Nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantza eta akuikulturatik eratorritako produktuak eraldatzeko…
BEZEROA: ENPERADORE BERRIA
Josurena da kontakizuna, eta Adrian Todoli Valentziako Unibertsitateko lan zuzenbideko irakasleak izena jarri dio azalpenaren muinari: gamifikazioa. Urteak daramatza langileen ebaluazio sistemak aztertzen, eta ingelesezko game (jolasa) hitzean oinarrituta sortu du terminoa: «Gakoetako bat da jolas itxura izatea. Inkesta sakon batean baino informazio gutxiago jasotzen du enpresak, baina jende gehiagok hartzen du parte, eta dohainik biltzen du informazioa. Eta eragina du: langilearentzat ez da jolasa, hura epaitzen ari dira».
Josu asmaturiko izena da, Bizkaiko merkataritza gune handi batean lan egiten duen saltzaile bat da, eta sistema horien menpe dihardu. Kritikoa da, eta nahiago izan du testigantza anonimoa eman. Ez da haren laneko ebaluazio sistema bakarra, baina bai gehien zabaldu dena. «Aholkularitza batzuen arabera, bost urte barru enpresen %95ek horrelako galderak egingo dizkiete bezeroei. Erdi mailako langileak aurrezteko modua da: enkargatu edo begiraleak. Sistema merke eta eraginkorra da», aurreratu du Todolik.
Bezeroen menpeko ebaluazio sistemak ohikoak dira telefono bidezko zerbitzu eta plataforma digitaletan, baina apurka zabaltzen ari dira saltoki fisikoetara: Zaran dago, El Corte Inglesen, auto konponketa kateetan… «Gurean apurka zabaltzen ari da, batez ere kate handietan. Enpresaren aitzakia da zerbitzua hobetzea dela, baina sakonean langilea epaitzen ari dira», zehaztu du Irati Sienrak, LAB sindikatuak Bizkaian merkataritza arloan duen ordezkariak. «Dena den, ez da teknologiarekin harremana duen langileen ardura nagusia: kobratzeko makina automatikoek edo online salmenten gorakadak gehiago arduratzen dituzte. Halere, kezkaz bizi dugu ebaluazio sistemen hedapena, langileengan inpaktu handia dutelako».
Inpaktua aipatu du, eragina; besteak beste, lan baldintzetan. «Berez ez luke eragin beharko, baldintzak hitzarmenean agertzen direlako, baina balorazioen arabera saritua edo kaltetua izan daiteke langilea: postu hobeago edo okerrago batera eraman… Bide arriskutsua irekitzen da. Agian, diziplinazko kaleratze baterako oinarri izan daitezke, eta ebaluazio hori klik soil bat da». Todolik luzatu du azalpena: «Legeak ez du arautzen, hori da arazoa. Objektiboki ez luke balioko kaleratze bat argudiatzeko. Legeak betebehar bat ez betetzea eskatzen du; beraz, balorazio txarra ez litzateke nahikoa. Baina bidegabeko kaleratzea ekar dezake, eta langilea kalte-ordain txiki batekin bidaltzea. Eta kontratu laburreko edo langile autonomoa bada, berriro ez kontratatzea eragin dezake».
Lege arloan duen eragina da hori, baina Josuk «psikosoziala» gehitu du. «Zure izaera aldatzen dute. Balorazioek beldurra ematen dute. Zure berezko izaera galtzen duzu, eta enpresak nahi duen hori bilakatzen zara. Alienatu egiten zaitu». Josuk nabarmendu du behin-behineko langileek nola pairatzen duten: «Arrastaka ikusi izan ditut, duintasuna galduz. Pertsona baten menpe zaude, eta bezeroak ere mota guztietakoak daude. Askok badakite gero botoa emateko aukera izango dutela». Horrek guztiak ezinegona sortzen duela dio, ez baitakite berriz kontratatuko dituzten: «Presio handiagoa berez presio handia dagoen lan batean. Lankideren bat ikusi dut nota txikiena jasotakoan, bezero baten kasketarengatik edo adineko bezeroren bat botoiz nahastu delako, korrika batean joaten nagusiengana egoera zein izan den azaltzeko».
Bozkatu ala ez?
Bezeroa da sistemaren oinarria, haren inguruan egiten du bira, eta boteretsu sentiarazten du. «Erromatar enperadore bat da», deskribatu du Todolik: «Hatz lodia altxatuz edo jaitsiz langilearen patua erabaki dezake. Ahaldundua sentitzen da, iritzia galdetu diotelako». Baina ez da bidezkoa. «Ezin da jakin zer bozkatu duen eta zergatik. Agian arrazista da, matxista… Langileak ezin du bere burua defendatu, eta ez daki zein nota jaso duen. Hori telefono zerbitzuetan gertatzen da adibidez».
