Merkataritzan, atzera-bueltarik ez
Bidenekin zenbat aldatuko da hori? Ikusteko dago oraindik. Nahiko argi dago administrazio berriak harreman hobeagoak nahi dituela kanpo merkataritzan. Beharbada, tonu atseginago hori laster antzemango da, Munduko Merkataritza Erakundeko presidente berriaren izendapena desblokeatzen bada. Trumpek betoa jarri zion kontsentsuzko hautagaiari, Nigeriako Ekonomia ministro Ngozi Okonjo-Iwealari.
Tonu aldaketak, hala ere, ez du zertan politika aldaketa sakonik ekarri. Izan ere, herrialdearen merkataritza defizit itzela hor dago oraindik, eta globalizazioak kalte egin diela sentitzen duten langileak eta enpresak ez dira gutxi AEBetan, ezta bi alderdi handien boto emaileen artean ere. Horregatik, ia ezinezkoa da merkataritza harremanak Trump aurreko mailara itzultzea. Hori dela eta, Bidenek Buy America hartu nahi du goiburu, America Firsteko muga zergak inbertsioarekin ordezkatuz eta tokiko fabrikak eta ikerketa lehenetsiz.
Edonola ere, muga zergen gerra apaltzeko negoziazioetan hasi beharko dute orain Txinarekin; lan neketsua, zalantzarik gabe. Eta Europako Batasunarekin ere izan beharko dute hartu-emanik. Hor, ikusi beharko da zer gertatzen den AEBetako talde teknologikoak zergapetzeko europarren asmoekin.
Hori bai, aditu askoren ustez, Bidenek barne politikan jarriko du arreta, eta hortik kanpoko gaiak mantsoago joango dira.