950 euroko gutxieneko soldata egongo da elkarrizketa sozialean akordioa…
Espainiako Ministroen Kontseiluak Lanbide arteko Gutxieneko Soldata % 5,5 igotzeko onartu zuen errege dekretua luzatzea erabaki du.
Eta susperraldi horrek enpleguan eraginik izango al du? Confebasken arabera, gutxi nabarituko da hurrengo urtean, ez onerako, ez txarrerako. Birusak jada egina du triskantza: Gizarte Segurantzan 22.000 afiliatu gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa ia bi puntu igo da: %11,3 da. Enpresarien elkartearen aurreikuspena da orain arte galdutakoaren zati bat berreskuratzen hastea, baina «erritmo motelean» oraindik ere. Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek azaldu duenez, aldi baterako erregulazioan jarraitzen duten pertsonak lanera itzultzearekin batera —hiru lurraldeetan, 30.000 behargin inguru— beteko da hurrengo urtean izango den enplegu beharren zati handi bat. Hortaz, apenas sortuko den lanpostu berririk —5.000 afiliatu gehiago, Confebasken arabera—, eta langabezia tasa ere ez da aldatuko: aurtengoaren bueltan geratuko da.
COVID-19ak pertsona guztiei eragiten dien moduan, gauza bera gertatu da sektore ekonomikoekin. Baina egon dira kaltea gehiago nabaritu dutenak: mugikortasunari, kulturari eta aisiari lotutako zerbitzuek eta «atzerrira oso irekita dauden» industriek, hala nola aeronautikak, petrolio findegiek eta ekipo ondasunak. Confebasken arabera, 2021ean horiek eta gainontzekoek «hobekuntza argia» izango dute, zerbitzuen sektore pribatuak bereziki; horien artean, baina, gehiago kostako zaie aisialdiarekin eta turismoarekin lotutako jarduerei. Eraikuntza eta industria ere «asko» haziko dira datorren urtean, baina, bigarrenaren kasuan, jarduera adar batzuetan geldoagoa izango da susperraldia, findegienean edo aeronautikarenean, adibidez.
Enpresen eskaerak
Aurreikuspen ekonomikoek beti dute akatserako tarte bat, eta are gehiago osasun krisi baten moduko aldagai ezezagun bat tartean sartzen bada. Horrek sortzen duen ziurgabetasuna kontuan hartuta ere, Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak mezu positibo bat helarazi nahi izan du. Batetik, nabarmendu du euskal ekonomia Europakoen abiadura berean haziko dela, 2022an pandemia aurreko maila berreskuratzeko aurreikuspenarekin, eta Espainiakoa baino urtebete bizkorragoa izango dela. 2008ko krisia ere izan du hizpide, eta gogoratu du orduan hamar urte behar izan zirela «bide positiboa berreskuratzeko», eta, orain, bi urteko aurreikuspenekin dabiltzala. Enpresen artean ere baikortasuna nabari duela azpimarratu du Aretxagak.
Confebaskek egindako inkesta baten arabera, euskal enpresek «hobekuntza progresibo» bat espero dute datorren urterako, 2020an baino jarduera handiagoarekin, baina krisiaren aurretik izandakoa baino txikiagoa oraindik. Enpresen kezkak dira, besteak beste, Espainiako ekonomiaren ahultasuna eta salmenten errentagarritasunak behera egitea. Eskakizun nagusiak ohikoak: dira: barruko lan malgutasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioen murrizketa, likideziarako abal eta mailegu lerroak mantentzea eta enplegurako lan erregulazioak egiteko egungo baldintzei eustea.
Urte hasiera «zaila»
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko lehendakariak «aldarrikapen logikotzat» jo du erregulazioen egungo eredua erreformatzeko eskaera, baliabide hori «errazteko». «Zenbat eta traba eta muga gutxiago egon, orduan eta gutxiago joko da neurri traumatikoagoetara, enpleguaren suntsiketan eragingo duten neurrietara, alegia». Pablo Martin Confebaskeko Ekonomia arduradunak onartu du datorren urtearen lehen hilabeteak «zailak» izango direla eta «saihetsezina» izango dela enpresa batzuk ixtea. Ez du zehaztu zein eta zenbat izan daitezkeen.
