Enpresek eta autonomoek bihartik aurrera eskatu ahalko diote laguntza…

iru-sarrerarik gabe geratu diren autonomoek eta krisian sartu diren enpresek bihartik aurrera eskatu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak.
Osasun arrazoiengatik jarduna eten eta hilabetera Hegoaldeko enpresa asko lanera itzuli ziren, eta horietan handiena Michelin izan zen, Gasteizen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa): goizeko txandan hiru multzotan sartu ziren, ordu erdiz behin, denak batera egin beharrean. Bi lantegietan eremu komunak desinfektatzeko, garbitzeko eta egokitzeko prebentzio neurriak hartu zituzten. Era berean, prebentzio protokoloa langile guztiei eman eta azaldu zieten, eta langile bakoitzak norbera babesteko ekipo bat jaso zuen. Lantaldearen laurdena deituta zegoen atzoko —3.300 langileetatik 800 inguru, Gasteizen—, eta hilaren 20ra arte ez dituzte ekoizpen lerro gehienak irekiko, eta pixkanaka deituko dituzte langileak.
Ekoizpen txikiarekin ari dira beste enpresak batzuk ere. Irizar autobus ekoizleko langileek, adibidez, antzeko segurtasun neurriekin berrekin zioten Ormaiztegiko plantan (Gipuzkoa). Ekoizpen lerro bakarrarekin hasi dira, hilaren 20ra arte han ere.
Sidenorren (Basauri, Bizkaia) ere atzo hasi ziren, langile gutxirekin, dozena bat inguru. Bidalketen lerroa ireki du oraingoz, dagoeneko fabrikatuta dagoen materiala bezeroen esku uzteko. Altzairutegia hilaren 27an hasiko da ohiko martxan, eta langile batzordeak hurrengo astean espero du zuzendaritza eta lan ikuskaritzarekin biltzea. Batzordearen ustez, «fisikoki ezinezkoa da» ohi bezala jardutea eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako segurtasun baldintzak betetzea. 400 langile inguruk dihardute altzairutegiko txanda bakoitzean.
Siderurgia sektore osoa erdizka dabil, enpresa gehienak lan erregulazioan: Tubacexen, Tubos Reunidosen, Guardianen. Sestaoko ACBk (Bizkaia), adibidez, irekiera datarik ere ez du, eskarien jaitsiera dela eta. Enpresa horietako asko FVEM Bizkaiko Metalgintzako Federazioko kide dira, eta, haren datuen arabera, elkarteko kideen %25 itzuli ziren atzo lanera. Arcelor Mittalen Olaberriko eta Zumarragako (Gipuzkoa) plantetan, berriz, zerbitzu minimoetan ari dira.
Mondragon taldeko kooperatiben jarduera ere %20 eta %25 artekoa da, eta «zorrotz» betetzen ari dira «langileen osasuna bermatzeko segurtasun protokolo guztiak». Korporazioko iturriek adierazi dutenez, taldearen industria atalaren zati handi bat autogintzara bideratuta dago, eta arlo horretako lantegi gehienak oraindik itxita daude, Europan bereziki. Hala ere, espero dute datorren astean bezeroen eskaria berraktibatzea, industria jarduerak pixkanaka areagotzearekin batera. Azalpen horren eredu da Batz taldeak Igorren duen 700 langileko fabrika (Bizkaia): bi atal nagusi ditu, trokelgintza eta autoen osagaiak; aurrenekoa jardunaren ia %100ean itzuli zen, eta bigarrena, %10 inguruan.
Merkatua geldirik
Industria guneetan mugimendua nabari bazen ere, enpresa denek ezin izan zuten ireki. Itzuleran gakoa izaten ari da eskarien jaitsiera; askok ezin diote ekin esportazioek geldirik jarraitzen dutelako eta beste herrialdeetako lantegiak itxita daudelako. Egoera horretan daude, adibidez, Hego Euskal Herriko bi enpresa handienak: Iruñeko Volkswagen eta Gasteizko Mercedes. Lanera itzultzeko, «auto merkatuaren berpizkundearen zain» daude.
Volkswagenek ohar batean berretsi du hilaren 27an hasteko asmoa duela. Mercedesek egun berera atzeratu du itzulera; langileek behartu zuten itxiera, behar bezalako segurtasun neurririk ez zegoela argudiatuta —47 langilek eman dute positibo koronabirusaren proban—, eta, gaur egun, aldi baterako lan erregulazioan daude.
