Basque Digital Innovation Hub, Champions Challenge saria irabazteko hautagaietako…
Basque Digital Innovation Hub, Champions Challenge saria irabazteko hautatu dute. BDIH Eusko Jaurlaritzaren apustua da ETEen eraldaketa digitala bultzatzeko.
Banketxean sarri egotea ere ez du gustuko Ixiarrek, baina beharrezkoa zaio tarteka bere agentearekin egotea. Pandemia iritsi zenetik, txat baten bidez hitz egiteko proposatu dio hark. 71 urterekin, gai da ibilketa nordikoan bide luze samarrak egiteko, baina txat bat beste kontu bat da. Kutxabankeko agenteak behin esan zion hobe zuela kontu berria sarearen bidez zabaltzea, ez zuelako komisiorik ordainduko. Baina ez zuen ikusi nahi izan asmatuko ote zuen operazio hori egiten, eta, ez duenez alabarena jo nahi etengabe, komisioa pagatzen du. Gauza bat da Whatsappez lerro batzuk idaztea eta argazkiren bat jaso eta bidaltzea, eta beste bat asmatzea kontu korronte bat irekitzeko bankuaren webguneak eskatzen dituen baldintza guztiekin. Ez da gauza bera egunkari digital baten aplikazioan sartzea eta telefono konpainiaren webgunean kontratatzea dei eta datu batzuen eskaintza jakin bat. KZguneko ikastaroek beren mugak dituzte.
Ixiar izen asmatua da Donostiako Amara auzoan bizi den emakume bati erreparatzeko. Izenik eman nahi izan ez duen pentsiodun horrek ahaleginak egiten ditu aro digitalean «atzean ez geratzeko», baina batzuetan «ezinezkoa» egiten zaio egunetik egunera gertatzen diren aldaketetara moldatzea. Izan ere, Ixiar asko daude adinarekin lotutako arrakala digitalaren zuloan. Eurostaten arabera, 65 eta 74 urte arteko Europako Batasuneko herritarrek gaitasun digital apala dute. Adin tarte horretan, soilik %5ek dute 16 eta 24 urte arteko gehienen (%68) gaitasunaren parekoa. Komunikazio molde berriak arrotz egiten zaizkie, eta eraldaketa digitalaren arazoa beste urrats bat egiten ari da enpresa pribatuek zein publikoek —bakoitzak bere erritmoan— estrategia azkartu dutenetik beren jarduera sarera bideratzeko.
Botoien aurrean urduri
«Pentsiodun gehienak ez dira oinarrizko Interneten ibiltzera ere iristen», dio Nagusiak elkarteko zuzendaritzako kide Alfonso Sierrak. «Gehienek familiari esker egiten dituzte behar-beharrezkoak diren gauzak, bai administrazioarekin, bai bankuarekin. Baina seme-alabek beren familiak dituzte, beren arazoak, eta ezin da egun osoan atzetik ibili». Sierrak uste du batzuentzat oso erraza dena ezinezkoa bihurtzen dela adineko askorentzat: «Kutxa automatiko baten aurrean jarri, botoiak ikusi, eta urduri jartzen dira operazio errazenak egiteko ere. Kontuan hartu ikusmena ere ez dela bera adin batetik aurrera, eta kalean, agian, ez dira hasten betaurrekoak ateratzen. Nola egingo dituzte, ba ,operazio konplexuak, webguneak gidatzen zaituen arren?».
Telefono konpaniak, bankuak, energiarekin aritzen direnak eta abar inbertsio handia egiten ari dira azken urteetan beren zerbitzuak eta produktuak sarearen bidez saltzeko eta kudeatzeko. Bada, pandemiak neurtu du azken hilabeteetan prozesu horren heldutasuna, eta biziki hauspotu du digitalizazioaren estrategia. Saltoki fisikoa saltoki birtuala ordezkatzen ari da, eta muga jartzen ari zaizkio presentzialismoari, saltzen duen agentearen eta erosten duen bezeroaren presentzialismoari, esan nahi baita. Konpainiek lan kostuak asko merka ditzakete denda fisikoak eta dendariak beharrezkoak ez badira. Zenbat eta jarduera handiagoa bideratu Internetera, orduan eta apalagoa izango da bulego eta denda fisikoan.
