ELA: “Soldatak jaistea kaleratzeak saihesteko, Tapiaren dilema faltsua da”

Peio Igeregi ELAko negoziazio kolektibo arduradunak Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuari erantzun dio Radio Euskadin. 2020ko uztaila.
Erresuma Batuaren kolonia izandakoa Txinari itzuli zioten 1997an, baina munduko ranking askotan oso urrun azaltzen dira Hong Kong eta Txina. Azken finean, herrialde bat, bi sistema eredua onartu zen Hong Kong modu ez hain traumatikoan barneratzeko Asiako erraldoian, eta, hortaz, finantza zentroak bere ezaugarriei eusteko aukera luke 2047. urtera arte. Horrek esan nahi du bere dirua baliatzen jarraituko duela —Hong Kongeko dolarra— eta sistema judizial propioari eutsiko diola, halaber, baita Txinan ez dauden askatasun batzuei ere: esaterako, prentsa askatasunari eta manifestatzeko askatasunari.
Askatasunak arriskuan
Ezaugarri bereizgarri horiek direla eta, Ameriketako Estatu Batuek aparteko lurraldetzat daukate Hong Kong, Pekinen eskuetan badago ere. 1992ko Hong Kong policy act legeari jarraituz, AEBek ez dizkio aplikatzen Txinari ezartzen dizkion murrizketa komertzialak. Salbu egon da Hong Kong duela bi urte bi potentzien artean piztu zen gerratik; hiri hartako enpresek ez dituzte ordaindu behar izan Washingtonek Txinako konpainiei jarritako muga zergak.
Halere, Txinak ekainean sinatu zuen Segurtasun Nazionaleko Legeak hankaz gora utzi ditu herrialdeko barne harremanak. Legearen sei atalen eta 66 artikuluen bidez, Pekin demokraziaren aldeko protesten aurka oldartu da, zeintzuek kaleak jende oldez bete dituzten iaztik. Sezesionismo, iraultza eta terrorismo ekintzak zigortzen ditu legeak, atzerriko esku sartzeez gain. Gobernu zentraleko segurtasun indarren bulego bat ere ireki dute, gaizkileak ikertzeko eta hiriko epaitegietan auzipetzeko. Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak ziurtatu du atxilotuen errugabetasun presuntzio eta eskubideak bermatuko direla. «Ezohiko kasuetan», berriz, akusatuak hiriaz haragoko auzitegietan epaituko dituzte, berme legalik gabe, eta bizi guztiko kartzela zigorra ezartzeko arriskuarekin.
Legea onartzeko prozesua polemikoa izan da, edukiagatik ez ezik ohiko bideari ez jarraitzeagatik ere: Txinako Alderdi Komunistak onartu zuen zuzenean, debaterik gabe eta legebiltzar autonomikoaren bozkarik gabe. Joshua Wong demokraziaren aldeko aktibistaren arabera, legea onartuz «Hong Kongen amaiera eta izua» baizik ez dira lortuko. «Atxiloketa arbitrarioen, kartzela sekretuen, aitorpen behartuen, prentsaren aurkako kanpainen eta zentsura politikoaren garaia» datorrela gehitu du. Lege berriaren arriskuaren pean dagoela dio Wongek.
AEBek abandonatuta
Egoera horretan, Donald Trumpek ere mugitu du fitxa. Errepresioaren gorakadarekin zerikusia duten agintari txinatarren aurkako zigorrak iragartzeaz gain, Hong Kong finantza eta merkataritza zentro gisa bultzatzen zuen estatus berezia kentzea erabaki du. «Agindu exekutibo bat sinatu dut —Hong Kong Autonomy Act— Txina zigortzeko bere ekintza errepresiboengatik. Pekinek askatasuna eta eskubideak kendu dizkie hango biztanleei, eta, horiekin, desagertu egin da Hong Kong , ezingo baitu merkatu librean lehiatzen jarraitu», adierazi zuen AEBetako presidenteak.
