Autonomoei ez die kalte egingo moduluak kentzeak, Saizen arabera
Atzo, parlamentuko kontrol saioan, Navarra Sumak berriro mahai gainean jarri zuen gaia. Autonomoak aintzat hartu gabe aldaketa egitea egotzi zion Esparzak Nafarroako Gobernuari. Bere esanetan, Espainiako zerga erregimen komunean Pedro Sanchez gobernuburuak atzera egin du, pandemian kalterik ez egiteko autonomoei. «Foru erregimena erabiltzen ari zarete nafarrei kalte egiteko. Zer egin dute Madrilen? Kaltegarria zela ikusita, ez dute aldatu. Hemen, berriz, aldatu egin duzue EH Bildurekin akordioa duzuelako».
«Zure gabeziak ezkutatzeko, gezurra esateko formula besterik ez zaizu geratzen», ihardetsi zion Saizek. Haren esanetan, Madrilgo gobernua sistema hori ezartzea aztertzen ari da. Gainera, asteotan autonomo elkarteekin eta zerga arloan eurekin lan egiten duten aholkulariekin biltzen ari dira, sistema berriari buruz hitz egiteko: «Azken egunotan sortu den desinformazioaren aurrean, informazioa banatzen ari gara. Ez ditu zigortuko okerren pasatzen ari direnak». Kontseilariak iradoki zuen elkarte batzuen kexuak eskuinak gobernuaren aurka daraman estrategiarekin erlazionatuta daudela, zerga neurrien aurka Navarra Sumaren osoko zuzenketa atzera bota ondotik etorri zirelako kritikak.
Saizen arabera, moduluen sistema baliagarria zen duela hamarkada batzuk, baina egun ez, besteak beste justifikatzen zailak diren aldagaiak aintzat hartzen direlako. Aldagaiok %10 eta %45 arteko pisua dute zerga aitorpenean, sektorearen arabera. Adibidez, ostalaritzan, taberna baten mahai edo metro kopurua aintzat hartzen du moduluen sistemak. «Pandemiaren ondorioz, jarduerarik izan ez duen taberna batentzat bidegabea da aldagai horiek kontuan hartzea».
Kontseilariaren arabera, sistema berriak jarduera erreala aintzat hartuko du; hots, diru sarreren eta irabazien edo galeren arabera neurtuko du ordaindu beharrekoa, eta ez estimazio baten arabera. Bere esanetan, zerga faktura ez da aldatzen, nahiz eta aintzat hartu behar den kasuistika orokorrik ez dagoela eta kasu bakoitzak bere berezitasunak dituela. Ogasunaren kalkuluen arabera, adibidez, errenta zergan 12.200 euro ordaintzen dituen garraiolari batek 11.000 eta 14.000 euro artean ordainduko lituzke sistema berriarekin: hots, gutxiago edo gehiago, bere jardueraren arabera. Saizen ustez, «antzekoa» da faktura. Sistema berria «aplikatzen erraza» dela azaldu zuen, eta Europako Batasunak berak ezarritako irizpidea dela.
Hainbat neurri gehiago
Polemikaz harago, azken egunetan, COVID-19ari aurre egiten laguntzeko autonomoentzako hainbat zerga neurri hartu ditu Nafarroako Gobernuak. Alde batetik, 2020ko errenta zergaren zein balio erantsiaren gaineko zergaren ordainketan %20 eta %40 arteko murrizketak ezarriko zaizkie autonomoei: oro har %20koa; %35ekoa dendarientzat, garraiolarientzat eta taxi gidarientzat, eta %40koa ostalaritzan dihardutenentzat.
Bestetik, asteon beste neurri batzuk ere hartu ditu gobernuak. Adibidez, errenta zergan, jarduera ekonomikoak egiten dituztenek ez dute egin beharrik izango 2020ko laugarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua. Gainera, ostalaritza, turismo edo merkataritza arloko negozioei lokalak alokatzen dituztenentzat zerga pizgarria ezarriko da, baldin eta maizterrekin errenta murriztea hitzartu badute.
Abenduan, pandemiak kaltetutako sektoreentzat laguntza berezien deialdia abian jarri zuen gobernuak. Hogei milioi euroko aurrekontua zuen aurreikusita eta azkenean 13,5 milioi banatuko dira, laguntza eskatu duten 2.074 enpresa eta autonomoren artean —horietatik %82 ostalaritzakoak—. Laguntza horiek ez dira zergapetuko.