Boletin autonomoak eta mikroenpresak (Prestakuntza-Inplantalariak)
Hidrogeno berdea ekoizteko planta bat irekiko dute 2022an Zornotzan
Hidrogeno berdea ekoizteko planta bat irekiko dute 2022an Zornotzan. Hasiera batean proiektuak 50 milioiko inbertsioa du, baina sortzeko ahalmena handitu egingo dute
Langabeziak behera egin du, baina ia 16.000 lagun gehiago…
Datu txar horrek kontraste handia egiten du langabe kopuruaren bilakaera onarekin. Ohikoa denez, langabeziak behera egin du azaroan, baina aurten inoiz baino gehiago egin du: 171.963 lagun ageri dira langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan, urrian baino 5.416 gutxiago.
LANGABEZIA
Jaitsiera historikoa
Koronabirusaren krisiak kolpe gogorra eman dio lan merkatuari, eta, horren erakusgarri, duela urtebete baino 25.770 langabe gehiago zeuden azaroan. Baina, hurrengo hilabeteetan egoera izugarri okertzen ez bada, ez dira beteko aurreikuspenik beltzenak, eta langabe kopuruak ez du 200.000 lagunen langa gaindituko. Bide horretan zihoan udan, abuztuan 185.420ra iritsi baitziren, baina ordutik hona ez du okerrera egin, hobera baizik: abuztuan baino ia 13.500 langabe gutxiago daude orain.
Irailean eta urrian, zerbitzuak izan ziren langabeziaren jaitsieraren motor nagusia, hezkuntzari lotutako enpleguen eskutik. Azaroan ere zerbitzuetan jaitsi da gehien langabezia (-2.974), baina beste sektoreen ekarpena ere ez da gutxietsi behar. Aeronautikaren arazo latzak gorabehera, industrian 766 langabe gutxiago daude urrian baino, eta 490 gutxiago eraikuntzan, baina ehunekoetan hobekuntzarik handiena aurretik enplegurik gabekoen artean gertatu da (-979). Gazteak izan ohi dira horietako asko.
Langabeziaren jaitsierak batez ere gizonei egin die mesede, eta, horren ondorioz, emakumeek langabeen artean duten pisua lau hamarren igo da, %55,8raino. Horrela, SEPEren datuak INEren biztanleria aktiboarekin erkatuz gero, emakumeen %14,9 daude lanik gabe, eta gizonen %10,9.
Lurraldeei erreparatuz gero, Nafarroa da salbuespena, han gora egin baitu langabeen kopuruak (+619). Asko murriztu da kopurua Bizkaian (-2.349) eta Gipuzkoan (-1.547), baina, bere biztanleria kontuan hartuta, Arabak eman du daturik onena (-2.139). Ikusi beharko da, ordea, zer gertatuko den hurrengo asteetan, aeronautikan eta autogintzan iragarritako kaleratze gehienak gauzatzen direnean.
ERREGULAZIOAK
Berriro gora
Aldi baterako enplegu erregulazioan zeudenen kopuruak apirilean jo zuen goia, itxialdia ia erabatekoa izan zenean. Orduan 230.000 langile egon ziren behin-behinean lanetik kanpo, baina kopuru horrek behera egin zuen ekonomia zabaldu ahala. Urrian jo zuen behea, 25.955 langilerekin, baina, espero zen moduan, jauzi bat egin du gora azaroan, 41.704 izateraino. Ostalaritzako langileak dira batik bat, tabernak eta jatetxeak itxita egon baitziren ia azaro osoan. Joan den astean zabaldu ziren batzuk Nafarroan, eta horren eragina ikus daiteke datu batean: gehiago dira batez beste aldi baterako enplegu erregulazioan egon diren langileak (10.891) hilabetearen amaieran zeudenak baino (10.560). Hau da, pentsa daiteke zerbitzari batzuk erregulaziotik atera dituztela tabernetako jabeek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, kontrakoa gertatzen da, beranduago itxi zituztelako ostatuak —abenduaren 7an—, baina oraindik itxita daudelako; ondorioz, hilabetearen amaieran erregulazioan langile gehiago zeuden (31.149) batez beste azaroan baino (30.891).
Aldi baterako lan erregulazioan dauden langileak ez dira langabetzat hartzen, haien kontratuak ez baitaude hautsita, etenda baizik.
Ostatuen itxieraren eragina beste datu batean ere ikus daiteke: autonomoen prestazio berezia 21.344 lagunek jaso dute azaroan, eta urrian 7.653 baizik ez ziren izan. Hau da, ia 13.700 autonomo gehiagok jaso dute laguntza, beren negozioak itxita daudelako edo oso diru-sarrera apalekin.