«Gainera, esan behar da gauza asko ez direla batere errazak», dio Nagusiak elkarteko kideak; «nik neuk askotan amore ematen dut beste aldean makina baten ahotsa dudanean, baita Interneten ibiltzen ohituta nagoela ere; bada, nazka-nazka eginda bukatzen dut askotan».
Edozein euskal hiri eta herritan, azken urteetan, zenbat banketxe itxi diren zenbatu besterik ez dago neurria hartzeko martxan dagoen prozesuari. 2008an, 2.700 bulego zeuden Hego Euskal Herrian, eta iazko ekainean, 1.623 geratzen ziren zabalik, 1.100 gutxiago ia. Azken sei hilabeteetan beste mordo bat itxi dira, gainera, pandemia tarteko. Era berean, zenbat denda itxi dituzte telefono konpainiek? Negozioa sarearen bidez edo telefonoz egiten dute aspaldian, aseguruak, argindarra, gasa eta beste produktu ugari saltzen duten enpresek bezala.
«Penagarria da zer-nolako iladak egiten diren banketxeetan, pentsioa jasotzen den egunean», erantsi du Sierrak; «pentsiodun asko hiletik hilera bizi dira jasotzen dutenarekin, eta banketxera joan behar dute aldiro. Gero eta bulego gutxiago daude, gero eta jende gutxiago aurrez aurreko zerbitzua ematen. Zaharrak albo batera utzi dituzte. Dena aldatu da: lehen gizatiarragoak ziren, baina orain dena webgunean egin nahi dute, eta ez dakiena atzean geratzen da».
Egin zerorrek azkarrago
Askorentzat izaten da zail samarra estreinakoz operazio bat egitea bankuaren webgunean, baldin eginbehar horretan jokoan sartzen badira posta elektronikoak, kreditu txartelaren zenbakia, segurtasun kodeak, sakelakora iritsitako SMS mezuan datorren gako zenbakia eta beste. Zail samarra dena ezinezkoa gertatzen da beste askorentzat. Eta jarduera sarera eramateko enpresek eskaintzen dituzten abantailen zelaian ere gertatzen ari da bazterketa. Sarearen bidez eginez gero, bezeroak zerbitzu merkeagoak lortzen ditu, azkarragoak, osoagoak. Bankuek ere komisioak ez kobratzea eta beste abantaila batzuk eskaintzen dituzte bezeroak bere kabuz zabaltzen baditu kontuak, kontratatzen baditu aseguruak eta beste produktu batzuk. «Oinarrizkoa egiteko familiaren laguntza behar badute, nola hasiko dira, ba, sareko abantailak aprobetxatzen? Ezinezkoa da gehienen kasuan», kexu da Nagusiak elkarteko kidea.
Eusko Jaurlaritzak 2001ean jarri zituen martxan KZguneak. Urteotan, oinarrizko milaka informatika ikastaro eman dituzte 282 zentrotan, eta zerbitzuko zuzendari nagusi Toñi Maestrok (Urretxu, Gipuzkoa, 1966) azaldu du ikasleen artean 60 urtetik gorakoak direla gehienak, batez ere emakumeak. «Gaur egun, 242 KZ gune ditugu, baina martxotik jarduera erabat baldintzatu digu koronabirusak». Informatika maila desberdinetako ikastaroak ematen dituzten arren, gehienetan oinarrizko erabilerakoak dira. «Batzuek lehen harremana dute teknologiarekin. Hutsetik hasten dira, eta hartzen dituzten gaitasunek muga batzuk dituzte, noski».
Esaterako, Whatsapp aplikazioa erabiltzeko ikastaroek arrakasta handia izan dute 2015etik aurrera. «Lehen, ordenagailuekin aritzen ginen bakarrik, posta elektronikoa eta Interneten nabigatzen ikasteko. Gero, smartphone-ak eta tabletak iritsi zirenean, martxan jarri genituen gailu horiekin trebetasuna hartzeko ikastaroak ere». Baina oinarrizko trebetasun bati buruz ari gara betiere. «Bada ikastaro bat ordenagailua jartzeko mahaia ere ez duenarentzat zuzendua; ikastaro luzeak dira, hogei ordukoak».
