EAEko aurrekontuen tramitazioak aurrera egin du, osoko zuzenketak baztertuta
EAEko 2021eko aurrekontuen proiektuak aurrera egin du, Eusko Legebiltzarrak baztertu egin dituelako oposizioko lau alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketak.
Urtebetean 1,2 puntu egin du gora langabezia tasak, 2019 amaieran %8,8 baitzen. Lurraldeei dagokienez, langabezia tasarik txikiena dute Gipuzkoak (%7) eta Ipar Euskal Herriak (%7,2). INEren datuekin, berriz, Araban %10era iritsi da, Nafarroan %11,6ra, eta Bizkaian, berriz, %11,8ra. Gaindegiak oroitarazi du Ipar Euskal Herriko datuak behin-behinekoak direla, eta berrikusi egin beharko dituela udako saioak ekarri ohi duen migrazio fluxuen eragina aztertzen duenean eta iaz indarrean sartu zen enpleguaren zona berriek beren datuak argitaratzen dituztenean.
%10eko tasa urrun dago 2013kotik —%16,6 batez beste—, baina, hala ere, Europako Batasuneko handienetako bat da. EBko estatu kideen artean hiruk baizik ez dute tasa handiagoa: %16,1 Espainiak, %15,8 Greziak, eta %10,3 Lituaniak.
Gainera, badago atzoko datua nolabait desitxuratzen duen errealitate bat: milaka lagun daude enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin (Hegoaldean) eta lanaldi partzialean (Iparraldean). Horiek ez dituzte zenbatzen langabeen artean, berez ez dutelako lanpostua galdu. ELAk garrantzi handia eman dio horri: «Enplegu erregulazioak amaitzen direnean aztertu ahal izango dugu okupazioaren benetako datua, eta, segur aski, okerrerantz egingo du egoerak». Izan ere, okupazioari dagokionez, INEren inkestak ez ditu datu onak eman, baina ez dira iritsi pandemiaren larrienean iragarritakoen mailara. Horrela, Hego Euskal Herrian 1.198.500 lagunek zuten enplegua 2020ko azken hiruhilekoan, urtebete lehenago baino 22.500ek gutxiagok. Enpleguaren zatirik handiena urteko lehen eta bigarren hiruhilekoan galdu zen; gora egin zuen hirugarrenean, eta gorabehera handirik ez da izan azkenekoan (-1.500).
INEren datuak oso gertu daude Gizarte Segurantzak afiliazioei buruz emandakoekin. Horien arabera, 24.212 kotizatzaile galdu zituen iaz Gizarte Segurantzak.
Enpleguaren galera, portzentualki, %1,8 izan da, ekonomia osoak izandako jaitsiera baino apalagoa: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordina %9,5 txikitu zen iaz, eta gaur emango du Nastatek Nafarroako datua, baina ez da oso urruti ibiliko.
LABek nabarmendu duenez, enpleguaren galera horrek kalte handiagoa egin die emakumeei (-%2) gizonei baino (-%1,7). Hori hala da zerbitzuak izan direlako kaltetuenak krisi honetan, joan-etorriei, turismoari, ostalaritzari eta kulturari jarritako mugak direla eta.
Industria, gora enpleguan
INEk dioenez, 2020an 33.800 enplegu galdu dira zerbitzuetan, eta beste 2.000 lehen sektorean. Industriak, berriz, 12.000 enplegu berreskuratu ditu, eta eraikuntzak, 1.500. Horrenbestez, azken datuen arabera, langileen %70,2 ari dira zerbitzuetan, %23 industrian, %5,5 eraikuntzan eta %1,3 nekazaritzan eta arrantzan. Bi sexuetan dira gehiengoa zerbitzuetan ari diren langileak, baina sektore horren pisua handiagoa da emakumeen artean, haietako %87,4 aritzen baitira arlo horretan —gizonezkoen %54,7—. Horrek azal dezake emakumeen artean enplegua dutenen kopurua gehiago apaldu izana (-11.900) gizonen artean baino (-10.600).
