Jaurlaritzak hogei milioiko Renove plan bat onartu du, kontsumoa…
Diru laguntza horien berri eman zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak, EAEko Mahai Sozioekonomikoan. Foro horretan daude gobernuko hainbat sailburu, hiru foru aldundiak, UGT eta CCOO sindikatuak, patronalak eta merkataritza ganberak, besteak beste. Aurreneko bi bileretan parte hartu ostean, ELAk eta LABek ez jarraitzea erabaki zuten, izaera «propagandistikoa» duela iritzita. Zuzenean aipatu ez zituen arren, bi sindikatu horien eta beste eragile batzuen jarrera kritikatu zuen Urkulluk. «Egin behar dugun bidean eragileak egongo dira konpromisoa hartu eta gurdiari tira egingo diotenak eta beste batzuk gurpiletan makilak jarriko dituztenak. Euskal gizartea heldua eta jakintsua da, eta bakoitza bere lekuan jarriko du».
Bileran, lehendakariak aitortu zuenez, egoera ez da erraza, «eta ez da izango». Gogoratu zuen foru ogasunek %20 inguruko jaitsiera aurreikusi dutela aurtengo zerga bilketan, eta ohartarazi zuen horrek behartuko dituela Jaurlaritza eta gainerako instituzio guztiak euren aurrekontuak berrikustera.
Soldata osagarri bat
Aldi baterako enplegu erregulazioez ere mintzatu zen Urkullu. Adierazi zuen Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu diola espediente horiek ekainaren 30az haratago luzatzeko, sektoreen beharrak aintzat hartuz, eta horien tramitazioa «errazteko».
Era berean, adierazi zuen Jaurlaritza prest dagoela egoera horretan dauden eta soldata txikia duten langileei osagarriak emateko, «Alemaniako ereduari jarraikiz». Horretarako, baina, «beste aldeak» ere —Espainiako Gobernua eta enpresaburuak— konprometitu behar direla uste du. Horren harira, lehendakariak azpimarratu zuen Madrilek baduela horretarako aukera, Bruselak gisa horretako laguntzak finantzatzeko sortu duen funtsean —Sure izenekoan— parte hartuko duelako. Gaur egun, ordainsari horiek gehienez soldataren %70 dira, 1.412 euroko mugarekin, baina lanaldiarekiko proportzionalak dira.
Bileraren amaiera eginiko adierazpenetan, lehendakariak lan erregulazioei buruz eginiko proposamena eskertu zuten CCOOk eta UGTk; dena den, gogoratu zuten Espainiako Elkarrizketa Sozialaren Mahaian lanean ari direla gai horren inguruan, hango gobernuarekin eta patronalekin batera. Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak, berriz, adierazi zuen Jaurlaritzak enpresentzako eta autonomoentzako maileguak —1.000 milioi euro ingururenak— «motz» geratu direla, eta horiek gehitzeko eskatu zion.