Sienrak aberastu du azalpena: «Bezeroak ez daki zer eta nola bozkatu behar duen. Ez daki gaizki dabilena langilearen errua den edo enpresarena. Zerbitzua hobetu nahiko balute, galdera gehiago egingo lituzkete. Telefonia zerbitzuetan lan egiten dutenen askoren ardura hesiarena egitea da, bezeroaren kexa ezin dela konpondu esatea. Nola jasoko du hark nota ona?». Sistema hauekin kritikoa den bezeroak zer egin behar du? Todolik erantzun du: «Ez bozkatu. Ez erantzun derrigorrezkoa ez bada, zerbitzuan aurrera egiteko edo. Eta beharrezkoa bada, beti nota onena eman».
Nota «onena» dio, eta badu bere zergatia. Ohikoa egoera da horrelako sistemen menpe dauden langileek —telefonia instalatzaileak, banatzaileak…— bezeroari jakinaraztea telefonoz deituko dutela, eta nota onena jartzeko eskatzea. Josuk egin izan du. «Nire nagusiak eskatzen zidan, inkesta landuagoetan denda osoa aztertzen dutelako. Hari ere eragiten zion». Sistemak, izan ere, ez du saritzen, zigor xedea du bakarrik. Sienra: «Langileak bere lana ondo egiten badu, ez zaio aitortzen. Ebaluazio txarra hartzen da kontuan. Helburua ez da zerbitzua hobetzea, zeinek ez duen balio eta zeinek bai ezartzea baizik».
Todolik eredu bat jarri du. Uber garraio plataforman bezeroak 1etik 5era bozka dezake, eta 4,7tik beherako notak txarrak dira. Atzean zerbitzuaren balorazioa egiten duen algoritmo bat dago, eta hark banatzen du lana puntuazioen arabera. «Noten araberakoa da, eta langileak euren artean lehiatzea lortzen du. Nota txarra duenak ez du lanik jasoko, eta hori higatze mental handia da».
Nota on behar horrek jarrera desegokiak eta bere lanarekin bat ez datozen ardurak onartzera eraman ohi ditu langileak. Todolik hainbat kasu ezagutu ditu, eta Uber zerbitzua eta ohiko taxiak alderatu ditu. «Bietan bezeroak ezin du tabakorik erre autoan, baina ohiko taxilariak errazago debekatuko dio nota behar duen gidariak baino. Edo bidaiaria taxilariari lardaskan hasten bazaio, hark gelditu eta jaisteko aginduko dio. Nota behar duen gidariak, aldiz, gehiago jasango du».
Arriskua, higatzea, presioa jasan, pairatu… Azalpenetan agerturiko hitzak dira. «Zortzi orduz zu ez zaren norbait bilakatzeak arrastoa uzten du», salatu du Josuk. Etengabeko ebaluazioan egotea presio handia dela dio: «Horretarako balio behar da. Ezin du edozeinek jasan. Ez da asko nire lankide batek baimen bat eskatu duela ezin zuelako gehiago. ‘Neure burua sendatu behar dut’, esan zuen. 1.000 euro pasatxoren truke zama handia da».
Osasunerako kalteak
Sistemak kalte egiten du, hirurek argi dute. «Bezeroak jakin behar du kaltea eragiten duela», nabarmendu Todolik. EHUren udako ikastaroetan hitzaldi interesgarria eman zuen, eta Plataforma Digitaletako jardunen lan arriskuen gida idatzi du Osalanentzat beste bi ikerlarirekin batera. «Asko daude, irudikatu daitezkeenak: antsietatea, depresioa… Baina niri batek larritu nau: autoestimuaren jaitsierak. Nota txarrak jasotzen badituzte, langile batzuek pentsatzen dute hutsaren hurrengoa direla, ez dutela ezertarako ere balio».
Osalanen webgunean dago gida, baina unibertsitateko irakasleak uste du urrunago joan behar dela: legeetara. Enplegu eta lan sailetako arduradunek argi dute ebaluazioak arautu behar dituztela, «psikologiari eragiten dietelako». Alde horretatik, bi norabidetan eskatu ditu ardurak: «Hau guztia kaltegarria dela ohartarazteko kontzientzia publiko bat sortzea, bezeroentzat; eta erakundeek mugak jar ditzatela. Jar ditzakete, eta egin beharko lukete; sistema hedatzen ari da».
