Gaur bukatuko da Bilboko portuko greba, negoziazioei atea irekitzeko
Lan Ministerioak baieztatu du martxan dela Bilboko portuko lan gatazka konpontzeko bide orria. Horiek hala, zamaketarien ordezkariek eta enpresak elkarren arteko negoziazioak hasi behar dituzte. Bi aldeek onarturiko eskemaren arabera, gutxienez bi aldiz elkartu beharko dute hilaren 21aren aurretik. Ondoren, 22an, hiruko bilera bat egingo dute, enpresa, sindikatuak eta Espainiako Lan Ministerioa elkartuko dituena. Madrilen izango da, ministerioaren egoitzan. Bilera horrek izan beharko luke lehen mugarria. Ondoren, enpresa eta sindikatuen arteko bigarren negoziazio prozesua hasiko da urtarrilaren 12ra arte. 13an berriz bilduko dira hiru aldeak. Ministerioak ez du zehaztu zer egingo duen baldin eta egun horretara iritsi eta akordiorik ez balego.
Asteak dira enpresa eta zamaketarien langile batzordea ez direla biltzen, eta ez da erraza izango berriz hastea. Jarrerak nahiko urrun daude, baina ministerioaren presioak akordioa erraztu dezake. Oraingoz, zamaketariak lanera itzuliko dira. Abenduaren 9ra arteko greba deialdia zuten, eta ez dute beste aurreabisurik sartu. Hori ministerioak ezarritako ezinbesteko baldintza zen.
Bilbo Estiba osatzen duten enpresei —Toro y Betolaza, Berge, SLP eta Txinako Cosco—, berriz, «negoziatzeko borondatea» eta Bilboko portua «bake sozial» luze batera eramango duen «apustu garbia» exijitu die ministerioak. Herenegun erantzun zioten, lan hitzarmenaren negoziazioari bi marra gorri ezarriz baina: lan osagarriak eta lan horizontalak direlakoek —portuaren barruan lurrez egiten direnak, kamioiekin— kanpoan gelditu behar dute. Espainiako Lehia Batzordearen ebazpenetan oinarritzen dute baldintza hori. Ministerioaren ustez, eskaera horiek ez dute urratzen bide orriaren muina. Bi baldintza dira, baina ez nolanahikoak: bi jardun horiek zamaketarien lanaren herena dira gutxi gorabehera, eta, sindikatuen ustez, legezkoa da horiek ere lan hitzarmenaren bidez arautzea. Korapilo hori askatzea izango da negoziazio prozesuko oztopo handietako bat.
Behin-behinekoen auzia
Ikusi beharko da bide orriak fruitua ematen duen. Hala izan ezean, gatazka berriz piztuko da urtarrilean, eta zamaketariak berriz ere grebara joateko prest daude. Behin horra iritsita, zaila litzateke arbitraje loteslea saihestea. Enpresek publikoki esan dute bide hori gustuko dutela; ez, ordea, sindikatuek, eta, dirudienez, ezta Espainiako Gobernuak ere. Hurrengo egunak borondatea neurtzeko termometro ona izango dira, eta ikusi beharko da, besteak beste, Bilbo Estibak lan poltsa historikoko behin-behineko zamaketariak lanera deitzen dituen. Halere, azken egunetan ez da lan askorik egon portuan.
Langile horiek hamabi urte daramatzate behin-behinean lanean egun bateko kontratuak pilatuz. 103 dira, eta bat egin dute 320 zamaketari finkoekin deialdian. Eskaera haientzat lana bermatzea da, eta behin-behineko kontratu horiek apurka finko bihurtzea.
Ekonomiak udan izandako erreboteari hiru hamarren gehitu dizkio Jaurlaritzak
Datu hori da irail bukaera arte pandemiak egindako zuloa. Lehen hiruhilekoan, -%4,7ko jaitsiera egon baitzen, eta bigarrenean, -%16,4koa. Hirugarrenaren hazkundearen ondoren, azken hiruhilekoak finkatuko du inoizko urterik okerrenetakoaren eboluzioa eta -%7,5 horretatik zenbat jaitsiko den; izan ere, pandemiaren bigarren olatua ez da laguntzen ari jaitsiera ez dadin izan bi digitukoa. Irailean, Jaurlaritzak aurreratu zuen ekonomiak %10,1eko jaitsierarekin itxiko duela 2020a. Baina egungo errealitateak estimazio hori aldatu behar izatea eragin dezake, asteon Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak aitortu duenez.
Enplegua eta sektoreak
Enpleguari dagokion datu aurreratua ere aldatu du Jaurlaritzak. Esandakoa baino hobea da, eta hobekuntza hori hiru hamarrenekoa da, bai hiruhilekoen arteko tasan, bai urte artekoan; 2019ko udako hiruhilekoarekiko %6,2 apaldu da enplegua, hortaz. Kontsolamendu txikia enplegu suntsiketa handiari begira, inondik ere.
Bestalde, urte arteko tasan balio erantsiaren atzerakada orokortua izan dela esplikatu du Eustatek, administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarretan izan ezik. Baina aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, igoera handia izan da adar gehienetan, lehen sektorean izan ezik.
Bilboko zamaketariek bertan behera utzi dute greba, negoziazioari ekiteko
Bilboko portuko zamaketariek bertan behera utzi dute urriaren 9an abian jarritako greba, eta larunbat honetan lanera itzuliko dira, negoziazioari ekiteko.
