Pentsioak aldaketa handien atarian
Zenbat igoko dira pentsioak 2021ean?
Urte berriak berrikuntza bat badakar: bertan behera geldituko da Mariano Rajoyren gobernuak (PP) ezarritako kalkulua (%0,25eko igoera defizita dagoen urteetan), eta KPIaren araberakoa ezarriko da. Kotizaziopeko pentsioak %0,9 igoko dira. Hego Euskal Herrian 1.245,52 eurokoa da batez bestekoa: beraz, 11,2 euro gehiago hilean. 2.707,49 eurokoa da gehiengoa. Guztira, 700.650 pentsio kobratzen dira lau lurraldeetan, iaz baino 5.231 gehiago. Gastua, denera, 872 milioi eurokoa da hilero.
Zeintzuk izango dira erretiroa hartzeko baldintzak?
2011ko erreforman ezarri bezala, 65 urterekin hartu ahal izango da, baina 37 urte eta hiru hilabete baino gehiago kotizatu dutenek. Iristen ez direnek, 66 bete arte itxaron beharko dute. Gutxienez, hamabost urte kotizatu behar dira.
Badaude beste modalitate batzuk: erretiro partziala hartu nahi dutenek (pentsioa lan kontratu batekin uztartzen dutenek) 62 urte izan beharko dituzte, eta gutxienez 35 urte eta 3 hilabete kotizatuta. 33 urte kotizatuta, 63 urte beteta izatea eskatuko zaio langileari. Aurretiazko erretiroa hartu nahi duenak, berriz, 64 urte izan beharko ditu, eta 35 urte kotizatuta. Nahi gabeko erretiro aurreratuaren kasuan (kaleratzeengatik-eta), 62 urte eta 33 urteko gutxieneko kotizazioa behar da, eta kontratua amaitu izanaren arrazoia justifikatua edo objektiboa izan behar da. Aurretiaz erretiroa hartzen dutenen pentsioa %6,5 eta %8 artean murrizten da, kotizazio urteen eta 65 urte betetzeko falta duten denboraren arabera.
Kotizazio oinarriak aldatuko al dira?
Ez. Egungo egoera ekonomikoa dela-eta hartu du erabaki hori gobernuak. Kotizazio oinarriak langile baten kostu erreala islatzen du, eta horren gainean ezartzen da enpresak eta beharginak jarri behar duten kotizazioaren zatia. Gehienezko oinarrien kasuan, gobernuak ohartarazi du aurrerago proposatuko duela igotzea. Horrela, bigarren urtez jarraian, 4.070,10 euroan mantenduko da, hileko, lanaldi osoko kontratuetan .Gutxienekoa 1050 euro izango da. Hori igotzeko, lanbide arteko gutxieneko soldatan erabiltzen den ehuneko bera aplikatzen da, eta hori ez da igoko, gobernuak hala egingo zuela hitzeman zuen arren. Argudiatu du patronalaren babesik gabe ez duela egingo.
Zer gertatuko da babes klausularekin?
Beste urtebetez luzatuko da. Klausula hori 2008ko krisi ekonomikoaren harira sortu zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) gobernuak, lan merkatura itzultzea lortzen ez zuten adineko langabeek eta enplegua erregulatzeko espediente batean zeudenek erretiroa hartzean euren pentsioetan zigorrik jaso ez zezaten. Horren arabera, 2011 aurreko araudia ezartzen zaie, urte horretan abian jarritako erreformako baldintza gogorretatik kanpo.
Rajoyren gobernuak klausula horri iraungitze data bat jarri zion, Sanchezek luzatu egin zuen, eta orain, beste urtebetez egin du. Nahiz eta neurriak eragiten dien gehienek erretiroa hartua duten, oraindik badira 2013 baino lehen, krisi ekonomikoaren erdian, kaleratu zituzten langileak eta aurten erretiroa hartuko dutenak.
Eta aurrera begira, zer?
Pentsio sistemaren erreforma dator, Bruselak eskatu moduan. Sistemaren iraunkortasuna lortzea du helburu. Horretarako, gastuak doitu eta diru sarrerak handitu behar dira. Hortaz, egungo sistemaren oinarri ugari ukituko dituzte. Eztabaida mahai gainean dago. Erretiroa hartzeko baldintzei buruzko puntuarekin hasi dira. Parlamentuko batzordeak bere egin du aurreko erreformak horri buruz ezarritakoa: 67 urte izango da erretiro adin arrunta 2027an, eta horra heldu arte urtetik urtera igotzen joango dira erretiro adina eta kotizazio urteak.
Aldiz, pentsioak kalkulatzeko kotizazio epeen inguruan eztabaida dago. Gobernuak zabaldu duenez, 25 urtetik 35 urtera luzatu nahi du. Horrek ekarriko luke pentsioak batez beste %5 inguru murriztea: urte gehiago kontuan hartuz gero, txikiagoa izaten da ohikoena, baita hasierako lan urteetako soldatak txikiagoak izatea gerorakoak baino.
Gobernuak agindu du gaia Toledoko Mahaiko eragileekin eztabaidatuko duela, eta proposamen bat egingo diela neurri hori dela-eta pentsiodunek izango luketen galera murrizteko. Iradoki du aukera bat izan daitekeela kotizazio urte negatiboenak zenbaketatik kanpo uztea, baina ez du zehaztasun gehiagorik eman.
Beste lan ildo batzuk ere zabalik dituzte. Pizgarriak handitzea erretiroa legezko adinetik harago atzeratzea erabakitzen dutenentzat (pentsiodun berrien %5ek baino ez). Horrekin batera, mahai gainean dago pentsioa lanarekin uztartzeko formulak indartzeko aukera, eta legezko adina baino lehen erretiratzen direnentzako baldintzak gogortzekoa, batez ere libreki hala erabakitzen dutenen kasuan (sei pentsiodun berritik batek). Kasu horretan, gobernuaren asmoa litzateke murrizketa beti %8koa izatea aurreratutako urte bakoitzeko, eta penalizazio hori pentsioari aplikatzea eta ez oinarri arautzaileari, gaur egun egiten den moduan.