«Aukera paregabea eman genion Hong Kongi irabaziak lortzeko, eta hala egin du. Baina, hemendik aurrera, Txinako beste edozein herri bezalakoxea izango da guretzat. Amaitu dira pribilegioak, amaitu dira tratu ekonomiko bereziak, eta amaitu dira teknologia esportazioak», adierazi zuen Trumpek. Pekinek haserre erantzun dio, eta Estatu Batuei zigor berberak ezarriko dizkiela adierazi du. Eragin gutxiago izango dute zigor horiek, politikari estatubatuarrek ez baitute beren dirutza Txinan gordetzen; buruzagi komunistek hala egiten dute AEBetan.
Edonola ere, Hong Kong da tirabira horren benetako biktima. Estatu Batuetako Merkataritza Ganberaren inkesta baten arabera, Asiako herrialde harekin harreman komertziala duten enpresen %76 kezkatuta daude Segurtasun Nazionaleko Legeak izan ditzakeen ondorioekin. %64k, ordea, baieztatu dute ez dutela Hong Kongetik alde egiteko asmorik. «Inork ez du joan nahi, baina legeak duda asko pizten ditu. Jendeak zalantzak ditu, legea anbiguoa delako eta delitu gisa jasotzen duelako atzerriko esku sartzea, benetan zertan datzan azaldu gabe», adierazi du Tara Joseph Ganberako presidenteak.
«Txinan legeak aplikatzeko dagoen arbitrariotasunean ere badago arazoa. Enpresa asko Hong Kongen kokatu dira botere judiziala ez dagoelako gobernuaren esanetara. Baina Segurtasun Nazionaleko Legeak Txinako sistema judizialean auzipetua izateko ateak irekitzen ditu, eta lehen ez zen halakorik gertatzen inolaz ere», dio hirian diharduen euskal enpresari batek —ez du izena eman nahi izan—. «Kezkatuta gaude kritikek ekar ditzaketen ondorioengatik», gehitu du.
Gazteen belaunaldia
Yau Wai-ching eta Joshua Wong bat datoz lege berriaren inguruan: haien ustez, muturrera iritsi da askatasunak kentzeko prozesua, zeina duela urte batzuk hasi baitzen, hezkuntza lege berri bat aplikatzen saiatzearekin bat. Handik gutxira, 2014an, Wong bera izan zen Aterkien iraultzako buru —M-11 eta Occupy Wall Street bake mugimenduen antzekoa—. Gazteen artean kontzientzia politikoa piztu zuen altxamendu hark, eta demokraziarako eskakizunak areagotu zituen. Iaz, estradizio lege berriak inoiz baino hongkongdar gehiago aterarazi zituen kalera manifestatzera, eta mobilizazio horiek gero eta indartsuagoak dira.
Helburua argi dute: sufragio unibertsala lortzea, gobernua demokratikoki erabakitzeko. Gero eta gehiago dira horren aldekoak, baina utopia besterik ez da Alderdi Komunista indarrean den bitartean. Hitz gutxitan, independentzia eskatzen dute. Eta kasu askotan AEBetako bandera astintzen dute, «Hong Kongen salbazioan» ausartago parte hartu dezaten. Hala eta guztiz ere, orain, edozein aldarrikapen independentista zigortu dezakete lege berriarekin esaterako, Aintza Hong Kongi protesten ereserki estraofiziala eta halako abestiak kantatzen badituzte eta Aska dezagun Hong Kong, gure garaiko iraultza gisako esloganak erakusten badituzte.
Osagai horiek guztiek ekaitz ekonomikoa eragin dute finantza zentroan: manifestazioek urte batez uxatu dituzte turistak —BPGaren %17,4 da herrialdean—, eta koronabirusak talka ekonomikoa larriagotu du, etxeko kontsumoari ere eragin baitio. Orain, enpresa eta kapitalen exodoek sortzen dute beldurrik handiena.