AFILIAZIOAK
Hilabete motela
Langabe kopurua jaitsi den arren, ia ez da aldaketarik Gizarte Segurantzaren afiliazioetan. Batez beste, 1.247.587 lagunek kotizatu dute azaroan, urrian baino 180 gehiagok, eta iazko azaroan baino 23.548 gehiagok. Azaroko datu kaskarrena da 2014. urteaz geroztik, nahiz eta egia den azaroak ez duela arlo horretan oso kopuru esanguratsurik ematen. Edonola ere, kezkarako beste datu batekin uztar daiteke: sinatutako kontratu kopurua ia %15 txikitu da iazko azaroarekin alderatuz gero. Ostalaritza itxita egotearen ondorioa izan daiteke. Gainera, kontratu mugagabeen kopuruak oso maila apalean jarraitzen du: azaroan egindakoen %7,11 baizik ez ziren mota horretakoak.
Tramite hutsa ala leungailua?
Aernnovako (Berantevilla, Araba) eta Precision Castings Bilbaoko langileek (Sestao eta Barakaldo, Bizkaia) bilera izan zuten atzo. Zuzendaritzek 101 eta 136 kaleratze egiteko asmoa dute, hurrenez hurren. ITP Aeroren menpe dagoen enpresa bat da PCB, hura dute bezero nagusi. Oihana Guenaga langile batzordeko kidea da (LAB): «Enpresaren aldetik ez da eskaintza berririk egon. Erregulazioa du buruan, eta gu ez gaude ados. Guk argi dugu krisi hau koiunturala dela eta beste tankera bateko neurriak har daitezkeela». Hilaren 23ra arteko tartea dute neurria aldatzeko.
Denboraz justuago dabil Karlos Gomez Aernnovako langile batzordeko presidentea (ELA). Negoziazio epea hilaren 18an amaituko da, eta atzokoa laugarren bilera izan zen. «Kaleratzeak eta kaleratzeak baino ez dituzte buruan. Guk eskaera zehatza egin diogu: urtebeteko aldi baterako erregulazioa, gero egoera berriz aztertzeko. Eta enpresak? Ezetz. Eta hori egoera ekonomiko bikaina duela kontuan hartuta».
Urtzi Aurrekoetxea (LAB) Kelvioneko (Igorre, Bizkaia) langile batzordeko presidentea da. Bertako egoera larriagoa da, erregulazioak 147 kaleratze eta plantaren itxiera eragingo bailuke. Negoziazioan itxaropen gutxi jarria du. «Orain arte bueltaka ibili dira, ezer zehatzik esan gabe. Batzuetan uste duzu ez duela ezertarako balio, baina itxaropena dugu azken astean taxuzko eskaintzaren bat egingo dutela».
Etsipen sentsazioa nahiko zabaldua izaten da batzordeen artean. Beharturiko negoziazioa ez da loteslea, eta, legeak «fede onez» negoziatu behar dela esan arren, ez du zehazten zer den fede ona. Hor du hutsunerik handiena. Langileek proposamena onartzea ez da beharrezkoa enpresak neurria har dezan. Aldiz, ez sinatzeak gero auzitara jotzeko aukera ematen du. «Negoziazio mahaiek kaleratzeen prezioa ezartzeko baino ez dute balio, eta guk esan diegu ez ditugula sinatuko», gehitu du, kritiko, Gomezek.
Gakoa, azken astea
Negoziazioen azken astera begira daude Kelvioneko langileak, ez baita arraroa enpresak azken unean mugitzea. Udazken honetan, ITP Aerok Zamudion duen plantako langileak ere negoziatzen ibili ziren, eta, hiru astez bilerak egin ondoren, enpresaren eskaintza bakarra azken astean iritsi zen. Kasu hartan, hasieran 194 kaleratze zirenak 121 bilakatu ziren, aldi baterako erregulazio zorrotz baten eraginez eta erretiro behartuak derrigorrezko bihurtuz. GTS eta Matriceria Deustoko batzordeak ere 253 kaleratzeak eragozten saiatu ziren, eta Gestampen mugimendu bakarra azken astean iritsi zen, birkokatze eta erretiro aurreratu batzuekin.
Bitartekaririk gabeko bilerak dira, eta, hasieran, enpresak informazio ekonomikoa ematen du. Sindikatuetako adituen garaia iristen da orduan. Atzo hori gertatu zen PCBren bileran. Guenaga: «Ekonomisten eguna izan zen. Guk LABekoa eraman genuen, eta sekulako txostena egin zuen. Beste sindikatuetako delegatuak ere pozik geratu ziren haren lanarekin. Galdera zorrotzak egin zizkien zuzendariei, eta agiri gehiago eskatu zituen PCB eta ITPren arteko harremana ezagutzeko». Agiri horiek, baina, ez dira beti iristen; Aernnovako batzordeak atzo jaso zituen bigarren bilerarako eskaturiko txostenak.
