Prezioek behera egin dute uztailean Euskadin eta Nafarroan
Urte arteko inflazioa % 0,6 jaitsi da uztailean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ekaineko datuekin alderatuta, prezioak % 0,9 jaitsi dira.
Agindua «neurrigabea» dela diozue, eta ez dela «proportzionala». Zergatik?
Itxiera ordutegia aurreratzeak jarduera etetea dakar kasu askotan, eta baliteke dagoeneko gaizki pasatzen ari ziren negozio asko behin betiko ixtera behartuta egotea agindu horren ondorioz. Gainera, uste dugu horrelako agindu bat babes ekonomiko batekin lagundu behar dela, eta, aldi berean, bermatu behar dela egin nahi ez den jarduera hori beste toki batzuetara ez lekualdatzea: alegia, 02:00etan dena ixten baldin bada, festak ezin du segitu kontrolik gabeko eremu pribatu edo ezkutuetan. Ohartzen gara alde guztien ahalegina behar dela egoera kontrolatu ahal izateko, baina ez da hala gertatu.
Ostalaritzarekin lotu dira kutsatze kasu asko, ordea. Nola interpretatzen duzue zuek?
Sozializazio espazio bat gara: guk ez dugu garagardoa saltzen; hori supermerkatuek egiten dute. Guk garagardo baten inguruko topaketa saltzen dugu, hizketaldia, eta badakigu espazio horietan daudela begi guztiak jarrita. Baina, horregatik, hain zuzen ere, gehiago baloratu beharko litzateke prebentzio neurrietan sektorea egiten ari den ahalegina. Ostalaritzari egozten zaizkion arazoak ez zaizkio egozten sektoreak neurriak betetzen ez dituelako; herritarrak ere arazo horren erantzule dira.
Seinalatuak sentitzen zarete?
Kutsatutakoei zergatik galdetzen diete soilik ea zer tabernatan egon diren? Zergatik ez diete galdetzen ea Jazzaldian izan ote diren, Oiartzungo frontoiren batean egon ote diren, zer autobus hartu duten? Noski, ostatuak elkarguneak dira, eta kasu askotan erreferentziarako gune gisa balioko dute. Baina ez da beti hala izaten: Gipuzkoan ez da positiborik atzeman diskoteka batean, eta bakarra izan da pub batean: Ordizian izan zen, eta kanpotik ekarri zuten birusa. Nor da horren erantzulea, familia bilkura antolatu zuena ala topaketa egin zen espazioaren arduraduna? Beste adibide bat: Lanbideren bi bulego itxi dira aste honetan, bi langilek positibo eman dutelako. Horrek esan nahi du bulego guztiak itxiko dituztela? Ez, ezta? Bilbon bi diskoteka itxi dituztelako gainerako guztiak ere ixtera behartu dituzte. Tira, edo 01:30era aurreratu zaie itxiera ordua, baina hori ixtearen antzekoa da. Zergatik tratu ezberdin hori?
Uste duzue bateragarriak direla birusaren aurka egiteko neurriak eta gaueko aisialdia?
Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, eta adibideak jarri ditut. Beraz, posible da. Segurtasun neurriak betetzeko konpromisoa dute ostalariek. Denok dakizkigu dagoeneko. Beste kontu bat da ardura hori ezin dela soilik ostalarien bizkar jarri; gizarteak ere bere ardura dauka, eta kontzientzia izan behar du. Horrez gain, erakundeek eta segurtasun indarrek neurriak betearazi behar dituzte.
Ixte ordutegiak moldatzeko proposatu duzue. Nola eta zertan lagunduko luke horrek?
Proposatu dugu itxiera mailakatua izatea: tabernak eta jatetxeak 01:30ean ixtea, pubak 03:00etan, eta diskotekak 05:00etan. Modu horretan, jendearen etxeratze prozesua ere mailakatua izango litzateke. Ez baitu zentzurik ostatu guztiek ordu berean ixteak, jende hori kalean pilatzen baita aldi berean.
Ohiko jarduerari ekitearekin batera, ez kutsatzeko neurriak betetzeko konpromisoa azaldu duzue. Nola egingo duzue hori?