Hori ekiditeko, enpresei «kontingentzia plan errealistak» egiteko eskatu die Aretxagak, eta gizarte eragileei «elkarrizketara irekiak» egoteko, enpresekin diagnostiko partekatu bat adosteko. Administrazioei, berriz, eskatu die COVID-19a dela-eta onartutako tresnak «ahal duten neurrian» indartzeko. «Begirada errealista bat proposatzen dugu, baina ezkortasunean eta gogogabetasunean erori gabe. Krisialditik ateratzeko beharrezkoak diren esperientzia eta tresnak ditugu, eta horretarako konpromisoa, erantzukizuna eta esfortzu indibidual eta kolektiboa beharko dira».
«Zarata saihestea» omen zen horren arrazoia, behin baino gehiagotan Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez. Baina opakutasun horrek berak zarata dezente sortu du. Lehen iskanbila lehen zerrenda zirriborroarekin piztu zen, abuztu bukaeran Lakuak Madrilera bidali zuen listarekin. Egun gutxian atondutako zerrenda hura PwC aholkularitza enpresak egin zuen, eta, besteak beste, AHTari lotutako proiektuak jasotzen zituen, baita «fase kontzeptualean» zeuden beste batzuk ere.
Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk egindako eskakizunari esker ezagutu zen PwCren zerrendak kritika asko jaso zituen, lurraldeen arteko orekarik ez zegoelako eta azpiegitura proiektu asko zeudelako. Dena den, ezerezean gelditu zen, Azpiazuk berak duela bi aste azaldu zuenez. Ordurako, urriaren erdian Jaurlaritzako sailen arteko batzorde bat osatu zen, Euskadi Next programa osatzeko, «herri ikuspegiarekin» eratutako «programa propioa».
Eta hor ere izan da iskanbila. Azpiazuren eta Jaurlaritzako beste kideen arabera, batzorde hori hainbat eragile ekonomiko eta sozialekin bildu da, hautagaien zerrenda osatzeko. Baina ekarpenak edo eskaerak egin dituzten ahots horiek zein izan diren ez da argitara atera, eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek ez dute parte hartzerik izan, oposizioak salatu duenez. Azpiazuren arabera, lan hori gobernuarena zelako.
Madrilen galbahea
Gaur onartzekoa den Euskadi Next Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia Programak egitasmo zehatzak zerrendatuko ditu, hautagaiak izan daitezkeenak Next Generation EUko eta React EUko diruak jasotzeko. Baina zerrenda hori ez doa zuzenean Bruselara, Pedro Sanchezen mahaira baizik. Espainiako presidenteak beretzat hartu du gidaritza Europako Batasunak Espainiara bideratuko dituen 140.000 milioi euroak kudeatzeko.
Iragan astearteko ministroen kontseiluan egin zen ofizial kudeaketa modu erabat zentralizatu hori, Jaurlaritzako sailburuen haserrerako. Azpiazuk esan zuen ez zegoela ados gobernantza eredu horrekin, eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak gaitzetsi zuen Sanchezenak gehiago zirudiela «kudeaketa mandatu bat», 0 maila anitzeko gobernantza bat baino.
Eredu aldaketa
Beste galbahe bat ere izango dute proiektuek Bruselan, eta Espainiarentzako EBren baldintzak ere izango dira, tartean pentsioen erreformarena. Hori gaitzetsi du, besteak beste, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak, Aldaketa sakona euskal eredu ekonomikoan manifestuan. Dagoeneko 60 erakunderen eta 150 irakasleren babesa duen manifestu hori zabalik dago sinatzeko. Ekinaldiak «Europako funtsekin zerikusia duten planen logika neoliberalari» aurre egitea du helburu, «funtsek eskubide sozialen eta laboralen murrizketak dakartzatelako, eta enpresa handien interesen neurrira diseinatuta daudelako».
EBren azken pauso bat beharko da orduan: Europako Legebiltzarrak onartzea. Urtarrileko hirugarren astean gerta daiteke hori. Bitartean, ituna behin-behinean sartuko da indarrean, eta, hortaz, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak muga zergarik eta kuotarik gabe jarraitu ahal izango dute merkataritzan. Hori bai, mugetan kontrolak izango dituzte, inportatzaileek eta esportatzaileek tramite burokratikoak bete beharko dituzte, eta garraiolariek baimen bereziak beharko dituzte Mantxako itsasartea gurutzatzeko.
