“Gehiegizko” behin-behinekotasunaren aurka protesta egin dute langile publikoek
“Gehiegizko” behin behinekotasuna salatu eta prekarietatearen kontra protesta egin dute langile publikoek Iruñean, Donostian eta Bilbon. 2021eko urtarrilak 31.
Ehun kidetarat helduta, Kasu, Kasu, Ostalariak Kexu kolektiboak indartsuago sentitzen du bere burua. Euskal Elkargoak erakutsitako «errespetu eskasa» salatu zuen, astelehenean, Sarako Pleka trinketean egin prentsaitzineko masiboan. Enpresen lur zerga apaltzeko eta terrazen kitantzen kentzeko eskatzen dute kinka gaiztoa arintzeko. Osasun neurriak bermatuz berriz zabaltzeko zuzena aldarrikatzen dute. Azaroaren 27an egin zuten garagarno andeatu dupen ekintza suprefeturan. Idazki zuriz egin baxa beltzak ikur gisa dauzkate ekintza eta ostatu bakoitz. Izan nagusi edo langile, bizi duten egoeraz mintzatu dira; kolektiboak duen garrantziaz eta har dezakeen lekuaz; ostatuek herrietan sozialki duten munta handiaz.
Mathieu Moity, Donibane Lohizuneko Zoko Moko jatetxeko sukaldeburua
«Inportantea da irudika ditzagun ondoko hilabeteak»
Egoera arruntean, Donibane Lohizuneko Zoko Mokon sukaldean hiru langile dira, gehi aprendiza. Denetara, zazpi langile. Gaur egun, gehienak langabezia partzialean dira.
– «Lortu behar ditugu erantzunak arrunt egoera lausoan garelako. Inportantea da irudika ditzagun ondoko hilabeteak, berriz hasteko perspektiba ukan dezagun».
– «Ez da uste izan behar eramateko janaria eginez dirua irabazten dugunik. Guk egiten dugu gehienbat harremana atxikitzeko bezeroekin. Eta guk lanean segitzeko, etxean egoteko ordez».
– «Sasoilarientzat larriago da. Ni nire lurraldean bizi naiz, eta luxu bat da; badakit beste gauza bat egin dezakedala. Hiri handi batzuetan hetsialdian direnei konparatuz, erlatibizatzen dut».
– «Nahi ala ez, harreman soziala sortzen duen lanbidea da ostalaritza. Jendeak hor biltzen dira solastatzeko, egun guzitakoaz eta bizi asmoez. Jada irria kendua izan zaigu; gainera, komunikatzeko harreman soziala kentzen bazaigu…».
– «Berriz zabaltzen badugu, ez da errana jatera joaten zinen jatetxea salbatua izanen dela; jendeek beharko dute are elkarri atxikiagoak izan. Horri esker baitute tokiko jarduerek iraunen».
Isabelle eta Auxtin Darraidou, Ezpeletako Eskualduna jatetxe-hoteleko nagusiak
«Zein tristea den herri bat kafe baten inguruan elkartzeko gunerik gabe»
Komunzki, Ezpeletako Eskualdunan 15 langile dituzte urtean zehar, eta, udan, 30-40 langiletara hel daiteke. Urriaren 29tik hetsiak dira.
– «Langileekiko eta bezeroekiko harreman eskasa zaigu jasateko neke. Hetsiak garenetik, ohartzen gara zein tristea den herri bat kafe baten inguruan elkartzeko gunerik gabe. Denak gara doi bat ilun».
– «Ez dakit lurraldetik harago pisurik badugun, baina bederen tokiko hautetsiengandik sostengu bat sentitzen bagenu gorago gauzen mugiarazteko, indar handiagoa bagenuke».
– «Inportantea izanen da zabaltzean kolektiboak segi dezan; zergatik ez, elkarte bilakatuz».
Deborah Drouot, Kanboko Salon Cyrano jatetxeko langilea
«Sozialki, mozturik sentitzen dugu geure burua; debaldeko»
Urtean zehar, Kanboko Salon Cyranon bi langile dira nagusiekin batean. Orain, langabezia partzialean da Deborah Drouot.
– «Arras loturik segitzen duen taldea dugu; erregularki, bilkurak egiten ditugu buruzagitzarekin, gogoa ez galtzeko. Luze da denentzat, eta talde lana da; nagusi bat deus ez da langilerik gabe, eta alderantziz. Beha gaude berriz hartzeko. Sozialki, mozturik sentitzen dugu geure burua; gizartearentzat debaldeko garela».