Dagoeneko ari gara horretan, baina konpromisoa berretsi dugu helegitean bertan idatzita. Tenperatura hartuko genieke bezero guztiei, eta distantzia eta maskararen erabilera bermatzeko etengabeko zaintza protokolo bat izango genuke martxan, pertsona bat zaintza lan horretarako jarrita, adibidez.
Aragoiko kasua aipatu izan da. Lagungarri izan daiteke kasu hori?
Jurisprudentziak laguntzen du, baina bide judizialaren inguruko iritzia ematea ez dagokigu guri, eta ez dugu horretan eragin nahi. Hala ere, helegite bat aurkezten denean beti daude zalantzak. Irabazteko eta galtzeko aukerak daude. Argi daukaguna da helegite honek balio behar duela babes neurrietan eragiteko. Ezin du dena sektore batek ordaindu.
Zenbati eragiten die neurriak?
Ez daukagu errolda osatu bat, baina kalkulatzen dugu 800 establezimenduri eta 4.000 langile ingururi eragiten diela EAEn.
Lehendakariak hizpidera ekarri du etxeratze agindu baten aukera. Nola eragingo lioke halako agindu batek sektoreari?
Gainerako sektore guztietan eragingo duen modu berean, pentsatzen dut. Ez dakigu; ekonomikoki kolpe handia izango da, halere. Argi dago jendeak udan, eguraldi onarekin, aisialdirako guneak behar dituela, eta, hori ez bada modu egokian bideratzen eta arautzen, kontroletik kanpoko irtenbideak bilatuko dituela. Beraz, hori egin ezean, logikoagoa da ar au orokortu baten alde egitea.
Zein da sektorearen egoera?
Eguneko aisialdiari dagokionez, %48 inguruko jardueran dago, iazko datuekin alderatuta. Gaueko aisialdiari dagozkion datuak are okerragoak dira: fakturazioaren %75eko jaitsiera izan dute iazkoaren aldean. Eta horrek, noski, ez ditu bermatzen negozioen errentagarritasuna eta etorkizuna. Horrek berekin dakar lanpostuak suntsitzea, eta zergak nork ordaindu ez izatea: kolpea handia da guztiontzat.
Esaten duzuenez, laguntza ekonomikoaren premian dago sektorea.
Eskaeran jaitsiera izan duten beste sektore batzuei lagundu zaie; autogintzari edo nekazaritzari, esaterako. Jendeari gustatu ala ez, sektore ekonomiko garrantzitsua da gurea, lanpostuak sortzen dituena, zergak ordaintzen dituena. Arazoak dituen eta laguntza behar duen sektore gisa tratatzea eskatzen dugu. Ez gara industria, ez gara nekazaritza; zerbitzuak gara, aisialdia gara, tamaina erdikoak gara. Baina laguntza behar du gure sektoreak: alokairuak ditugu, sekulako aseguruak ordaindu behar ditugu, eta ezin ireki daude negozioak. Zuzeneko laguntzak behar ditugu, jendeak bere jarduerari eutsi ahal izateko. Herrialdea ezin da geratu, eta gu ehun ekonomikoaren parte gara.
Zer ikusten duzu bulegoko leihotik? Nola dago aireportua?
Plataforma nagusia ikusten dut, eta aste askotan ia ez zegoen hegazkinik. Baina orain bai, orain aktibitatea ikusten dut. Normalean baino gutxiago, noski. Orain, ohikoak liratekeen operazioen %50 eta %60 artean ditugu.
Aurreko asteburuan zenbat hegaldi egon ziren? Zenbat lirateke egoera normal batean?
150 inguru izango ziren eguneko, eta aurten 80 inguru dira. Guk ez dugu alde handirik asteburuen eta astegun buruzurien artean.
Eta hegaldi horiek bidaiari asko al dituzte?
Alde oso handiak daude; konpainiaren eta helmugaren araberakoa da. Batzuk beteta doaz, eta beste batzuk, ez.
Hegaldi horietako asko Espainiako gune turistikoetara doaz, irailean segur aski desagertu egingo direnak.