Mahaitik kanpoko partida
Ez dira traba bakarrak izaten. Bereziki harrigarria da Kelvionen negoziazioen egoera. «Ostiralean dugu hurrengo bilera, eta ez dakigu non izango den. Aurrenekoa Santanderren (Espainia) izan zen, bigarrena Bilbon, eta hau ez dakigu. Kide batek Madrildik etorri behar du, eta ez daki non izango den». Aurrekoetxearen harridura haratago doa. «Bigarren bileran, kaleratzeak saihetsezinak zirela esan ziguten lehenbizi; eta, gero, txoritzar batzuek, funts batzuek alegia, erosteko interesa zutela. Ezin da kontraesan handiagorik egon, eta hau gauza serioa da».
Hiru enpresetako langileak mobilizazioak egiten ari dira: bilerak, lanuzteak… eta argi dute «garrantzitsuak» direla. Gomezek eskarmentua du, gainera. «Erakundeek estu hartu behar dute enpresa. 2016an 145 kaleratze egin nahi izan zituen, eta Jaurlaritza eta aldundia irmo agertu ziren aurka. Orain gauza bera egin behar dute, baina ez dakit prest dauden». Aernnovako langileak legebiltzarrean agerraldia eginikoak dira, eta ate publiko asko jo dituzte. Orain, PCBkoek hartuko dute bide hori. «Partida mahaitik kanpo ere jokatzen da: kalean, bulegoetan… Eta lortzen duguna horri esker lortuko dugu», gehitu du Guenagak.
Ostalariek ez dute terrazen purgatoriotik igaro nahi tabernak ireki…
Izan ere, ohartarazi dute horrela irekitzeak soilik negozio gutxi batzuei egingo liekeela mesede; «gehientzat agonia luzatzea litzateke». Tabernen barrualdean zerbitzatzeko baimenarekin ireki ahal izatea baizik ez dute nahi ostalariek, lokalen mugak eta bezeroen arteko tarteak zorrotz zaindu beharko direla jakinda ere.
Edukieraren erdia
Terraza jartzeko aukera dutenentzat ere terrazek alternatiba izateari uzten baitiote neguan. Azaroa epel joan da, eguzki izpi atseginez lagundurik egun askotan, baina iragarpenek diote euri garaia hasiko dela aurki, eta hotz hezea ez da bateragarria terrazetan egotearekin, ez bada babes handiko guneetan, eta inbertsioa eskatzen duten berogailuekin.
Horiek horrela, Arabako SEA patronalak eskatu du ostalaritza irekitzeko abenduaren 9rako; lokalen edukieraren erdia beteta nahi ditu zabalik taberna eta jatetxeak, bezeroak mahaietan eserita eta terrazak osorik betetzeko aukerarekin. Are, patronalak dio etxeratze agindua 23:00ak arte luzatu behar duela Jaurlaritzak, ostalaritzako negozioak zabalik egon daitezen 22:00ak arte. «Negozioek egin ahalak eginda bizirik irauteko aukera izan dezaten» nahi ditu aldaketa horiek SEAk, eta Jaurlaritzari neurriok lehenbailehen har ditzala esan dio. «Itxiera gehiago luzatzeak ostalaritza irekitzen duen azken erkidegoa bihurtuko luke Euskadi».
Nafarroako ostalariek ere garbi utzi zuten atzo, beste manifestazio handi batekin, ez dutela itxaron nahi abenduaren 16ra arte negozioen barrualdea zabaltzeko, «katastrofe bat delako hau». Ordu arte ezarri du Nafarroako Gobernuak soilik terrazekin aritzeko agindua. Nafarroako Ostalaritza Elkarteko presidente Ana Beriainek uste du jadanik badirela baldintzak lokalak irekitzeko. «Kutsatze datuak ez dira txarrak, eta beste erkidegoak abenduaren 9an irekitzeko bidean daude».
Ipar Euskal Herrian, tabernariek ez dute arrastorik Frantziako Gobernuaren asmoak direla eta. Jatetxeak urtarrilaren 20tik aitzina irekitzeko asmoa erakutsi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak; ostatuentzat, ordea, ez du eperik aipatu.
Etxebizitza eskaintzera behartzen duen etxegabetzeen aurkako dekretua onartuko dute
Etxebizitzarako alternatibarik ematen ez duten etxegabetzeak debekatuko dituzte, Espainiako Gobernuak onartuko duen lege dekretu batekin.
