Michelinek lau hilabeteko lan-erregulazioa ezarri nahi du Gasteizen eta…
Michelinek aldi baterako lan-erregulazio plana ezarri nahi du bere lantegi guztietan, Gasteizko eta Lasarteko zentroak barne, maiatzaren 18tik irailaren 15era.
Udaberriko iragarpen makroekonomikoak berritu zituen atzo Europako Batzordeak. «Depresio handiaz geroztik ikusi gabeko kolpe ekonomiko bat jasaten ari da Europa», aitortu zuen Paolo Gentiloni EBko Ekonomia komisarioak. Eurogune osoan %7,7 txikituko da aurten barne produktu gordina, eta %6,3 handituko da 2021ean.
Kopuru horiek, ordea, soilik balioko dute baldin eta urtean zehar ez bada beste konfinamendu masiborik ezarri behar COVID-19ari aurre egiteko. Gaixotasuna berriz zabalduz gero, beste %3 bat txikitu daiteke ekonomia. «Atzeraldi sakonago eta luzeago baten arriskua oso erreala da».
Atzeraldiaren sakontasuna eta suspertzearen sendotasuna desberdinak izango direla onartu du Gentilonik, eta hiru faktore aipatu ditu horretarako: konfinamenduak kentzeko abiadura, turismoaren garrantzia, eta herrialde bakoitzaren finantza baliabideak. Hirurak ala hirurak dira batez ere hegoaldeko estatu kideei kalte egiten dieten faktoreak, eta horiek azal dezakete Bruselak aurreikuspen okerrenak Mediterraneo ingurukoentzat egin izana. Batzordearen iragarpena betetzen bada, Greziak BPGaren %9,7 galduko luke aurten, Italiak %9,5, Espainiak %9,4, Kroaziak %9,1, eta Frantziak %8,2.
Leuntze fase motelagoak
Italia, Espainia eta Frantzia oso gogor jo ditu koronabirusak, eta neurririk zorrotzenak haiek ezarri dituzte, Erromak eta Madrilek nagusiki. Iparraldekoek baino leuntze fase motelagoak ere iragarri dituzte, gaitza berriro indartzeko beldur handia baitute.
Grezian, berriz, koronabirusaren giza kaltea besteetan baino nabarmen txikiagoa izan da, besteak beste, gobernuak nahiko bizkor jokatu zuelako auzoei sortzen ari zitzaien arazoa ikusita. Datu ofizialen arabera, 146 hildako izan ditu, eta 25.000tik gora beste mediterraneoek. Baina Greziak jasango ditu gehien beste herrialdeetako konfinamenduaren albo kalteak, hark baitu turismoaren menpekotasunik handiena. Gainera, ahul dabil oraindik ekonomia, aurreko krisitik erabat atera gabe harrapatu baitu koronabirusaren krisiak. Kroaziak ere atzerriko turismoaren menpekotasun handia du.
Turismoak ematen dituen lanpostu asko galduta, Greziaren langabezia tasa %19,9ra irits daitekeela uste du Batzordeak. Baina ez da hura izango enplegu galera handiena izango duena; ohore hori Espainiari dagokio, enpleguaren behin-behinekotasun tasa handiaren ondorioz. Bruselaren iragarpenak betez gero, 4,8 puntu igoko da aurten langabezia, %18,9ra. Italian, BPGa gehiago erorita, 1,8 puntu igoko da (%11,8ra); Frantzian, 1,6 puntu, %10,1era.
Suspertzearen V itxura
BPGaren atzeraldia oso handia izango da Europa iparraldean eta erdialdean ere, baina ez hainbestekoa. Alemanian %6,4 txikituko da, Suedian %6,1, Austrian %5,5, eta Polonian %4,3.
V moduko krisi bat espero du oraingoz Europako Batzordeak, hau da, aurtengo eroriko handiaren ondoren suspertze bizkor bat etorriko dela datorren urtean, nahiz eta ez den galdutako guztia berreskuratuko. Eurogunerako, esaterako, 2021erako %6,3ko hazkundea iragarri du —bi urtean 1,4 puntuko galera—.
