Michelinek partzialki amaitutzat eman du lan-erregulazioa Gasteizko fabrikan

Michelinek partzialki amaitutzat eman du lan-erregulazioa Gasteizko fabrikan, lan gehiago sartu delako. Hortaz, behargin gehienak lanera itzuliko dira.
Askok uste dute hidrogenoa bide egokia izan daitekeela elektrifikatzeko zailak diren alorrak deskarbonizatzeko; hala deritzo, besteak beste, Europako Batzordeak. Baina hori bakarrik ez, atzo Batzordeak aurkeztutako Hidrogenoaren Estrategiak hainbat jomuga lortu nahi ditu aldi berean. Mix energetikoa dibertsifikatzea, atzerriko energia iturriekiko mendekotasuna murriztea, industria astunari eustea… Frans Timmermas Batzordeko lehendakariordeak eta Kadri Simson Energia komisarioak berriz azpimarratu dute, hidrogenoa Itun Berdearen «funtsezko pieza» dela. Hidrogenoaren Aliantza ere aurkeztu du Batzordeak. Baterien Aliantzaren eredu berekoa, Hidrogenoaren Aliantzak proiektu zehatzak sustatu eta finantzatuko ditu.
Helburuak
Europan, oraintxe, deskarbonizazioaren helburu nagusia 2050. urterako da; urte horretan Batasunak karbono neutraltasuna iritsi behar du, hori da Itun Berdearen goiburua. Ordurako, gaur aurkeztutako estrategiaren arabera, «hidrogeno berriztagarriaren inguruko teknologiek heldutasunera iritsita izan beharko lukete, eta maila handian lanean ibili, deskarbonizatzeko zailak diren sektoreetan».
Aurretik beste bi fase leudeke. Lehen urratsean, lau urteren buruan egungo hidrogeno ekoizpena deskarbonizatu nahi du Batzordeak, eta hidrogeno «garbiaren» beste aplikazioak sustatu. 2024rako, hidrogeno berriztagarrirako sei gigawatt elektrolizagailu egon beharko lirateke instalatuta —gaur egun, gigawatt bakarra dago instalatua Europan—; hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenak milioi bat tonatik gorakoa izan beharko luke.
2025etik 2030ra artean, elektrolizagailuen kapazitateak 40 gigawattekoa izan beharko luke eta ekoizpenak hamar milioi tonatik gorakoa. Ordurako, Batzordearen ustez, hidrogenoa erabiliko dute besteak beste, altzairugintzan, kamioietan, trenetan eta itsas garraioan.
Hazkundea, lehiakortasuna eta enpleguak
Oraindik ere, kostu aldetik, hidrogeno berriztagarria ezin da lehiatu iturri fosilekin lortutako hidrogenoarekin. Baina elektrolizagailuen kostua %60 txikitu da azken hamar urteetan, eta 2030. urtean gaurko prezioaren erdian salduko dira. Tokian argindar berriztagarri asko badago, hidrogeno berde hori bestearekin lehiatzeko moduan izango da 2030. urte horretan.
Batzordearen estrategiak aurreikusten du 2050. urterako hidrogeno berriztagarrian 180.000-470.000 milioi euroko inbertsioa pilatuko dela, eta balio kate osoan milioi bat enplegu izango direla. 2050 urterako «hidrogeno garbiak» munduaren energia eskariaren %24 beteko luke, eta hidrogeno salerosketak munduan 630.000 milioi eurorenak lirateke.
Europaren lidergoa
Eta hidrogeno berdearen nazioarteko salerosketa horiek eurotan egingo balira, orain petrolioarenak dolarretan egiten diren moduan? Gurari horri buruzko aipamenik ez da izan estrategiaren aurkezpenean, baina gaia ageri zen aurretik isilpean zabaldu diren zirriborroetan. Baterien lasterketan AEBen eta Txinaren atzetik gelditu den Europak lidergoa berreskuratzeko aukera bat ikusten du hidrogeno berdean.