Akordioa bihar iritsiko da Erresuma Batuko legebiltzarrera. Estutasunik gabe aurrera egitea espero da, baina ez aho batez. Batetik, ikusteko dago brexit-zale sutsuenek, ERG taldeko toryek gogo onez irensten duten EBrekiko lotura molde bat gordetzen duen itun bat. Bestetik, kontrako arrazoiengatik, Alderdi Laboristan denak ez daude pozik Key Starmer buruak akordioaren alde bozkatzera deitu duelako, eta pentsatzekoa da gutxienez abstentziora jokoko dutela diputatu europazaleetako batzuek.
Erresuma Batuan interes ekonomikoak dituzten enpresek jasoko dituzte laguntzak, estatu kideen bitartez. Administrazioek ere erabiliko dituzte, muga eta aduanetako kontrolak egokitzeko. Laguntzak bi txandatan banatuko ditu Bruselak: zatirik handiena 2021ean aurrefinantzatuko du, eta estatu bakoitzak zenbat jasoko duen kalkulatuko da haien ekonomian hausturak izango duen eraginaren arabera. Horretarako, Batzordeari txosten zehatzak igorri beharko dizkiote.
Datozen 30 hilabeteetan erabiltzeko izango da funtsa, baina Bruselak atea zabalik utzi du 2024ra arte luzatzeko, «gastu errealak orain uste baino handiagoak badira». Johannes Hahn Aurrekontu eta Administrazio komisarioak atzo aurreikusi zuenez, funts horrek eman ahal izango duena baino doikuntza handiagoak beharko dira epe luzera.
Eragina euskal enpresetan
Brexit-aren akordioak bi aldeen arteko merkataritza librea babesten du: ez du zerga mugarik ezartzen, ezta esportatu daitezkeen produktuen gaineko kuotarik ere: nahi beste salerosi ahal izango dute Europako enpresek Erresuma Batuan, eta alderantziz. Dena den, aduana mugak igaro beharko dituzte alde bateko zein besteko estandarrak betetzen direla erakusteko, eta horrek lege gatazkak eragin ditzake, garraiorako traba bat izateaz gain. Langileen joan-etorriak ere mugatuta egongo dira, besteak beste.
Elisa Ferreira Kohesio eta Erreformen komisarioak atzo ohartarazi zuenez, urtarrilaren 1etik aurrerako joko zelai berriak «eragin ekonomiko eta sozial handia» izango du Erresuma Batuko ekonomiarekin lotura estua duten enpresetan eta herrialdeetan.
Aurreko astean Eustatek zabaldutako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen laugarren herrialdea da Erresuma Batua. Aurten hiru lurralde horietan ekoiztutakoen %6 han saldu da. Brexit-ak mugikortasunaren industriari eragingo dio bereziki: Erresuma Batura esportatutakoaren %44k sektore horrekin dauka lotura.
Euroeszeptikoen zalantzak
Ostegunetik, akordioa amaitu zutenetik, Europako Batasuneko estatu kideak hura aztertzen ari dira buru-belarri. Bi aldeen asmoa da urtarrilaren 1etik aurrera behin-behinean indarrean sartzea, eta pixkanaka aplikatuko da. Trantsizio epe bat ezarriko da, urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra bitarte, onarpen formalaren prozesua amaitzeko; besteak beste, Europako Parlamentuak testua berresteko. Hori urtarrilaren hirugarren astean izango da. Erresuma Batuko Komunen Ganberak datorren asteazkenean bozkatuko du akordioa.
Bi aldeetan ziurra da aurrera egingo duela. Erresuma Batuan, Boris Johnson lehen ministroak gehiengoa du, eta, gainera, laboristek ere aurreratu dute babestu egingo dutela. Zalantza bakarra haren alde azaldu izan diren euroeszeptikoenen jarrera da. Atzo, haiei mintzatu zitzaien, testua «zorrotz» aztertuko zutela ohartarazi ostean. Itunak haiekin adostutako konpromiso guztiak betetzen dituela azpimarratu zuen Johnsonek.
