183.160 langile daude lan-erregulazioaren eraginpean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Alarma egoera: Aldi baterako lan-erregulazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2020ko apirilaren 23an. 26.058 txosten erregistratuta eta 183.160 langile kaltetuta.
LABek bost arlotan banatu du konfinamenduaren inguruko bere gogoeta. Lehenbizi, argi ikusi du «irizpide ekonomikoekin» diseinaturiko itxialdia dela, «eliteen» nahitara egokiturikoa: «Enpresa nagusien jabeek erabaki dute nola egin, eta ez osasun neurrien arabera». Jaurlaritzak baserritar azokekin eta Espainiako Gobernuak umeei kalera irteteko baimenarekin ordu gutxiren buruan erabakiz aldatu izana jarri zituen bere ustearen adibide gisa.
Hausnarketaren bigarren arloa bizi baldintzen alderaketa da, «ez baitira berberak guztiontzat». Zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboak zerrendatu zituen Perezek, eta Bilboko etxerik gabekoen egoitzan pertsona bat eta Zaballako kartzelan (Araba) beste bat hil direla gogoratu. Alde horretatik, gogor kritikatu zuen zahar etxeetako egoera, eta, bereziki, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eginiko «adierazpen lotsagarriak». Euskal presoen egoera ere salatu zuen, eta esan krisi hau Euskal Herriko kaleetan «autoritarismoa zabaltzeko» baliatu dela: «Kontrol sozialarekin, identifikazioekin… Aldiz, oraindik ez dugu polizia lantokietan ikusi ea segurtasun neurriak betetzen diren zaintzen».
LABen ustez, «dikotomia faltsu» bat sortzen saiatu dira itxialdi honekin: «Ez da osasunaren eta ekonomiaren arteko gatazka bat, osasun publikoaren eta batzuen irabazien artekoa baizik». Horren eredu, Eusko Jaurlaritzaren bi keinu hartu zituen hizpide: «Beharrezkoa ez zen produkzioa mugatu eta astebete eskasera atzera egin izana ospatzen ikusi genituen Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta Arantxa Tapia». Eta bestea: «Babes sozialerako neurriak ez dira lehentasuna izan, salbuespen neurrientzako aurrekontua AHTaren metro gutxi batzuena adinakoa dela». Nafarroako Gobernua «antzera» aritu dela ondorioztatu dute.
Krisiak «emakume aurpegia» duela nabarmendu du zuen sindikatuak hausnarketaren laugarren arloan. Zaintza lanetan ari direnen arriskua azaldu du, eta gogoratu emakumeak direla lan horietan ari diren gehienak. «Egoera salagarrian ari dira lanean gehienak, babes neurririk gabe, eta arriskua askoz handiagoa da». Indarkeria matxistaz ere mintzatu zen: «Itxialdiarekin ez da desagertu: astero daude salaketak, eta biktima asko euren erasotzaileekin daude». Azkenik, eta bosgarren gako gisa, LABek gogoratu zuen egungo egoera ez dela krisi honen kudeaketa arazo soila, baizik eta «sistema bera dagoela gaixo», eta arazoa aspaldikoa dela: «Sistema publiko indartsu bat behar dugu, larrialdi egoeraren aurrean erantzungo duena».
28an, salaketa eguna
Apirilaren 28a lan osasunaren nazioarteko eguna da, eta ELAk LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk, Etxaldek eta Nafarroako CGTk salaketa egunera deitu dute. Lantokietan «babes neurri egokirik» gabe dabiltzanei deia egin diete euren egoera ezagutarazteko, «mobilizazioak sustatuz» eta sare sozialetan bideoak eta argazkiak jarriz #bizitzadefendatu traolarekin. Leihoetan xingola beltzak jartzeko deia ere egin dute.
Lakuntzaren arabera, koronabirusak eragin duen krisia aztertuko lukeen mahaia baino gehiago, «zer politika berraztertuko diren» jakitea da oinarrizkoa. Izan ere, «oso denbora gutxian» ohartzen ari da jendea sindikatuak aspaldian salatzen ari diren hainbat auzi egia direla: esaterako, «sektore publikoaren rola» aldatu egin behar dela, eta «atzerrira joan ziren hainbat enpresa ekartzeko beharra dagoela».