Eta apustu hori jokatu nahi du, besteak beste, Europa gaur egun oso lehiakorra delako hidrogeno ekoizpenean. Europan landu dira gehien hidrogenorekin zerikusia duten teknologiak (elektrolizagailuak, karga geltokiak, erregai pilak…).
Hidrogeno berdean aitzindaritza hartzeak, gainera, Europari erraztu egin diezaioke «energia bazkidetzak» berriz diseinatzea beste herrialde eta zonaldeekin. Eta energia iturrien dibertsifikazioa eta hornikuntza ziurtatzeko ere balioko dio.
Azkenik, giltzarriak diren sektoreei Europan eutsi ahal izateko ere baliagarria izan daiteke —eta hidrogenoaren marketina egiteko ere—. Frans Timmermansek «altzairu berdea» aipatu du aurkezpenean, eta azaldu hidrogeno berdeak klima aldaketaren kontrako borrokarekin bateragarriak den isurketa gutxiko altzairu ekoizpena ahalbidetuko duela.
Merkatua sortzea
Europan kontsumitzen den energiaren %1aren azpitik hartzen du gaur egun hidrogenoak, eta, batez, ere lehengai gisa erabiltzen da kimikan industrian. Kadri Simsonen arabera, orain merkatua sortu behar da, eskaintzaren eta eskaintzaren aldetik. Ildo horretan, proiektu zehatzak sustatu eta finantzatzeko tresna Hidrogenoaren Aliantza izango da.
Hidrogeno berriztagarriaren prezioak garrantzi berezia izango du haren merkatua garatzeko orduan. Gaur egun, hidrogenoak 2,5-5,5 euro balio du kilogramoko.
Gasa eta kolorerik gabeko estrategia
Azken asteetan, Hidrogenoaren Estrategiaren bizpahiru zirriborro zabaldu dira isilpean, eta ikusi da Batzordeak kontu handia zuela zenbait izendapenekin: sektorean kolore desberdinak erabiltzen dira hidrogenoaren ekoizpenak bereizteko: hidrogeno berdea, urdina, grisa… Estrategia aurkeztu berriak ez ditu koloreak erabili; hidrogeno berriztagarria, hidrogeno garbia, karbono isuri txikiko hidrogenoa… aipatzen ditu.
Izan ere, Europako Batzordearen ustez, trantsizio bat izango da, eta hor gas naturalarekin sortutako hidrogenoa ere bultzatu beharko da, besteak beste, «merkatua sortu behar delako». Hidrogeno hori ekoiztean isuritako CO2a lurperatu egingo litzateke.
Energia lobbyen indarra
CO2 isuriak harrapatzeko eta lurperatzeko teknologiak, hala ere, oraindik urrun daudela uste dute gobernuz kanpoko zenbait erakundek, eta Europaren estrategiak gasarekin ekoitzitako hidrogenoa sustatzea energia talde handien lobby-ek egindako presioaren ondorioa dela, haiei atea zabalik uzten zaiela. Corporate Europe erakundeak aste honetan argitaratutakoaren arabera, Europako Itun Berdea aurkeztu eta hurrengo 100 egunetan itun horren arduradunek 151 bilera egin dituzte energia sektoreko enpresekin eta elkarteekin, 11 bilera astero. Eta horiek bilera ofizialak dira, gardentasun arauen arabera soilik maila goreneko arduradunak daudelako bilera horien berri ematera.
Altzairugintzan hidrogenoa berdea erabiltzeak burdinaren eta altzairuaren karbono aztarna dezente murriztuko luke. Labeak berotzeko argindarra hidrogeno berdetik hartzea izan daiteke modu bat (kokea ordezkatuz), eta aztertzen ari dira erredukziorako ere baliagarria izan daitekeen. Kimika industriaren eta zementugintzaren deskarbonizaziorako ere balio dezakeen begiratzen ari dira.
Itsas garraioaren isurketak murrizteko ere erabil daiteke hidrogeno berdea, hura beste zenbait osagairekin nahasita erregai sintetikoak ekoitzi baitaitezke; amoniakoa eta metanola, batez ere.