Pisu urriagoa ekonomian
Txinari ez zaio axola Hong Kong sakrifikatzea, horrek protestek eragiten duten kezka politikoa baretzen laguntzen badu. Izan ere, hiriak ekonomia nazionalean duen pisuak behera egin du azken hamarkadetan. 1993an, Txinaren BPGaren %27 zen Hong Kongekoa, baina iaz nekez gainditu zuen %2. Estatu Batuek abantailazko estatusa kentzeak are gehiago jaitsaraziko du ehuneko hori. Antzera gertatu da esportazioekin: 1992an, Hong Kongetik igarotzen zen Txinak atzerrira saltzen zuenaren %45, baina iaz %12 izan zen soilik. Halere, hiria inbertsio eta atzerriko dibisa iturri garrantzitsua da oraindik. Are gehiago, buruzagi, politiko eta enpresari txinatar askok han dituzte beren dirutzak.
Edonola ere, Hong Kong peoia besterik ez da Estatu Batuen eta Txinaren arteko talka geopolitikoan. Trump Etxe Zurira iritsi zenetik, hegemoniarako lehia areagotu egin da arlo askotan: komertzialetik hasita, muga zergen bidez, militarreraino, Hego Txinako itsasoko tentsioarekin. Gainera, talka dago arlo teknologikoan ere, non Huawei sakelakoen enpresa den protagonista. Ministro txinatarrek ohartu duten bezala, beste Gerra Hotz baten hasiera izan daiteke.
Huawei eta Hong Kong giltzarri dira munduaren polarizazioan. Trumpek lortua du Erresuma Batuak sakelakoen enpresa horri betoa jartzea, eta Europako Batasuna Washingtonekin bat dator Hong Kongen ezarritako autoritarismoa salatzerakoan. Estatubatuarren indarrarekin mesfidati agertu izan diren beste herrialde batzuk ere —India, esaterako— men egin dute, Himalaiako mugako tentsioen ondorioz. Posizionamendu horiek arriskuan jar ditzakete Txinaren mundua moldatzeko plana eta globalizazioa. Hong Kong, Mendebaldeko eta Ekialdeko elementuen arragoa, lehen biktima izan daiteke. Baina ez da azkena izango.
«Bake garaian sekula bizi izan gabekoa bizitzea egokitu zaigu», esan zuen atzo Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak. EAEko ekonomia atzeraldian sartu da ofizialki bi hiruhileko jarraian uzkurtzeak harilkatu ondoren. Eta okerrena: Lakuak ez du argi ikusten urtea amaitu aurretik suspertze sendo baterako abagunerik izango denik, gaitzaren agerraldien kaltea aurrerago neurtu beharko delako.
Horiek horrela, 2020an EAEko ekonomiak bi digituko uzkurtzea izango duela ez zuen ezkutatu Azpiazuk, nahiz eta ez zuen eman datu zehatzik. Irailean iritsiko da urte osoari dagokion aurreikuspena berritzeko garaia, «behin-behineko datu hauek egonkortzen direnean», baina erraza da %12-14 inguruko erorikoa aurreikustea, urteko lehen erdian metatutako gainbehera dela eta. Eta, beraz, Ekonomia Sailak aurreikuspenak gaurkotu beharko ditu, txarrera. Izan ere, %8,7ko jaitsiera finkatu zuen ekainean; muturreko egoerak aurrean eraman duen nahi bat baizik ez da bihurtu zenbaki hori. «Inoiz ere ez dugu ezagutu bi digituko jaitsierarik», esan zuen sailburuak.
Inoiz gertatu gabeko beste erorikoa enpleguarena izan da. Konfinamendua eta haren ostekoa modu gordinean islatu da datu makroan: -%19,8. Jaurlaritzak ohartarazi zuen jaitsiera handia izango zela aurtengo bigarren hiruhilekoan, baina aldagai horretan ere labur geratu da, %10,7ko jaitsiera ez baina ia halako bi jaso baitu erakusleak.
Defizita handitzeko garaia
Parekorik ez duten jaitsiera horiek urteko lehen hiruhilekoan gertatutakoei gehitu zaizkie. Urtarriletik martxora, itxialdiaren egun batzuk baino jasotzen ez zituen epealdia izanik ere, %3,2 uzkurtu zen ekonomia, eta %2,8ko galera izan zuen enpleguak. Apirilaren 14an hasi ziren neurriak arintzen, baina ekainaren 21era arte iraun zuen prozesuak, eta epealdi horrek bere gordinean islatu du ekonomiaren geldialdia; edozein modutan, Gasteizko gobernuak aurreikusi baino askoz larriagoa da egoera.
