Bizkaiak iaz baino % 14,8 gutxiago bildu du apirilera…
Bizkaiko Foru Aldundiak iaz baino % 14,8 gutxiago bildu du apirilera arte. 2020an, 2.457,6 milioi euro bildu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Zerga Itunduen bidez.
1989an sortu zuen Eusko Legebiltzarrak DSBEaren aurrekaria, gizarteratzeko gutxieneko errenta, beste diru sarrerarik ez zuten herritarrei gutxieneko errenta bat bermatzeko. Atzeraldi Handiak gogor jo zuen, eta 2015eko maiatzean 66.373 lagunek jaso zuten; baina azken urteetan kopurua jaitsi da, eta 2019 amaieran 52.455 ziren. Koronabirusaren krisiak, ordea, beharrak handitu ditu, eta apirilean 53.274 ziren, martxoan baino 883 gehiago.
1999an sortu zuen Nafarroak gizarteratzeko errenta, baina aurretik ere eman zituen laguntza batzuk besterik ez zutenei. Uxue Barkosen gobernuak 2016an bultzatutako azken erreformaren ondoren, errenta bermatua du izena, eta ia 16.000 lagun ari ziren jasotzen 2019 amaieran.
Artolazabalek azaldu duenez, hasieran Espainiako Gobernuaren asmoa zen gaur egun indarrean zeuden errenta autonomikoak osatzea, baina azken asteetan planteamendua aldatu du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak, eta orain kontrakoa da helburua: erkidegoek osatu ahal izatea Gizarte Segurantzak emango duena.
Errenta handiagoa
Madrilek artean ez du zehaztu zenbateko laguntza emango duen, ezta zer baldintza bete beharko dituzten errenta jasotzeko. Baina orain arte plazaratu diren kopuruak txikiagoak dira Hego Euskal Herrian ematen direnekin alderatuta, bizitzaren kostua, oro har, handiagoa baita hemen. Horrela, El Mundo egunkariak aurreratu zuen 462 euro jasoko zituela bakarrik bizi denak. EAEn, berriz, 694 eurokoa da gutxieneko saria, eta 637 eurokona, berriz, Nafarroan.
Jaso beharreko kopuruak handitzen dira familia unitatean kide gehiago badaude, eta handiagoak dira erretiratuen kasuan —lautik bat dira pentsio txikiak dituztenentzat—. Kopuru horiek, edonola ere, gehienezkoak dira; hau da, herritar batek 300 euroko diru sarrera badu ordu batzuk soilik lan egiten duelako, bere bizikidetza unitateari dagokion kopururaino osatzen diote sarrera administrazioek.
Kupo handiagoa
Espainiako Gobernuaren asmoa da gutxieneko errenta maiatzaren amaierako ministro kontseilu batean onartzea, eta ekainean ordaintzen hastea. «Oso epe estuak» iruditzen zaizkio horiek Artolazabali, gai konplexua dela argi erakutsi baitu nolako arazoak izan zituen Lanbidek haren kudeaketa hartu zuenean, Patxi Lopez lehendakari zenean. Gainera, aurretik zehaztu behar dute nola osatuko diren erkidegoen errentekin eta nork kudeatuko dituen.
Finantzaketaren auzia ere konpondu beharko dute Gasteizek eta Iruñeak Madrilekin. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuek ordaintzen dituzte Hegoaldeko errentak, baina aurrerantzean pisurik handiena Gizarte Segurantzaren aurrekontuak hartuko du bere gain. Horrek ekarriko du diru gutxiago jarri beharko dutela zuzenean Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Baina zeharka ere jarri beharko dute dirua; izan ere, Jaurlaritzaren kupoa eta Nafarroaren ekarpena handitu egingo dira, Espainiako Gobernuak aurrekontua handitu beharko baitu errenta hori ordaindu ahal izateko.
Laguntza horren 16.000 eskaera baino gehiago jaso ditu azken asteetan Lanbidek, baina horietatik 4.000 inguru errepikatuta daude. Ondorioz, Lanbide 12.418 eskabide aztertzen ari da; dena den, horietatik askok ez dute euro bakar bat ere jasoko, ez baitituzte betetzen Jaurlaritzak jarritako lau baldintzak: langilea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta egotea eta bertan bizitzea; negozioa hiru lurralde horietako batean edukitzea; koronabirusaren ondorioz etendako jardueran esklusiboki aritzea; eta jarduera egiteko beharrezkoa duen egoitzaren maizterra izatea. Beste baldintza bat ere balegoke: beste erakunde baten laguntza ez jaso izana; esaterako, foru aldundiek onartutakoak. «Jendeak aukeratu egin beharko du, laguntzak ez baitira bateragarriak». ohartarazi du Borja Belandia Lanbideko zuzendariak.