Aldea egon da hor. Solasaldi hau maiatzean, edo ekainean, izan bagenu, pentsatuko genuen Espainiarako hegaldiak baino ez genituela izango udan, baina egun Espainiatik kanpoko hamazazpi helmugarako hegaldiak ditugu. Jarioa ez da bera, baina hegazkin aldaketa asko kudeatzen dituzten aireportu handietara iristen egiten ari gara: Londres, Amsterdam, Brusela…. Nazioartean oraindik aktibatu ez diren bideak helburu turistikoak dituztenak dira: Malta, Atenas… Oraintxe bertan gure hegaldien %25 Espainiatik kanpo doaz, eta egoera normal batean %40 izango lirateke.
Irailera begira, zer espero duzue?
Zaila da esaten. Ez dugu daturik, eta pandemiaren menpe egongo da. Ez dugu kristalezko bolarik. Azken asteetan hegaldiak berpiztuz joan dira, eta bilakaera horrek irailean segida izatea nahiko genuke. Orain, %50-%60ean gabiltza, eta gutxienez maila horri eutsi ahal izatea nahi dugu.
Bilboko aireportuak negozio eta lan bidaiari asko mugitzen ditu, baina dagoeneko guztiok ikasi dugu bideo deiak egiten.
Teknologiak eragina izango du, noski; bidaiatzeko arrazoiak aldatu egingo dira. Egoerari baikortasunez begiratzen saiatzen naiz, eta uste dut mesede egiten digula aireportu erabat turistikoa ez izateak. Ez gaude herrialde jakin bateko merkatuaren menpe; Bilbon nahasketa dugu: konpainia normalak eta prezio baxukoak, turistak eta lan bidaiariak… Nahasketa horrek indarra ematen digu.
Sektorea asko aldatuko al du pandemiak?
Bai, astindu handia izaten ari da eta izango da. Azken hamarkadetan, beste krisi handi batzuk egon dira, baina halakorik ez dugu ezagutu. Irailaren 11ko atentatuena [2001ean] latza izan zen; aldaketa pila bat eragin zituen, eta 2008 osteko krisi ekonomikoak ere bai. Gauza asko geldiarazi zituen, eta hazkundea oso motela izan zen. Sektore askotan gertatu da, baina aireko garraioan ez da inoiz halakorik egon.
Hegazkin konpainiek zer diote?
Astero biltzen gara haiekin. Guztiok zer etorriko zain gaude. Nik ikusten dut konpainiek, oro har, martxan egotearen aldeko apustua egin dutela, eta guk eskertzen diegu. Uztaileko programazioak ez du zerikusirik ekainekoarekin; abuztukoa uztailekoa baino hobea da, eta ea joerari eusten diogun. Baina egia da konpainia handi batzuek laguntza eskatu behar izan dietela gobernuei.
Hegaldiak erakartzeko konpainiei ordaintzen zitzaien garaia iragana al da?
Hori Bilbon ez da inoiz egin. Ez AENAk, ez erakunde publikoek. Aldundiek, Jaurlaritzak… inoiz ez dute diru laguntza zuzenik eman bide berri bat ireki dadin. AENAn, adibidez, tasak murriztu daitezke hegaldiak sustatzeko, baina hori aireportu guztietan aplikatzen da. Eta erakundeekin lankidetza sustatzen dugu konpainiei datuak ematen, promozio kanpainak egiten jatorri puntuan… Baina inoiz ez konpainiei zuzenean ordainduta.
Finnair erakartzen saiatu zineten, eta, besteak beste, Japoniarekin lotura oso onak dituen konpainia bat da. Zertan da?
Erakundeek interes handia dute Eskandinaviako turistak erakartzeko. Oslorekin eta Stockholmekin lan egin dugu, baina aurten ez da berririk izango alde horretatik; nazioartean hegaldiak berreskuratzea da nahia. Egia da Helsinki Asiako merkatua erakartzeko lotura puntu bat dela.
Hegaldiren edo konpainiaren bat galdu dezake Bilbok?
Espero dugu ezetz. Konpainiei dagokienez, denak lanera itzultzen ari dira, hegaldi gutxiagorekin eta frekuentzia txikiagoan, baina bueltan dira. Krisi hau oso gogorra da konpainientzat, baina espero du hutsunerik ez egotea.
Iaz 5,9 milioi bidaiari igaro ziren Bilboko aireportutik, inoiz baino gehiago. Noizko itzul daiteke datu horietara?