Baina V horrek itxura desberdina izango du herrialde batzuetatik bestera: V gutxi gorabehera perfektu bat izan daiteke Polonian (-0,2) eta Alemanian (-0,6), aurten galdutakoaren zatirik handiena datorren urtean berreskuratuko baitute. Baina V-aren bigarren makila etzanagoa izango dute hegoaldeko herrialdeek: hiru puntu galduko ditu Italiak, 2,4 Espainiak, eta 1,6 Greziak. Azken talde horretan izango dira Herbehereak ere, 2021aren amaieran BPGa 2019 amaieran baino 1,8 puntu txikiagoa izango baita EBren iragarpenak betez gero.
Bi abiadurako atzeraldiarekin kezkatuta dagoela onartu du Europako Batzordeak. «Batzuen eta besteen arteko desberdintasunak arriskutsuak dira barne merkatuarentzat eta eurogunearentzat», azaldu du Gentilonik.
Krisiaren kolpea arintzeko eta behar gehien duten herrialdeak laguntzeko plan bat aurkeztu behar zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, baina aurkezpena aste batzuk atzeratu dute. EBren aurrekontua erabiltzeko baimena eman zuten gobernuek, baina ez daude ados laguntza hori banatzeko moduei buruz: maileguak nahi dituzte iparraldeko herrialdeek, eta diru transferentzia zuzenak hegoaldekoek, haien finantza publiko ahulak zailagoa egiten ari direlako jarduera ekonomikoari eusteko laguntza publikoak ematea.
Transferentziak izango direla esan du Gentilonik, baina epe luzera itzultzeko maileguak ere tresna baliagarriak direla.
Lehendakariak azpimarratu duenez, «eusteko garaia» da, «behar handiena duten familiei laguntzeko unea, eta ahalik eta enplegu gehien mantentzen saiatzeko unea». Utzitako bideari «berriz ekiteko» eta azken asteetako joera «iraultzeko», uste du beharrezkoa izango dela «batasuna» izatea eragile ekonomikoen artean eta «egonkortasuna» erakundeetan, ekonomia eta enplegua «bermeekin» suspertu ahal izateko «hurrengo legegintzaldi osoan». Hala, eragile horiei proposatu die enplegu eta suspertze ekonomikorako plan bat egitea, «momentura egokitua eta etorkizunera bideratua» egongo dena.
Urkulluk EAEko Mahai Sozioekonomikoaren bileran egin zituen adierazpenok, atzo. Han izan ziren zenbait sailburu eta hiru foru aldundietako ordezkariak, sindikatuetakoak, patronaletakoak, merkataritza ganberetakoak eta Mondragon Taldekoak, besteak beste.
Lehendakariaren ustez, koronabirusaren krisiak arrasto latza utziko du ekonomian. Espero du urtebeteko epean pandemiaren aurreko mailara itzultzea jarduera, baina ohartarazi du horrez gain beste bi urte beharko direla galdutako enplegua berreskuratzeko eta langabezia tasa %10etik behera kokatzeko.
Urkulluk epe motz-ertainari begirako aurreikuspen ezkorra egin du. Azpimarratu du «oso litekeena» dela hurrengo bi hiruhilekoetan galtzea «azkenengo zazpi urtetan irabazitakoa». 2013ko martxoan, Lanbiden 179.000 pertsona baino gehiago zeuden langabezian (%15), eta, azken datuen arabera, 138.000 daude (%13) —2019 amaieran, %9,6—. Lanik gabe daudenen artean, 21.404k (%15) lanpostua galdu dute azkenengo sei asteetan. «Espero zen datua da hori, baina, edonola ere, negatiboa da», adierazi du Urkulluk.
Giharra eta beharrak
Lehendakariak uste du euskal erakundeak 2008ko krisian baino hobeto daudela, kontuak «onbideratuta» dauzkatela, eta hiru lurraldeek oinarri industrialeko ekonomia sare lehiakorra dutela. Horrek «giharra eta krisiari aurre egiteko gaitasuna» eskaintzen duela adierazi du, baina ohartarazi du susperraldiaren bidea «zailtasunez beteta» egongo dela. Hala, haren ustez, etorkizunera begirako «trantsizioak» hiru sektoretan oinarritu beharko luke: teknologiko-digitalean, energia berdean, eta gizarte eta osasun arloetan.