Artolazabalen arabera, azkenean laguntzak jasotzeko eskubidea duten «ia guztiek» jasoko dute laguntza. 7.000 lagun inguru izango dira, eta batez beste 2.500 euro jasoko dituzte.
Hasieran, hiru milioi euro jarri zituen Jaurlaritzak, eta asmoa zen eskaera egin eta baldintzak betetzen zituzten lehenengoen artean banatzea laguntza. Eskatzaileak bizkor aritu ziren, eta horrek eragin zuen Lanbideren webgunea erabat blokeatuta egotea. «Hutsak egin ditugu, eta barkamena eskatu dugu», onartu du Artolazabalek. Kopuru apalegia izan da huts horietako bat, eta, ondorioz, beste hamahiru milioi euro jarriko ditu gobernuak: hamasei milioi, guztira.
Kultura eta enpresa txikiak
Lanbidek beste laguntza programa bat zabaldu du, kultur arloko langileentzat. Asteartean ireki zuten eskaerak jasotzeko epea, eta bi astez iraungo du zabalik. Kopuru mugatua jarri du gobernuak, 2,5 milioi euro, eta iragarri du ez duela gehiago jarriko, «baliabideak mugatuak direlako», Belandiaren arabera. Uste du 2.000 lagunek jasoko dutela laguntza.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, berriz, hamabost milioi euro jarri ditu pandemiaren ondorioen eragin zuzena jasan duten ostalaritzako eta turismo sektoreko beste enpresa txikiak laguntzeko. Dirua erabili ahal izango dute lokalaren hipoteka edo alokairua ordaintzeko, krisi aurretik erositako produktu galgarriak finantzatzeko, eta saldu gabeko stocka konpentsatzeko. Sonia Perez sailburuak azaldu duenez, testua amaitzen ari dira, eta baliteke datorren asteko gobernu kontseiluan onartzea.
Fabrika ez dute gaur inauguratuko, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo esan zuen moduan, baina Aretxabaletako (Gipuzkoa) Mondragon Assemblyk denbora errekor batean Txinan egindako hiru makina lanean ari dira dagoeneko, proba fasea gaindituta. Denbora luze baterako kontratua egin du Bexenek Espainiako Gobernuarekin, eta haren hornitzaile izango da.
Soilik Etxebarrian ekoitziko diren maskara kopurua kontuan hartuta, Euskal Herria erreferentzia bihurtu da sektorean, Europa osoan. Baina esparruko eragile gehiago daude jada euskal enpresen artean. Gasteizko Grado Cerok Jundizko bere instalazioak egokitu ditu maskarak egiteko. Zazpi makina erosi ditu Txinan bi milioi euroko inbertsioa eginda, eta 42.000 maskara ekoitziko ditu orduero egun gutxi barru. Grado Cerok 85 langile ditu, eta hondeatzeko makinentzako osagaiak egiten ditu.
Ezin da ahantzi, bestalde, Zamudioko (Bizkaia) Sibol enpresa aspaldian ari dela maskarak ekoizten; bada, bere ekoizpena halako hiru egiten ari da pandemia dela eta. Babes handiko maskarak egiten ditu Bizkaiko Parke Teknologikoan. Iberiar penintsulan segurtasunik goreneko maskarak ekoizten dituen enpresa bakarra da, eta Europan bakarrenetakoa. Maskaraz gain, mota guztietako babes ekipamenduak eta sistemak garatzen ditu.
Sektoreko poloa
Euskal Herria maskaren sektoreko poloa bihurtzeko bidean da, beraz, hiru enpresak ekoizpen handia lortuko dutelako, eta ezin delako baztertu maskarak ekoizteko lerro gehiago zabalduko direla aurki. Aurretik esanda doa: koronabirusa amesgaiztorik okerrena da industriaren zatirik handienarentzat, ekoizpenerako eragin dituen arazo larriez gain, merkatu globalak moteldu edota erabat geldiarazi dituelako. Baina gutxi batzuek jakin dute egoera berrira moldatzen.