– «Etorkizuna ezin dugu aurreikusi. Etxea erosi berri dut, eta, ez idurian, bankuko kontua urtzen ikusten dugu. Ez da ahantzi behar ez dugula gehiago eskupekorik, gauzazko abantailarik. Beha gaude, eta ez dakigu zer egin».
Julie Zerezuela, Ezpeletako Etxemendi jatetxeko nagusi partzuerra
«Ongi litzateke talde honek iraun dezan, bitartekari izan dadin»
Ezpeletako Etxemendin nagusiak dira komunzki ari, eta udan, lau langile.
– «Langilerik ez dugunez, iraun dezakegu. Egoitzaren jabea ere zoragarria da, alokairu batzuk ez baitizkigu pagarazi. Guhaurren lansariak apalduz, maileguak denboran mailakatuz eginahala eginen dugu atxikitzeko».
– «Kolektiboa biziki ontsa da. Pena ere bada, ez baitugu lehenago egin, ez baitugu baitezpada denek geure burua ordezkaturik sentitzen UMIHren partetik [Ostalaritzako Ofizio eta Industrien nagusi Batasuna]. Kolektibo hau, berriz, gure nortasunaren araberakoa da. Horrelakoak gara euskal herritarrak, kasko gogorrak. Ongi litzateke talde honek iraun dezan, bitartekari izan dadin ostalarien, UMIHren eta estatuaren artean».
– «Aldaketa ikusi dugu. Usaian, adinekoak 10:00 inguru heldu dira kazeta eta ogia erostera, eta kafetxo bat hartzen dute. Haiez arta hartzen dugu, nolabait. Bat ez bada agertzen zenbait egunez, erran nahi du zerbait badela. Bizi sozial hori inportantea da».
Bettan Bordagarai, Mauleko Euskalduna jatetxeko nagusia
«Laguntzak luzaz eman behar dituzte, eta pruntki»
Usaian zazpi langile ditu Mauleko Euskaldunak. Sukaldeburuarekin segitzen du Bettan Bordagaraik eramateko jatekoa egiten, langileak astean lau orenez banaka jinaraziz. Berriz zabaltzeko, baldintzengatik arrangura da.
– «Gaitz izanen da. Ni lotsa naiz arrahasteaz. Arra zabaltzekotan, segurtatu behar digute laguntzak izanen direla sei hilabete-urte batez, zeren eta berritan, erreserbak eta hozkailuak bete ditugu, eta biharamunean zerratu gaituzte. Geroa behar dugu segurtaturik izan; laguntzak luzaz eman behar dituzte eta pruntki; langileak enbeia baititugu begiratu».
– «Euskal Elkargoak ere lagungo zerbait eman behar du. Erratekotan, nik terraza pagatzen dut zerraturik izatez ere; ez dut esprabitzen eta pagatzen dut».
-.«Estatuak bermatu mailegua denek hartu dugu, prefosta, bi hilabete eman zutelako langabezia partziala plantan ezartzen, eta guk langileak behar genituen pagatu. Urte bat berantago behar genuen mailegu hori pagatzen hasi. Gutuna errezibitu dugu banketxeen partetik, erranez pagatzen hasi behar genuela eta hautatu behar genuela urte bakarrean pagatzea edo bost urtez. Jakinez ez garela zabalik oraino, gutun horren errezibitzea etxerat… Besteak bezala ertzotu naiz. Ez da batere normala, iragan martxoan baino piesago baita gure egoera».
Jerome Francois, Baionako Soinua tabernako nagusia
«Bihar ateak hesten baditut, ez dut deus ukanen»
Bi partzuer dira Baionako Soinuan, langilerik gabe.
– «Laguntzei esker irauten dugu. Bigarren hetsialdiko laguntzak ez bagenitu ukan, argi da ateak hetsiko genituela».
– «Borrokatu behar dugu lur zerga kenarazteko eta zerbait egiteko asurantza etxeen kontra; lagundu ez gaituzten bakarrak dira».
– «Enpresa kudeatzaileok ez dugu langabezia sarirako zuzenik; bihar ateak hesten baditut, ez dut deus ukanen. 50 urtetan RSA [diru sarrerarik gabekoen gutieneko errenta] eskatu beharko nuke».
