Eskolara bueltatzeko erabakia zentroen esku utzi izana salatu dute…
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi duelako maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseak hastea edo ez.
Hego Euskal Herriko ostatuek atzo berreskuratu zuten bezeroak euren negozioetan hartzeko eskubidea, baina kanpoaldeko terrazetan bakarrik. Zazpikaleetan, esaterako, bakarrak ireki zuen Unamuno plazan, baina gaur gehiago izango dira, eta lauk Plaza Barrian. Ledesman ere bost tabernak jarri zituzten mahaiak. Terrazaz beteta egoten den erdiguneko kale bat da hori, eta arazoak izan zituzten bazkalorduan. Haietako hiruk itxi behar izan zuten, segurtasun distantziak mantentzeko arazoengatik.
Dena den, oro har denek bete zituzten administrazioak ezarritako neurri zorrotzak, garbiketa mailakoak bereziki. Beste kontu bat izan ziren terrazetatik kanpo kontsumitzearen debekua —bankuetan…—, edo aulkien arteko gutxieneko distantzia. Batetik bestera bi metro utzi behar dira, eta plazetatik kanpoko terrazetan bezero gehienak gertuago zeuden. Halakoak eragozteko behartu dituzte dagozkien mahaien erdiak bakarrik jartzera.
Neurriak neurri, baina, goizez behintzat, eta eguraldiak lagundu zuen bitartean, ez zen falta izan gose edo egarri zen bezerorik, eta ostatuek lan pixka bat egin zuten. «Baina honekin ez dugu irabaziko, asko jota gutxiago galduko dugu. Egunak nola doazen ikustean erabakiko dugu nola jarraitu. Ez dugu epe motz eta ertainerako aurreikuspenik. Beldur pixka batez eta errespetu handiz hasi gara, baina berriz ekin behar zitzaion jardunari». Azalpena Yolanda Solisena da, Gure Toki Plaza Barriko tabernaren jabeetako batena.
Tabernariek ondo pentsatu behar izan dute lehen fasean ireki ala ez. Neurri horiekin ez da erraza kontuak garbi ateratzea, eta, horregatik, itxita zeuden Bilboko taberna askok «Horrela ez» zioten afixak jarri zituzten euren pertsianetan. Izan ere, estatistikoki oso gutxi izan ziren lozorrotik atzo esnatu ziren negozioak, Bilboko hiriburuan terraza jartzeko 1.185 lizentzia baitaude.
Ireki zutenetako bat Yolanda Ruiz izan zen. 19 urte daramatza Plaza Barriko Urdiña taberna gobernatzen. «Gastu finkoak hor daude, eta haiei aurre egiteko ireki dut. Hilabete luzeak izan dira, eta diru sarrerak behar ditugu». Kafeak atera zituen batez ere, ez zelako ausartu jatekorik egiten. Ez zekien pintxorik zerbitzatu zitzakeen edo bakarrik etxera eramateko moduan jar daitezkeen. «Oraindik neurri asko argitzeke daude».
Irekita zeuden negozio guztietako beste bereizgarri bat izan zen jabeak lanean ikustea. Solistarrak, esaterako. «Hiru anai-arrebok ireki dugu. Autonomoak gara, eta, gutaz gain, hamar zerbitzari ditugu erregulazioan, eta oraingoz ezin diegu deitu. Zalantza asko daude». Ez zen bakarra, tabernari guztiek nabarmendu zuten ez dela urte normala izango, ezta astea ere, eta ezin zuten ziurtatu bihar eta etzi irekiko duten.
Harrera elektronikoa
Hotel eta pentsioentzat ere lehen eguna zen atzokoa, eta Bilbon pare batek ireki zuten: Ercilla hotelak eta H30 pentsioak. Jaurlaritzak larunbatean esan zuen mugikortasun neurri zorrotzak direla-eta langileak bakarrik har ditzaketela. H30k, esaterako, Arabatik joaniko langileen bi erreserba baino ez ditu aste honetarako. Ostatuetan, gainera, jantokiak eta beste gune komunak itxi egin behar dira.
H30k ez du arazo hori; ez du jantokirik, giltza jasotze eta uzte sistema makina baten bitartez egiten du, eta garbitzaileak ez dira gurutzatzen bezeroekin. «Kontrol neurrietara oso ondo egokitzen den negozio eredu bat da, baina, hala ere, guztioi kostako zaigu krisi honi buelta ematea. Pentsa, apirilean eta maiatzean %95etik gorako okupazioa genuen, eta, orain, ekainerako erreserba batzuk baino ez. Urtea galduta dago, 2021a dugu buruan», azaldu du Ruben Arrizabalaga kudeatzaileak.