Joan-etorriei stop handi bat jarri diete munduko agintariek, eta, horrekin batera, hegazkin konpainien amesgaiztoa heldu da. Hegazkin berriak erosteari utzi diotelarik, euskal industriaren abangoardian dagoen sektore oso bat erori da bat-batean: aeronautika. ITP Aero, Aernnova, Aciturri, Alestis, Lauak… enpresa askok iragarri dituzte kaleratze kolektiboak, eta lan gatazkek sektorearen egunerokoa bete dute urtearen bigarren erdian. Urte hasierak ere lan gatazka horien drama islatuko du.
Datorren astean hautsiko ditu Erresuma Batuak Europako Batasuneko merkatu bakarrarekin lotzen zuten kateak. Ondorengo harremana nolakoa izango den negoziatzen aritu dira azkenera arte, beren buruari jarritako mugak behin eta berriro gaindituta. Azkenean, brexit gogorra izango da —Erresuma Batuak ez du jarraituko ez merkatu batasunean, ez aduana batasunean—. baina brexit gogorrena gutxigatik saihestu dute, merkataritza librerako itun bati esker. Hala, produktuek muga zergarik ordaindu gabe zirkulatuko dute bi eremuen artean, baina burokrazia gehiago beharko dute esportatzaileek.
Castejongo (Nafarroa) Trenasa itxi eta hango 115 langile kaleratzeko erregulazioa iragarri zuen CAF trengileak uda amaieran. Beasaingo konpainiak esan zuen ez dagoela lan kargarik autobus elektrikoen alorrean diharduen fabrika horrentzat. Kaleratze erregulazio hori, ordea, aldi baterako erregulazio bihurtu du trengileak, eta esan du Renferen adjudikazio baten zain dagoela Trenasa bideragarria den jakiteko. Aste batzuen buruan jakin daiteke Trenasaren geroa zein den, baina erabat loturik dago CAFek Renferi esker lor ditzakeen kontratu berriei.
Lan, pentsio eta bizitza duinak lelopean, greba orokorrera deitu zuten urte hasieran ELAk eta LABek, beste hainbat sindikaturekin batera, Hego Euskal Herrian. Langileak, pentsiodunak, feministak eta zaintzaileak elkartu ziren lanuzterako. Lurraldeka eta sektoreka erantzun handia lortu zuen, eta manifestazio oso handiak egin zituzten hiriburuetan, lan baldintza hobeak eskatzeko, prekaritateari buelta emateko, alegia.
Hainbat urteko geldialdiaren ondoren, energia eolikoak bultzada handia jaso du 2020. urtean. Ekainean hasi zen argindarra ekoizten Euskal Herriko parkerik handiena, Cavar izenekoa, Valtierra eta Cadreita artean (Nafarroan). Nafarroako Erriberan eta erdialdean beste parke batzuk eraikitzen ari dira, baina berritasuna da Iruñetik iparraldera dauden mendietan ere zenbait proiektu daudela (Lesaka, Odieta, Esteribar…). Mendi horien natur balioa dela eta, parkeen aurkako mugimenduak ere sortu dira. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Iberdrola hartu du bazkide Aixendar enpresan, eta Araban hasi nahi du parkeak hedatzen: Iturrietako mendietan, Azazetan, Arkamon eta Labrazan.
Batean bale eta bestean kale. Europako Banku Zentralak urte batzuk darama Espainiako sistemako bankuen arteko bat egiteak eskatzen, erakunde batzuen kapital eskasia gainditzeko modua dela uste baitu. Kasu egin diote Caixabankek eta Bankiak, azken horren akziodun nagusiak, Espainiako Estatuak berak, kalkulatu baitu diru publiko gehiago berreskuratuko duela Caixabanken zati bat salduta Bankia merke- zurrean salduta baino. Hori bai, Bankian jarritako 23.000 milioi euroak nekez berreskuratuko ditu. BBVAk eta Sabadellek ere hasi zituzten ezkontzarako prestaketak, baina, oraingoz, banandurik jarraituko dute.
Gestamp Taldeak enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du GTS eta Matriceria Deusto enpresetan. «Lanpostu aldaketa gutxi batzuk egongo dira, baina langile gehienak kalera joango dira», LAB sindikatuaren arabera. 35 langileri lanpostua aldatzea eskaini die —177 dira Matricerias Deuston, eta 54 GTSn—, bai eta kaleratze ordainduak eta erretiro aurreratuak ere, baina erregulazio espedientea kendu gabe. Finean, bi enpresak ixtea litzateke autogintza alorreko multinazionalaren helburua, eta 230 langileren lanpostua legoke arriskuan. Gestampek diru publiko asko jaso duela salatu dute sindikatuek.
