San Juan de Dios Ospitaleko langileek greba eguna dute…
San Juan de Dios Ospitaleko langileek greba eguna dute gaur. 2021eko urtarrilaren 13a. Santurtziko parketik 12:00etan aterako den manifestaziora deitu dute.
Euskal Herrian langile eta enpresa gehien biltzen duen sektore elkartea da FVEM, eta urtero inkesta zabal bat egiten du federazioko kide diren enpresen artean. Atzo aurkeztu zuten, eta bertan egin zuen analisia Yaguek. Pandemiak goitik behera baldintzatu ditu 2020ko emaitzak. Halere, urtea, azkenean, ez da izan espero bezain txarra. Iazko ekainean eginiko inkesta txikiago batean enpresen %51ek esan zuten merkatua atzeraldian sartuta zegoela; urte amaieran, berriz, kopuru hori %37ra murriztu da. Hurrengo sei hilabetekoari begira, eta iragarpenetan oinarrituta, batezbesteko hori %27koa da. Aurreikuspen horietan oinarritzen du FVEMek balizko hobekuntza.
Joerak, iragarpenak… Ez hain ezkorrak izateko modukoak dira, baina 2020k sektorean utzi duen marka sakona eta iluna izan da. Enpleguari dagokionez, Bizkaiko metalgintzako lanpostuen %3,3 desagertu dira. 2020ko urtarrilean 53.621 langilek ziharduten FVEMeko enpresetan; egun, berriz, 51.837 dira, 1.739 gutxiago. 2021era begira, enpresen %71ek ez dute uste langilerik kaleratuko dutenik hurrengo sei hilabeteetan; enpresen %14k, berriz, ezinbestekotzat jotzen dute. Estatistikaren arabera, %15ek lantaldea handitzeko itxaropena dute, baina, hala ere, enplegu balantzea negatiboa izango da. Izan ere, eta elkartearen kalkuluen arabera, 500 kaleratze gehiago egon daitezke 2021ean.
Inkesta osoa aztertuz gero, ez dago 2020arekin harremana duen zenbaki on bakar bat ere, eta, kaleratzeekin batera, lazgarrienak emaitza ekonomikoak dira: enpresen %40,8k galerak izan zituzten. 2019an %15,2 izan ziren zenbaki gorriak izan zituzten enpresak, eta aurten antzeko kopuruetara itzultzea espero du FVEMek. Galerak izandakoak ia irabaziak izan zituztenen adina dira: %44,8. Tartean dauden %14k parra egin zuten.
Galerek eragin zuzena zuten fakturazio jaitsierarekin, enpresen hiru laurdenek 2019an baino gutxiago saldu baitzuten. Fakturazio jaitsiera %18koa izan zen batez beste. Gehien jaitsi ziren enpresak autogintzarekin harremana dutenak dira (%24). Inkestan salmenta horien helmugari buruz galdetu diete enpresei, eta %42,8k diote esportazioak jaitsi egin zirela, eta ia beste hainbestek, %43,4k hain zuzen, mantendu egin zirela.
Eta aurten, zer?
FVEMek igarle lanetan ere jarri ditu enpresariak, eta %38,6k uste dute aurtengo lehen hiruhilekoan ohiko jardunaren %75etik gora ariko direla. Kasu honetan autogintzako harremana dutenak baikorragoak dira, %54k uste baitute erritmo horretan ariko direla. Nabarmentzekoa da enpresa handiek txikiek baino erantzun baikorragoak eman dituztela ia galdera guztietan.
Baikortasunari ateak ireki nahian, enpresen %20,6 dagoeneko itzuli dira pandemia aurreko erritmora, eta %22,4k espero dute sei hilabetean itzultzea. %23,7k urtebete beharko dela iritzi diote, eta %25,4k, urtebete baino gehiago beharko dela. Suspertze horretan, enpresariek bi aldagairen garrantzia nabarmendu dute: pandemiaren eta txertoaren bilakaera, eta Europako Next Generation funtsa.
Istripua goizeko hamarrak aldera gertatu zen, Bilbon, Basurtutik Kaxtresanara doan bidean, Beyena lantegia zegoen inguruan. Osalanek eta Ertzaintzak azaldu dutenez, langile talde bat goi tentsioko argindar dorre batera ez igotzeko txapa batzuk jartzen ari zen. Argitu ez dituzten arrazoiak direla eta, langileetako bat dorretik erori zen, baina ez dorrearen oinarrira, baizik eta azpian zegoen lubeta batera. Erorikoa hiru metro eta erdikoa izan zen, eta lurra jotzean jaso zuen kolpeak hil zuen langilea.
Langilea argiketaria zen, eta lau urte zeramatzan Sistem Melesur Energia konpainiarentzat lanean. Malagakoa da enpresa hori (Andaluzia, Espainia), eta Iberdrolak azpikontratatuta ari zen lanean, dorreetan mantentze lanak egiteko.
Sindikatuek deitoratu egin dute ezbeharra, eta hura salatuko dute gaur, Iberdrola dorrean eta Melesur enpresaren Bizkaiko egoitzan, Trapagaranen. Gainera, lankideek greba egingo dute.