Eustaten arabera, ez baitago seriean hiruhilekotik hiruhilekorako sortu den koskaren parekorik: %16,9 uzkurtu da BPGa lehenetik bigarrenera. Enpleguaren alorrean, berriz, %17ko jaitsiera jaso du hiruhileko aldaketak. Gainera, datu beldurgarriagoa izan zitekeen aldi baterako erregulazioak aintzat hartuko balira langabeak zenbatzeko. Erregulazio horiei esker ez da izan eroriko handiagoa enpleguan, oraindik ere milaka langile baitaude haiei loturik, gehienak atera diren arren dosierretatik.
Azpiazuk Europako Batasunean egindako suspertze planari erreparatu zion egoera ekonomiko-soziala orekatzeko moduak aztertzean. Atzeraldi Handian gertatu zenarekiko alde bat ikusten du: «Europako erakundeek erronkari erantzuteko maila emango dute orain, politika eraginkorrekin».
Espainiako Gobernuari Kontzertuaren Batzorde Mistora «lehenbailehen» deitzeko eskatu zion, defizita asko igoko dela ohartarazita. Jaurlaritzak kalkulatu du %3,5 ingurukoa izan daitekeela aurten, eta «beharrezkoa» izango dela horrelako defizit batera jotzea jardueraren galerari aurre egiteko. «Aparteko egoera batek aparteko erantzunak behar ditu». Izan ere, foru aldundien bilketa %18 inguru jaitsiko da urte amaieran, sailburuak aurreratu zuenez, «hau da, 2.000 milioi euro inguru». Horregatik, ohartarazi zuen presazkoa dela euskal erakundeen zorpetze gaitasuna handitzea.
Urte latza enpleguarentzat
Enpleguaz hitz egitean, ezkortasuna adierazi zuen Ekonomia sailburuorde Alberto Alberdik, uste baitu urte amaiera arte 98.000 izan daitezkeela galduko diren lanpostuak, azken aurreikuspenean baino 30.000 gehiago, alegia.
Dena den, Alberdik gogoratu zuen 2019an BPGaren %2,2ko hazkundea izan zutela Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeek, eta sei urteko zikloa «hazkunde sendo batekin» bukatu dutela. «Hori iragana da», esan zuen Azpiazuk.
Urtearen bigarren zatian ekonomia zertxobait suspertzea espero ote daitekeen galdetuta, Azpiazuk baietz esan zuen, baina zuhurtzia handiz erantzunda, balizko suspertze hori «kutsatze mailaren arabera» izango dela garbi utzita. Nolanahi ere, urte amaieran ekonomia orain arte ikusi ez den bezala uzkurtuko da, baita urteko bigarren erdia hobea izanda ere. «Ahalegin guztiak beharko ditugu, publikoak eta pribatuak, egoera honi aurre egiteko».
Iazko urrian, MMEk 7.500 milioi euroren zigorrak ezartzeko baimena eman zien AEBei, eta Trumpen gobernua diru hori jasotzen ari da Europako hainbat produkturi ezarritako zergen bidez: ardoari, gaztari, txerri haragiari eta oliba olioari, besteak beste. Ekoizleentzat ezinbesteko merkatua da AEBetakoa, eta, erabaki horrengatik, nabarmen murriztu zaizkie salmentak han, produktu horiek garestitu direla eta. Washingtonek, gainera, asmoa zeukan zerga horiek abuztuan igotzeko; ikusteko dago Airbusen erabakiak eraginik izango duen.
Neurri batean, Europako herrialdeen eta muga zergek kalte handiena egin dieten sektoreen presioagatik egin du urratsa hegazkin ekoizleak. Uste du MMEren agindu guztiak betetzen ari dela, eta Europaren interesen alde jokatu duela. «Airbusek erakutsi du ahal duen guztia egin duela konponbidea aurkitzeko. Babes seinale argia da AEBek ezarritako muga zergen eragin larria jasaten dutenentzat», azaldu du Guillaume Faury kontseilari ordezkariak.