Aire garraioa da deskarbonizatzeko zail ikusten den beste sektore bat; hegazkin elektrikoak urrun ikusten direla, kerosenoa ordezkatzea ez da horren erraza, baina badaude proiektuak antzeko erregai sintetikoren bat (e-kerosenoa) ekoizteko.
Ibilgailu astunak. Kamioi, autobus, garabi eta halakoen isurketak murrizteko bide bat hidrogenozko erregai pilak izan daitezkeela ere pentsatu da. Dena den, denak ez daude ados horretan, uste dute bateria elektrikoak nahikoa izango direla horretarako, eta alferrikakoa dela argindarra gas bihurtzea gero hura atzera argindar bihurtzeko.
Argudio horren aurkakoek, berriz, diote hidrogeno berde hori ekoizteko argindarra oso merkea izango dela, argindar eskaera txikiko eta ekoizpen handiko garaietan sobran egongo den argindarra baliatu ahalko dela.
Gamesako 239 langileek grebari ekin zioten atzo, enpresarekin egin beharreko negoziaketak hastearekin bat. Urduritasun handiko hilabetea datorkie, hori baita negoziazio epea. Horrelako prozesuen lehen bilerak formalismoak eta egutegiak zehazteko izaten dira. Dena den, enpresaren aldetik ez zen berritasunik egon, eta ixteko asmoari eusten dio. Haren argudioak itxieraren berri eman zueneko berak dira: planta ez dela errentagarria, itsas portu gertuenetik urrun dagoela eta Agoitzen ekiten diren palek —132 metrokoak— ez dutela etorkizunik.
Langile batzordean, hala ere, ez daude ados. Sindikatu guztiak bat eginda negoziatzen ari dira —ELAk sei ordezkari ditu; LABek lau, UGTk bi eta CCOOk bakarra—, eta denek dute garbi ez dagoela ixteko arrazoi objektiborik. «Deslokalizazio kasu garbi bat da hau. Portugalera badoaz, han eskulana merkeagoa delako da», salatu zuen Baltasar Garcia UGT sindikatuko ordezkariak. Puy Remirez ELA sindikatuko industriako arduradunak antzeko argudioak plazaratu zituen. «Hemen egiten diren palek badute merkatua, zerbaitegatik jarraituko dute horiek ekoizten Tangerren [Maroko]».
Sindikatuek enpresa politikari egozten diote erabakia; «are gehiago, kontuan izanda duela lau egun langileei esan zietela 2021era arteko lan karga zegoela», azaldu zuen Garciak. Haren ustez, langileek «erakunde publikoek nahi dutena» lortuko dute: «Galdera hurrengoa da, zer egingo du Nafarroakoa Gobernuak hau eragozteko, minduta eta harritua dagoela esateaz gain? Gamesak nahi duena argi dago, lau euro ordaindu eta denak etxera joatea».
Erakunde publikoen inplikazioa eskatu zuten, baina Remirezek gogoratu zuen Gamesak diru laguntzak jaso zituela Agoitzen egoteagatik, eta horregatik argi dutela itxiera espedientea «atzera botatzea» dela euren eskaintza bakarra: «Ez dago ixteko legezko arrazoirik». Hilaren 16an izango dute negoziazio egutegiko bigarren bilera, eta, bezperan, Maria Txibite Nafarroako presidentearekin bilduko dira. Aurretik, zenbait alderdi politikotako ordezkariekin ere egongo dira, baita Nafarroako arartekoarekin ere.
Enpresak arrazoi teknikoak eman ditu itxiera arrazoitzeko, baina sindikatuek ere badituzte beraienak. «Fabrika duela gutxi ireki zuten, 11 urte baino ez, eta energia berriztagarrien moduko sektore estrategiko bat bultzatzeko asmoz», argudiatu zuen ELAko ordezkariak. Sindikatuek ez dute ulertzen mota horretako azpiegitura moderno batek nola galdu duen bere eraginkortasuna hain epe motzean. «Inbertsio bat eginez gero, fabrika hau egokitu daiteke pala handiagoak egiteko. Tokia badago».