Jendez lepo zeuden terrazen argazkiak eta bideoak uretan eroritako pintura tanta bat bezala zabaldu ziren sakelako telefonoetan eta sare sozialetan. Konfinamendu neurrien leuntze prozesuko fase berriko lehen eguna zen astelehena, eta terraza batzuetan argi eta garbi urratu zuten mahaien artean gutxienez bi metro uzteko agindua. Atzo, berriz, egoera goitik behera aldatu zen; Bilbon, esaterako, udaltzainen presentzia handiagoa sumatu zen kaleetan. «Gaur goizean hiru aldiz pasatu dira dagoeneko, eta atzo [herenegun] arratsaldean ere hemendik igaro ziren», zioen atzo Plaza Barrian taberna duen ostalari batek.
Hiriburuetan pilatzen dira taberna terrazadun gehien, eta udal agintarien diskurtsoa erabat aldatu da egun gutxian. Iragan astean terrazen garrantziaz mintzatu ziren, baina atzo errietak iritsi ziren, jabeentzat zein bezeroentzat. «Oso arduratuta nago; bi metroko distantzia oinarrizko segurtasun araua da, eta isuna jarriko diogu betetzen ez duen orori», aurreratu zuen Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudel udalerrien elkarteko presidenteak. «Ez da unibertsitate master bat ikasi behar jakiteko gauza jakin batzuk ezin direla egin», gehitu zuen, haserre. Gasteizen, herenegun, 44 tabernak jarri zuten terraza. Bada, udaltzainek 22 ohartarazi zituzten, eta zazpiri salaketa jarri zieten. Lau salaketa jarri zituzten terraza baimenik ez izateagatik, bi ahal baino mahai gehiago erabiltzeagatik, eta bat lokalaren barruan zerbitzatzeagatik.
Udaltzainek, dena den, lan gutxiago izan zuten atzo, eta terraza guneetako giroa beste bat izan zen. Bilbon, eguraldiak txarrera egin izanak ez zituen hain erakargarri bilakatu, eta jabeek ere zorrotzago jardun zuten. Herenegun gehien zabaldu ziren irudietako bat Ledesma Bilboko kaleko goi aldeko tabernetako jende pilaketena izan zen. Atzo, baina, ez zuten ireki. Astelehenean itxi egin zituzten ateak, ezin zutelako jendea kontrolatu, eta oraingoz ez dute zabaltzeko asmorik. Kale berean negozioa ireki zuen Iñaki Burgok, Ledesma tabernako jabeak, eta lezioa ikasia zuen bezperatik. «Herenegun niri ez zidaten ezer esan, baina udaltzainek goizean argibideak eman dizkidate. Kalean izanda ere, nire negozioaren eremu fisikoan gertatzen dena nire erantzukizuna da». Hori dela eta, lokalaren mugak zinta itsasgarriz markatu zituen lurrean. Haren lokalean, dena den, ez zegoen ageriko arau hausterik.
Astelehenean, Bilboko udaltzainek ez zuten salaketarik jarri, Juan Mari Aburto alkatearen hitzetan «lehen eguna pedagogikoa eta informatiboa zelako». Epe hori, baina, atzo bukatu zen, isunena hasteko: «Osasun publikoa daukagu esku artean. Arauak bete egin behar dira. Zuhurtziaz, zorroztasunez eta erantzukizuna gure gain hartuz jokatzeko gai bagara, bigarren fasera pasatu ahal izango dugu; bestela, ez, eta damutuko zaigu». Zehazten hasita, Aburtok aipamena egin zien «beldurra galdu dutela dirudien gazte multzoei», baita «terrazetan modu arduragabean biltzen diren adinekoei» ere. Bilboko Udaleko EH Bilduren taldeak ohar bidez erantzun zion alkateari «arduratsu jokatzeko», eta «prebentzio eta pedagogia lanak egiteko» eskatu zion, isunetatik harago doazenak.