Ikastaro horretara joandakoak ez dira hasiko berehala kutxa automatikoak erabiltzen supermerkatuetan, kasurako. Bezero batzuentzat, gazteentzat oro har, eskertzekoak dira kirol produktuen Frantziako multinazional batek bere saltoki handietan aspaldian jarri dituen kutxa automatikoak. Ilaran zain egon gabe gai dira erositako produktuak ordaintzeko, eta atetik ateratzeko alarmak jotzen ez duela. Pertsona baten zerbitzua nahiago dutenek, berriz, lehen baino gehiago itxaroten dute, langile gutxiago daudelako kutxetan, eta oraindik ere askok nahiago dituztelako kutxa tradizionalak. Ez da erraza adinekoak ikustea kutxa automatiko horietan. Zer esanik ez supermerkatuetan, produktu ugari pasatu behar direnean makinatik.
Finean, enpresek bezeroari ematen dioten mezua oso argia da: «Erosketa prozesua azkar bukatu nahi baduzu, zerorrek egin, berez gure langileen lana den arren». Eginbehar mekanikoak erraztean, langileak beste zereginetan ari daitezkeela argudiatzen dute multinazional batzuek, teknologia langilearen zerbitzura jartzen dela, alegia. Lantaldea murrizteko erabakiak hartzen direnean, ordea, aztertzekoa litzateke bezeroek kutxa automatikoetan egiten duten lan horrek nola eragiten duen.
Sare bidezko erosketei dagokienez, berriz, izugarri igo dira azken urtean pandemiaren itzalean. Joera argia da, eta Interneten erabilera egonkortu egin da adin tarte guztietan. Eustaten arabera, Arabako, Bizkakoi eta Gipuzkoako herritar guztien %82,6k erabili dute sarea 2020. urtean, baina alde handia dago adinaren arabera. Esaterako, 24 eta 34 urte artekoetan, %99,9k erabili dute baterako edo besterako; 65 urtetik gorakoen artean, ordea, soilik %42 sartu dira Interneten. Portzentajea apala da, baina 2019an baino lau puntu handiagoa.
Eta zenbatek erosi dute merkataritza elektronikoaren bidez? Bada, Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetako biztanle guztien %45ek erosi dute zerbait sarean azken urtean, sareko erabiltzaile guztien erdiek baino gehiagok, alegia. Izan ere, gutxi dira Interneten sartzeko gailuren bat ez duten etxeak. Baina atal horretan ere, adinekoak atzean geratzen ari direla islatu da. Seme-alabak dituzten etxeen %98k dute gailuren bat sarean ibiltzeko, eta bakarrik bizi direnen artean —alargunak asko eta asko—, etxeen %69tan daude tabletak, ordenagailuak edota smartphone-ak.
Nolakoa da adinarekin lotutako arrakala digitala?
Urteak pasatu ahala apalduz joango da, baina gaur egun ezin da ukatu arrakala handi bat dagoela. Generoarekin lotutako arrakala txikituz doa, argi eta garbi, batez ere gazteen taldeetan. Interneten erabilera erabatekoa da kasik gazteen artean. Benetako arazoa 54 urtetik gorako bi taldeetan dago, bereziki 65 urtetik gorakoan. Beraz, bai, arazo bat dago, eta areagotu egin da, koronabirusak azkartu egin duelako digitalizazioaren prozesua. Bat-batean, bideo deiak egiten hasi dira asko, eta segurtasuna falta da, erosotasuna.
Gazteak, oro har, eroso daude teknologia berriekin, sare sozialekin eta besterekin.
Txikiek ez dute lotsarik pantaila ukitzeko; gazteak pantaila batekin hazi dira. Arazo gutxi dituzte edozer gauza online egiteko. Umeak zirela behin eta berriro errepikatu dituzte mugimenduak, eta bost axola zaie lehenean ez asmatzea. Helduek garrantzi handiagoa ematen diote gauzak ondo egiteari; hobeto jabetzen dira zer alde dagoen gauzak ondo edo gaizki egin. Arazoa da huts eginez ikasi behar dela ordenagailu baten aurrean, hutsak egiteaz lotsatu gabe.
Lotsa arazo bat da ikasteko orduan?
Bai, noski, eta generoen artean oso ondo ikusten da hori. Emakumeen artean ohikoagoa da entzutea: «Nik ezin dut hori egin». Gizonen artean gehiagotan gertatzen da beste aitzakia mota batzuk jartzea, «ez dut denborarik izan» edo antzekoak. Ematen du alfa arrek dena egiten jakin behar dutela beti. Eta, gero, askok emaztearen bizkar uzten dute sakelakoan ibiltzen ikastea.