– «Hoberena litzateke zabaltzeko zuzena izanen dugun egunean lehen hetsialdia baino lehenagoko askatasun hein berekin zabaltzea. Denek esperantza bera dugu: egoera normalera itzultzea. Lankideak, lagunak, jendeak gurutzatzen ditugularik karrikan, denak aspertuak dira. Badoaz lanera, eta etxeratze aginduarekin etxera sartu behar dute; ez dute gehiago bizi sozialik. Berantetsia dugu berriz bizitzea, musika zuzenean entzutea, barran ukondoa pausatzea, irri egitea…; bizitzea alo. Hori dugu falta».
Sylvain Verges, Baionako Les Arcades ostatu-jatetxeko partzuerra
«Ez da usaian jendeekin lortzen dugun harreman txirikordatze hori»
– «Azaro-abenduetako eramateko salmentak, kalteen mugatzea ahalbidetu digu. Langileak langabezia partzialean direlako ere bai».
– «Psikologikoki, badu onik, harreman bat mantentzen baitu etortzeko ohitura dutenekin; adineko jende franko baditugu heldu zaizkigunak Baiona erdialdean, eta, batzuetan, egunean ikusten duten pertsona bakarrenetarik gara. Zerbaiterako balio dugula iduritzen zaigu, eta, horrela, ez gara etxean egoten burua alhan».
. «Baina epe luzerat ez da hori gure ofizioa. Plastikozko edukiontziak bete eta poltsetan ezartzea frustragarri da; ez da urrundik ere usaian jendeekin lortzen dugun harremanen txirikordatze hori».
Birusak gogor kolpatu ditu hainbat sektore. Murrizketak egin dituzte enpresa askotan, eta baita hainbat langile kaleratu ere. Negozio batzuek ere ateak itxi dituzte, egoerak behartuta. Osasun krisia hasi geroztik, beraz, hainbat izan dira kalera protestatzera eta beraien egoera salatzera ateratzea erabaki duten beharginak, erantzuleen eta erantzunen eskean. Gaurkoan, hala izan da Gasteizen ere. Kirol zerbitzuetako, ostalaritzako, aeronautika sektoreko, irakaskuntzako, osasun arloko eta beste hainbat zerbitzuetako langileek Arabako hiriburuko kaleak aldarriz josi dituzte, kezka nagusi baten bueltan: «Gure bizitzak arriskuan daude».
Hainbat enpresetako eta sektoretako langileek egin zuten joan den astean protestarako deialdia, Arabako enplegu «duinaren» alde egiteko. Hala ere, Aernnova enpresako langileek Gasteizko Los Angeles elizan eginiko itxialdia dago oinarrian, gaur arratsaldeko manifestazioa horren emaitza izan dela azaldu baitzuten. Hain zuzen, hainbat eragilerekin, enpresa batzorderekin eta elkarterekin hitz egin, eta ondorio batera iritsi ziren: haietako bakoitzaren kasua «partikularra» da, baina guztiek «antzeko arazoak» dituzte. Beraz, indarrak batu, eta «administrazioen axolagabetasuna» salatzeko unea dela uste dute, erantzun «bateratu, global eta plural bat» emanda. Horretarako, 50 enpresa batzordek eta kolektibok egin dute bat mobilizazioarekin, eta baita sei sindikatuk ere.
17:00etan zen hastekoa manifestazioa Bilbo plazan, eta hala izan da, baina aurrez dagoeneko nagusi zen auto karabanaren turuta hotsa. Taxi gidariek, banatzaileek eta kamioilariek zabaldu diote bidea manifestazioari, eta atzetik, manifestariak, osasun neurriak gogoan, lerroak osatuta, Enpleguaren defentsan lelopean. Hala ere, baziren azpi-aldarriak ere, mobilizazioari atxikimendua eman dioten guztien borroken adierazle; nork bere aldarria zeraman, eta, guztira, hamabost pankartak osatu dute aurrealdea. Oihuak, berriz, kaleratzeen eta administrazioaren jarreraren aurkakoak izan dira: «Zuen pasibotasuna, gure izurritea».