Zigor ekonomikoak
Baina zenbatekoak izan daitezke isunak? Eta nori jar dakizkioke? Jesus Bariain Iruñeko udaltzainen bozeramailea mintzatu zen garbien horretaz: «Bezeroek 600 eurora arteko isunak jaso ditzakete, eta tabernariek, 2.000ra artekoak. Araua behin baino gehiagotan hausten dutenek jasoko dituzte. Aurrenekoan ohartarazi egingo ditugu, eta bigarrenean, ohartarazi eta zigortu». Arautegia zorrotz aztertuta, ostalarientzako isunak 30.000 eurora artekoak izan daitezke, baina ez liekete utziko arauak hainbestetan hausten. Herenegun, Iruñeko tabernen %10ek egin zuten lan, eta lau tabernak jaso zituzten isunak jende kopuruaren muga gainditzeagatik.
Donostian, azkenik, udaltzainek 23 taberna ohartarazi zituzten astelehenean, eta bakarrari jarri zioten salaketa, lokalaren barruan zerbitzatzeagatik. Gaiak ekarritako soka luzeak alkate guztiak behartu zituen azalpenak ematera, eta Eneko Goia izan zen leunen mintzatu zena. Kudeatzeko «gairik zailenetako bat» dela iritzi dio, eta pedagogiarekin aski ez bada isunak jarri beharko dituztela. Halere, ez zuen orokortu nahi izan: «Herritarrek, oro har, ondo jokatzen dute, eta arauak errespetatzen dituzte. Hori gertatzen ez den kasu batzuk detektatu ditugu, baina salbuespenak dira».
Lehen fasean, ostalariek lizentziak aitortzen dizkien mahaien erdiak jar ditzakete bakarrik, eta bi metroko tartea utzi behar dute aulki batetik bestera. Horrek metro koadro gehiago okupatzera behartzen ditu, eta Goiak berretsi zuen prest dagoela ostalariei zoru zati handiagoa emateko. Alde horretatik, eta jende pilaketa posibleekin jarraituz, udalen erronka handietako bat jaiak dira, eta Goiak zehaztu zuen Aste Nagusiaren inguruan ez dagoela «ezer» erabakita: «Arazo handiak daudela badakigu, beraz, ahalik eta goizen hartu nahi genuke behin betiko erabakia».
Ipar Euskal Herrian, zain
Terrazena Hegoaldeko auzia da, Ipar Euskal Herrian ostalariek oraingoz ez baitute baimenik jarduerari ekiteko. Ondo bidean, itxialdiaren malgutzearen bigarren fasera hasi arte ezingo dute ireki. Atzerapausorik ez balego, ekainaren 2an sartuko lirateke fase horretan. Frantziako Gobernuak, dena den, oraindik ez du oso argi zehaztu zein arau aplikatuko dituen irekierarako. Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak neurri posible batzuk aipatu zituen duela bi aste: metro bateko gutxieneko tartea mahaien artean, asko jota zortzi pertsona elkartu ahal izatea mahai berean, eta zerbitzariek ordu erdian behin garbitu behar izatea eskuak. Neurri horiekin, ziurtzat jotzen da ostatuek zerbitzua barnean eman ahal izango dutela.
Segurtasun Sailak debekatu egin du etxean hamar lagun elkartzea. Zer deritzozu horri?
Segurtasun Sailaren irizpideek legezkotasun pritzipioa urratzen dute. Debeku hori urratzen duenari zigor prozedurak irekiko dizkiotela jakinarazi dute, baina isun horiek jartzeko oinarri juridikoa ez dago inon jasota. Legearen kontra ari dira jokatzen. Gainera, Segurtasun Sailaren irizpide hori ez dator bat EAEko aldizkari ofizialean jasotakoarekin. Ertzaintzaren irizpide hutsak lege bihurtu nahi ditu Jaurlaritzak, baina ez dira lege, ez dituztelako beharrezko baldintzak eta prozedurak betetzen lege izateko. Finean, arazoa da Segurtasun Sailaren irizpide bati lege izaera eman nahi diotela, eta hori oso arriskutsua da.
Hortaz, lege ikuspegi batetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoaan posible da etxean hamar lagun elkartzea?
Dekretuan jasota dagoenari kasu eginda, etxean eta kalean hamar lagun elkartu ahal dira. Osasun Ministerioaren dekretua eta Lehendakaritzaren dekretua osagarriak dira puntu horretan.
Hori horrela izanik, Akab taldekoek asmorik duzue auzibiderik abiatzeko?