EAEko ikuskizunetako profesionalen ustez, sektorerako laguntzak ez dira nahikoak
EAEko ikuskizunetako langileen ustez, sektorerako laguntzak ez dira nahikoak. Teknikariok sindikatuak dioenez, sektorearen % 60 ez da lanean ari.
SPRIk ‘brexit’ari buruzko aholkularitza zerbitzu berria sortu du euskal…
SPRIk ‘brexit’ari buruzko aholkularitza zerbitzu berria sortu du enpresentzat. Akordiorik lortzen ez bada, Erresuma Batuak abenduaren 31n utziko du Europar Batasuna
Rolls Roycek lan berriak bideratuko ditu ITPren Zamudioko plantara
Aspaldiko partez argi pixka bat sartu zen atzo euskal hegazkingintzan. Rolls Roycek ITP Aero saldu nahi du, eta bi erabakiek are erakargarriago bihurtzen dute enpresa. Estrategikoki, Hucknalleko planta xurgatzea garrantzitsuagoa da ITPrentzat, aurretik ez zituen gaitasun batzuk lortuko dituelako. Euskal Herrira begira, baina, eragin gehiago izango du Barnoldswickeko mugimenduak. Ingalaterrako prentsan ziurtzat jotzen dute hura itxiko dutela, eta brexit-aren itzala ikusten dute atzean. Bertako langileek abuztuan greba egin zuten Rollsek lanaren zati bat Singapurrera bidali zuelako, eta orain Euskal Herria izango da onuraduna.
Rolls Roycek agiri bidez jakinarazi duenez, Barnoldswickeko mugimenduan «lan karga» igorriko diote ITPri. Besteak beste, hegazkingintza zibileko motorren estrukturak egiten dituzte. Langileak eta instalazioak kanpoan gelditzen dira; beraz, ITPrenek hartuko dute ardura hori. Baldintza horrek sartzen du Zamudio ekuazioan, besteak beste turbinak muntatzen baitituzte. Enpresako iturrien arabera, ekoizpenaren eskualdatzea faseka egingo da, eta ez da guztiz bukatuko 2023ra arte. Aurretik, Ingalaterrako enpresetako langileen ordezkariekin bildu behar dute. ELAren agirian ziurtzat jo dute lan hori Zamudiora etorriko dela; izan ere, besteak beste, hala ulertarazi diete langileei aste honetan.
Lanuzte arrakastatsuak
ITPrena argi izpi bat da, baina errealitatea oso iluna da euskal hegazkingintzan. Urrunago joan gabe, ITPn bertan, PCBn zehazki, atzo lau orduko lanuzteak hasi zituzten Sestao eta Barakaldoko (Bizkaia) plantetan. Langileen «%95ek» egin zuten etena, eta negoziazioak aldatzen ez badira, egun oso greba hasiko dute 14an. Aernnovan (Berantevilla) ere lanuzteak egin zituzten, zortzi ordukoak txandako. Langile guztiek egin zuten, bulegoetako batzuk izan ezik. 101 langile kaleratu nahi ditu zuzendaritzak.
Bilbo Estibak marra gorriak jarri ditu zamaketariekin biltzeko
Bilbo Estibak ez zion erantzun argia eman Lan Ministerioaren eskaintzari. Are gehiago, plazaratutako agirian «uko egin ezinezko baldintza» gisa ezarri zuen portuko lan osagarrien eta lurreko lan horizontalen inguruan ez hitz egitea. Enpresak, era berean, Espainiako Lehia Batzordearen agiri bat gehitu zuen, zeinak dioen lan osagarriak lan hitzarmenetatik kanpo uzten ez dituzten klausulek ez dutela indarrik.
Eta hain garrantzitsuak al dira jardun horiek? Bada, bai. Portuan itsasontziekin harreman estu- estua ez duten jardunak dira: azpiegitura barneko garraioa… Orain arte zamaketariek egin zituzten, eta haiek gabe lan karga handia galduko lukete. Berez, jardun horiek liberalizatuta daude, eta enpresek aldi baterako lan enpresen bitartez kontrataturiko langileekin ere egin izan dituzte. Haien lan hitzarmena zamaketariena baino kaskarragoa da.
Zamaketarien ordezkariak gaur bilduko dira, baina litekeena da bide orriarekin jarraitzea onartzea. Horrek greba bertan behera uztea eragingo luke, eta bihar lanera itzuliko lirateke —gaurkoa 56. eguna da—. Ministerioak baldintza hori ezarri zien esku hartzeko. Zamaketarien eskaera argia da: lan karga 320 langile finkoentzat eta hamabi urtez behin-behinean aritu diren 103entzat.
Iglesiasek jakinarazi du lau laneguneko astea “aztertzen” ari direla
Pablo Iglesias Espainiako bigarren presidenteordeak jakinarazi du Lan Ministerioa eta Yolanda Diaz ministroa “aztertzen” direla lau laneguneko astea.
Bilboestibak negoziazioa onartu du, baina baldintzekin
Bilboko portuko zamaketa enpresek onartu egin dute Espainiako Lan Ministerioak proposatutako negoziazioa langileekin duten gatazkari aterabidea emateko.