Trenasa salbatzeko giltzarria: Renfe
CAFek Solaris poloniarra erosi zuen 2018an 300 milioi euroren truke, eta bete-betean sartu zen autobus elektrikoen negozioan. Hasia zegoen merkatu horretan Vectiarekin; hura zen bere autobus marka, harik eta Solaris erosi zuen arte, Europako merkatuko liderretako bat Ormaiztegiko Irizarrekin batera. Trenasaren lantaldea nabarmen hazita zegoen artean, Vectia markako autobusen ekoizpena laguntzeko, baina Solaris erostean Trenasa jokoz kanpo gera zitekeela iragarri zuten batzuek: asmatu zuten. Balizko itxiera horren atzean, ordea, bada beste aldagai bat, eta giltzarri izan daiteke itxiera ekiditeko, oraindik posible bada: Renfek luze gabe adjudikatu behar duen 2.726 milioi euroko kontratu erraldoia.
Andres Arizkorretak gidatzen duen zuzendaritza oso haserre dago Renferekin; Espainiako Sustapen Ministerioaren esku dagoen erakundeak jakinarazi dio 2.726 milioi euroko lehiaketan ez duela zer eginik, eta adjudikazioa Alstom eta Stadlerrentzat izango dela, enkargua bitan banatu ondoren. CAFen pazientziak gainezka egin du. 2016ko hondarrean mendeko kontratua esan zioten eskaera Talgori eman zion Renfek: 2.642 milioi euroko enkargua. CAFekin lehia estuan eta tentsio handiaren ostean iritsi zen Talgoren lan karga bermatu duen eskaera. Beraz, lau urtean Madrilek eman dituen 5.400 milioi euro inguruko enkarguetatik zero iritsi dira CAFera, eta bigarren honetan espainiar baten alde ez, baina Suitzako eta Frantziako konpainien alde egiteko bidean da Renfe. Ekainean, hori bai, kontsolazio sari bat eman zion Madrilek CAFi: 258 milioi euroko kontratu bat. Ordurako jakingo zuen, noski, berriro ere sari nagusitik kanpo utziko zituela euskal herritarrak.
Begirada guztiak Txibiterentzat
Eta egoera horretan iritsi da Trenasa ixteko iragarpena. Nafarroako lantokia da, PSOEk presidente duen erkidego batekoa; Maria Txibite presidentearen alderdikideak baitaude Renferen adjudikazioak erabakitzen, Reyes Maroto Industria ministroa eta Jose Luis Abalos Sustapen ministroa. Haiek erabaki dute enkargu handiaren bi zatiak Valentziara eta Bartzelonara eramango dituztela, Stadlerren eta Alstomen plantetara. Enkarguaren zatietako batek bi urterako enplegu ekarriko luke CAFen lantokietan, eta kontratazio berri ugari, baina Madrilek beste interes batzuk ditu, CAF izan arren Espainiako kontratatzaile handiena trengintzaren sektorean.
Konpainia handiek beren estatuen babesa jasotzen dute Europan: Siemensek Alemaniakoa, Alstomek Frantziakoa… Espainian Talgo da kuttuna. CAFek ez dauka estatu bat atzean, eta inor baino hobeto lehiatzea baino ez zaio geratzen, azken urteetan erakutsi duen moduan. Gaitasun hori ere ukatu dio Espainiako Gobernuak, Renfek eskatzen duen maila teknologikoa ez edukitzea argudiatu omen baitu Madrilek. Horrela salatu du hil hasieran EAJko senatari Mertxe Garmendiak, egunkari honek egun batzuk lehenago aurreratu zuena berretsita: CAF lehiaketatik kanpo geratzeko bidean da, jakinarazpen ofizialik iritsi ez den arren.
Trenasa salbatzeko modu bat badago: lan karga berria lortzea, eta Espainiako Gobernuak badu zeresanik hor. Maria Txibitek Madrilen hori azaltzen jakingo ote duen ikusi behar da orain. Manu Aierdik onartu du ekina: «Industria Ministerioarekin hitz egin dugu Renferekin egoteko; haren eskaera poltsa ezagutu nahi dugu». CAF sufritzen ari bada, ez baita murrizketak egiten hasiko Beasaindik eta Irundik. Espainiako kontratatzaile handienak gehiago argaldu nahi duela erabakitzen badu, Espainiara joko du.