Horri begira eta beharrezkoak izango diren beste inbertsio batzuei aurre egin ahal izateko, baina, erakundeen defizit eta zor baldintzak malgutzea ezinbestekoa izango dela uste du Urkulluk. Horiek Espainiako Gobernuarekin negoziatu beharko ditu berriz Jaurlaritzak; bozen ondoren osatuko den gobernuak, alegia.
Egun, 10.000 milioi euro ingurukoa da gobernuaren zorra —%12,6ko pisua du hiru lurraldeen BPGan—. Espainiako Gobernuarekin adostuta zeukan %11,8 ez gainditzea aurten, baina Madrilek derrigor handitu beharko ditu zor eta defizit mugak, koronabirusaren krisiak eraginda. Jaurlaritzaren helburua zen defizitik gabe amaitzea aurten eta horren bidez koska bat jatea zorrari. Baina, oraingoz, aurreikusi baino 800 milioi gehiago erabili behar izan ditu osasun gastuetarako eta bestelako laguntzetarako. Horri gehitu egin behar zaio krisia dela-eta zerga bidez jasotzeari utziko diona: 2.000 milioi euro inguru.
Lehendakariarekin izandako bileratik zalantza ugarirekin irten dira sindikatuak, eta haren jarrera kritikatu dute; salatu dute aurrez komunikabideen bidez jakinarazitako asmoak azaltzera mugatu dela, eta beren proposamenei ez diela erantzun. Besteak beste, eskatu dute langileen osasuna bermatzeko, zerbitzu publikoetan murrizketarik ez egiteko, gizarte laguntzen sistema zabal bat ezartzeko, eta herritarren osasunaren eta zaintzarekin lotutako jarduera batzuen pribatizazioa eteteko eta horiek publiko egiteko.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ELAk esan du «elkarrizketarako eta negoziaziorako prest» dagoela, baina eduki «errealen» inguruan aritzeko, eta horiek finantzatuko dituen konpromisoarekin. LABen arabera, bileran argi geratu da Jaurlaritzak ez duela plan bat partekatu nahi, eta enpresarien elkarteen neurriak «inposatu» nahi dituela. CCOOk «epe luzera begirako eztabaidak» hasteko beharra nabarmendu du. UGT izan da Urkulluk aipatutako enplegu plan berriari buruz mintzatu den sindikatu bakarra: elkarrizketak «berehala» abiatzeko prest azaldu da.
Kolpea handia da —Atzeraldi Handian ez zen gertatu halako txikiziorik bi hilabetean—, baina are bortitzagoa izango zen baldin eta enpresa gehienek ez balute jo enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenetara itxialdiak jarduera ekonomikoa geratu zuenean.
Gizarte Segurantzaren datuen arabera, apirilaren 30ean 187.737 langile zeuden aldi baterako erregulazioan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Horrek esan nahiko luke milaka langilek jada utzi diotela erregulazioan egoteari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren azken datuek diote 188.000 langileri eragin diotela orain arteko erregulazioek, eta Nafarroak 50.000tik gora direla jakinarazi zuen joan den astean.
Datuen larritasuna ezkutatzeko saiorik ez dute egin gizarte eragileek. «Espero zenez, oso egoera ekonomiko eta sozial gogorraren aurrean gaude», azaldu du Mari Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilariak. «Benetan kezkagarria», Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiaren hitzetan. Azken horrek onartu du Lanbideren tresnak eta prozedurak berrikusi beharko dituztela, «gainera datorkigun errealitatera egokitzeko». Arazo bat nabarmendu du Belandiak: 5.555 langabek oinarrizko hezkuntza baizik ez dute. Gaineratu duenez, apirilean 883 lagun handitu zen DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea zutenen kopurua.
