Esportazioak %22 jaitsi dira
Aurtengo martxoko esportazio datuak iazkoarekin konparatuta, %22 jaitsi dira: 520 milioi gutxiago. Inportazioei dagokienez, %14,2 jaitsi dira: 257 milioi gutxiago.
Atzo ezagutarazi zituzten datuok Espainiako Industria Ministerioak eta Eustatek. Esportazioen kasuan, jaitsierarik handiena autogintzak izan du, eta bereziki Nafarroan: iazko martxoan baino %71,6 gutxiago saldu da kanpoan. Alarma egoera dela-eta ezarritako neurriengatik, sektoreko lantegi askok itxi behar izan zuten martxoko bigarren hamabostaldian.
Hori izan zen Volkswagenek Iruñean duen plantaren kasua. Baita Mercedesek Gasteizen duenarena ere. Araban, sektore horretan %44,8 jaitsi dira salmentak. Beste lurraldeetan ez dago auto ekoizlerik, baina ibilgailuentzako osagaiek industria sektore garrantzitsuena osatzen dute. Hego Euskal Herriko esportazioetan ere berebiziko garrantzia du: BPG barne produktu gordinaren %25 inguru esportatzen dute.
Energiarena da beste sektore garrantzitsu bat esportazioetan; Bizkaian, bereziki: %60,6 jaitsi dira petrolio olio findegien esportazioak, eta %22,1 autogintzarekin loturikoak. Gipuzkoak nabaritu du gutxien esportazioen jaitsiera (%16,6), eta bereziki trenen sektorean izan duen hazkundeagatik izan da hori: % 7,8 handitu ditu salmentak iazko martxokoekin alderatuta.
Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak batez ere Europako Batasuneko (EB) herrialdeetara egin dira: %59,4. Nafarroan pisu handiagoa izan dute Europatik kanpora egindakoek. Iazko martxoko datuekin konparatuta, EBra egindakoak %50,8 jaitsi ziren —%39ko pisua dute guztira—, eta gehitu egin dira Amerikara (%146) eta Asiara (%40,6) egindakoak.