ELAko buruaren ustez, osasun krisiak ekarritako krisi ekonomikoak oso nabarmen utzi ditu «austeritate politika eta ildo neoliberala», eta, egoera hori ikusirik, jakin nahi du «Jaurlaritzaren politikaren zer zati berraztertuko den». Zera galdetu zuen: «Beren politikaren zer zati berraztertzeko daude prest?».Gogoratu zuen Osakidetzaren lantaldeko ia %40k behin-behineko kontratua dutela, eta hori «erabaki politiko baten ondorioa» dela. Sektore publikoarekin jarraituz, zahar etxeetako langileen «prekaritatea» nabarmendu zuen.
Lakuntzak adierazi zuen jendea ohartu dela zeintzuk diren funtsezko alorrak, eta horrek berehalako aitorpen soziala ekarri diela sektore horiei. «Bizitzak aurrera egitea ahalbidetzen duten horiek dira: osasuna, garbiketa, egoitzak, janaria eta abar». Bada, erakunde publikoak sektore horiek «bazter utzi» dituztela kritikatu zuen, eta «prekarizatu» egin dituztela azken urteetan.
«Aitorpen politikoa»
Lakuntzarentzat «gakoa» da politika horiek guztiak berraztertuko ote diren ala ez. Eta horrekin batera, ea dagoeneko gauzatu den aitorpen sozial horrek berekin ekarriko ote dituen aitorpen politikoa eta lan alorrekoa. «Txaloetatik langileen zeregin erreala aitortuko duen erabaki politiko zehatzetara pasatu behar da».
Dena den, ez du askorik espero Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen eragile sozialen mahaitik. «Elkarrizketarako beharra dago, baina gobernua erratu egin da lehentasunak jartzean, bakarrik patronalak esaten duena entzuten baitu; komunitate zientifikoak dioena ere ez du entzun». Salatu zuen Osasun Sailak baztertu egin dituela adituak, eta «lagunak eta ideologikoki gertu dauden pertsonak» jarri krisiaren batzordean; «eskandalu handia da hau».
Europar Kontseiluak ez du esku hutsik hasiko gaurko bilera. Apirilaren 9an, gau amaigabe baten ondoren, euroguneko Finantza ministroek 540.000 milioi euroko plan bat adostu zuten, eta orain gobernuburuei dagokie ontzat hartzea ala ez; ziur aski, gaurko bileran erabakiko dute.
Hiru oinarri ditu plan horrek: ESM erreskate funtsak 410.000 milioi euroraino mailegatu ahal izatea, baldintza handirik gabe; SURE programaren bitartez Europako Batzordeak 100.000 milioirainoko maileguak ematea langabezia partzialak eta enplegu erregulazioak finantzatzeko; eta EIB Europako Inbertsio Bankuak 25.000 milioi eurorainoko bermeak ematea.
Baina EBko kide askok uste dute diru horrek lehen uneetako gastuei aurre egiteko soilik balioko duela, eta tresna iraunkorragoak beharko dituela, koronabirusaren kalteak ez baitira urte batetik bestera konponduko. Frantziako Gobernuak izen arranditsua jarri dio asmo horri: Marshall plan bat Europarentzat.
Mahai gainean dauden proposamenen artean, Espainiarena nabarmendu da. Ikusita Europa iparraldeko herrialdeek ez dutela inondik inora onartzen zorra bateratzea —eurobonuak eta koronabonuak—, eta maileguak hartzen jarraitzeak hegoaldeko herrialdeen zor pisutsuaren zama are astunagoa egingo duela, erdibidekotzat jo daitekeen plan bat aurkeztu zuen astelehenean. Haren arabera, Europako Batzordeak bere aurrekontua bikoiztu beharko luke, eta horren zati handi bat baliatuko luke behar handiena duten herrialdeak laguntzeko. ESMren kasuan ez bezala, ez lirateke maileguak izango, diru transferentziak baizik.
Berreskuratze funtsa jarri dio izena Madrilek, eta 1,5 bilioi euro izango lituzke, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera erabil daitezkeenak. Asmoa da EBk betirako zorra jaulkitzea; hau da, itzuli beharko ez duen zorra hartzea, estatu kideen bermearekin. Inbertitzaileek urtero hartuko lukete interes finko bat haren truke, eta Bruselak pagatuko luke, karbono tasarekin edo espresuki sortutako zerga berezi batekin.
Proposamenaren arabera, berreskuratze funtsa batuko litzaieke orain indarrean dauden funtsei —egiturazkoak eta kohesiokoak—, eta hurrengo bizpahiru urteetan gastatuko lirateke, koronabirusaren kalteak konpontzeko besterik ez.
