ESKU BAT, GUZTIZ EZ ITOTZEKO
«Ez dirudi Jaurlaritzaren laguntza puntual hau nahikoa izango denik, egoera oso dramatikoa baita. Ez dago jendearen mugimendurik, eta dugun okupazioa eta batez besteko prezioak barregarriak dira», adierazi du Alvaro Diazek, Bilboko hotelen elkarteko buruak. Hiriko hotel gehienak biltzen ditu elkarteak, tamaina eta egoera anitzetakoak. Jasoko dituzten laguntzak ere askotarikoak izango dira, Jaurlaritzak jakinarazi berri dituen 21 milioi euroren diru laguntzak lau ataletan bananduko baititu: 6.000 euro bideratuko ditu hiru langile arte dituzten enpresetara, 9.000 lau eta bederatzi artekoetara, 12.000 hamar eta 49 artekoetara, eta 15.000 49 langiletik gorakoetara.
Bestelakoa da egoera Nekatur-en, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeen elkartean. Bertako ostatu gehienak langile autonomoenak dira, eta, ondorioz, 6.000 euroko laguntza eskuratu ahalko dute. Diazek bezala, Idoia Ezkurdia Nekaturreko kudeatzaile nagusiak ongietorria egin die laguntzei, baina ohartarazi du ezen, laguntza horiek nahikoa izango badira, datozen hilabeteetan martxan jarri behar dute berriz ere. Horixe da buruan duten jomuga.
Turismo sektore osoa bilduko dute Jaurlaritzaren laguntza berriek, bidaia agentziak barne, beren iritziz sektorearen barruan «gehien sufritu» duten arloetako bat baita. Hori horrela, bidaia agentziei emango dizkieten laguntzak handiagoak izango dira gainontzeko arloetakoena baino.
Joan den urteko ekainean ere eskaini zituen laguntzak Jaurlaritzak, gastuak justifikatu ahal zituzten negozioei begira. Ezkurdiak azaldutakoaren arabera, gehienez 3.000 euroko laguntzak izan ziren, baina urtarrilaren hasierara arte Jaurlaritza ez da banatzen hasi.
Nafarroak aurrea hartu du
Nafarroako Gobernuak ere iragarri berri ditu laguntza gehiago, bigarrenak hiruhileko batean. Otsailean onartuko duen laguntza multzo berriak hamar milioi euro bideratuko ditu ostalaritzara eta turismoaren arlora. Joan den urtean ere eman zituen laguntzak: hogei milioi euroko plana jarri zuen martxan diru sarreren %20 galdu zituzten ostalaritzaren eta turismoaren sektoreko jabeentzat. Anapeh Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak salatu du «zorrotzak» izan zirela laguntza horietako baldintzak, eta, hain zuzen ere, eskatzaileen erdiak kanpoan geratu direla horregatik. Gainera, laguntza jaso duten erdiek baino gehiagok laguntzarik txikiena jaso izana kritikatu du, 2.850 eurokoa, hori ez delako «nahikoa».
Gobernuak hitzemandako hogei milioietatik 6,5 banandu gabe gelditu ziren. Eta otsailean emango dituen laguntza berrietan «izatez aurretik banandu behar zuen dirua» orain erabiltzea leporatu dio elkarteak. Gobernuak, berriz, oraindik ez ditu ongi zehaztu laguntza berrien baldintzak, baina adierazi du kaleratzear dauden hamar milioiak emateko kontuan hartuko dituztela aurrekoan albo batera laga zituztenak.
Ipar Euskal Herrian, kexu
Ipar Euskal Herrian ere protestan aritu dira ostalariak, eta Kasu, kasu, ostalariak kexu kolektiboa sortu dute beren ahotsa plazaratzeko. Salatu dute Frantziako Gobernuak emandako diru laguntzak, Elkartasun Funtsa izenpean, ez direla nahikoa, gastuak eta galerak orekatzeko juxtu-juxtuan heltzen zaielako. Horregatik mintzatu zaizkio Euskal Hirigune Elkargoari, enpresa zerga apaltzea eskatzeko, zazpi hilabete baitaramatzate itxita.
Haserrea orokortua da ostalarien artean, hainbeste ezen azaroaren 19an sei baitziren kolektiboko kideak; handik bi hilabetera, berriz, ehunera hurbiltzen da kopurua. Eta jada eman dituzte lehen pausoak: abenduan gutun bat igorri zioten elkargoari, eta birritan bildu dira. Oraingoz aldaketarik izan ez bada ere, Jean Rene Etxegarai elkargoko lehendakariak adierazi du zergak jaistea aztertzen ari direla.