Ez naiz igarlea. Sektorean esaten da 2019ko datuak berreskuratzerako 2023a edo 2024a izango dela. Ea Bilboko aireportuan lehenago lortzeko gai garen. Pandemiaren bilakaerak pisu handia izango du.
Langabezia handia utziko al du aireportuan?
Aireportuan eta inguruan jende askok egiten du lan, bai lanaldi osoan, bai aldi baterakoan. Akreditaziodunak 3.000 inguru gara. Enpresa askok aldi baterako erregulazioak egin dituzte, baina ez dute hartu neurri zorrotzagorik, eta apurka lanera itzultzen ari dira. Negozioak irekitzen ari dira, eta espero dut joera hori areagotuz joatea. AENAri dagokionez, ez dugu aldi baterako erregulaziorik egin; lanaldiak egokitu ditugu, eta orain guztiok lanean gaude.
Duela gutxi epaitegiek arrazoia eman diote langile batzordeari lanorduen banaketari buruzko auzi batean. Zertan dira harremanak batzordearekin?
Nire ustez, aireportuan lan egiten dugun pertsonok izaera aldarrikatzailea dugu. Hori hala da, eta batzuetan tentsioa sortzen du. AENAko langileak zorionekoak gara lanpostuan dugun egonkortasunarengatik. Gu lanean gabiltza, eta sor daitezkeen gatazkak konpontzen saiatuko gara.
Otsailean handitze lan batzuen berri eman zuen AENAk. Kolokan al daude?
Otsailekoa planifikatzen ari zen, eta orain berdin dago. Zentzuzkoa da pentsatzea trafikoaren bilakaeraren arabera berrikusi egingo dela lan horien hasiera eta tamaina. Ez, ordea, bidean dauden lanak, hainbat lizitatuak: bloke tekniko berria, aparkalekuaren handitzea… Horiek egingo dituzte.
Handitze lanak ezinbestekoak dira oraindik ere?
Aireportua handitzeari buruz hitz egiten hasiak ginen, eta uste dut hitz egiten jarraitu beharko dugula, baina argi izan behar dugu eskaintzak justifikatzen duenean egin behar direla lanak.
Metroa iristeko lanei buruz hobe ez hitz egitea…
Lan horiek ez ditu AENAk bideratzen, eta, egia esan, kontakturik ere ez dugu izan aztertzeko nola geratuko litzatekeen metroaren bidea aireportuan. Ongi etorria litzateke, baina gaur egun autobusek zerbitzu ona eta malgua ematen dute, hala Bilbora nola Donostiara, eskaerara egokitzen dena. Behar denean, autobus kopurua bikoiztu egiten da.
Sakelako telefonoan denok ditugu Bilbon eginiko lur hartze beldurgarrien bideoak; horrek konponbiderik ba al du?
Orografiak asko eragiten dion fenomeno meteorologiko bat dugu; haize zizailaz ari naiz, eta ezin dugu paisaia edo eguraldia aldatu. Aireportua bailara batean dago, eta noizean behin fenomeno hori izaten da. Guk arrisku egoerak kudeatzeko eta informazio meteorologikorik onena izateko sistemak ditugu, eta komunikazio prozedura on batzuk kontrol dorreen eta pilotuen artean. Horrela lortzen dugu maniobra segurua izatea. Egunen batean fenomeno horren eraginez desbideratzeak egin behar badira, egingo dira. Segurtasunak du lehentasuna.
Bideoetatik harago, hegaldi asko desbideratzen al dira?
Aireportu guztiak ez dira berdinak. Beste batzuetan hegazkin asko desbideratzen dituzte behe lainoaren ondorioz. Segurtasuna lehenestearen prezioa da. Haize zizailarekin bizi diren beste aireportuetako bat Heathrow da, Londresen. Guk zerbitzu ona ematen dugu: hiritik gertu gaude, helmuga asko ditugu… Abantaila asko ditugu, baina fenomeno meteorologiko horrekin bizi behar dugu, eta urtean bi, hiru edo lau egunetan eragin handia du.