Langile batzordea enpresari laguntzeko prest dago, baina gogoratu zuen 2019an bikoiztu egin zituela langile kopurua eta ekoitzitako pala kopurua. Ia 400 langile ere izan zituen, eta iragan astean kontratua bukatu zitzaien behin-behinean zeuden hirurogei langileei. Langile batzordeko kideen kopurua zazpitik hamahirura igaro zen.
Manifestaziora etzi
Gamesako langileek ez dute gora begira gelditzeko asmorik, eta mobilizazioak antolatu dituzte Iruñean. Atzo, autoen karabana bat egin zuten erdiko kaleetatik, eta manifestazioa antolatu dute etziko. 18:00etan hasi, eta autobus geltoki zaharretik irtengo da. «Hiritar guztiek agertu beharko lukete, ez baita fabrika bakar bat, baizik eta atzean duen esanahia. Siemens sartu zenetik, Gamesa apurka joaten ari da Nafarroatik, eta gizarteak horren berri izan behar du», nabarmendu zuen Garciak. Izan ere, presio soziala erabakigarria izan daitekeela uste du: «Negoziazioa oso gogorra izango da, eta litekeena da legezko epe guztiak agortzea».
Zuen lanaren ondorio nagusia da araudi aldaketek eragina izan dutela Espainiako eta Hego Euskal Herriko argindarraren prezioan, baina ez hainbeste aldaketengatik, baizik eta haiek sor ditzaketen ziurtasun gabeziengatik. Nola iritsi zarete ondorio horretara? Zer gertatu zen?
1998an Europaren aginduz Espainiako argindar merkatua liberalizatu zenean, gauzak ez ziren ondo egin. Hainbat ikerketa egin ziren eta egin genituen, ikusteko ez zela merkatu lehiakorra, gutxi batzuk zeudelako lehian. Gero, argindar merkatu bateraturanzko asmoetan, zeina oraindik osatzeko prozesuan dagoen, 2007an Europatik eskualdeko merkatuak bultzatu ziren, eta Espainiak eta Portugalek MIBEL merkatu bakarra eratu zuten.Urte horretan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak berriztagarrientzako laguntzak sortu zituen, zuzenean sorkuntza laguntzeko.
Instalazioak laguntzeaz gain, sortutako megawatt-ordu bakoitza ere laguntzen zen. Berriztagarrietako argindar hori 0 euroan saltzen zenez, argindarraren prezioa dezente jaitsi zen, eta 2010ean argindarra merkeagoa zen Espainian Frantzian baino. Ideia ona zen, baina zenbat eta berriztagarri gehiago, ekoitzitako megawatt-ordu gehiago lagundu behar ziren, eta une batean argindar merkeagoak jada ez zuen konpentsatzen laguntzen gastua; ordurako, haize errotek ez zuten laguntzarik behar. Baina dirua ematen jarraitzen zen, eta tarifa defizita izugarri hazi zen, inork espero baino gehiago. Eta Espainian gastu hori herritarrek fakturetan ordaindu behar zuten, eta ez zihoan gobernuaren aurrekontuetatik. Defizita hainbeste handitu zen, hura fakturan mantentzea sozialki eramanezina bihurtu baitzen, eta zati handiena titulizatutako zor bihurtu zen, zeina gobernuak ordaintzen duen, —eta kontsumitzaileek euren fakturaren zati batean—.
Mariano Rajoy iritsi zenean, laguntzak bertan behera utziko zituela esan zuen, araudi berria ezarriko zuela. Baina araudi berri horrek bi urte behar izan zituen iristeko, 2011. urtetik 2013ra; enpresak kontra zituen, auzibideak zabaldu ziren, berriztagarrietarako inbertsioetarako baldintzak zein izango ziren ez zegoen batere argi. Dena airean, ziurgabetasunak oso aldakor bihurtu zituen prezioak. Teknika ekonometrikoak erabiliz neurtu dugu hori, bi urte horietan izan zela aldakortasuna, ez aurreko bi urteetan, ez 2013az geroztik.
Prezioen aldakortasun hori herritarren fakturan igarri zen.