Auzibideren bat abiatu dezakegun aztertzen ari gara, baina oso zaila da. Abiatu den dinamika oso gaiztoa da. Guk argi dugu zein den legearen interpretazio egokia, eta ez gara interpretazio hori egin duten bakarrak. Badakigu beste abokatu batzuek ere iritzi bera dutela, eta Gasteizko Udaltzaingoak, adibidez, legearen interpretazio berbera egin duela; hau da, hamar laguneko bilerak egin daitezke kalean, betiere segurtasun neurriak errespetatzen badira. Baina jendearen artean zalantzak eta segurtasunik eza dira nagusi. Poliziak, gainera, jendea identifikatuko du, ekinbideak irekiko ditu, zigor prozedurak abiatuko ditu… Badakigu azkenean epaileek arrazoia emango digutela, baina bitartean gizartea ez dago prest kostu hori guztia bere gain hartzeko, logikoa denez.
Herritarren artean ezinegona zabaldu dela sumatu duzue?
Obedientzia beldurraren bitartez lortzen ari dira, nahiz eta justu kontrakoa den egin beharrekoa. Segurtasun Sailetik bidaltzen ari diren mezua kontraesanezkoa da. Euren irizpideak justifikatzeko, esaten dute terrazetan errazagoa dela kontrol neurriak ezartzea, baina argi dago kalean ere kontrola bermatzeko gai direla, orain arte horrela egin baitute. Oso logika arriskutsua erabiltzen ari dira.
Zer dago honen guztiaren atzean?
Batetik, egoera honetan egon daitezkeen protestak pixkanaka-pixkanaka baldintzatuz joan nahi dute. Bestetik, jendearen artean beldurra zabaldu nahi dute. Gu argi ikusten ari gara jendeak oso barneratuta daukala beldur hori.
Alarma egoerarekin batera autoritarismorako joera zabaldu al da?
Bai, dudarik gabe. Zigor prozedurak martxan jarri dituzte, eta hasi dira isunak iristen hainbat etxetara, nahiz eta bitartean prozedura administratiboak geldirik dauden oraindik. Oinarrizko eskubideen aurkako salaketak jartzeko aukera badugu, baina jendea nekatuta dago, eta, orokorrean, nahiago du isuna ordaintzea eta dena ahaztea. Hau da, lortu dute jendearengan beldurra eta segurtasunik eza eragitea. Ziurgabetasun juridikorik ezaren ondorioz, handitu egin da Poliziaren zigorgabetasuna, eta, inpunitate hori handitu den neurri berean, autoritarismoa hazi egin da. Egoera itogarri batean gaude, eta, gizartean beldurra zabalduz doan heinean, herritarrek gero eta jarrera indibidualistagoa dute.
Ardogileak zeruari begira izaten dira, sarri, ekaitz batek mahastia hondatuko duen beldurrez. Ez da trumoi burrunbaz iritsi, isilean baizik, baina beste sektoreetan bezala, kinka larrian jarri du ardogintza koronabirusaren ekaitz neurrigabeak. Inoiz baino gehiago hemengo kontsumitzailearen beharra azpimarratu dute BERRIArekin hitz egindako upategiek, jatorri izenek eta bestelako eragileek. Laguntza dei etsia da haien mezu nagusia: «Hemengo ardoa kontsumitu, itotzen ari gara eta».
«Salmentak erabat erori dira, ostalaritzaren itxialdiak bete-betean jo gaituelako. Ez dira bakarrik hemengo tabernak eta jatetxeak; mundu osoan gertatu da geldialdia, eta esportazioetan etenaldia eduki dugu, era berean». Bakioko (Bizkaia) Doniene Gorrondona txakolin upategiko arduradun Ixiar Insaustik aho bilorik gabe azaldu du muturreko egoera. «Ez da ahaztu behar gu lehen sektoreko langileak garela, aldi berean, eta lanean jarraitzen dugula, mahastia zaintzen, uzta prestatzen».
Ardoaren sektoreak laguntzak jasoko ditu, era batera edo bestera. Har daitezkeen neurrien artean dago mahats kopuru jakinak biltzeari uztea, betiere mahats horri prezio bat jarrita. Merkatua erabat ez haustea eragotziko luke horrek beharbada, botila gehiegi salgai jarriz gero, prezioak amildu egingo baitira, upategi txikien errentagarritasunaren muga igaroz. Itxiera bene-benetako aukera da batzuentzat. «Jatorri izenari eta Jaurlaritzari dagokie uzta murriztearekin lotutako proposamenak egitea, baina mahatsa lurrera botatzea ere lan bat da. Guk ez dugu ikusten halakorik, benetan», dio Insaustik.