Ohar batean, adierazi du AEBek jada «aitzakiarik» ez dutela muga zergak gutxitzeko. «Industria sektore guztiei kalte egiten ari zaizkie, AEBetako airelineak barne». Konpainiak azaldu du «egoera oso zail batean» hartu behar izan duela erabakia, eta azpimarratu COVID-19aren krisia dela-eta «inoiz ez bezalako» egoeran dagoela sektorea. Merkataritzarako hegazkinen jarduera %50 inguru murriztu da, eta, ondorioz, modelo berrien produkzioa nabarmen urrituko da.
Atzo jakinarazitako erabakiaren inguruan, Airbusek ez du zehaztu zenbat gehiago ordaindu beharko duen hemendik aurrera Frantziak eta Espainiak emandako maileguengatik; azaldu du MMEk interes tasaren eta arriskuen ebaluazioaren erreferentzia indize egokien arabera egokituko dutela hori, baina datua konfidentziala dela.
Egungo egoera ikusita, hegazkin ekoizleak ez du lanez gainezka zebilenean bezainbeste galduko. Trukean, eta betiere AEBek beren zerga politika malgutzea erabakitzen badute, Europako beste sektore batzuei egin diezaieke mesede haren erabakiak.
Kontraerasorako prest
Nolanahi den, auzia ez da amaitu. Orain, ikusteko dago zer gertatzen den Europako Batasunak Boeingen kasuan NMEn jarri zuen salaketarekin. Izan ere, Bruselak Washingtonen bide bera hartu zuen, eta AEBen kontra jo zuen hango hegazkin ekoizleari eskaintzen dizkion abantailengatik —salbuespen fiskalak, besteak beste—. Auzi horren ebazpena uda honetan iristea espero da.
Ohar batean, Europako Batasunak esan du gatazka irtenbide negoziatu batekin ixtea espero duela. Dena den, ohartarazi du Airbusen erabakiaren ondoren AEBek jarreraz aldatzen ez badute zuzenbide komunitarioa baliatuko duela zigorrak ezartzeko. 2019ko apirilean, Batasunak azterketa bat egin zuen baloratzeko AEBetako zer produkturi ezarri muga zergak.
Oroitzapenak erreskadan datoz. Duela hamar urte, Altsasutik Iruñerainoko martxa egin zuten langileek fabrikaren itxiera salatzeko, orain Agoizkoek egin duten moduan. Ainize Albarracin eta Angel Altsasuko langileak ziren duela hamar urte, eta ondo gogoan dute orduko itxiera. «Arratsaldeko seiak ziren, eta irratiaren bidez izan genuen itxieraren berri», gogoan du Albarracinek. Oraingoan ere, prentsaren bidez jakin dute. Azkenean, itxiera bera da garrantzitsuena, baina moduekin ere minduta daude Agoizko 239 langileak. «Orduan ere gaizki eta berandu abisatu ziguten; jakiten azkenak izan ginen. Mobilizazioak ildo berean doaz», dio Angelek.
Felix Erdozain agoiztarra ustekabean harrapatu du berri lazgarriak. «Gaizki bizi dugu egoera; ez dakit nola eraman daitekeen hau dena. Egun batetik bestera kalean ikusten duzu zeure burua, eta gaizki nago», azaldu du.
Ainize Albarracinek, berriz, zantzu txarrak ikusten zizkien enpresaren azken mugimenduei. Altsasukoaren ondoren, Imarkoaingo lantokian egin zuen lan, eta hura ere egun batetik bestera itxi zuten. Izan ere, batetik, kudeatzaileak eta produkzio buruak fabrika utzi zuten urtarrilean, eta beste kudeatzaile bat etorri zen: «Erabakia aspaldi hartua zuten. Kudeatzaile hau sartu zen horretarako, ixteko». Bestetik, pandemiaren eraginez geldi egon behar izan duten egun batzuk «zorretan» utzi dizkie enpresak, eta, langileen batzordeak aldi baterako erregulazioa aurkezteko eskatu zienean, ez zuten nahi izan: «Jakina, sei hilabetean inor ez kaleratzera behartuta zeuden bestela». Azkenik, behin-behineko 70 langileei ekainaren 30ean amaitu zitzaien kontratua. Guztiei. Egun hartan iragarri zuen itxiera enpresak.
