Emakume garbitzaileek planto egin dute, kaleko kideen pare egoteko
Hala, Garbikuntzako pandemia: prekaritatea lelopean manifestazioa egin zuten atzo, Donostian, beren lan baldintzak pareka daitezen kale garbitzaileen baldintzekin. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bi eguneko greba egiten ari dira sektorean; 5.000 behargin daude alor horretan enpresa itunik izan gabe, eta sektorekoaren zain. Ehunka langile atera ziren kalera salatzeko asmo barruan garbitzeak ez duela balio kanpoan garbitzeak bezainbeste. Otsailaren 5ean dute hitzarmena negoziatzeko hurrengo aukera, eta, ordurako, beren indarra argi erakutsi nahi dute kalean.
«Lan bera egitearen truke» soldata eta baldintza apalagoak izatearen «injustizia» azpimarratu zuen ELAko kide Ane Alberdik. Urtero 5.000 euro gutxiago jasotzen ari direla azaldu zuen, eta egoera hori amaitu egin behar dela, «lehenbailehen». Arrakala hori, gainera, ez da soilik soldatarena, Alberdik esan zuenez; kontratazioari ere badagokio, kaleko garbitzaileen artean lanaldi osoko kontratuak baitira gehien-gehienak, eta eraikuntzetako garbitzaileen artean, lanaldi partzialekoak. Kontratuen %80 ez dira lanaldi osokoak emakumeak gehiengo diren azpisektore horretan.
Sindikatuek emandako datuen arabera, %28ren aldea dago kaleko garbitzaileen eta eraikuntzako garbitzaileen soldaten artean. Azken lan hitzarmenen arabera, 17.500 euro da gutxieneko soldata gordina eraikinen eta lokalen garbiketan; kale garbiketan, berriz, kategoriarik txikienekoek 23.000 euro inguru irabazten dituzte, kalean lan egiteagatik duten plusa kontuan hartu gabe. Hau da, plus hori alde batera utzita ere, urtean 5.500 euro inguru gutxiago irabazten dituzte.
Patronalaren proposamena
«Ekonomikoki ez zaio balio bera ematen baldosak garbitzeari eta galtzadak garbitzeari», esan zuen Haizea Solagurenbeaskoa LABeko federazio pribatuko kideak. Haren esanetan, negoziazioan «gaia sozializatu» nahi dute. Patronalak %1eko igoera proposatu du KPIa alde batera utzita, eta argudiatu du pandemia dela-eta gastua asko igo zaiola garbitzaileak babesteko materialarengatik. «Lotsagarritzat» jo du argumentu hori ELAko kide Ane Alberdik, «konfinamenduan babeso material hori gabe aritu direlako garbitzaileak».
2019ko azaroan ere planto egin zuten garbitzaileek, «injustiziaren aurrean». Orduko arazoak bizi-bizirik daude oraindik ere, eta pandemiak areagotu egin ditu kontuan hartzen badira bi aldagai: lehena, garbitzaileek funtsezko lana egin dutela eta egiten dutela koronabirusaren aroan; eta bigarrena, eraikuntza eta lokaletako garbitzaileek arrisku gehiago hartzen dituztela, birusa askoz arriskutsuagoa delako barruan kalean baino.
Bigarren greba eguna izango dute gaur garbitzaileek, eta beste manifestazio bat egingo dute euren arazoa sozializatzeko.