Norberaren ibilbide profesionalak ere izango du pisua, ezta?
Bai horixe, eta errentak eta beste aldagai batzuek ere bai. Zenbat eta ibilbide luzeagoa izan profesional gisa atal jakin batzuetan, orduan eta errazago hartuko da gaitasuna komunikazio eta informazioen teknologietan. Baina inork ez dio uzten ikasteari bizi den artean. Hori garbi eduki behar dugu denok. Konfinamenduan, jende askok ikasi behar izan du bankuko webgunean nabigatzen. Beharra izan du, eta beharrak bultzatzen gaitu. Agian ez da izan atsegina askorentzat, agian haserretu da jendea, frustrazioak jo du; baina urratsak egin dira. Seme-alabak atzerrira bizitzera joandakoan, zenbat gurasok ikasi dute Skype erabiltzen? Horretaz ari naiz.
Teknologia horien abantailez jabetzeak ere eragina du?
Bai, baina ez hainbestekoa; adinean sartutakoak jabetzen dira. Zu ere jabetuko zara agian yoga egitearen abantailaz, baina agian ez duzu egingo. Azkenean, urratsa egin behar da. Konfimenduan, agian askok ez zituzten gauzak erosiko Interneten, seme-alabak ez zituztelako alboan, baina bankuko kontuak nola egin? Gakoak ematen hasi behar ziren beren kontuetan sartzeko? Batzuek egingo zuten beharbada, baina ez gehienek.
Garbi dago adinekoak ere ikas dezaketela tableta bat erabiltzen.
Bai, bai, hori garbi dago. Ikasteko modua aldatu egiten da adin batetik aurrera; hori ere egia da, baina adin batetik aurrera ikasi ezin delako ustea hautsi egin behar da, ez baita egia. Ez dugu ikasteko gaitasunik galtzen, baina horrela usteak mugatu egiten gaitu. Jarrerak ekar dezake aldea; topikoak baztertu behar ditugu. Neskek ezin dituztela zientziak ikasi? Non dago idatzia hori? Bada, adinekoek ere Internet erabiltzen ikas dezakete.
Ez da gauza bera Whatsapp erabiltzen jakitea eta administrazioaren webgune batean eskaera bat egitea. Bestalde, enpresek abantailak ematen dituzte saretik erosteko eta kontratatzeko. Ez daude baztertuak gutxieneko gaitasun baten jabe ez direnak?
Erabat baztertuak daude. Egia da konpainia askok sarearen bidez egiten dituztela beren eskaintza onenak, eta egia da adinekoen artean dagoela gutxieneko erabilera horren jabe ez diren gehienak. Eraldaketa digitalean irabazleak daude eta galtzaileak ere bai, eta teknologia berrien inguruan gaitasun ona ez duena galtzaile aterako da. Zer erabaki hartuko duzu web horien eskaintzen hiztegia ere ezagutzen ez baduzu? Gauza bat da ikasteko ahalmena edukitzea, eta beste bat sagua zer den ere ez jakitea. Eta batzuek ez dute zertan jakin. Umeek liburuen orriak ukitzen dituzte gaur egun, ukitzeko pantailak balira bezala. Hor dago aldea. Niri aldatzen badidate telefono konpainiaren webgunea, pare bat egunetan ikasiko ditut aldaketak, beharbada, ezagutza bat duten guztiek bezala. Baina nola hasiko da alor hori beti urrun eta arrotz sentitu duen bat enpresa baten eskaintzak aprobetxatu nahian?
Badira saiatzen direnak, ordea.
Bai, eta gaitasun gutxikoak direnez, zaurgarriagoak dira enpresen taktika erasokorren aurrean. Ahal badute, behar ez duena salduko diote bezeroari, eta ahula dena teklatuaren aurrean, deseroso dabilena, errazago eroriko da. Quebecen egindako azterketa batek oso argi islatu du adinekoei behar ez dituzten zerbitzuak saltzen dietela askotan telefono konpaniek. Han egiten badute, hemen ere ez da oso desberdina izango erralitatea, nahiz eta nik ez dudan azterketarik ezagutzen. Dena den, sarean atzean uzten zaituena ez da adinekoa izatea, gaitasun digitalik ez edukitzea baizik. Eta ez dituzten gehienak adinean sartutakoak dira.