Turismoaren zain
Ostalaritzaren bidez ez da ardoa saldu aspaldian, eta tarte handi baterako ez da espero tabernak eta jatetxeak soluziobide eraginkor bat izatea. Upategian bertan saltzea da askorentzat biderik onena, eta, horretarako, bisitaldiak antolatzen dituzte; baina hori guztia ere geldirik dago, eta zaila ematen du martxan jartzea berriro luze gabe. «Salmenta kanal guztiak lantzen ari gara; etxean kontsumitzeko ohitura txikia dago Euskal Herrian, eta etxerako salmentak igotakoak ez du orekatzen ostalaritzan galdutakoa». Inoiz baino argiago ikusiko da orain hemengo produktuak kontsumitzea oso garrantzitsua dela Euskal Herriko ekoizleentzat, eta ardoa ez da salbuespen izango. «Uste dut ez dela ikusten hain argi ardoen atalean», azaldu du Insaustik; «euskal industria oso bat dago sektorean, eta kontsumitzeko garaian ez dut sumatzen hemengoaren aldeko sentsibilitate hori. Argi dago sektoreak aurrera egin dezan gakoa dela guk geurea kontsumitzea, janariekin bezala, baita edariekin ere».
Baina oraintxeko egoera da salmenta bide nagusiak itxi egin direla: ostalaritza, upategiko bertako salmenta eta esportazioak. «Ez da ezer saltzen, salbuespenak salbuespen», esan du Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri izeneko idazkariak. «Saltokietan ateratzen denak ez du inolaz ere konpentsatzen galdutakoa. Abendutik martxora saldu da zerbait, eta hortik aurrera ia ezer ez. Eta ez dago saldutako guztia kobraturik, gainera». Mozok beste aldagai bat sartu du soluzio zaileko ariketan: «Guretzat oinarrizkoa da turismoa. Kanpotik etortzen direnek hemengo produktuak probatzen dituzte, eta erosi gehienetan; bada, hori bukatu da, eta ikusi egin behar da uda honetan zein neurritan egongo den turismoa». Kanpoko bisitariekin itxaropen apur bat badute upategiek. «Kezka izugarria dugu sektorean: Gerta dakiguke upategiak ez hustea abendurako, uzta berriari lekua egin beharko diogunerako».
Naturaren zikloa aurrera
Hori baita beste arazo handia. Mahastiak aurrera jarraitzen du koronabirusarekin zer gertatzen den jakin beharrik gabe. Irailerako uzta berria biltzeko egongo da. «Hiru milioi litrotik gora ekoizten dugu sor-markaren barruan, eta, hemengo produktuak erosteko sentsibilitatea handituz gero ere, ez da nahikoa izango produkzioari erantzuteko», ohartarazi du Mozok. «AEBak, Japonia eta Frantzia dira gure esportazioen helmuga nagusiak, eta hori ere eten egin da. Batzuen batzuek saldu dute kanpora, alarma egoera zela ere, baina bitxikeria baizik ez da izan. Ostalaritza eta turismoa dira gure esperantza; ea udan apaldu ditzakegun galerak hein batean, upategi batzuk ez baitaude egoerari aurre egiteko moduan».
Nafarroan ez dago kezka apalagorik. Nafarroa sor-markako upategi txikiak erantzuteko gaitasunik gabe gelditu dira. Horrela kontatu du Lezaun upategiko Edorta Lezaun bazkideak. «Goitik behera aldatu zaigu egoera. Upategietarako bisitak, jatetxea, merkatu txikiak… horiek dira gure salmenta bideak, eta denak itxi dira. Landetxeak, ardoaren turismoa… ekosistema horretan dauka lekua gure negozio ereduak, eta oraintxe ez da bideragarria». Internet bidez eta saltoki handietan ohi baino gehiago saltzen ari dela onartu du Lezaunek, baina kontsolamendu txikia da. «Asko igo dira, bai, baina ez jasaten ari garen galera orekatzeko moduan. Barne turismoaren aukera hor egon daiteke uda partean, baina ikusteko dago zein neurritan aktibatuko den». Esportazioen eta hemengo salmenten arteko harremana ere izan du hizpide: «Asko hitz egiten da ardoaren esportazioari buruz: Honolulun ere saltzen dela ematen du; bada, dena erori da. Inoiz baino argiago dago hemengo kontsumoa behar dugula, elikadura burujabetza behar-beharrezkoa dugula, eta Euskal Herrian ez dugu horrelakorik. Krisi honek gure gaitasunari buruzko hausnarketa sakon bat eragin beharko luke».