Frantzia kaletik egin du aurrera mobilizazioak, eta Santiagoko ospitalera iristean osasun langileen eta gainontzeko manifestarien arteko elkartasunak egin du eztanda. Osakidetzako langileak enplegu publikoaren alde lelodun pankarta ezarria zuten ate nagusi baten aurrean, eta erabateko osasungintza publikoaren aldeko aldarria ere nagusi izan da. Bien bitartean, langile borrokaren aldeko oihuka nagusitu dira, eta txalo zaparrada batez egin du aurrera mobilizazioak.
Mezua administrazioari
Ordubeteren ostean iritsi da pankarta nagusia Andra Mari Zuriaren plazara, euri artean. Musikariak eta bertsolariak izan dira oholtzara igotzen lehenak, eta gaurko elkartzearen arrazoia izan dute gogoan: «Usain liteke gaur hemen dagoen haserrearen lurrina / guztiontzako eskatzen dugu enplegu on eta duina».
Kirol zerbitzuetako eta Aernnovako langile banak hartu dute azkenik hitza. «Espero dezagun administrazio publikoak zuzentzen dituztenek gaurko manifestazioa gogoan hartzea, instituzioetako ardurak urtebete baino gehiago baitaramalako konfinatuta». Haien arabera, badaude formulak egoera hau «arazo komun gisa» ulertzeko, eta «iraultzeko». Uste dute administrazioak gai honetan ere «ardura» duela, eta «parte aktiboa» izan beharko lukeela. Beraz, pertsonen bizitzak «okertzen» ez dituzten erabakiak aldarrikatu dituzte. Halere, jakinarazi dute borrokarekin aurrera jarraituko dutela: «Hau ez da hemen amaitzen»
2014 geroztik, ez dago moduluen sistemarik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroan jakina zen, lehenago edo geroago, aldaketa etorriko zela. Alta, pandemiaren erdian, urrats hori egin izana ez du ulertu Juan Carlos Ekiza ATA Nafarroako Autonomoen Elkarteko presidenteak: «Ez da abagunea». Pandemiak dena baldintzatzen duela uste du:«Hasieran likidezia arazo zena orain kaudimen arazo da. Lehen, gaizki geunden; orain, okerrago».
Bazetorren aldaketa bat izan arren, aukeratutako unea okerrena izan dela berretsi du Iñaki Goñi Otxandorena Tradisna Nafarroako garraiolari autonomoen elkarteko ordezkariak: «Bagenekien kendu behar zutela, bai; baina guk ez duguna ulertzen ahal da kentzen dituztela orain halako egoerarekin, lana dagoen bezala, krisia dagoen bezala».
Abagunea ez ezik, moduak ere ez dituzte gustuko izan elkarte batzuek. Ahotsa altxatzeko orduan nabarmendu den erakundeetako bat da UAGN Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna. «Aldaketak ez luke inposizio baten emaitza izan behar, elkarrizketa prozesu batena baizik. Gardentasun ariketa bat izan behar du, eta autonomoen elkarteak haren partaide izan behar dugu, administrazioaren eta zergadunen arteko bitartekari baikara».
Dena den, aldaketak ez die autonomo guztiei eragingo. Orain arte, gobernuak zerrendatutako jardueretan aritzen zirenek baino ezin zuten sistema horren bidez ordaindu, eta gainerakoek zenbatespen zuzeneko eredua erabiltzen zuten: normala edo sinplifikatua, fakturazioaren araberakoa. Horiei ez zaie ezer aldatuko.
Modulu bidez ordaindu dutenek hemendik aurrera, behartuta egongo dira salmenten eta erosketen kontabilitate liburu bat izatera. «Hori da makurrena. Orain arte, kopuru finko bat zen, eta ez genuen aholkularirik behar, ez genuen libururik behar, ez genuen fakturarik gorde behar», dio Iñaki Goñik. «Egokitu ahal izateko, kontuen kudeaketa zerbitzua kanporatu egin beharko dute askok, eta horrek administrazio gastuak igotzen ditu. Gehien sufritzen dutenak pasatuko dute okerren», nabarmendu du Ekizak.