Gestamp, Bridgestone eta autogintzan ari diren beste enpresa handi batzuek ez dituzte oraindik ateak ireki, eta egoera horretan dago CAF ere. Tren egileak itxiak ditu Beasaingo eta Irungo (Gipuzkoa) plantak, hilaren 20ra arte, baina 44 langile ari dira zerbitzu minimoetan, presazko eskariei erantzuteko.
Eraikuntza, lanean
Obra publikoari dagokionez, AHT abiadura handiko trenaren lanei berrekin dietela azpimarratu zuen Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak. Lan horrek lehentasuna duela berresteko nahikoa zen Durangaldeko zatietara gerturatzea, hondeamakina eta kamioiak bete-betean ibili baitziren.
Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, jakinarazi du gauza bera egin dutela Bilboko hegoaldeko saihesbidearen errepideko lanetan, Ezkerraldeko etorkizuneko parke teknologikorako sarbideetan, Ondarroako pasabideetan, Artxandako tunelen hobekuntza obretan eta Bilboko autobus geltoki gaineko lanetan, besteak beste. Aldundiak azaldu duenez, itzulera progresiboa izango da lurraldeko beste obra publikoetan.
Donostiako metroaren saihesbideko lanetan ere ohiko erritmora itzuli ziren. Kasu honetan, baina, berrindartze bat izan zen, beharturiko etenaldian lanean ibili baitira, baina erritmo apalagoan. Amara eta Antigua auzoko hainbat bizilagunek tuneletan zarata entzun dutela salatu dute.
Herri lanez gain, etxebizitza eraikuntza asko aktibatu ziren, baita fatxaden zaharberritzeak ere. Igeltseroek etxebizitzetako bizilagunekin kontakturik ez dutenez, lan egiteko baimena dute.
LABek adierazi du kasu batzuetan —Sidenorren, adibidez— ez dutela «inolako planik» egin, eta tokian tokiko patronalek «aldebakartasunez erabakitako neurriak» ezarri dituztela. Beste kasu batzuetan —Michelinen esaterako—, sindikatu k nabarmendu du lanera itzultzeko «beharrik» ere ez zegoela, enpresak «stock nahikoa» baduelako bezeroen eskariei aurre egiteko.
Horren harira, LABek azaldu du patronalak «bizpahiru enpresa handi» erabili dituela «eredu moduan», prebentzio neurri «eredugarriak» ezartzen dituztela erakusteko, «babes mediatiko itzelarekin». Aldiz, azpimarratu du oso bestelakoa dela «enpresa gehienen» egoera, batez ere ertain eta txikietakoa. Horrekin bat datoz beste sindikatuak. CCOOk gogoratu du lantegi horietan eta eraikuntzan ere ezarri behar direla babes neurriak.
Horren harira, ELAk nabarmendu du sindikatuek ordezkaritzarik ez duten tokietan «ezinezkoa» dela oinarrizko prebentzio neurriak betetzen diren ala ez bermatzea, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak horretarako «baliabide nahikorik» ez dutelako. Eta beste behin kritikatu du Jaurlaritzak aurreko astean egindako protokoloa, sindikatuekin ez zuelako adostu. Hala, salatu du gobernuaren «obsesio bakarra» dela enpresak «nola edo hala» martxan jartzea, hori modu seguruan egiteko «baliabide eta konpromisorik» hartu gabe.
«Salaketarik ez»
Maria Jesus San Jose Lan sailburuak, berriz, azpimarratu du Lan Ikuskaritzak eta Osalanek ez dutela salaketarik jaso «orain arte», eta gogorarazi du enpresek «asteak» daramatzatela planak prestatzen, lanean berriz hasteko «berme guztiekin». San Josek haserrea agertu du sindikatuen kritikekin. «Ez badute nahi enpresek irekitzea, hala esan dezatela, baina ez dezatela susmorik bota guztion konpromisoaren inguruan».
Sailburuak beste behin defendatu du gutxieneko jarduera bat mantentzeko beharra, «merkatuen susperraldiaren aurrean prest egoteko». Haren ustez, «seinale positiboak» daude alde horretatik. «Asia aktibatzen ari da, eta gure erreferentzia diren herrialdeetan, Alemania kasurako, urratsak egiten ari dira».