Aldakortasuna handia zen, baina gorabehera horiek sekula ez ziren kontsumitzaileen mesedetan; faktura ez zen txikitu: horretarako, denbora luzez izan behar dute txikiak handizkako merkatuko prezioek.
Aldakortasunak, gainera, izango zuen eraginik berriztagarri gehiago ezartzeko inbertsioetan ere.
Erabat geratu zen inbertsioa, baita teknologia berrietan ere. Zein arriskatuko zen, ez bazekien gero merkatuan sartzerik izango zuen ere.
2013an, Rajoyk bere aldaketa ezarri zuenean, gauzak egonkortu egin ziren.
Aldaketa batzuk ondo zeuden, eta ez da ahaztu behar Europak behartutakoak zirela. Berriztagarrien esparru berrian ez ziren laguntzen ekoitzitako megawatt-orduak, baizik eta sortzaileei errentagarritasun bat bermatzen zitzaien, batez ere horren helduak ez ziren teknologietan. Laguntza hori kontrolatu egiten zen, eta ikusten bazen halako teknologiak, demagun eolikoak, ez zuela errentagarritasun arazorik, laguntza kendu egiten zen. Tarifetan ere aldaketa onuragarriak ziren. Hori bai, azken prezioan ez zen alde handirik antzeman; izan ere, esku hartzea handiegia zen oraindik, eragile gutxirekin eta… Gure ikerketak dio ziurgabetasuna ezabatu zela, aldakortasuna baretu zela, baina ez diogu prezioa efizientea denik, egokia denik.
Orain aldaketa gehiago datoz.
Karbonogabetzea behartuta dator Europatik, eta hor funtsezko gauza bat ez da egin orain arte: ikatzezko zentralak ixtea. Alderantziz, Espainiak 2016an gehiegizko ahalmen instalatua zuen, berriztagarriak bultzatzearekin batera, gas naturaleko ziklo konbinatua ere lagundu zelako, eta gainera, ikatza ere laguntzen zen.
Ikatza kendu behar zen, eta kenduko dira zentralak. Berriztagarrien aldeko apustua egingo da.
Bai, eta ziklo konbinatuak hor egongo dira, gas naturala erabiliz sustengu energia moduan berriztagarriek eskaria betetzen ez dutenerako. Kutsatzaileak dira, baina ikatza baino gutxiago eta beste teknologiak garatu artean… Gainera, jada eraikita dauzkazu. Bizkaiko Badia dugu hemen. Eta zentral nuklearrak ere bai, nahiz eta ez izan oso popularrak. Berriztagarrien dibertsifikazioa ere izan behar dute helburu araudi berriek: ez egotea soilik bi iturriren mende. Klima aldaketarekin, iturri hidroelektrikoak ere bere mugak izango ditu.
Berriztagarrien enkanteak iragarri ditu Espainiako Gobernuak.
Egin dira aurretik ere. Helburua da mix energetikoa dibertsifikatzea. Adibidez, detektatzen bada beharrezkoa izango dela teknologia jakin bateko kapazitate instalatuaren kantitate bat, enkante bat antola dezakezu, eta, horrela, haizerik ez dagoenerako, agian itsasoaren indarra baliatu ahalko da, edo eguzkia… Horrez gain, enkanteekin merkatuan eragile gehiago sartzeko atea zabalduko duzu, eta jada hor daudenen oligopolio boterea eta haienganako mendekotasuna murriztu. Lehen baino txikiagoa da botere hori, baina garrantzitsua oraindik.
Arau eta enkante berriek kontsumitzaileen faktura txikitzeko balioko dute? Berriztagarrien kostu txikiago horiek igarriko ditugu?
Gure fakturaren zati bat, erdia inguru, finkoa da, ez da mugituko tarifa defizita ordaindu arte, eta urteak pasatuko dira hori egin arte. Baina fakturaren beste erdi aldakorra bai, jaits daiteke, eta jaitsi beharko luke. Zail da esatea noiz; berriztagarrien kopuru esanguratsu bat abian noiz jartzen den, horren arabera izango da.