Ez dator bat argudio horrekin Natalia Moriones, UPTA elkarteko eleduna. Haren esanetan, sistema berriak mesede egingo die egungo egoeran kaltetutako autonomoei:«Moduluek ez zuten aintzat hartzen jarduera. Kalkulu batean oinarrituta, hiru hilean behin kopuru finko bat ordaintzera derrigortuta zeunden, diru sarrerak izan zein ez. Itxita egon bazara ere, berdin ordaindu behar duzu. Orain, berriz, ez dute pagatu beharko. Gaizki zaudenean, mesede egiten dizu, eta, ondo zaudenean, jardueraren arabera pagatzen duzu». Ez du ulertu hainbesteko asaldura sortu izana: «Egia da, buruko min handirik eragin gabe, moduluen sistema sinplea zela. Aldaketetara egokitzea kostatu egiten da, bai».
Lehia desabantaila
Sistema berriaren helburua jarduera erreala islatzea bada ere, erabakiak zenbait sektoreren jardueran eragina izan dezake. Nafarroako Gobernuarekin batera, Espainiakoa ere moduluen eredua kentzekotan zen, baina, azkenik, pandemiaren testuinguruan, atzera egin du. Nafarroatik kanpoko autonomoekin eta enpresekin lehiatzen diren sektoreei bete-betean eragiten die erabakiak: garraiolariei eta abeltzainei zein nekazariei. Gainera, Nekazaritza Ministerioak erregimen komuneko lehen sektoreko laborariei ziurtatu die legealdi honetan sistema horri eutsiko diola. «Estatukoekin alderatuta, lehiakortasuna galdu dugu. Nafarroan, On Kixoteren modura jokatu dugu. Aurrera jo, ea nola ateratzen den», kritikatu du Felix Bariain UAGNko buruak.
Garraioan, egoera konplexuagoa da. «Zerga sistemako abantaila guztiak ez dira autonomoarengana heltzen, baizik eta azken prezioan islatzen dira. Administrazioak eta gizarteak garraio merkea nahi dute, eta, horregatik, gainerakoak baino egoera okerragoan geratzen bazara, merkatuetako prezioetatik kanpo gera zaitezke», azaldu du Alberto Nuñez , Hiruko eledunak. Haren ustez, aldaketak lehia desabantaila batean utziko ditu nafarrak, Espainiako eta gainerako euskal lurraldeetako garraiolariekin alderatuta.
Errenta eta balio erantsiaren zergen arteko erlazioarekin du zerikusia. Errenta zergan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute modulurik, baina inbertsio handien BEZa konpentsatzeko modu bat dute: Espainian zein EAEn, hiru hiruhilekotan BEZ zergan kopuru finko apal bat ordaintzen dute autonomoek, eta urte horretako errenta zergan kontuak kitatzen dira, gastuak eta inbertsioak aintzat hartuz. «Urteko kuota beti ateratzen da ordaintzera. Gutxienekora ez bazara iristen, zehaztutako kopuru hori pagatzen duzu», azaldu du Nuñezek. Nafarroan, aldiz, bestelako eredua erabili dute: BEZaren hiruhilekoko kuotak handiagoak dira, eta, errenta zergako moduluen sistemak orekatzen zuen hori. Orain, baina, sistema berriak ez du konpentsazioa aintzat hartu; «Diferentzia garrantzitsua da».
Desoreka konpondu nahirik, azaroan parlamentu taldeekin eta gobernuarekin jarri zen harremanetan Hiru. Abenduan zein urtarrilean, hainbat bilera egin dituzte Ogasunarekin, eta pozik geratu dira emaitzarekin. Gobernuak 2020an BEZa eta errenta zerga %20 eta %40 artean murriztuko die, eta 2021etik aurrera «estatuko sistema bera» erabiliko dela adierazi die. Nuñezeren ustez, azkenean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko garraiolarien «antzeko egoeran» geratu dira.
Zuzeneko zenbatespen bereziko sistema berriak ez ditu kenkari gisa aintzat hartzen amortizazioak, hornidurak eta laborantza zein garraio sektoreetako erosketak. Aitzitik, etekin garbia kalkulatutakoan, orokorrean, %10eko kenkaria ezar daiteke, eta %35ekoa lehen sektoreari eta %45ekoa garraiolariei. «Indize hori egokia da, gure jarduera islatzen du», dio Nuñezek.
Bariain, ordea, haserre dago indize horiekin. «Ogasunari etekin garbia baino handiagoa ateratzen zaio. Gero, guri %35eko murrizketa ezarri digute, baina zergatik %35ekoa eta ez 45ekoa?» Haren esanetan, ez diete azaldu ehuneko horren zergatia.