Sektore kaltetuenetan oso ohikoa da aldi baterako kontratazioa, turismoan batez ere, eta horrek ekarri du 2020an behin-behinekotasun tasa jaistea: Hegoaldeko langileen %24,6k zuten aldi baterako kontratua 2019 amaieran, eta %23,2 2020 bukatzean.
Zubiak azpimarratu du 2020. urtean ekonomiak izan duen beherakada izugarria kontuan hartuta txukun eutsi zaiola enpleguari. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak giltzarri izan dira horretan; udazkenean, 40.000 langile egon ziren dosier horietan Gipuzkoan, eta, gaur egun, 11.000 geratzen dira. «Enpleguak bilakaera ona izan du, BPGaren erorikoa ikusita».
Eta aurrerantzean, zer? Bada, inkestak dio Gipuzkoako enpresen %86k eutsi egingo diotela lantaldeari edo handitu egingo duela (%12); eta bakarrik %14k esan dute lantaldea murriztuko dutela. Inkesta hori abenduan egina dago, hirugarren olatuaren zartadaren atarian. Edonola ere, Bazkundeak uste du enpresek orain arte «konpromiso handia» erakutsi dutela enpleguarekin, eta aurrerantzean ere erakutsiko dutela. Horretarako, ezinbestekoa izango da ekonomiak indar hartzea. Enpresen %23k uste dute fakturazioa igo egingo zaiela 2021ean; %45k diote ez zaiela jaitsiko; eta %32k, negozioa apalduko zaiela. Sektoreka alde handiak daude, hala ere. Industriak espero du susperraldirik handiena.
Izan ere, Atzeraldi Handian gertatu zen antzera, Gipuzkoako merkataritza ganberak uste du esportazioek bultzatuko dutela gehien, eta Pedro Esnaola presidenteak nabarmendu du esparru horretan Gipuzkoako enpresek etxeko lanak eginak dituztela, 2010etik aurrera egindako ahaleginaren bidez. Merkatuak suspertu egingo dira munduko BPGaren %5,5eko igoera aurreikuspenaren itzalean, baina alde handiak izango dira herrialde batzuetatik besteetara. Oro har, gorabidean diren herrialdeak gehiago haziko dira garatuak baino, eta Bazkundeak «dibertsifikazioan sakontzeko» eskatu die enpresei. Horiek horrela, enpresen %37k diote esportazioak handitu egingo dituztela; %43k uste dute kanpo salmenten mailari eutsiko diotela; eta %20k, esportazio gutxiago egingo dituztela.
Erosle handien hazkundea
Dena den, euskal esportazioak jasotzen dituzten merkatuetan txertoek duten eboluzioak finkatuko dute zenbateraino bete ahal izango diren hazkunde helburuak. Erosle handiak haziko dira gutxien, tartean Alemania bera, baina Bazkundeko presidenteak uste du hazkunde nahikoa izango dutela euskal enpresek beren esportazioak handitzeko. Edonola ere, aurreikuspen guztiak daude lotuak pandemiaren eboluzioari, Esnaolak sarritan gogoratu duenez. Koronabirusa mendean hartzeko urtea 2021.a izango dela dio erakundeak, baina ez dela gauza bera izango lehenago edo geroago lortzea hori.
Enpresen arteko elkartasuna
«Hilabete batzuk barru, aldatu egingo da jokalekua, eta garrantzitsua da enpresek eustea», erantsi du Javier Zubia zuzendariak; «elkarlana eta elkartasuna egon behar dira enpresen artean, eta bezeroek ere gertuko dendetan erosi beharko lukete, beren kaleak bizi egon daitezen; gehiegitan jotzen dugu Internetera». Krisiaren irteera «zaila» dator orain, baina aukeraz betea, Bazkundearen arabera: «Ezin dugu lehiakortasuna galdu azken txanpan».