Bateria elektrikoak ez dira izango karbono isurketak gutxitzeko estrategia bakarra. Europako Batasunak hidrogenoaren aldeko apustua egin du, uste baitu bateria elektrikoen alternatiba interesgarria izan daitekeela garraiobide astunentzat eta industriarentzat. Hori bai, energia iturri berriztagarriak erabiliz lortutako hidrogenoa, gaur egun erregai fosilak erabilita lortzen baita, garesti gainera. Euskal Herrian ere badira hidrogenoaren olatua hartu nahi duten enpresak: Repsolek eta Petronorrek, Bilboko portuan, hidrogeno garbia erabiliz erregai sintetikoak ekoizteko lantegia eraikiko dute, eta Iberdrolak ere hidrogenoaren hub bat sortu nahi du Bilboko portuan. Gainera, Boroako zentral termikoaren alboan (Zornotza, Bizkaia) hidrogeno berdea ekoizteko planta handi bat eraikiko dute 2022a bukatu aurretik, eta CAF bera sartuta dago hidrogenoa erabiliko duen tren baten eraikuntzan.
Martxoaren 14an alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, eta ekainera arte ez zen gutxieneko normaltasuna berreskuratu. Enpresek ere hainbat astean ixteko agindua jaso zuten, oinarrizkotzat jotako alorretan salbu. Itxialdi Handia esan dioten prozesu horrek inoiz ikusi gabeko gainbehera eragin zuen ekonomiaren eboluzioan. EAEko BPGak %16,4 egin zuen atzera urteko bigarren hiruhilekoan aurrekoarekin alderatuta; %19,5 urte arteko tasan; eta Nafarroa %18,8 amildu zen. Enpleguak, berriz, %20tik gertuko erorikoak izan zituen. Galdutakoa ez da leheneratuko 2023. urtera arte.
Oinarrizkotzat jotakoak ez beste jarduera ekonomiko guztiak eten zituzten martxo-apiriletan, eta ilara luzeak ikusi ziren supermerkatuen aurrean; janari freskoaren garrantzia inoiz baino argiago islatu zen. Irudi distopiko horien ifrentzua da supermerkatuen salmentek freskoen atalean izan duten hazkunde handia. Gutxik ahantziko dute komuneko papera amaitu zeneko garaia.
SARS-CoV-2 birusari erreparatzeko izen generikoa baliatu du munduak: koronabirusa. Ekonomiaren taula hainbeste irauli du pandemiak, ezen Europako Batasunak ere politika hedatzaileari bide eman baitio, Keynesen irakasgaiak modu argian aplikatuz. Koronabirusa mendean hartu arte, ekonomiak ez du berreskuratuko 2020an galdutakoa, ez makroekonomia mailan, ezta gizartean utzitako zartada dramatikoei dagokienez ere. Besteak beste, muga zergen gerrak eragindako merkatuen ziurgabetasuna beste maila batera eraman du birus kutsakorrak.
Koronabirusaren krisiak langabeziaren hazkunde izugarria ekarri du Euskal Herrian. Lan merkatuan duela urtebete baino 25.770 langabe gehiago zeuden aurtengo azaroan Hegoaldean. Aurreikuspenik beltzenak betez gero, langabe kopuruak 200.000 lagunen langa gainditu dezake; baina bada esperantza hori gerta ez dadin. Bide okerrean zihoan uda, abuztuan 185.420 langabera iritsi baitziren, baina ordutik azarora ez zuen okerrera egin, hobera baizik: abuztuan baino ia 13.500 langabe gutxiago zeuden azaroan. Berehala jakingo da zenbat izan diren abenduan, eta, horiekin batera, urtearen argazki osoa egongo da.
Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmena egin dute Adegik patronalak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, eta sektoreko 40.000 langileri baino gehiagori babesa eman. Akordio historikoa da, hamar urteren ondore, Gipuzkoako negoziazio kolektiboko itunik garrantzitsuena egin baitute eragileek. 2019aren hondarrean Bizkaikoa egin zuten, manifestazio, greba eta istilu ugariren ondoren. Gipuzkoan ez da horrelakorik egon. Otsailean egin zuten lehen bilera aldeek, ELAk mahaira deituta, eta urrian egin zuten ituna, sindikatu horrek Adegiren eskaintza onartu ondoren. ELAk azaldu zuen %8,8rainoko soldata igoerak jaso dituela, eta subrogazioa onartu dela, beste hainbat aurrerapenen artean. Adierazi du Espainiako Estatuan ez dagoela itun hoberik, eta, haren baietzaren ondoren —ordezkaritza handieneko sindikatua da: ia %49—, LABen eta CCOOrenak ere iritsi ziren, eragin orokorreko hitzarmena gauzatzeko.
Pandemia batek eta hark eragindako krisi ekonomiko latz batek etorri behar izan du Europako Batasunak urrats garrantzitsu bat egiteko: erakunde bakar baten gisara zorpetzea, eta lortutako dirua baliatzea krisiaren eragina leuntzeko eta etorkizunerako proiektu batzuk bultzatzeko. Hungariaren eta Poloniaren azken orduko betoa gainditu ondoren, 750.000 milioi euroko Next Generation funtsa sortuko du 2021ean, eta haren dirua banatzen hasiko da: erdia inguru maileguetan, eta beste erdia transferentzietan. Trantsizio energetikoa bizkortuko duten proiektuek jasoko dute diruaren zati handi bat. Euskal Herrira, Madrilen eta Parisen galbahea igarota iritsiko dira funtsak, haien esku izango baita proiektuak aukeratzea eta dirua banatzea. Jaurlaritzak etzi du aurkeztekoa bere proiektuen zerrenda.
Pandemiaren eboluzioaren arabera, gobernuek neurri mugatzaileak gogortu edo lasaitu dituzte, eta ostalaritzaren jarduera mugatzea izan da gehien erabili diren neurrietako bat. Sektorea ezinean aritu da martxotik, batzuetan itxita, besteetan terrazak bakarrik zabalik, barruan bezeroak hartzeko duten gaitasuna mugatuta, barran zerbitzatu ezinik, ordutegia murriztuta… Sektoreak laguntzak jaso ditu, baina elkarte nagusiek «sektorearen erreskate osoa» eskatzen dute. Taberna eta jatetxeen portzentaje handi batek betiko itxiko ditu ateak 2020ak ekarritako lurrikararen ondoren. Ostalaritzari lotutako beste hainbat jardueratako langileak sufritzen ari dira: taxi gidariak, saltokietakoak oro har, turismoari lotutako beste hainbatetakoak, eta abar.
Pentsiodunek beste urtebete egin dute kalean, pandemiak utzi dienean behintzat, eta, bitartean, Toledoko Itunean akordioa egin dute alderdiek pentsioen igoera KPIra lotzeko, beste aholku askoren artean. Gizarte Segurantzak orain bere gain hartzen dituen hainbat gastu estatuaren ardura izango direla jaso du akordioak, baina baita erretiro adina luzatzen jarraitzea ere, eta pentsioa kalkulatzeko kotizazio aldia handiagoa izan da, 25 edo 30 urte artekoa ere. Horrek esan nahi du kalkulu berriak aplikatuz pentsio apalagoak emango dituela Gizarte Segurantzak. Erretiro adina erretiro adin errealera gerturatzeko helburua dauka Espainiako Gobernuak, eta orain Toledoko Itunak jasotako lerro estrategikoekin erreforma proposamena aurkeztu behar du. Pentsiodunek jakinarazi dute ez daudela batere ados Toledoko Itunak onartutako planarekin.
Siemens Gamesako Agoizko (Nafarroa) fabrika historia da. Enpresak itxiera plana aurkeztu zuen udan, eta uda amaitu aurretik gauzatu zuen: 238 langileak enplegurik gabe geratu ziren, baina, gutxienez, akordio bat erdietsi zuten kaleratzeak horren traumatikoak izan ez zitezen. Kaleratzeak abuztuaren 25etik irailaren 30era artean egin zituen enpresak. 54 urte baino gutxiago dituztenek lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria jaso zuten, gutxienez 30.000 eurokoa. 55 urte edo gehiago dituzten beharginek, berriz, erretiroa aurrez hartzeko planak lortu zituzten. Horrez gain, Gamesak beste lanposturen batean enplegua eman die Agoizko 88 langileri. Konpainiak azaldu zuen «saihetsezina» zela ixtea: «Agoizko fabrika ixtea ezinbestekoa da gure konpainiaren etorkizuna bermatzeko, eta gure 25.000 langileen ongizatea bermatzeko; tartean, Nafarroan ditugun 1.500ena».