Ardoak, oro har, ostalaritzarekiko mendekotasun handia duela esplikatu du Nafarroa jatorri izeneko presidenteak, David Palaciosek. «Mahastiaren zikloa aurrera doa, eta aurten, gainera, uzta handia aurreikusten dugu; bilketa pare bat aste aurreratua dator». Tabernek martxan jarri dituzte terrazak, baina oraindik ez dago jarduera handirik. «Zain gaude ostalaritza abiatzen ote den, baina bakarrik ziurgabetasuna dago oraintxe. Horregatik, neurriak hartu behar dira, eta lehenbailehen». Neurri horien artean egon daitezke ardoa konfinatzea, alegia, ardo kantitate bat merkatura ez ateratzeko laguntzak jasotzea. Eta mahatsa biltzeari uzteko laguntzak ere bai. «Ardo soberakina eragotzi behar da, batez ere urteko ardoaren kasuan. Hark bere kontsumo epea dauka, eta merkatua ardo uholde batez estaliz gero, prezioak gehiegi jaitsiko dira, eta negozioak ez dira bideragarri izango».
Toloño magalaren koloreak
Estatuaren laguntzak espero ditu Palaciosek. «Ikusteko dago, ordea, zein neurritakoak diren, baina jakin beharko genuke jada, mahastiak era batera edo bestera kudeatzeko. Honek guztiak aurrean eraman gaitu. Ez geunden prestaturik, eta litekeena da upategi batzuek ezin eustea».
Arabako Errioxan atsekabez ikusten ari dira di-da batean gal dezaketela «ardoari duen balioa emateko urte askoan egindako lana». Juan Luis Cañas ardogilearen hitzak esanguratsuak dira: «Ikusiko bazenu zein politak dauden mahastiak, zer kolore hartu duten gereziondoek… eta auto alerik ez errepideetan. Ematen du ez gaudela hemen». Luis Cañas eta Amaren ardoen jabeak argi dauka ekoizpenaren %85 baizik ez duela baimendu behar Errioxa sor-markak aurten. «Eutsi egin behar diogu orain. Balio erantsi izugarria eman diogu gure ardoari azken hamar urteotan, eta kontsumitzaileari ulertarazi diogu horrek prezio jakin bat duela. Ezin gara hasi orain lehiatzen ardoa botilatu baino egiten ez dutenekin».
Cañasek uste du esportazioa flotagailu izango dela. «Atzerrira saltzen dutenak hobeto aterako dira, nahiz eta orain esportazioak asko jaitsi diren. Barne merkatuko ostalaritzarentzat aritzen direnek oso gaizki pasatuko dute», iragarri du. Bisitaldiak antolatzeko desiratzen dago, bestalde. «Hori da gure gozamena: egiten duguna erakustea, kontsumitzaileari aurrez aurre esplikatzea zergatik den gure ardoa geurea».
Samaniegotik Bastidara kilometro gutxi daude. Tierra upategiko jabe Carlos Fernandezek mezu argia bota du handik: «Ez gara ohartzen ari zer datorkigun. Hamar urte gal ditzakegu berehala, eta bidean hilotzak geratuko dira». Ezkor dago ardogileek duten egoera dela eta: «Talde handiek prezioa merkatuko dute, etsi-etsian. Hemengo kontsumitzaileari esan behar diogu inoiz baino gehiago pentsatzeko zer ardo erosten ari den. Hemen, Euskadiko ardoa dugu, goi kalitateko Errioxa, eta ehunka lanpostu daude jokoan». BEZa jaistea eta bestelako laguntzak «ezinbestekoak» jotzen ditu. «Mahatsaren prezioa amildu egingo da, eta negozio eredua kinka larrian dago oraintxe. Uzta aurrera doa, eta agian pagatu beharko diet biltzaileei ardoarekin, zer dakit nik!».