Orohartzaileari neurriak jartzeko zailtasuna
1 Googol? Google; Google izango da. Ez eta bai. Googleren sortzaileek gaizki ahoskatutako googol bat hartu zuten oinarri izena emateko haien konpainia eratu berriari.
2 Irabazi behar zuten dirutza izugarriari zenbaki bat jarri nahi zioten? Berez haien bilatzaileak emango zuen informazio kopuru itzelezkoa adieraztea zen helburua.
3 Itzelezkoa googol-a eta itzelezkoa Google. Hala da. Urte gutxitan sekulako neurria hartu du konpainiak. Konglomeratua 2015ean birrantolatu zuten, eta Alphabet da orain konpainia ama. Haren filiala da Google, Interneteko zerbitzu andana eskaintzen dituena. Eta barnean ditu izen oso ezagunak, erabiltzaileentzako oso hurbileko bihurtu direnak. Google Search, Google Mail, Google Maps, Google Shopping, Google Classroom… Zerrenda izugarri luzea da. Youtube ere Googlerena da, baita milioika sakelako eta tabletetan dagoen Android sistema eragilea ere.
4 Mundua kontrolatzeko moduan. Mundua kontrolatu, auskalo; merkatua bai, kontrolpean du hainbat arlotan, hainbat herrialdetan. Hain zuzen, monopolio jokaerak egotzita Googleri auzibidea zabaldu diote aste honetan AEBetako Justizia Departamentuak eta 11 estatuk.
5 Eta zer leporatu diote zehazki? Lehiakideei kalte egiteko legez kanpoko akordio esklusiboen sare bat osatu izana. Sare horren helburua Interneterako sarbide nagusi izaten jarraitzea izango luke Googlek. Horretarako, adibidez, milioika dolar ordaindu dio Appleri, haren Iphone-etako oinarrizko bilatzailea Googlerena izateko. Baldintza hori jarri die beste hainbat smartphone ekoizleri, haien gailuek Android sistema erabili ahal izatearen truke.
6 Eta horrek kalte egiten dio…? Batez ere Bing bilatzaileari, zeina Microsoftena den. DuckDuckGo eta Yahoo ere lehiakideak ditu Googleren bilatzaileak, nahiz eta bi horiek ez duten sare osoa indexatzen.
7 Egia esan, batzuetan badirudi dena hartuta daukala Googlek. Google.com munduan bisita gehien jasotzen duen webgunea izango da. Sarerako bide nagusia da Mendebaldean. Haren bidez egiten dira ordenagailuetatik egiten diren bilaketen %80, eta sakelakoetatik egiten diren %90.
8 Orohartzaileari neurria jarri beharko, agian? Arazoa da nola egin hori. Europako Batasuna saiatu da. Oraindik auziak ditu zabalik Googleren kontra, 8.000 milioi eurotik gorako isunekin; bat Google Shoppingengatik, bestea Chrome nabigatzailearengatik. Baina isunek eta Europako Batzordeak eskatutako erremedioek ez dute murriztu Googleren nagusitasuna. AEBetako auzibideak lor dezake? Batek daki. Hala ere, bizkor ibiltzen ez badira, ez da babestu beharreko lehia handirik geratuko.
9 Beste handiak ere hor daude, ezta? Monopolio, oligopolio, alde gutxi. Adibidez, sareko publizitatearen zati handiena Googlek eta Facebooken artean banatzen dute. Azken hori ere Amazonekin eta Applerekin batera, azken hilabeteetan ikerketapean dago AEBetan, praktika monopolistengatik.
Trenasako langileek itxialdia hasi dute Castejoneko udaletxean

Trenasako lan-gatazka dela eta Castejongo udaletxeko batzar aretoan itxialdia hasi dute langileek eta enpresarekin negoziaketak amaitu arte han egotea da euren asmoa
Donostialdeko metroaz “gogoeta” egiteko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari

Reyes Carrere EH Bilduk Donostiako Udalean duen bozeramaileak Donostialdeko metroaren lanez “gogoeta” egiteko eskatu dio Jaurlaritzari.
Matricerias Deusto eta GTS ez ixteko eskatu diote langileek…

Matricerias Deusto eta GTS ez ixteko eskatu diote langileek Gestampi. Manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan Zamudioko fabriken itxieraren eta kaleratzeen kontra.
Bere ingurumen-politikaren balantze positiboa egin du Euskadik sektoreko berrehun…
Ekonomia zirkularra, ingurumenak osasunarekin duen lotura, elikadura zirkularra eta erosketa publiko berdea, datozen urteetako