Pandemiak herrialde bakoitzaren ekonomian eta kutxa publikoetan eragindako kaltearen arabera banatuko litzateke funtsa, baina denek jasoko lukete zerbait. Hau da, litekeena da Italiak eta Espainiak diru gehiago jasotzea, haiei iragartzen zaielako BPGaren erorialdirik handiena eta langabeziaren handitze handiena. Baina posible da Herbehereek berek Eslovakia pobreagoak baino gehiago jasotzea, ekialdean kalte gutxiago eragiten ari delako.
Batzordearen aurrekontua
Espainiaren proposamenak harrera ona izan du hiriburu batzuetan, baina zaila du bere horretan aurrera egitea, Berlinen eta beste batzuetan maileguen bidea hobesten dutelako. Baina Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atea ireki dio Europako Batzordearen aurrekontua handitzeari, eta horren bidez herrialderik kaltetuenei laguntzeari.
Reutersek aipatutako Bruselako iturriek ez dute espero akordiorik gaurko bileran, ekainean edo uztailean baizik. Frantziako Gobernuak ere aitortu du jarrerak urrun daudela. Parisek, esaterako, ez du betirako zorrik nahi, oso epe luzekoa baizik.
Balizko akordio horri bidea egiteko urrats bat izan daiteke datorren astean Europako Batzordeak aurkeztuko duen 2021-2027 aurrekontuaren berritzea. Erresuma Batuak EB uzteak aurrekontu txikiagoarekin utzi behar zuen Brusela, baina koronabirusari aurre egin beharrak aukera ematen dio estatu kideei diru gehiago eskatzeko, eta berreraikitze funts baten bitartez banatzeko.
Langile autonomo askorentzat, esaterako, egun batetik bestera diru sarrerarik gabe gelditzea ekarri du konfinamenduak. Martxoaren 14tik Hego Euskal Herrian eta 17tik Iparraldean, mota bateko eta besteko negozio askok zuzenean itxi egin behar izan dute. Batzuk behartuta itxi dute dira, hala agindu zaielako. Eta beste askok, berriz, ekonomia eta kontsumoa amildu direnean, eta jarduerarekin jarraitzeko ezohiko moduak saiatuta ere, enkargu eta bezero gehienak galdu dituzte.
Autonomoek izan ohi dira halako bat-bateko gainbeherari aurre egiteko zailtasun handienak izaten dituzten langileetako batzuk. Askotan, diru sarrerak bai, desagertu zaizkie, baina ez, ordea, lanaren gastuak; hor jarraitzen dute kostu finkoek, lokalen alokairuek, hipotekek, maileguek, gizarte segurantzako kuotek eta bestek, jada erositako eta saldu ezineko generoaz gain.
Itxialdiak ia erabat gelditu dituen sektoreetan, gainera, autonomo asko daude. 2015eko datuekin egindako Lanbideren txostenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %18,6 ziren autonomoak; baina eraikuntzako afiliatuen %38 ziren, merkataritza eta auto konponketako beharginen %30, eta ostalaritzako langileen %24.
Apustuak Europan
Hondamendi soziala eragotzi nahian, eta suspertzeari begira, krisi honetan Europako administrazio publikoek aparteko laguntzak ezarri dituzte, bai soldatapeko langileentzat, baita autonomoentzat ere, haiek errenta manten dezaten inoiz ez bezalako gastua apustua eginez. Soldatapeko langileentzat, Alemaniak 2008ko krisian arrakastaz ezarritako ereduari jarraitu dute herrialdeek, aldi baterako aparteko erregulazio espedienteetarako eta antzekoetarako dirua jarriz.
Autonomoekin, ordea, lau laguntza eredu desberdin daude koronabirusaren harira, Bruegel think-tank-ak aztertu duenez. Aukera bat izan da autonomoei ordain bakarreko kopuru zehatz bat ematea; hautu hori egin dute Frantziak eta Italiak. Belgikak eta Herbehereek, berriz, kopuru zehatza ezarri dute, baina hileroko ordainketekin. Kopuru finko horiek, hori bai, murritzagoak dira soldatapekoei aitortutako laguntzekin alderatuta.