Esaten da sistemak ezin diola eutsi aitona-amonek bilobak zaindu ezean. Digitalizazioan, ez ote da gertatzen horrelako zerbait baina alderantziz? Alegia, seme-alabarik gabe adineko askok ezin dutela egin sarean behar-beharrekoa zaiena.
Belaunaldien arteko elkartasuna hor dago. Haiek zaintza lanak egiten dituzte, tuperrak betetzen dituzte, eta seme-alabek sarean laguntzen dute. Bai, hori asko gertatzen da. Gehiegitan? Akaso bai. Baina ikasteko prozesua ez da eteten smartphone bat duenarentzat; hor dabiltza asko Whatsappen, taldean nola aritu behar den barneratzen. Ez dela beti erantzun behar ikasten dute, zer den egokia eta zer ez. Gainera, ez ahaztu laguntza eskatzen duten aitona-amonek ez dutela beti laguntza hori eskatu nahi, baina behar dute. Horregatik, saiatuko dira hurrenean laguntzarik ez eskatzen. Izan ere, pazientzia nahikoa dugu gauzak azaltzean? Erakusten duen seme edo alabaren ustez, bai; gurasoen ustez, ez. Bakoitzak bere erritmoa dauka: hori da gakoa.
Administrazioek eta interes estrategikoko konpainiek ez lukete bermatu beharko aurrez aurreko zerbitzua, gaitasun digitalik gabeko pertsonak dauden bitartean?
Bai, argi dago ezin dela fisikoa den guztia kendu egunetik gauera. Hasteko, denok ez gaudelako sarera konektatuak. Konfinamenduan, flotagailu bat izan da euskarri digitala, baina arrakalak handitu egin dituela ere argi dago. Aldagai horiek aintzat hartu behar ditu politika publikoak, ezin da bestela izan. Aldi berean, webguneak modu errazagoan ulertzeko saio bat ere behar da, webgune egokituak gaitasun urrikoentzat. Administrazioak badu eginbehar bat alor horretan. Izan ere, publiko gatibua gara osasun sistemarentzat eta Gizarte Segurantzarentzat. Errazagoa da Amazonen edozer gauza erostea, administrazioan ordua hartzea baino. Klik hiru alditan eginez, edozer eros dezakegu. Aitzitik, pentsioa kudeatzeko ordua ez da hiru kliken bidez hartzen.
Ken Loach zinemagileak jaso zuen elkarrizketa I, Daniel Blake filmean. Sekuentziak, ordea, fikziotik adina dauka errealitatetik; izan ere, gaur egun oraindik administrazioen bulegoetan behin baino gehiagotan errepikatzen den hizketaldia da. Eraldaketa digitalak eremu pribatua ez ezik publikoa ere aldarazi baitu. Hala berretsi du Sheila Fernandez Berri Otxoak elkarteko kideak: «Administrazio guztietan gertatzen da: aldez aurretiko hitzordua eskatzeko, telefonoz deitu behar da, edo Internet bidez hartu. Eta pertsona askorentzat oso zaila da hori, digitalizazioa oztopo baita konpetentzia digitalak ez dituztenentzat edo erabiltzeko arazoak dituztenentzat».
Gizarte bazterkeriaren aurkako plataforma da Berri Otxoak, eta administrazio elektronikoa arrotz zaien herritar asko joaten zaie laguntza eske. Fernandezek azaldu duenez, «etsita etortzen dira asko». Burokrazia inoiz ez baita tramite huts bat izan, baina zerbitzuak digitalizatzeak are gehiago zaildu du zenbait kasutan tramiteak egitea. «Udalarekin eta Lanbiderekin izaten dituzte trabak gehienbat», zehaztu du Fernandezek; besteak beste, diru sarrerak bermatzeko errenta eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera eskatzerakoan, langabezia saria jasotzean, edota udal tramite arrunt bat egiterakoan.
Aldez aurreko hitzorduarena gainditu beharreko lehen oztopoa izaten da, ordea. «Dokumentazioa dator gero, modu telematikoan bidali edo eskatu behar direlako gero eta gehiago. Askotan, gainera, beste administrazio batera jo behar izaten da dokumentu horiek eskuratzeko, eta aldiro hutsetik hastea bezala izaten da». Azkenerako,«labirinto bat» bilakatzen da bidea askorentzat, Fernandezen hitzetan.