Potsdam Deco altzari dendan, ordenagailuari begira dago Juan Frauca. Konfinamenduan, ateak itxita lan egin du, inbentarioak kudeatzen eta webgunea eguneratzen. «Internet bidezko salmentaren prozesua azkartzeko balio izan digu». Horri esker, bezeroekin harremanetan jarri da, eta aurreko astean ordua emanda salmentari ekin zion. Kolpea handia izan da. «Ondo zihoan, baina martxoan, konfinamendua ezarri aurretik, apaldu egin zen mugimendua, beldurrez». Ia bi hilabete geroago, normalean fakturatu ohi zuenaren %10-20 inguru darama aurten.
«Oraintxe bertan likidazioan gaude. Hartua genuen erabakia, baina egoerak azken ukitua eman digu», erantzun du, irmo, Buenas Noches koltxoi dendako arduradun Alvaro San Julianek. Ironikoki, konfinamenduak likidazioa azkartu baino gehiago moteldu egin du, maiatzerako dena saldua nahi baitzuen, eta orain denbora beharko du. Zergatiaz galdetuta, argi du joera aldatzen ari dela. «Kontsumoa ez da lehengoa. Etortzen dira eta galdetzen dute; koltxoiez daukadan ezagutzaz baliatzen dira, baina Internet bidez erosten dute gero». Egungo egoerak dena hankaz gora utziko duelakoan dago.
Patxi Ruiz Rex erloju dendako arduraduna iritzi berekoa da. Haren irudiko, konfinamenduak «bizkortu» egin du sarean erosteko joera. «Jendeak denbora izan du, eta adinekoek ere ikasi egin dute Internet bidez erosten. Amazon, Alibaba eta erraldoi horiek saldu eta saldu ibili dira, baina apenas ordaintzen duten zergarik». Seurreko banatzaile batek esan dio Eguberrietan baino %30 lan gehiago dutela. Herritarren sen onari dei egin dio Ruizek, baita erakundeei ere. «Saltoki txikiak babestu ezean, desagertu egingo dira, eta Iruñea hustu egingo da».
Apur bat baikorrago dago Belen Zia, Cia tindategiko arduraduna, nahiz eta zuhur mintzatu. Lehen egunean, bezeroak etorri zaizkio, baina denboraldiaren zati handi bat galdu duelakoan dago. Normalean, negua amaitutakoan arropa garbitzera joan ohi zaizkio bezeroak, eta ez daki lan horretatik zenbat berreskuratuko duen.
Gertu, Tivoli 2 zapata dendako Ramon Lordari antzera gertatu ohi zaio. Udaberria denboraldi ona izan ohi da zapatak erosteko, eta, «apirilean eguraldi ona egin duenez», kezkati dago galdutako aukeragatik. Beste urte batekin alderatuta, lehen bost hilabeteotan %20-30 galdu duela uste du.
Segurtasun neurriak
Saltokietan garbitasun neurriak gogortu dituzte, baina arropa dendetan are ageriago egiten da. Fabiola Azkona Siethe dendako arduradunak maskara darama jantzita, eta babes pantaila eskuan. Mahaiak kendu eta hidrogelak jarri dituzte. «Pozarren nago, bezero bat etorri eta erosketa on bat egin duelako. Ondo legoke hala jarraituko balu».
El Roperio dendan, Monica Mateok segurtasuna jarri du egoera berriaren ardatz. Maskara jartzera eta eskuak garbitzera derrigortzen du. Bezeroek probatzen duten arropa oro, zaku batean sartu eta ozonoa isurtzen duen makina txiki batekin desinfektatzen du, ordu erdiz. Erabiltzen den bakoitzean garbitzen du probalekua, eta haraino doan bezeroari zapatak garbitzen dizkio: «Hona datorrenak erostera etorri behar du. Ez du balio probatzera soilik natorrela esatea. Jendea kontzientziatuta dago». Egoerak bezeroekin tratua estutzera behartu du: «Iragan astean, ordua emanda aritu nintzen, eta batek esan zidan nahiago zuela horrela, lasai beretzat soilik nengoelako».
Beste saltzaile batzuk, oraingoz, nahiago dute denda itxi. Agustin Agirre, Agustin Aguirre tailerreko arduraduna, garbiketa lanetan dabil. Margoak, beirak eta harribitxiak egiten ditu, eta datorren astean irekiko du. 61 urte ditu, eta kezkatuta dago eritasunak dituen arriskuekin. Bitartean, Facebook, Instagram eta sare sozial bidez ari da saltzen.
Zerga sistema berritzeko proposamen bat helarazi die LABek Nafarroako Gobernuari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak atzo azaldu zuen, agerraldi telematikoan.