Enpresa asko daude, ordea, oso estu, eta kreditu krisi baten mehatxua badela onartu du Zubiak, nahiz eta ganberak ez dituen ezagutzen kasu asko kaudimen arazo larriak dituztenak. «Oraingoz, mehatxu bat da, ez errealitatea». Hala ere, Bazkundeko presidenteak ez du ezkutatu kapitalizazio arazoak gertatzen direla enpresak kaudimen nahikoa ez dutenean, eta aro horietan gertatzen direla operazioak atzerriko diruarekin. «Dirua egon badagoelako merkatuan; funts handiak hor daude». Baina Gipuzkoako enpresariak bere enpresaren jabe izatea gustuko duela nabarmendu du, eta badirela erakundeak enpresarien ahalegina laguntzeko.
Horiek horrela, osagarrien azken luzapena irailaren hondarrean egin zuen Jaurlaritzak, Madrilek ABEEak urtarrilaren 31 arte luzatu ostean. Hala, 20.000 euro baino gutxiago irabazten duten langileek hilero 100 edo 150 euroko osagarria izango dute aurrerantzean ere, lanaldiaren iraupenaren arabera.
Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetako 7.827 langilek eskatua zuten irail bukaeran laguntza hori, baina ordainketak asko atzeratu ziren udan, Lan Sailak onartu zuenez, eta urrian hasi zen Lanbide osagarri hori dagokionari ordaintzen, atzerako eraginez. Mendiak jakinarazi du 5.000 langilek jaso dutela osagarria gaur arte. Lanaldi erdia daukatenek 100 euroko laguntza jaso dezakete, Gizarte Segurantzatik jasotzen dutenetik aparte —beren ohiko soldaten %70—; aldi baterako enplegu erregulazioan dauden lanaldi osoko beharginek 150 euroko osagarria izan dezakete, betiere 20.000 eurotik beherako soldatapeko badira.
Lanbideren bidez eskatu behar dira osagarriak, formulario bat online betez. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden beharginek ezingo dute jaso beren ohiko soldata baino kopuru handiagorik osagarri horren bidez.
Lanbideren plan berria
Mahaiaren eduki nagusia osagarriak luzatzea izan bada ere, mahaikideek adostu dute beste neurri bat: Lanbidek martxan jarriko duela plan bat koronabirusak gogor jotako sektoreetako langileak berriro trebatzeko, lanpostu berri bat izan dezaten. Mendiarentzat, plan horrek lagunduko du «giza kapitala eta profesionala ez galtzen», kaleratutako langile batzuk eramango dituelako «enpresek behar dituzten soslai berrietara egokitzera». Plan hori Europako funts baten laguntzaz gauzatu nahi du Gasteizko gobernuak.
Mendia sailburuak uste du azken akordioek erakusten dutela Elkarrizketa Sozialerako Mahaia ez dela «tramiteak» egiteko, eta mahaikideek «eragiteko gaitasuna» dutela.
CCOO gustura azaldu da erregulazioei lotutako laguntza osagarrien luzapena dela eta; sindikatu horrek mahaia goratu du, «pertsonen bizia hobetzen duten akordioak» lortzen dituelako, eta ez du aukera galdu gogoratzeko badela beste sindikalismo bat Euskal Herrian, «bere balioa erakusteko gai ez dena, muturreko egoera batean ere». Berriro ELA eta LAB sindikatuei erreparatuz, erantsi du badirela sindikatuak «gobernuekin harreman esklusiboa» lortu nahi dutenak.
Mahaiko beste kidea ere, Confebask, ez da atzean geratu, eta foro horren baliagarritasuna ere nabarmendu du. «Tresna oso erabilgarria da», Eduardo Zubiaurre presidentearen ustez, eta erantsi du patronala «ekarpen onena» egiten ari dela birusak eragindako «krisi larritik ahalik eta modu hoberenean ateratzeko».