Nolanahi ere, Berri Otxoak elkarteko kideak argi utzi nahi izan du arrakala digitala pairatzen dutenak uste baino gehiago direla. «Arrakala digitala adinarekin lotzen da askotan, baina erabileraren arrakala dagoen moduan, teknologia faltarena ere badago: prekaritatearena, hain zuzen. Asko dira ordenagailu bat izan edo Internet ordaindu ezin dutenak, eta are gehiago dira erabiltzen ez dakitenak; lehen, agian, KZ guneetara joaten ziren, edo lagun baten etxera, baina pandemia garai honetan ezinezkoa zaie hori egitea».
Izan ere, Fernandezek ohartarazi du koronabirusaren izurriak are gehiago konplikatu duela zerbitzu publikoen burokrazia: hilabeteetako atzerapenez ematen diren aldez aurreko hitzorduak, erantzuten ez dituzten telefono zenbakiak, erantzunik jaso ez duten erreklamazioak, tramite telematiko konplexuak… «Digitalizazioa lehendik zetorren, baina pandemiak eta konfinamenduak, bereziki, agerian utzi dute arlo horretan dagoen zuloa».
Digitalizazioari aurre egiteko gai ez izateak, bada, ondorio larriak dituela esan du Fernandezek: «Babesgabe sentitzen dira, eta, hori gutxi ez, eta ezjakintasunaren ondorioz, adibidez, epeak iraungitzen zaizkie askori, eta, ondorioz, ezin izaten dute diru laguntzarik jaso». Hala salatu izan dute, besteak beste, Lanbideren bulegoen aurrean egin izan dituzten protestetan. Arartekoarengana ere jo izan dute egoera salatu eta ikusgai egiteko. «Baina protestak baino ez dira oro har; kontzientzia zabaltzeko egiten ditugu. Elkarte bat besterik ez gara, eta ez daukagu bitartekorik eskaerak egiten laguntzeko; ezin diegu lagundu tramite horiek egiten», adierazi du Fernandezek. Eta gogorarazi du administrazioari dagokiola ardura hori: «Hari dagokio herritarren eskura jartzea baliabide guztiak tramiteak egiteko» .
Baliabide nahikorik ez
Sindikatuak ere bat datoz Fernandezen adierazpenekin: digitalizazio prozesua erabat garatu gabe zela iritsi da pandemia, eta horren ondorioak herritarrak eta langileak pairatzen ari dira orain. «Administrazioa ez dago prestatuta; digitalizazioa oso atzeratuta dago Euskal Herrian, oro har. Planteatzen da errealitate bat ez dena benetan erreala, eta hori arazo bat da herritarrentzat, prozesuak asko luzatzen eta konplikatzen direlako; baina baita langileentzat ere, lan bikoitza egin behar dutelako orain», adierazi du Igor Eizagirre ELA sindikatuko kideak.
Hala iritzi dio Miriam Campos LAB sindikatuko kideak ere: administrazioa «etxeko lanak egin gabe» harrapatu duela uste du, eta «mailakatua» izan behar zuen egokitzapena «kolpean» egin behar izan dutela. «Bagenekin administrazio elektronikoa etorriko zela, eta egia da urratsak egiten ari zirela, baina pandemiak dena azkartu du, eta egokitzapena eta formakuntza behar dira horri erantzuteko».
Baliabideak falta direla salatu dute sindikatuek, «pertsonalak eta teknikoak, eta administrazio maila guztietan, gainera: hasi udaletatik eta Jaurlaritzaraino. Eta adierazi dute horren ondorioz herritarren arretarako zerbitzua ez dela behar bezalako erantzuna ematen ari. Birusa hedatzeari aurre egiteko neurriek, esaterako, hainbat zerbitzutan «inbutua» sortu dutela zehaztu du Camposek: «Aldez aurretiko hitzorduak eskatzerako telefonoa, adibidez, kolapsatu egiten da, baina horren alternatiba Internet da, eta hor arrakala digitala agertzen da».