«Beti daude seinaleak, baina ez dituzu bata bestearen atzean jartzen eta elkartzen neurria izan arte», onartu du Javier Lorenzo iruindarrak. Egunero joan eta etorri ibiltzen da Iruñetik Agoitzera. Orain, bidea oinez egin du. Itxiera iragarri aurreko zantzu guztiok ziurgabetasuna eragin diete langileei: «Hainbeste denbora generaman horrela… Bai eta ez, ez eta bai. Istripuek ere gora egin dute kezkaren ondorioz. Azkenean atseden hartzen duzu, baina ez da polita egoera», aitortu du, haserre.
Martxa aurrera joan ahala, nekea nabari da aurpegietan, baina batasunak eta bazterretan nabaritzen duten elkartasunak indarra ematen diete. Auto askok tutua jo diete. 09:00ak baino lehen, Sarrigurengo egoitzara iritsi dira, eta han lankide gehiago dituzte zain, azken txanpa egiteko gertu. Gora Siemens Gamesako langileen borroka irakur daiteke gertu den biribilgune handi bateko horman.
Deslokalizazio hutsa
Asteazkenean, Bilbon, taldeko buruzagiek berretsi zuten Agoizkoa ez zela lantoki produktiboa, eta erabakia «saihetsezina» zela. Langileek ez dute ulertzen argudioa. «Langileko orduko kostu garestiagoa dugula diote, baina beste planta batzuetan inbertitu dute eta hemen ez», dio Lorenzok. Ustez, produktibitatearen kontzeptuak beste aldagai batzuk hartu beharko lituzke aintzat —teknologia eta giza ezagutza, adibidez—, baina langileek argi dute deslokalizazio bat dela, eta lan kostu merkeagoa bilatu nahi dutela Marokon edo Portugalen.
Itxierak oihartzun politikoa ere badu. Izan ere, Siemens Gamesaren jatorria publikoa da: EHN, behinola Nafarroako enpresa sare publikoaren harribitxia zena. Angelen ustez, duela 11 urte Agoizko lantokiaren aldeko apustua egin zen «urtegiagatiko konpentsazio moduan», orduko gobernuak esku hartu zuelako. Orain, kokagunea arrazoi gisa erabiltzen du Siemens Gamesak, Bilboko portua 200 kilometrora dagoela arrazoituta. «Duela hamar urte bazekiten hori. Argudio hori ez doa inora. Altsasu egokiago izan zitekeen, sarbide hobea duelako eta autobidea berehala». Haren ustez, gakoa da izen bikoitz horretan Siemensek Gamesa xurgatu eta ezabatu duela: «Lehen, Gamesa zenean, gobernuek zeresan handiagoa zuten, bertako enpresa zelako. Siemens multinazional bat da, eta zer egin diezaioke gobernu batek? Kilimak».
Bost langiletik bat Agoitzen bizi da, eta eskualdeak nabarituko du albistea. «Herriko ekonomiarentzat astindua da. Hogei alokairu eten egingo dira, eta tabernei, gasolindegiei… denei eragingo die», aipatu du Felix Erdozainek.
Zazpi orduren ostean, parlamentura iritsi dira, txalo artean. Hori, baina, ez da azken helmuga. Arratsaldean biltzarra dute herrian. Gaur, zuzendaritzarekin hirugarren bilera izango dute, eta bihar, 19:00etan, manifestazioa Agoitzen itxieraren aurka. Badakite oso zail dagoela, baina, pausoka, ahalegin guztiak eginez, amaitu arte jarraitu nahi dute borrokan.