Bitarteko langileen sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren proposamena baztertu du
Bitarteko langileek lanpostua finkatzeko Eusko Jaurlaritzaren baldintzak: gutxienez 8 urteko antzinatasuna izatea eta behin-behinekotasun tasa % 40tik gorakoa izatea
Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin du Arcelor Mittalen maiatzeko lan…
Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin du Arcelor Mittal multinazionalak maiatzean aurkeztutako aldi baterako lan erregulazio espedientea, ELAk jakitera eman duenez.
Kontzesionarioek autoa erostera deitu dute, «garestitu baino lehen»
Finean, beste arazo bat du aurrez aurre autogintzak, eta, zehazki, auto kontzesionarioek. Ilun joan da urtea sektorean, beste hainbatean bezala, eta aurreikus daiteke 2021eko hasierak ez duela auto salmenten gainbehera galgatuko. Azaroan %2,7 apaldu dira salmentak urte arteko tasan, Hego Euskal Herrian, baina urteko lehen hamaika hilabeteetan, erorikoa %26,9koa da; hau da, 12.672 auto gutxiago matrikulatu dituzte, 34.144 guztira. Bistan da: salmententzat harlauza galanta suertatu da sektorearen egiturazko arazoei —trantsizio ekologikoari lotuak batik bat— pandemiaren ondorioak gehitzea.
WLTP araudia 2018an onartu zuen Europako Batasunak, baina bi urteko luzapena eman zien autogileei araudi berrira egokitzeko. Hilabete barru, ordea, indarrean jarriko dute, eta horrek 1.000 eta 1.200 euro arteko garestitzeak ekarriko ditu batez beste auto gehienen matrikulazio zergan. Hori dela eta, kontzesionarioetan sinetsita daude abendua hil «oso ona» izan daitekeela salmentei begira, «erosteko asmo txikiena duenak ere orain egin beharko lukeelako urratsa».
Auto ugari daude matrikulazio zergatik salbuetsita kilometroko 120 gramo CO2ko isurietara ez direlako iristen, baina aurrerantzean %4,75eko zerga pagatuko dute horietako askok. Beste hainbat, berriz, %4,75eko tasatik %9,75ekora pasatuko dira, 160 gramoko mugatik harago eramango dituelako araudi zorrotzagoak; eta beste batzuk, berriz, 200 gramo CO2 baino gehiago isurtzen dutenen taldean sartuko dira, eta horiek erosi nahi dituztenek %14,75eko tasa pagatu beharko dute matrikulazio zergan. Beraz, auto gehienek %5 inguruko garestitzea izango du matrikulazio zergan: mila euro baino gehiago, gehienetan.
«Urtarrilean beti igotzen da autoen prezioa, baina aurten gehiago nabarituko da», dio Opel Giautoko salmenta arduradun Gerardo Jauregik: «Espainiako laguntzak bukatzera doaz, Jaurlaritzarenak bukatu ziren, eta matrikulazio zerga nabarmen igoko da. Horregatik, erosteko asmoa duenak ez luke gehiago itxaron beharko». Urte txarra izan da Giautorentzat, beste kontzesionario guztientzat bezala, baina Jauregik dio azaroko helburuak bete dituztela, eta abendu «oso ona» espero dute, «begien bistakoa baita orain dela autoa erosteko momentua».
Galdu dena galdu da
Volkswagen Autowageko salmenta arduradun Igor Aranburu bat dator urgentziaren mezuarekin: «Gure modeloen %80i eragingo die matrikulazio zergaren aldaketak. %5eko garestitzeaz ari gara, mila euro baino gehiago. Bakarrik hori kontuan hartuz, edozein erosleri merezi dio bizi ibiltzeak urtea amaitu aurretik». Aranburuk ez du ulertzen zergatik ez den aldaketaren berri ozenago eta sarriago eman. «Jende gehienak ez daki zer datorren, edo ez du sinesten, baina garestitzea benetakoa izango da». Batera edo bestera, Autowageko bozeramaileak dio abenduan salmentek gora egingo dutela. Urtea txukuntzeko balioko du hein batean, «baina kontzesionarioa itxita egon denean galdu dena ez dago berreskuratzerik».
Ford Easo Motorreko zuzendari Jon Tolaretxipik uste du «mugimendua» egongo dela abenduan, ohi baino operazio gehiago, alegia. «Auto garbiagoen inbertsioa prezioak garestitzen ari da, eta urtarriletik aurrera nabarmena izango da hori. Kontuan hartuta gu behartuta gaudela eskaintza bereziak egitera urte bukaeran, erraz aurreikus daiteke abendua hil on bat izan daitekeela salmentetan».