LABeko ordezkariak azpimarratu du erakundeen ardura dela horri guztiari aurre egiteko bideak eta moduak jartzea. Bada, langile gehiagoren beharra nabarmendu du. «Ez bakarrik udaletan eta diputazioetan eta horiei lotuta zerbitzuetan, baizik eta Osakidetzan ere hainbat tramite Internet bidez edo telefono bidez egin behar dira; eta, hori guztia kudeatu ahal izateko, lanpostu espezifiko batzuk sortu behar dira; bestela, kolapsoa, inbutua eta atzerapena etortzen da».
Bat dator Eizagirre ere: egungo baliabideak ez dira nahikoak. «Arazoak ditugu eskari guztiei erantzuteko», ohartarazi du ELAko ordezkariak. «Langile gutxiegi ditugu. Aurrez aurreko arretaz gain, digitala ere egin behar izaten dute langileek. Horrek esan nahi du lan kargak bikoiztu egin direla». Kopuruan ez ezik, formakuntzan egin du azpimarra Eizagirrek. «Langileei ematen ari zaien heziketa oso eskasa izan da. Heziketa hori teorikoa izan da, batez ere, eta praktikan ikusten da ez dela nahikoa: arazoak izaten baitituzte programa informatikoekin».
Nolanahi ere, Camposek uste du arrakala digitalak «behar berriak» sortu dituela administrazioetan: «Errealitate bat da». Herritarrei tramite elektronikoak egiten lagunduko dieten langileak egon beharko liratekeela esan du, gainera; udaletan batez ere, herritarrengatik hurbilen dauden erakundeak direlako. «Herritarrak ezin du ikusi administrazioa urrutiko zerbait balitz bezala; zerbitzua gertu izan behar du, eta, horretarako, aurrez aurreko arreta beharrezkoa eta funtsezkoa da».
Horiek horrela, sindikatuek aurrez aurreko arreta bermatu beharraz ohartarazi dute. «Langileen osasuna eta segurtasuna bermatu behar da lehenik, hori argi dago, baina aurrez aurreko arreta zerbitzua ere eskaini behar da. Ez bakarrik arrakala digitalarengatik, baita arretaren kalitatearengatik ere; oinarrizkoa da», adierazi du Eizagirrek. Bide beretik mintzo da Campos ere: «Leihatila beharrezkoa da oraindik ere, Osakidetzan ere lehenengo arreta zerbitzua beharrezkoa den bezala; ezin da telefono dei batekin ordezkatu. Une jakin batzuetan, harreman zuzena beharrezkoa da; denok behar dugu».
Errealitatetik urrun
Adela Mesa del Olmo Euskal Herriko Unibertsitateko Politika eta Administrazio Zientzietako irakaslearen iritziz, pandemiak agerian utzi du administrazio digitalaren premia, besteak beste, herritarrei aukera ematen dielako harekin hartu-eman zuzena izateko bulegora joateko beharrik izan gabe. Aitortu du, ordea, zerbitzu publikoak oraindik urrun daudela benetako erabilgarritasunarekin eta herritarren konpetentzia digitalarekin.
Izan ere, Eustaten datuen arabera, 16 eta 74 urte arteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %46,7k erabili dute noizbait administrazio elektronikoa. Horrek esan nahi du herritarren erdiek baino gehiagok ez duela inoiz baliatu bide digitala kudeaketak egiteko. «Arrakala digitala egon badago, noski. Espainiako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Behatoki Nazionalaren arabera, gainera, gero eta gehiago dira gaitasun digital txikia dutenak edo gaitasunik ez dutenak. Beraz, okerrera goaz alde horretatik».
Horiek horrela, formakuntzaren beharraz azpimarratu du EHUko irakasleak: «Erakundeek aspaldi utzi zuten formakuntza hirugarren sektorearen esku. Ez dira arduratu herritarrek gaitasun digitalak izan ditzaten bermatzeaz». Hain zuzen, alfabetatze digitalaz arduratzen diren elkarteak badaudela gogorarazi du, Gasteizko Saregune, kasurako. «Lan txalogarria egiten dute».
Uste du, halere, ezinbestekoa dela administrazioek aurrez aurreko arreta ematen segitzea. Izan ere, gogorarazi du ezen, sarbide elektronikoari buruzko legearen arabera, administrazioak arreta presentziala eskainiko ez balu, «irisgarritasuna urratuko» lukeela. Horrez gain, uste du beharrezkoa dela webguneak ere «erabilerrazak» eta «funtzionalak» egitea. Sakelakoetako aplikazioak jarri ditu horren adibide gisa.