ELAk «enplegua babesteko bermeak» eskatu ditu, eta neurri sozialak, langile kaltetuak defendatzeko. Antzeko bidetik jo du LABek ere: «Zailtasun bereziko une hauetan, garrantzitsua da susperraldiari ekiteko oinarriak ezartzea, inor atzean utzi gabe, bidea itxiz prekaritateari, azpienpleguari eta murrizketa sozialei». CCOOk, berriz, gogorarazi du martxoaren amaieraz geroztik arrazoi objektiboengatik kaleratzea zaila dutela enpresek, eta behin-behineko kontratuen «gehiegikeriek» ekarri dutela, hortaz, langabe kopurua handitzea.
Confebaskeko Pablo Martinek, berriz, «oso negatibotzat» jo ditu zenbakiak. «Maiatzerako ez ditugu datu onak espero, baina espero dugu erorikoaren zatirik handiena jada gertatu izana».
Langabe kopuruaren igoera pixka bat mantsotu da apirilean, martxoan baino 857 gutxiago batu baitira Lanbidera eta Nafar Lansarera. Lautik hiru zerbitzuetakoak dira, eta %13 baizik ez industriakoak. Horrekin uler daiteke industriako enpresek gehiago jo dutela aldi baterako erregulazioetara, debekuak bertan behera gelditzean aurreko jarduerara itzultzen saiatzeko itxaropena zutelako. Industria izan da, berez, konfinamenduak iraun duen zazpi asteetan gutxieneko jarduera bati eutsi ahal izan dion sektore nagusi bakarra, eta hura izan da aurrena bizitza normalago batera itzultzen. Edonola ere, oro har eskariak lehortu edo gutxitu egin zaizkio euskal industriari, eta horrek eragin handia izango du hurrengo hilabeteetako enpleguaren datuetan.
Zerbitzuetan, berriz, berehalakoa izan da kaltea, ostalaritzan eta merkataritzan batez ere. Zerbitzuetan emakumeek pisu handia dutenez, pentsatzekoa zen andrazkoen artean langabezia gehiago haziko zela gizonen artean baino, baina SEPEren datuek ez dute halakorik erakusten. Sexu batekoen zein bestekoen langabezia tasek 2,2 puntu egin dute gora azken bi hilabeteetan —%15,5era emakumeena, %11,5era gizonena—. Are gehiago, otsailean langabeen %57 ziren andrazkoak, eta orain %55 dira.
Enplegu aldetik krisia gutxien antzeman duen sektorea lehenengoa da. Uzta batzuk biltzeko garaia denez, Araban eta Nafarroan eskulana hartu behar izan dute, eta antxoaren kosteraren hasierak kotizatzaileak gehitu ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko itsasertzeko herrietan.
Aldi baterako erregulazioak errazteak eta egoera horretan geratzen diren langile guztiei prestazioa ziurtatzeak arindu egin du langabeziaren handitzea. Efektu hori bera izan du Espainiako Gobernuak autonomoentzako onartutako langabezia sari bereziak. Hura jasotzeko baldintzen artean zegoen Gizarte Segurantzan jarraitzea —berez, kotizazioa ordaindutzat jotzen da—, eta, horren ondorioz, langile autonomo gutxik utzi dute sistema. Martxotik apirilera, batez beste, 1.397 izan dira, hau da, autonomoen %0,6 bakarrik.
Zenbaki osoetan eta proportzionalki askoz eroriko handiagoa izan da etxeko langileen artean. Apirilean 1.846 langilek utzi diote Gizarte Segurantzaren atal horretan kotizatzeari, beharginen %5ek. Etxeko langileentzat ere propio sortutako subsidioa sortu du Madrilgo gobernuak: atzodanik eska dezakete lanik gabe geratu direnek eta etxe batzuetako zerbitzua galdu dutenek.
Lana galdu dutenen estaldura zein den jakiteko, denbora beharko da, datuak hilabete beranduago iritsi ohi baitira. Martxoan, langabeen %31,2k jaso zuten prestazio arrunta. Langabeen zerrendan ez agertu arren, prestazioa dagokie erregulazioan daudenei.