Salbuespenezko egoeran egonik, LABek uste du derrigorrezkoa dela salbuespenezko neurriak hartzea. «Funts publikoetan inbertsio handia egin behar da, behar beste baliabide bideratuz. Ekoizpen eta enplegu ehunaren suntsipena geldiarazteko eta, ondoren, bata zein bestea suspertzen laguntzeko, sektore publikoak esku hartu behar du, eta kostu handia ekarriko die finantza publikoei».
LABek uste du gaur egungo sistema salbuespen horretarako prest ez dagoela. Hiru arazo nagusi ikusten dizkie Hego Euskal Herrian indarrean dauden lau zerga sistemei. Batetik, diru gutxi biltzen dutela. Haren datuen arabera, Europako Batasunean %39,2 da zerga presioa —zergek BPG barne produktu gordinean duen pisua—, eta Hego Euskal Herrian %30,9ra baizik ez da heltzen. Frantziak du zerga presiorik handiena —BPGaren %46,5—, eta Irlandak gutxien —%22,6—. Espainian bertan handiagoa da presioa Hegoaldean baino, %34,7 hain zuzen ere. «Hortaz, tarte zabala dago zergen biltze gaitasuna handitzeko, eta, modu horretan, laguntzak eta izaera soziala duten zerbitzu publikoen eraginkortasuna indartzeko».
«Langileen bizkar»
Bigarrenik, «langileen bizkar» dago zerga presioa, errenta zergan eta BEZan oinarritzen baita: «Foru ogasunek biltzen dituzten ehun euroko, euskal familiek 75 euro baino gehiago ematen dituzte», nabarmendu du LABek. Horiei gehi dakieke zerga berezietatik datorren %11, hau da, erregaiaren, alkoholaren eta tabakoaren gaineko zergetatik bildutakoa. «BEZak bezala, eragin erregresiboa dute, familia pobreenak neurri handiagoan zigortzen dituelako».
Azkenik, zerga iruzur eta zerga ihes handia dagoela salatu du.
Arazo horiek ikusita, sistema berri baterako lau ardatz dituen proposamen bat aurkeztu du Aranburuk. Lehenik, eskatu du aberastasunaren gaineko zerga bat sortzeko, gaur egungo ondare zerga oso eskasa dela uste duelako. LABen datuen arabera, zerga hobarien ondorioz, ondare zergaren %58 ez dute jasotzen aldundiek, eta %51 Nafarroak. Aitortu du nazioartean halako zerga bati buruzko koordinazioa behar dela, aberatsenek paradisu fiskaletara eta zerga oso txikiko eremuetara jo ez dezaten.
Bigarrenik, uste du PFEZ errenta zerga «berriz diseinatu» behar dela, «azken urteetan galdu duen progresibitatea berreskuratzeko». Aranburuk gogorarazi duenez, 2007ko erreformaren ondoren zerga tasa desberdinak dituzte lanaren eta kapitalaren errentek, azken horien mesedetan: lanaren errentek %23 eta %49 arteko tasa ordaintzen dute EAEn, eta %13 eta %52 artean Nafarroan; kapitalaren etekinek, berriz, %20 eta %26 artean. Ondorioz, errenta zergaren bilketaren %85 inguru laneko errentetatik dator.
Sozietate zerga ere «egokitu» nahi du sindikatuak, tasak igota eta gaur egun enpresek baliatzen dituzten zerga kenkariak gutxituta. Azken horiei esker, irabazien %25,3 zergetan ordaindu beharrean, %18,9 ordaindu zuten 2017an.
Zerga iruzurraren eta paradisu fiskalen aurkako borroka areagotzeko ere eskatu du LABek.
«Mugimendu taktikoa»
LAB ez da zerga sistema aldatzea proposatu duen lehena. Joan den ostiralean, Confebaskek proposatu zuen sozietate eta errenta zergak igotzea, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko duen zorra ordaintzeko. Patronalaren arabera, proposamena «herrialdearekiko eta pertsonekiko konpromiso zintzo bati dagokio, jabetuta ahaleginek krisia ondoen jasaten ari direnen bizkar egon behar dutela, enpleguak eta mozkinak mantentzen dituztenen eta errentarik handienen bizkar».
Proposamenaren xehetasunak falta zaizkion arren, Aranburuk ziurtatu du «tranpatia» dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarte nagusiak plazaratutakoa.
Batetik, denbora mugatu baterako zerga igoera da, «eta sistemaren egiturazko aldaketa behar dugu». Bestetik, LABek ez du ahaztu «EAJ-Confebask bikoteak zer jarrera izan duen krisian, enpresa handien interesen mesedetan, eta pertsonen bizitza erdigunean jarri gabe». Horregatik, patronalarena «mugimendu takti- ko bat» iruditu zaio Aranbururi.