negoziorik gabe gelditu direnei laguntzea». Behin-behinekoa litzatekeen sarrera batek erreparo gutxi izango lituzke oraintxe bertan.
Larrialdiak, beraz, premiazko eta behin-behineko neurriak ahalbidetzen ditu, eta iraganean halako neurrien aurka egondakoen erresistentziak ahultzen ditu. Kasu horien artean agerikoa da Luis de Guindosena. PPren gobernuetako Ekonomia ministro izandakoa eta EBZ Europako Banku Zentraleko oraingo lehendakariordea, ortodoxia alde batera utzi eta «emergentziazko gutxieneko errenta» baten alde agertu berri da.
Beste liberal batek, Toni Roldan ekonomistak eta C’s-eko diputatu ohiak, salbuespeneko beste errenta unibertsal bat proposatu zuen joan den astean. El Pais egunkariko iritzi artikulu batean, proposatu zuen herritar bakoitzari 3.000 euroko «behin-behineko oinarrizko errenta» modukoa ematea berehala —mila euro hileko—. Bere kalkuluen arabera, 38 milioi pertsonari diru hori emateak 114.000 milioi euroko kostua luke, Espainiaren BPGaren %11aren adinakoa.
Aparteko zerga baten sorrera ere jaso du Roldanek. 2019. urtetik 2020ra artean galerarik izan ez duten herritarrek, 3.000 euroak itzuliko lituzkete errenta aitorpenean. Eta beste guztiek errenta galeraren araberako itzulketa egin beharko lukete. Roldanen kalkuluen arabera, bi urteren buruan, errentarekin gastatutakoa Espainiako BPGaren %1ean geldituko litzateke.
Berehalakotasuna, unibertsaltasuna eta sinpletasuna dira, Roldanen iritziz, behin-behineko errenta unibertsal horren abantailak, eta larrialdi egoerak justifikatzen du bere moduko ekonomista liberalek bazterrean uztea oinarrizko errenta unibertsalari orain arte jarritako erreparoak: diru gehiegi zela: mundu guztiari emanda, egiaz behar dutenei ez zitzaiela iritsiko; eta lana desinzentibatzen duela.
Roldanen proposamenak badu zulo nabarmen bat: zer gertatuko litzateke 2019an errenta aitorpenik egin ez dutenekin? Beste batzuk ere aurkitu ditu Borja Barrague ikertzaile donostiarrak, Agenda Publica-n argitaratu zuenez, beharra ez duen jendeari iritsitako helikoptero diru hori, ez litzateke eraginkorragoa berebizikoagoak diren beharretan? Osasungintzan, kaleratuei laguntzen, enpresen iraupenerako…
Berrogeialdiko errenta
Baldintzarik gabeko behin-behineko laguntza orokortuan eta zerga bidezko itzulketan oinarritutako beste proposamen bat ere egin dute Publico egunkarian aspaldian oinarrizko errenta unibertsalaren inguruan ari diren lau ekonomistek: Jordi Arcarons, Francisco Javier Braña, Daniel Raventos eta Lluis Torrens. Berrogeialdiko errenta deitu dute, eta horrela funtzionatuko luke: nahi duen pertsona helduak Internet bidez eskatuko luke, eta kontu korronte zenbaki bat eman. Administrazioak aste bat izango luke eskatzailearen ezaugarriak konprobatzeko, hots, zenbat heldu eta zenbat adingabe bizi diren familia horretan. Behin hori eginda, diruaren transferentzia egingo luke, inolako baldintzarik eskatu gabe, eta ia berehala. Hileroko ordainketa litzateke, mugagabea, eta gutxienez larrialdi egoera amaitu eta hiru hilabete igaro arte.
Oinarrizko errenta horren jasotzaileek 2021ean errenta aitorpena egingo lukete. Oinarrizko errentaz gain beste diru sarrera batzuk izan dituztenek sarrera guztien arabera zergapetuko lituzkete. Soilik oinarrizko errenta jaso dutenek, berriz, ez lukete zergarik ordainduko. Berrogeialdiko oinarrizko errenta 530 eurokoa litzateke familiako lehen kidearentzat, eta horren %50 beste kideentzat.
Zerga bidez berreskuratu
Ekonomista horien kalkuluen arabera, transferentziak hilero 17.153 milioi eurokoak izango lirateke. Sei hilabetez luzatuko balitz, martxotik 2020ko abuztura arte, kostua 103.000 milioi eurora igoko litzateke, baina horren zati handiena zerga bidez berreskuratuko luke administrazioak, horrelako neurri batek izan ditzakeen onurak aintzat hartzen badira.
Aurrerago, aztertu beharko litzateke zenbateraino ez duen merezi oinarrizko errenta hori betikotzea, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta unibertsal gisara, eta etxebizitza ordaintzeko laguntzekin osatuta. Arcaronsen, Brañaren, Raventosen eta Torrensen ustez, horrela «indarrak batu beharrean pobre alferrei jazartzen dien burokrazia inkisitibo bat eraikitzen, gizarte justuago, solidarioago eta jasangarriago bat eraikitzera bideratuko lirateke, inor atzean utzi gabe. Dena desberdina izango da; balia dezagun hori hobea izateko».