Arau hori dela eta, superabita izatera behartuta daude udalak, baina ezin dute erabili aparteko diru hori euren ohiko gastuak handitzeko; erabiltzekotan, zorra ordaintzeko erabili behar dute, edo bankuetan gordetzeko. 2012an PPren gobernuak onartutako lege hori baliatu nahi du orain Pedro Sanchezenak bere diru sarrerak handitzeko eta COVID-19aren krisi ekonomikoaren zuloa txikitzeko —Espainiako BPGaren %0,4 izango litzateke udalen superabita: 25.000 milioi euroko poltsa, eta beste 5.000 milioi urtean—. Baina egitasmoak hautsak harrotu ditu.
Alderdi sozialistakoak ez beste alderdietako udalak ez daude ados, eta are gutxiago egungo egoeran: uste dute diru hori beharrezkoa izango dutela krisiaren ondorioei aurre egiteko, eta, dirua Madrili ez uzteaz gain, diru hori eurek erabiltzeko aukera izan nahi dute.
Baina, horretarako, egonkortasunaren legea indargabetu beharko litzateke. Hego Euskal Herrian horren aurka argien mintzatu den erakundea Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa izan da. Baina adostasuna ez da erabatekoa izan. UPNkoak Madrili dirua uztearen aurka azaldu dira, baina ez dute legea indargabetu nahi.
Madrilek uste du gobernua «higatzeko kanpaina» bati erantzuten diola PPren eta haren kide diren alderdien jokaerak. Legea indargabetzea eskatu dutenei erantzunez, berriz, argudiatu du ez dela horretarako garaia eta berak pentsatutako irtenbidea «eraginkorragoa eta azkarragoa» dela; gogoratu du legea bertan behera uzteko prozesua «konplexua eta luzea» izan daitekeela, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluari ere eragiten baitio, eta uste du Bruselan ez luketela «ondo ulertuko» hori orain egitea —Europak behartuta aldatu zuten konstituzioko artikulua, eta hala egin zuten egonkortasun legea, 2008ko krisi ekonomikoaren garaian—. Pedro Sanchez gobernuburuak atzo azaldu zuenez, lege horrek «behartzen» duelako egin du bere proposamena, eta, «oso ona» dela uste duen arren, prest azaldu zen udalekin beste akordio bat egiteko .
«Eskumen historikoak»
Egonkortasunerako legea indargabetzeko aukera, baina, ez zuen aipatu Sanchezek. Arau horrek erakunde guztiei eragiten die, baita Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei ere. Dena den, instituzio horiek legearen puntu batzuk negozia ditzakete Espainiarekin: defizit muga, esaterako. Udalak ez bezala, ez daude behartuta superabita izatera; zorpetu daitezke, baina Madrilek ezartzen die zenbat, eta urtero adosten dute hori —orain arte, gainerako erkidegoen defizit bera edo oso antzekoa izan da—.
Uztail honetan eginiko negoziazioetan, lortu dute muga hori BPGaren %2,6 izatea Eusko Jaurlaritzarentzat eta %2,5 Nafarroako Gobernuarentzat, eta hitzartu dute egoera ekonomikoa asko okertuz gero muga berriak finkatuko dituztela. Horrez gain, hiru aldundiek, «lehen aldiz historian», defizita izateko eskubidea izango dute.
Udalen kasuan, berriz, diputazioek adierazi dute dirua Madrili mailegatzeko neurriak ez duela eraginik izango hiru lurralde horietan, eta, beraz, ez dutela beteko, eta ohartarazi dute horri lotutako edozein erabaki Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostu beharko duela Madrilek haiekin. Nafarroako udalek ere lurraldeko gobernuari eskatu diote «behar beste ekintza abiarazteko» tokiko erakundeen autonomia ekonomikoa babesteko, «Nafarroaren eskumen historikoak eta haren foru araubideak kontuan hartuz».
Madrilek udalen dirua jasotzeko egin duen dekretua onartu nahi badu, Espainiako Kongresuaren babesa jaso beharko du, eta, orain arteko jarrerak ikusita, oso zaila du hori. Hala, udalekin beste testu bat adostea edo dekretua lege proiektu gisa tramitatzea aztertzen ari da, taldeek zuzenketak aurkezteko aukera izan dezaten.