Espainiak, Danimarkak eta Erresuma Batuak hirugarren aukera baten alde egin dute, eta aurreko sarreren araberako laguntzak eman dizkiete autonomoei, soldatapekoentzako laguntzen ehuneko berdinekin —kotizaziorako oinarriaren %70 Espainian—, eta alarma egoeraren iraupenaren arabera.
Alemaniak, berriz, beste eredu bat hautatu du: orain arte ez bezala, soilik krisiak irauten duen artean, autonomoek ere langabezia saria izango dute.
Hego Euskal Herrian, gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ordainketa bakarreko laguntzak iragarri dituzte.
Kotizazio txikiak
Laguntzetako asko, dena den, ez dira iritsiko autonomo guztietara, nahiz eta krisiak kaltetuak izan. Hego Euskal Herrian, zenbait jarduera erabat eten zaizkien edo sarreratan %75etik gorako galera izan duten autonomoentzako dira jarduera eteteagatiko prestazioa eta beste laguntza. Autonomo elkarte gehienek eskatu dute gutxienez fakturazioaren %50tik gora galdu duten autonomoei ere zabaltzeko jarduera eteteagatiko prestazioa. Ipar Euskal Herrian, esaterako, 1.500 euroko sari bakarra jasotzeko galerek %50etik gorakoak izan behar dute.
Kotizazioen araberako prestazioak, gainera, gehienetan laguntza txikia dakar prestazioa jasotzen dutenentzat, autonomo gehien-gehienek gutxieneko oinarrian kotizatu ohi baitute. 2019ko abenduan, Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian 107.200 autonomo zenbatu zituen, pertsona fisiko bezala —sozietateetako kideak aintzat hartu gabe—. %77k gutxienekoa kotizatu zuten.
Egia da azken urteetan kopuru hori jaitsi egin dela, ezer baino gehiago, autonomoen batez besteko adina handituz joan delako —ia hirutik batek ditu 55 urtetik gora—. Kotizazio oinarriaren igoera batez ere laugarren tartean gertatu da: hala ere, autonomoen %10ek soilik ordaintzen dute Hego Euskal Herrian tarte hori, bi edo hiru aldiz gutxieneko kotizazio oinarria.
Jarduera eten duten edo fakturazioan %75eko murrizketa izan duten autonomoentzako prestazioen lehen ordainketa egin berria da. Mutualitateen datuen arabera, Hego Euskal Herrian laguntza hori eskatu dute 54.646 autonomok —sozietateetakoak ere barne daude—; hots, autonomo modura afiliatutakoen %29,9k. Aurkeztutako eskaeren %96,8 onartu dira, eta batez besteko prestazioa 763 eurokoa izan da.
Etorkizun beltza
Urruntze sozialerako neurrien eraginez, epe ertainerako are panorama gogorragoa dute aurrean sektore jakin batzuetako autonomoek; adibidez, turismoari, ekitaldi jendetsuei eta ostalaritzari lotutakoek. Sailkapenak egitea zaila da, dena den, kasu desberdin ugari izan baitaitezke.
Diru sarrera mailan ere lehendik oso egoera desberdinak zituzten autonomoek. Europan egindako azterketen arabera, diru sarrera handiak edo txikiak izaten dituzte euren kontura aritzen diren langileek; erdi mailako diru sarrera dituztenak, konparazioan, gutxiago dira. Eurostaten arabera, 2018. urtean autonomo ertain batek soldatapeko ertain batek baino %18 gutxiago irabazten zuen Europako Batasunean.
EBko autonomoen laurden bat menpekotasun ekonomikoko, autonomia txikiko eta finantza zaurgarritasuneko egoeran zeuden 2017an, eta, Eurostaten datuen arabera, langile autonomoek pobrezia eta bazterketa soziala pairatzeko probabilitate bikoitza dute.
ESPAINIAKO GOBERNUA
Prestazioa. Espainiako Gobernuak autonomoentzako ezarritako laguntza nagusia jarduera eteteagatiko prestazioa da. Negozioa itxi edota fakturazioan %75eko galerak izan dituzten autonomoek eska dezakete, alarma egoera amaitzen den hilabetea bukatu arteraino. Eskaera mutualitateen bitartez egin behar dute, edo zuzenean SEPEn, mutualitaterik ez duten autonomoek.