Hor dago talka nagusia. Nafarroako Gobernuak faktura «antzekoa» dela dio, baina ATAk eta UAGNk adierazi dute gehiago ordainduko dutela:«Gure datuek diote asko handituko dela. Gobernuak dio ona izango dela, baina gero aholkulariak esaten dizu ezetz, ez dela horrela». Funtsean, UAGNk, ATAk eta Tradisnak gobernuari eskatzen diote mahai bat osatzeko elkarteekin, sistema berrian sartzen diren aldagaiak eztabaidatzeko eta «kaltegarria izango ez den akordio» bat lortzeko. Sistema aurten ezarriko bada ere, 2021 arteko errenta kanpainara arte astia dagoela uste dute.
Ikusiko da gobernua kontu teknikoak eztabaidatzeko prest ote dagoen, baina argi dago ez duela sistema aldatuko. Izan ere, jarduera erreala islatzeko nahia adierazteko orduan, ogasunak kontrol handiagoa izan nahi duela adierazten du. 2019an, NUPek Nafarroako ezkutuko ekonomiaren inguruko azterketa bat kaleratu zuen, eta, zeharkako metodoetan oinarrituta, besteak beste, ondorioztatu zuen 2008tik 2016ra bitartean, errenta zergan iruzurra %20 eta %25 artekoa izan zela epe horretan, eta autonomoen artean soldatapekoen artean baino handiagoa dela.
Txosten haren edukia oro har interesgarritzat jo zuen gobernuak, eta, ziurrenik, eragin handia izan du aldaketan. Susmo laino hori ez du gustuko izan UAGNk. Bariainen esanetan, lehen sektoreko moduluak Ingurumen eta Landa Garapen departamentuen datuetan oinarritu dira. «Gure sektorean laborariek kooperatiba bati edo enpresa bati saltzen diote, eta Landa Garapenak informazio hori du. Eskatu diegu esateko zenbaten diru sarrerak ez datozen bat Ogasunak duenarekin. Kopurua oso txikia da. Ezin daiteke esan iruzur iturri dela».
Aitzitik, Nuñezek onartu egin du garraioan moduluen sistemaz baliatzen direla maiz bezeroak: «Sistemak hutsuneak ahalbidetu ditu, eta horren onuradun ez dira garraiolariak izan, ingurukoak baizik. ‘Ez duzunez aitortu behar, hau sartuko dizut’, esaten dute. Horrek zergak saihestea eta iruzurra ahalbidetu du».
Ziurgabetasuna modan jarritako hitza da Trump Etxe Zurira heldu zenetik, baina iazko martxotik beste adiera bat hartu du, maila asko igo baitituzte gizarteak eta ekonomiak ziurgabetasunaren eskaileran. Aldagai horrek galgatuko ditu Euskal Herriko gobernuak seguruenera, Aste Santuan nola jokatu behar den esatean, edo, hobe esanda, ez esatean. Nork jarri behar dio joarea Aste Santua izeneko katuari? Kontu publikoek aspaldian utzi baitzioten koadratzeari gutxieneko batean ere; ez da betiko izango Europako Batasunak eskainitako flotagailu keynestarra; halako batean, betebehar fiskalak iritsiko dira atzera, defizit eta zor erraldoiak bridatzen hasteko. Ez, errebote bat espero baldin badute, ez litzateke urteko lehen seihileko osoa galdu behar, eta horrek esan nahi du Aste Santuan aktibatu beharko litzatekeela orain izozturik dauden ekonomiaren hainbat alor. Nor ausartuko da, ordea, salba dezagun Aste Santua operazio batekin Hegoaldeko ZIUetako oheetan 172 COVID gaixo daudenean?
Hurrengo mugarria: Aste Santua
Kasik bi digitukoa izan da (%9,5) aurreko urteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian egindako zuloa. %8,3koa Nafarroan. BPGak izango duen errebotea %8,6koa izango dela aurreikusi du Jaurlaritzak, baina aurreikuspen hori baikorregi begitantzen da koronabirusaren mutazio kutsakorragoak eta txertoekin dauden hornidura arazoak tarteko. Gipuzkoako ganberak %6 eta %8 arteko hazkundea aurreikusi du asteon, eta bi puntuko tartea zabaltzeak garbi islatzen du bidegurutze batean direla hala gaixotasuna nola ekonomia, soka bereko bi mutur direnez. Edonola ere, jadanik onartua dago Europako ekonomia handienetan 2022. urtera atzeratuko dela COVID-19aren aurrekora itzultzea. Fluzo kondentsadorerik ez dago azkarrago iristeko iraganera. Errebotearen neurria urtearen bigarren erdiaren araberakoa izango da.