LABek eta UGTk eskatu dute istripua ikertzeko eta haren ardurak zehazteko. Bi sindikatuek nabarmendu dute azpikontratatutako enpresa bateko langile bati gertatu zaiola, eta horietan egoten dela lan prekaritaterik handiena.
Iaz, sindikatuen arabera, Euskal Herrian 68 langile hil ziren beharrean ari zirela, eta beste langile batek, Joaquin Beltranek, desagertuta jarraitzen du Zaldibarko zabortegiko hondakinetan. Horiei gehitu behar zaizkie, LABen zerrendaren arabera, Euskal Herritik kanpo lanean ari zirela hildako beste hiru.
Antsietatea, istripu
CCOOk, bere aldetik, jakinarazi du Gizarte Segurantzaren Bizkaiko zuzendaritzak lan istriputzat jo dituela Muskizko supermerkatu bateko langile batek antsietateagatik hartutako gaixo baimenak. Langileak harreman gatazkatsua zuen bere kontratatzailearekin, Urar Muskizekin.
LEAk azaldu duenez, 2016an hasi zuen ikerketa, uste zuelako siderurgiarako kokea banatzen zuten enpresak harremanetan ari zirela prezioak adosteko. Enpresa batek auzitegietara jo zuen ikerketa geratzeko, baina EAEko Justizia Auzitegiak lehenik eta Espainiako Auzitegi Gorenak ondoren, atzera bota zuten eskaera.
CNMCren arabera, 1999 eta 2018 artean, zigortutako sei enpresek kokearen, antrazitaren, harrikatzaren eta beste erregai solidoen merkatuko informazioa partekatu zuten, bezeroak haien artean banatu zituzten, eta prezioak adostu zituzten.
Enpresa horietako arduradunei 166.700 euroren isuna jarri die, ardura pertsonalak dituztelako.
Ostiralean, Euskal Herriarekin muga egiten duen Lixoze (Biarno) herrira iritsi ziren hegazti gripearen susmoak, eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak araupeko eremuan sartu zituen departamenduko 159 herri: horien artean Nafarroa Behereko eta Zuberoako hemezortzi. H5N8 birusaren hedapena oztopatzeko asmoz, herri horietan korraleko hegaztiak konfinatzeko eskatu du prefeturak, eta debekatu egin ditu hegaztiak leku batetik bestera garraiatzeko mugimenduak. Baina Frantziako Laborantza Ministerioak abenduaren 23an hartutako erabakia da kezka gehien sortzen duena, hegaztien hiltze prebentiboa onartu baitzuen.
ELB sindikatua jokamolde horren kontra da, eta salatu du «egunez egun» erakusten duela «ez duela eraginkortasunik». Cifog Gibel gizenerako palmipedoen arloko lanbide arteko batzordeari eta bere adarrei leporatu die estrategia. «Eremu batzuen sakrifikatzea da, beste batzuen salbatzeko». Julen Perez hazleak azaldu du 2017ko krisiaren ondotik gripearen aurkako txerto bat sortu zutela, baina Frantziak ez duela oraindik legeztatu. «Jakin behar da Frantzia munduko lehen ahate-gibel ekoizlea dela, eta sail industrialean hura dela esportazioak egiteko egituratuena. Txertoa ezarriko balitz, Frantziak bere estatus indemnea galduko luke, esportaziorako akordio ekonomikoek debekatu egiten baitute antigorputzak dituen haragia saltzea».
Horrez gain, ELBren hitzetan, 2017ko krisiaren ondotik sail industrialeko eragileek ez dituzte bete hartu zituzten engaiamenduak; alderantziz, kontrakoa egin dute. «Euralis, Maisadour eta Lurberrik etxaldeak galkatze guneetatik eta hiltegietatik hurbiltzera engaiatu ziren, baina ez dute deus egin, eta harat-honatak sekula baino ardurago egiten dira». ELBren iritziz, hortik heldu da birusaren hedapena.
Gisa berean, biosegurtasun neurriak dituzten etxaldeak «berdin berdin hunkiak» direla azpimarratu du sindikatuak, eta, beraz, agerian uzten duela sistema bera dela hobenduna. «Kabala guziak barnean atxikitzeak birusari oldarra ematen dio». Laborarien hitzetan, modelo intentsiboan ari diren etxaldeak «bonba biralak» dira, eta «ondorio larriak» eragiten dizkie etxaldearen neurrira ari diren hazkuntzei.
Hegazti sailaren trantsizioa
ELB sindikatuak deitoratu du 2017tik hona milioika euro «xahutuak» izan direla hegazti gripeari aurre egiteko, baina modelo industriala sostengatu dutela nagusiki. Dirua hegazti sailaren trantsizioa pentsatzeko erabiltzea galdetu du. Eskakizun hauek egin ditu halaber: hiltzeko erabakiak analisi positiboen ondorioa izatea eta hiltzeak etxaldean berean egitea; hegaztien mugimenduak murriztea, eta, baimentzekotan, «eremu biziki hurbilean» izatea; birusaren hedapena moteltzeko, kanpoko hazkuntza estentsiboa lehenestea, hegaztiak «barnean metan atxikitzea bultzatzeko ordez»; esperimentazioak plantan ezarriak izatea, hobeki ulertzeko hegaztiek nola eta zer baldintzetan aurre egiten dioten eritasunari.