Novaltiako langileek manifestazioa egin zuten atzo Bilbon euren protestaldia gogoratzeko. Zamudioko (Bizkaia) biltegiko langileen %40 ari dira parte hartzen greban, eta, besteak beste, langile zaharren eta berrien arteko soldaten artean dagoen «alde handia» salatu dute. Diotenez, enpresak 4,5 milioi euroren irabaziak izan zituen 2017 eta 2019 bitartean, eta, hala ere, langile berrien soldata ez da iristen 950 eurora. Horretaz gain, 2019an, lan hitzarmenaren negoziazio betean, enpresak ez zuen errespetatu ultraaktibitatea, eta aurretik zuten hitzarmena luzatu beharrean sektorean Espainian dagoena ezarri zuen, okerragoa dena.
Greba gaiztotu egin da, eta bi auzibide irekita daude hainbat salaketarekin: lanaren deslokalizazioa, grebalariak ordezkatzeko aldi baterako langileak kontratatu izana… Grebalariek diotenez, lan ikuskaritzak begiak itxi ditu, eta «enpresaren konplize» bilakatu da. Epaiketen azken ebazpenek helegite fasean daude biak pisu handia izango dute gatazkaren amaieran, baina beharturiko konponbide batera iritsi aurretik, grebalariek bileren bidea ireki nahi izan dute LHKren bitartez.
Kudeatzaileak agertzera behartuta daude; ez, ordea, botikariak. Novaltiako langileek urte eta erdi daramatzate protestak egiten, eta iragan astean enpresako zuzendaritzan dauden bost botikarien farmazien aurrean elkartu ziren. Horiek horrela, bostetako batek esan zien bilerara joateko asmoa zutela. Kudeatzaileek, ordea, ez dute begi onez ikusi pauso hori. Are gehiago, protestak eten ezean bilerara ez joatearekin egin dute mehatxu.
«Greba pasiboa nahi dute», salatu zuen Ibai Carranza langile batzordeko kideak. «Bere garaian lan hitzarmena negoziatu genuenean gauza bera eskatu ziguten. Bi astez utzi genituen protestak, eta, gero, eskaintza okerragoa egin ziguten». Novaltiakoa egun Euskal Herrian indarrean dagoen greba luzeena da, eta, aurretik akordiorik ez badago, gutxienez maiatzera arte luzatuko da, ordurako espero baitira ebazpenak.
Datuak irakurtzeko beste modua lanean daudenen kopuruari erreparatzea da, eta 930.500 dira guztira. 2020ko hirugarren hiruhilekoaren amaieran baino 14.200 gehiago, baina urtebete lehenago baino 15.100 gutxiago.
Azken hiruhileko hobekuntzak batez ere emakumeei egin die mesede (+12.500 landun), eta gutxiago gizonei (+1.700). Datu horrekin bat egin du beste batek: okupazioak batez ere zerbitzuen sektorean egin du gora (+13.800), eta horretan emakumeen pisua askoz handiagoa da besteetan baino. Industriak, berriz, 1.200 lanpostu berreskuratu ditu, eta 800 galdu ditu eraikuntzak.
Gizon gehiago lanik gabe
Sexuari dagokionez, ezohiko datu bat eman du Eustatek: 2020 amaieran gizon gehiago agertzen dira langabezian (62.600) emakumeak baino (54.300). Ez da hori langabezia erregistratuaren datuek diotena —enplegu bulegoetan izena emana duten langabeen %55 dira emakumeak—, ezta Eustatek azken urteetan azaldutakoa ere: 2017tik 2019ra, bederen, emakume gehiago izan ziren lanik gabe.
Askoz ohikoagoa da, berriz, lurraldekako banaketa. Bizkaiak du berriro ere langabezia tasarik handiena (%12,6) eta Gipuzkoak txikiena (%9,4). Batean zein bestean, igo egin da azken urtean: 1,9 puntu Bizkaian, eta 2,4 Gipuzkoan.
Deigarria da Araban joera ezberdina dela, eta langabezia tasa 0,1 puntu txikitu dela azken urtean —azken hiruhilekoan 1,6 jaitsi delako, batik bat—, baina halako gorabeherak usu gertatzen dira lurralde hartako datuekin, inkestaren lagina ez delako besteetan bezain handia.