Baldintza nagusiak honako hauek dira: zorrik ez izatea Gizarte Segurantzarekin —edo hilabetean ordaintzea—; alarma egoera jakinarazi zenean, martxoaren 14an, Gizarte Segurantzan egotea autonomoen erregimenean, nekazarienean edo itsasoko langileenean; negozioa itxita edo galerak izatea. Galerak aitortzeko, kontu liburuak edo eta zinpeko deklarazio bat aurkeztu behar dituzte, eta jardueraren araberako fakturazioen batez bestekoa erabiliko da laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko. Orokorrean, azken urteko kotizazio oinarriaren %70ekoa da laguntza, baina zenbateko handiagoa dute seme-alabak beren kargu dituztenek. Laguntza jasotzen duen bitartean, langile autonomoak ez du kotizatuko, eta epe hori kotizatutzat joko diote. Martxoaren bigarren erdiagatik ordaindutako kuotak itzuli egingo dizkiete laguntza jaso duten autonomoei.
Kuoten atzerapena. Maiatzetik uztailera bitartean ordaindu beharreko kuotetan sei hilabeteko atzerapena eska diezaiokete langile autonomoek Gizarte Segurantzari. Hori bai, martxoko eta apirileko kuotak dagozkien hilabeteetan ordaindu beharko dituzte.
Hipoteken ordainketak geroratzea. Etxebizitzen hipoteka maileguen ordainketak atzeratzeko aukera izango dute langile autonomoek, baita beren jarduerari lotutako higiezinen gaineko maileguenak ere. Baldintzak: fakturazioan %40tik gorako galera izatea, luzapena eskatutako aurreko familiaren sarrerak 1.645 euroren azpikoak izatea (IPREM bider hiru), baina haurrak eta ezinduak dituzten familietan kopuru hori handiagoa izan daiteke.
Beste batzuk. Autonomoentzako laguntzen zerrendan badaude mailegu publikoen ordainketen atzerapena, baldintza malguko kredituentzako ICO bermeak eta gasaren zein argindarraren kontratuak egoera berrira egokitzeko baimena ere. Jarduera eteteko baldintzak betetzen dituzten autonomoek argindarrari lotutako bonu soziala eskatu ahalko dute, %25eko beherapena lortzeko.
FRANTZIAKO GOBERNUA
Elkartasun laguntza. 1.500 eurora irits daitekeen ordainketa bakar bat da. Hori jaso dezakete martxoan jarduera erabat eten duten autonomoek, eta aurreko urteko hilabete berarekiko (martxoan edo apirilean) fakturazioa erdia baino gehiago galdu dutenek.
Laguntza artisauentzat eta merkatarientzat. 1.250 euro jasoko dituzte automatikoki urtearen hasieran Gizarte Segurantzan egon eta martxoaren 15ean jardueran ziren artisauek eta merkatariek.
Zergak eta kotizazioak. Ordainketa berregokitzeko moduak ere eskaini dizkiete. Gainera, autonomoek arrisku eta gaixoaldiei lotutako gaixo baimenak izango dituzte. Beste laguntza batzuk ere badaude; esaterako, mailegu ordainketen berregituraketa, eta uraren, gasaren eta argindarraren fakturak egokitu ahal izatea.
EUSKO JAURLARITZA
Lanbideren laguntza. Alokairua eta Gizarte Segurantzaren kotizazioaren ordainketetarako laguntzak. Gehienez, 3.000 euro.
Likideziarako kreditu bermatuak. Elkargiren bidez kudeatutako kredituak. Sei hilabeteko egitura gastuetarako eta likidezia beharretarako finantzaketa.
Zergak. Arabak eta Bizkaiak urte hasierako PFEZaren ordainketa zatikatuak bertan behera utzi dituzte. Hiru aldundiek behin-ehinean eten egin dituzte hainbat tramite, eta zenbait ordainketa geroratu.
NAFARROAKO GOBERNUA
Ordainketa bat. Nafarroako Gobernuak 2.200 euroko ordainketa batekin lagunduko ditu jarduera eteteagatik prestazioa aitortu zaien autonomoei. Fakturazioa %30etik gora murriztu duten autonomoentzat ere beste ordainketa bat izango da, 700 eurokoa.
Zergak. 2020. urteko lehen bi hiruhilekoetako PFEZaren ordainketa bertan behera gelditu da autonomoentzat. Ogasunarekin zorrak ordaintzeko epeak luzatu dizkiete, zerga prozeduren tramiteak behin-behinean eten, eta BEZaren autolikidazioen aurkezpenak eta ordainketak atzeratu.