Rolls-Royce multinazionalaren jabetzakoa da ITP, eta guztira 4.000 langile inguru ditu Euskal Herrian eta beste sei herrialdetan: neurriak seiehun laguni eragingo lieke. Taldeak ez du zehaztu nola Euskal Herrian dituen lau plantetan, Bizkaian denak: Zamudion, Derion, Sestaon eta Barakaldokon. 1.900 behargin, guztira.
Enpresak adierazi du ITP Aeroren kaleratzeek ez dutela lotura zuzenik Rolls-Roycek maiatzaren 20an iragarritakoarekin. Horiek ere eragin dezakete Bizkaiko plantetan, bereziki ingeniari eta bulegoetako langileen artean.
ITP Aerok jakinarazi du bere doikuntza plana langileen ordezkariekin negoziatuko duela aldi baterako enplegu erregulazioak amaitzen direnean; alegia, uda ostean, Madrilek ez baditu gehiago luzatzen. Carlos Alzola zuzendariak ziurtatu duenez, saiatuko dira «inpaktu soziala mugatzen eta lanpostuak ahal den neurrian babesten».
ELA sindikatua gogor mintzatu da erabakiaren aurka. Enpresaren jokamoldea salatu du, langileek ez baitzuten neurriaren berri, eta azpimarratu du komunikabideei informazioa «filtratu» baino ordu batzuk lehenago jaso dutela haiek. «Modus operandi hori lantaldean izua sortzeko interesen ondorio baino ez da». Tapia sailburuari, berriz, egotzi dio «informazioa ezkutatzea» eta enpresen «notario gisa» aritzea, «hain dramatikoak» diren egoeren aurrean.
«Atsekabe handiz»
Ohar batean, ITP Aeroko buru Alzolak azaldu du langileak kaleratzeko erabakia «atsekabe handiz» hartu behar izan dutela. Azpimarratu du hegazkingintzaren industria «inoizko krisirik handienean» dagoela koronabirusaren ondorioz, eta zehaztu du motorren salmenta % 50 inguru jaitsi dela, eta beharrezkoa dela «egiturazko aldaketetara eta tamaina txikiagoko merkatu berrietara egokitzea».
Ziurtatu du neurria hartu aurretik ahal zuten guztia egin dutela. «Krisia hasi zenetik, lan kargaren beherakada ahal den neurrian arintzeko neurriak lantzen aritu gara. Neurri horiek erabilgarriak izan dira epe laburrean enplegua babesteko, baina ez dira jasangarriak epe luzera. Gaur [atzo] iragarritako kopurua ITP Aero enpresa indartsua eta lehiakorra izaten jarraitzeko epe ertainerako plan baten barruan dago», azaldu du.
Horren harira, Alzolak adierazi du enpresak bere produktu eta zerbitzuen teknologian inbertitzen jarraituko duela. Iaz, 95 milioiren irabaziak lortu zituen, aurreko urtean baino %37 gehiago. 983 milioi fakturatu zituen, %11 gehiago. Salmenten %67k aeronautika zibilarekin izan zuen lotura, eta %18k, militarrarekin. Gainerako %15ak, mantentze lanekin. Iazko azaroan lantegi berri bat zabaldu zuen, Deriokoa.
ELAren ustez, zuzendaritzak oharrean aipatzen duen krisia «egoeraren araberakoa da guztiz», eta aurreko urteetan izandako irabaziak eta egindako inbertsioak gogoratu ditu. Salatu du enpresak egungo testuingurua bilatu nahi duela «lan baldintzei eraso egiteko».
1989an sortu zuten ITP Aero, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Euskal Herriko Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin, eta hasierako akziodunen artean, Rolls-Royce multinazionala geratzen da soilik.
Hegazkingintzak indar handia hartu du azken urteetan, Araban eta Bizkaian nagusiki. ITP Aero, Aernnova, Aratz, Alestis, Sener, Aciturri eta beste 50 talde biltzen dituen Hegan klusterreko enpresek 5.000 langile dituzte Hego Euskal Herrian, eta beste 10.000 kanpoan. Apirilean ohartarazi zutenez, krisiak luzarorako kalteak eragingo ditu sektorean. Airbus da haien bezero nagusietako bat, eta heren bat txikitu du ekoizpena, eskarira egokitzeko.