Eta atzerapen hori erabakigarria izan daiteke aldi baterako erregulazio baten haritik zintzilik dauden askorentzat, autonomo txikientzat, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutako enpresentzat. Enplegua %8 baino gehiago erori da, eta ABEEn flotagailuak ez ditu salbatuko gaur egun eusten dituen langile guztiak. Pandemiaren hirugarren olatua azken asteetan eragiten ari den osasun alarmak bere bikia izan dezake luze gabe ekonomiaren esparruan, eta, hari lotua, gizartean.
Agintariek egunero aldagai kontrajarriz beteriko erabakiak hartu behar dituzten garai honetan, ez da zaila aurreikustea zein izango den Hegoaldeko exekutiboen hurrengo mugarria: Aste Santuan nola jokatu erabakitzea. Egungo kutsatze maila Gabonetan muga are gogorragoak ezarri ez izanari egosten diote askok, baina argitu gabe azalpen horrek Europa osoarentzat balio ote duen, hirugarren olatua ez baita esklusiboa Euskal Herrian. Batera edo bestera, kutsatze maila ez bada nabarmen apaldu martxo erdialderako, gobernuek ez dute erabaki handirik hartu beharko, jarduera suspertzeko saio bat ametsa baizik ez baita izango. Pandemiaren zenbakiak apalak badira, ordea, ekonomiaren txanda iritsi dela diotenen aldarria inoiz baino ozenagoa izango da.
1 Matxinada sare sozialetan? Ba, ba… Sofako iraultzaileak… Zer gertatu da? Hasteko, onena, oso gainetik bada ere, zorpeko salmenta zer den azaltzea, horretara jokatzen duten funtsek nola irabazten duten dirua. Funts batek aurreikusten du akzio jakin baten prezioak behera egingo duela epe jakin batean. Orduan, funtsak akzioa hartzen dio maileguan beste eragile bati (interes baten truke); azken horri, epe jakin batean itzuli egin beharko dio akzioa. Bitartean funtsak merkatura joko du; maileguan hartzeko unean demagun 1.000 euro balio duen akzio hori saldu egingo du, 1.000 eurotan. Eta prezioak behera egin ostean, funtsak berriz erosiko du akzioa merkatuan (itzuli egin behar duelako), baina merkeago, beharbada, 800 eurotan. Tatxan! 200 euro irabazi ditu funtsak.
2 Nola dakite akzioak behera egingo duela? Berez, ezin da jakin. Batzuetan akzio horren prezioa jaistea logika hutsa da, adibidez online bideo jokoen loraldian, logikoa da pentsatzea Game Stop bezalako bideo jokoen denda sare batek ez duela etorkizun handirik, haren akzioen prezioak behera egingo duela. Dena den, beste zenbaitetan, beherakada hori ez da horren naturala izaten, eta gerta daiteke iritzi edo analisi batzuek jendea akzioak saltzera bultzatzea, eta ondorioz, prezioa jaistea. Halakoetan zaila gerta daiteke manipulazioaren (delituaren) marra noiz gainditu den ikustea. Gauza bat argi dago, informazioa izan eta maneiatzeko, arriskuak hartzeko, eta horrela dirua irabazteko botere eta diru maila jakin bat behar izaten da, normalean tratulari eta inbertsiogile xeheek ez daukatena.
3 Batzuek beti irabazten dute. Beti-beti ez! Batzuek oraingoan galdu egin dute! Zorpeko salmenta oso arriskutsua da, galerek ez dutelako mugarik. Akzio baten prezioa soilik zeroraino jaitsi daiteke, baina igoerarako ez du mugarik. Demagun, gerturatzen ari dela funtsak akzioak itzuli beharreko unea. Merkatuan erosi behar ditu, maileguan hartutakoak saldu zituelako. Baina, arraioa, prezioak, jaitsi beharrean, gora egin du. Dirutza ordaindu behar haien truke! Game Stopen akzioek %1.700eko gorakada izan dute urtarrilean, funts espekulatzaileen kontra Reddit sare sozialean elkar hartutako tratularien erosketa bateratuaren ondorioz. Funtsek milaka milioi dolar jarri behar izan dituzte akzioak erosteko. Gainera, erosketa horiekin, are gorago eraman dute prezioa. Halako funts baten sortzaile Leon Cooperman milioiduna haserre agertu zen CNBCn: «Bidezko burtsarena kaka zahar bat da! Jende aberatsari eraso egiteko modu bat da!».