Italian diseinatuko eta egingo dituzte trenak, eta Trapagarango lantegian egingo dituzte motorrak. Tren horiek guztiak Espainiako abiadura handiko lineetan ibiliko dira. Izan ere, Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak ILSA aukeratu du Espainiako abiadura handiko merkatuko lehen operadore pribatuetako bat izateko. 2022. urtetik aurrera, enpresa horrek zerbitzuak eskainiko ditu Madril-Bartzelona, Madril-Valentzia/Alacant eta Madril-Sevilla/Malaga lineetan.
COVID-19ak eta hari aurre egiteko hartutako neurriek gehien jo duten sektoreetako bat izan da garraioa, eta, horren barruan, trenen ekoizleek ere nabaritu dute kolpea, baina Trapagarango fabrikak ongi erantzun dio: pandemia zabaltzen hasi zenetik, tamaina handiko hirugarren eskaria du atzo ezagutarazitakoa.
Ekain amaieran, Bombardierrek iragarri zuen bi kontratu egin zituela Frantziako SNCFrekin, eta horiei esker 27 tren egingo dituela Normandiarako. 407 milioi euroren balioa dute lanek, eta trenen propultsio sistemak Bizkaiko plantan egingo dituzte. Aurretik, apirilean, Kanadako ekoizleak beste akordio bat egin zuen Frantziako operadorearekin, Trapagaranen beste hemeretzi trenen motorrak egiteko —176 milioi euro—. Eskari horiek oxigenoa emango diote Ezkerraldeko lantegiari eta lan karga bermatuko diote tarte baterako: 200 bat beharginek jarduten dute han, eta urtean 120 milioiko negozio bolumena sortzen du.
Tuneletik irten nahian
Trapagarango plantarentzat urte ona den arren, Bombardierrek uste baino emaitza okerragoak izan ditu lehen seihilekoan: Kanadako konpainiak 170 milioi euro galdu ditu; iaz, epe berean, 203 milioi euro irabazi zituen. Hala ere, Frantziako Alstomek enpresa horren trenen adarra erosteko asmoa du oraindik —uztailaren 31n, Europako Batzordearen baimena jaso zuen—, baina hasierako helburuak berrikusiko ditu, eta pentsatzekoa da otsailean egin zuen 6.200 milioi euroko eskaintza murrizten saiatuko dela.
Ikusteko dago horrek nola eragingo duen taldearen berregituraketan. Alstomen ustez, Bombardierren kontuek «ustekabeko bilakaera negatibo bat» izan dute urte honetan, eta azpimarratu du hori kontuan hartuko duela Kanadako konpainiarekin datozen asteetan egingo dituen elkarrizketetan. «Bombardierrek bere negozioaren errentagarritasuna eta etekin komertziala epe ertainean berrezartzeko gaitasunean konfiantza dugu», azpimarratu du Frantziako taldeak. Bombardier erosita, Alstomek 15.500 milioi euroko fakturazioa izango duen talde berri bat eratuko du, 75.000 milioi euroko eskaera zorroarekin eta 76.000 pertsonako lantaldearekin.
Aldaketa garaia bizi du sektoreak; konpetentzia handitu da, eta enpresen kontzentrazioa gertatzen ari da. Konpainia handiekin lehiatu beharko direnen artean dago CAF. Beasaingo (Gipuzkoa) ekoizleak ere seihileko zaila izan du: 35 milioi galdu ditu —aurreko urteko epe berean 25 milioi irabazi zituen—. Baina uste du badituela oinarriak urtea amaitu baino lehen egoerari buelta emateko. Ekainean, esaterako, Espainiako Renfek 258 milioiko kontratu handi bat eman zion, 37 tren egiteko.
Behartutako itxialdiaren ostean, Landabengo produkzio plantako langileak maiatzean itzuli ziren, baina soilik goizeko txandakoak; ekainaren 3an hasi ziren bigarrenekoak. Azkenengo bost asteetan etenda egon da produkzioa, oporraldiengatik, eta herenegun itzuli ziren behargin gehienak. Sindikatuek jakinarazi dutenez, erregulazioan jarraitzen dutenak hasi dira deiak jasotzen hilaren 24an lanera bueltatu beharko dutela jakinarazteko. Alfredo Morales langileen batzordeko presidenteak azaldu duenez, lan kargari dagokionez, «garai onean» daude, eta, zuzendaritzak azaldu dienez, urte amaierako aurreikuspenak ere «ez dira txarrak».