HARLAUZA NOIZ ERORIKO ZAIN
Baina zer gertatuko litzateke baldin eta Espainiako aurrekontuek defizita izan beharrean superabita izango balute? Orduan bai, Espainiako zorraren harlauza buru gainean erortzeko arriskua lukete Hegoaldeko finantza publikoek. Aurrekariek diote ez dela erraza hori gertatzea, baina aldi berean komeni da zoria gehiegi ere ez tentatzea.
Berez, ez da kontu berria. Iragan legealdian, Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilari ohiak ohartarazi zuen mehatxu hori zegoela eta Hitzarmen Ekonomikoan zorraren gaineko erreferentzia hori aldatu beharra zegoela.
Orain, berriz, mahai gainean jarri du auzia Geroa Baik. Mozioa aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, eta aurrera atera zen, gehiengoz: legebiltzarrak eskatu zion gobernuari Madrilekin harremanetan jar dadila Hitzarmen Ekonomikoko 54. artikuluaren aldaketa negoziatzeko. Hain zuzen ere, oraintxe, 2020tik 2024ra arteko ekarpenaren kalkulua negoziatzen ari dira Iruñeko eta Madrilgo gobernuak. Gaur-gaurkoz, ez dago informazio handirik nondik norakoez. Galdetzen zaion bakoitzean, Elma Saiz Ogasun eta Ekonomia kontseilari mugatzen da esatera «sintonia ona» dagoela Espainiako Gobernuarekin.
Zer dio Hitzarmen Ekonomikoak?
Nafarroak bereganatu gabeko kargatzat jotzen ditu estatuko zorraren amortizazio kuotak eta interesak. Hau da, urtero ordaindu beharreko ekarpenaren kalkuluaren barruan, zorraren %1,6 ordaintzea dagokio. Aipamen bera egiten du kontzertu ekonomikoak, eta, ondorioz, EAEk zorraren %6,24 ordaindu behar du.
Zergatik dago aipamen hori?
Erreferentzia hori 1981ean sartu zen lehen aldiz, kontzertu ekonomikoaren negoziazioan. Elkarrizketa zaila eta gorabeheratsua izan zen hura. Pedro Luis Uriarte Jaurlaritzako orduko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak kontatzen duenez, 22 korapilo izan zituen negoziazio hark, baina zorrarena ez zen izan horietako bat. 1990ean izan ez zen bezala. Urte hartan, Jaurlaritzak irekitako bidetik jo zuen Nafarroako Gobernuak ere, eta Hitzarmen Ekonomikoa adostu zuen. Bi kasuetan, ez zen ikusten Espainiako zorra etorkizuneko arazo izan zitekeela: 1981ean, Espainiako zorra BPGaren %20 zen, eta 1990ean, berriz, %42,5.
Zenbat handitu da zorra?
Iragan finantza krisia piztu zenetik, nabarmen gora egin du Espainiako zor publikoak. 2007an, BPGaren %35ean zegoen, eta ondorengo zortzi urteetan ia hirukoiztu egin zen. 2011n, Europako Batasunak austeritate politikak ezartzera behartu ondotik, zorraren igoeraren erritmoa gelditu egin zen, eta 2016tik bost puntu behera egin du. Iaz, pandemiari aurre egiteko hartu behar izan diren neurri guztien ondorioz, gora egin du nabarmen berriro, BPGaren %117raino.
Orduan, zergatik ez da arazo?
Ekarpena eta kupoa kalkulatzeko metodologia konplexua da, eta bertan konpentsazio batzuk zehazten dira, foru ogasunek ez dituzten diru sarrera batzuk dituelako estatuak, eta haien zati bat ere badagokielako bi erkidegoei. Horrekin batera, Espainiak bere gastu publikoaren zati bat defizit bidez finantzatzen du, eta ez litzateke bidezkoa ekarpenean eta kupoan hori aintzat ez hartzea. Bestela, bere gain hartu ez dituzten finantza zamengatik ordaintzerakoan, euskal herritarrek zergekin ordainduko lukete espainiarrek defizit bidez finantzatutakoa. Ez lukete defizitaren onurarik jasoko, eta, zorra handituko litzatekeenez, haren kaltea pairatuko lukete. Horregatik, defizita konpentsazio gisa hartzen da.
Horrek zer ondorio du?
Bata bestearen truke. Zorpetze bidez finantzatzen denez defizita, batetik ordaindu beharrekoa, besteak konpentsatzen du. Egiazki, errealitatea ondorio orokor hori baino konplexuagoa da. Batetik, defizitaren konpentsazioa urte bateko ekarpenaren kalkuluan sartzen delako, kolpe bakarrean; hamar urteko bonu baten zorraren kuota, berriz, epe horretako urte bakoitzeko kuotaren araberakoa da. Bestetik, zor merkatuetara jotzerakoan, estatuak aukera gehiago ditu, bai finantzaketa lortzeko, bai interes tasa apalagoetan egiteko. Azken urteetan, egungo finantzaketa baldintza egokiez baliatzen ari da zor hori birfinantzatzeko eta interes tasa apalagoak lortzeko. Funtsean, egun, ez du zorrik amortizatzen, eta Nafarroak eta EAEk ekarpen eta kupo bidez zor handi horren interes tasak baino ez dituzte pagatzen.
Eta zenbat ordaintzen da interes tasetan?
2018an, Nafarroako Gobernuak azterketa bat egin zuen zehazteko ekarpenetik zenbat bideratzen den Espainiako aurrekontu orokorren diru sail esanguratsuenak finantzatzera, eta ondorioztatu zuen gaur egun interes tasak pagatzeko erabiltzen dela diru gehien: zehazki, %28,7. Ehuneko hori apenas aldatu den, 2021eko estatuko aurrekontu orokorretan 31.500 milioi euro bideratuko baitira interes tasak pagatzera —aurreko urteen neurri berean—. Hau da, Nafarroak aurten ekarpen bidez pagatuko dituen 560 milioi euroetatik 160 milioi inguru Espainiako zorraren interes tasak pagatzeko izango dira.
Zein da mehatxua?
Alde batetik, zor merkatuetan interes tasak igotzeak eragina izango luke ekarpenaren eta kupoaren zenbatekoan. Bestetik, Espainiak defizitik ez balu, konpentsazioa desagertu egingo litzateke, eta superabit horren %1,6 eta %6,24 ordaindu beharko lukete Nafarroak eta EAEk, hurrenez hurren. Azken 40 urteetan, hiru aldiz baino ez da gertatu hori: 2005ean, 2006an eta 2007an. Urte haietan, Espainiako zorra BPGaren %35 eta %42 artean mugitu zen.