4 Merkatua horrela da, adiskide! Aberatsa eta buruargia, gizona. Maitagarria, bai. Baina egia dio: kasu honetan funts espekulatzaileei min egitea izan da Redditeko Wall Street Bets foroko kide gehienen asmoa, eta baita askok Game Stop denda sareari dioten maitasuna ere. Akzioak erosi dituztenen artean, jakina, izango da dirua irabazteko asmoarekin aritu denik. Baina kontuz ibili beharko dute, prezioa edozein unetan amildu daitekeelako berriz, Game Stopen burtsako kapitalizazioa oso urrun dagoelako konpainiaren balio errealetik, burbuilak eztanda egingo duelako.
5 Eta inork ez die aurre egin? Tratulari txikien bilgune foroetan etenen bat izan da, teorian erabiltzaileen itzelezko hazkundearen ondorioz. Eta txikiek euren operazioetarako erabiltzen dituzten sareko bitartekariek, batez ere Robinhoodek, Game Stopen eta beste zenbait akzioren erosketa eten dute, aldakortasun handiegia zegoela argudiatuta.
6 Iraultzarik ez, orduan. Ez dirudi, behintzat. Baina ez dator gaizki noizean behin garaipentxo bat, arerioaren joko zelaian, haren armak erabiliz, ezta?
Nastat estatistika erakundeak azaldu duenez, urteko azken hiruhilekoan hoztu egin da ekonomiak udan izan zuen suspertzea, ostalaritzak eta beste sektore batzuek murrizketa handiak izan zituztelako —ostatuak erabat itxita egon ziren urriaren 22tik azaroaren 26 arte, eta barrualdeak, abenduaren 17 arte—. Edonola ere, azken hiruhileko horretan hazkunde tasa positiboari eutsi ahal izan dio BPGak, oso mantsoa den arren: %0,3.
Azken datu horretan eragin handia izan du industria eta eraikuntza jarduera maila «nahiko onargarrira» itzultzen aritzeak poliki-poliki. Gainera, familien kontsumoa «suspertzen ari da, ahul», azaldu du Nastatek. Atzeratutako gastuak egiteak eta horretarako ahala dutenek pilatutako aurrezkiak pisu handia izango du kontsumoaren hazkundean.
2021. urtea suspertzearen urtea izango dela espero du Saiz kontseilariak. Onartu du, ordea, urteko lehen hilabeteak «gogorrak» izango direla, oraindik jarduera ekonomikoa murrizten duten neurriak indarrean izango direlako. Edonola ere, uste du «neurri kontrolatuagoak» direla erabateko itxialdia baino, eta iazko udaberriko konfinamenduak baino kalte gutxiago egingo diotela jarduera ekonomikoari.
Urtearen bigarren erdialderako espero du hazkunde bizkorragoa, betiere txertoak pandemia kontrolatzea lortzen badu.
Beste lurraldeak
Nafarroakoa baino bilakaera okerragoa izan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak, Eustatek kalkulatu baitu %9,5 txikitu zela iaz. 2020ko azken hiruhilekoa 2019koarekin alderatuz gero ere, beherakada txikiagoa da Nafarroan (-%5,9) beste hiru lurraldeetan baino (-%7,6).
Kolpe ekonomikoa handiagoa izan da Espainian (-%11), turismoaren mendekoagoa delako Hego Euskal Herria baino. Gainera, industriak pisu txikiagoa du Espainian, eta hura izan da azken hilabeteetan bilakaerarik txukunena izan duen sektorea.
Industriaren indar horrek berak lagundu dio Alemaniari, BPGa soilik %5 txikitu baita han.
Frantziako ekonomiak, berriz, %8,3 egin zuen behera iaz. Eroriko handiagoa espero zuen gobernuak, batez ere urtearen amaieran aste batzuetako konfinamendua ezarri zuelako.