Koronabirus kutsatzeak gutxitzeko eta segurtasun protokolei jarraikiz, enpresa askok telelanera jo zuten martxotik aurrera. Hala, milaka langile etxetik lan egiten hasi ziren, eta, urriaz geroztik ere, berriro hedatu da telelana, bigarren olatuaren oldartzearekin batera. Egoera hori ikusita, Espainiako Gobernuak Telelanaren Legea onartu zuen, eta urrian sartu zen indarrean, baina lege horrek ez die eragiten etxetik ari diren langile guztiei, telelana birusarengatik ezarri duten enpresak ez dituelako lotzen. Gutxienez hiru hilabetez eta lanaldiaren %30 etxetik eginez baino ez zaio aplikatzen telelanaren legea behargin bati. Kasu horietan, enpresaren erantzukizuna da telelanak eragiten dituen gastuak pagatzea, baina praktikan lantaldearekin lortzen dituen akordioen menpe geratzen da zer neurritan pagatuko dituen. Internet sarea, telefonoa, argia… gastu asko egon daitezke pagatzeko.
Ura kotizatzen hasi da Wall Streeten. Kaliforniako urean inbertitu daiteke AEBetan, urrean edo beste edozein gai baliotsutan bezala. Beste pauso bat da giza eskubide bat —Nazio Batuek halakotzat jotzen dute 2010etik— komertzializatzeko bidean, eta askok ohartarazi dute 2007 eta 2008an gertatutako nekazaritza krisia berriz pitz daitekeela uraren kasuarekin. Orduan, nekazaritzarako sail handiak bioerregaia sortzeko baliatzen hasi ziren, eta janaria sortzeko sailak gutxitu egin ziren; klima aldaketaren espekulazioa areagotu zuen. Batera edo bestera, NQH20 indizeak finkatuko du aurrerantzean Kaliforniako uraren prezioa.
Euskaltel konpainia Espainiako eta Kataluniako merkatuetarako marka berria erabiltzen hasi da: Virgin Telco. Sei hilabeteren ondoren, Euskaltelek jakinarazi du «arrakasta handia» lortu duela marka berriarekin, eta gainditu egin dituela taldeak aurreikusitako emaitzak. Maiatzaren 20tik 58.000 bezero lortu ditu Virginek. Horietatik, 43.000 finkoko bezeroak dira, eta 15.000 sakelakoenak. Euskaltelen helburua zen urtea amaitzerako 35.000 bezero finko lortzea, eta, azarorako, kopuru hori %23 handiagoa zen. Horrez gain, beste euskal konpainia bat lehiatzen hasi da aurten Hego Euskal Herrian: Guuk. Telefonia mugikorra eta zuntz optikoa eskaintzen du, eta Masmovil eta Dominion dira haren bazkideak. «Hemen eta hemengo pertsonentzat eginiko eskaintza da gurea», esan zuen Jon Ander de las Fuentes zuzendariak, konpainia aurkeztean.
Aurten oihartzunik handiena izan duten grebetako bat izan da Bilboko portuko zamaketariena. 57 eguneko lanuztea urriaren 9tik abenduaren 5era egin zuten portuko hainbat zereginen liberalizazioak lanpostuetan izan ditzakeen ondorioen aurka protesta egiteko. Kontratu finkodun 315 zamaketariek eta lan poltsa historikoko 103ek egin zuten greba hamabi urte daramatzate behin-behinean. Zamaketarien eta Bilbo Estiba zamaketa enpresen elkartearen arteko harremana asko gaiztotu zen grebaren eraginez. Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzari muzin egin zioten enpresek, baina azkenean Espainiako Lan Ministerioak ezarritako bide orrian egon daiteke konponbidea. Hilaren 22an eginiko bileran, zamaketariek eta enpresek jarrerak gerturatu zituzten.