«Indarkeria alde bakarretik iritsi zen: ertzainengandik»
Zer moduz zaude?
Ondo, tira, pilulak eman dizkidate mina arintzeko. Herenegun aurpegia puztu zitzaidanean presio handia nabaritzen nuen buruan, baina orain, pilulei esker, hobeto nago. Medikuek ebakuntza baztertu dute, sudurreko hezurra ez delako asko okertu.
Nola oroitzen duzu kolpea?
Oroitzapena dut ez zela tentsio une handi batean izan: borrakada eman zidatenean eskirolen autobusa pasea zen. Ertzainak PCBko langile batzordeko kide bat bultzatzen hasi ziren, eta nik bati esan nion: «Zertan zabiltza? Autobusa aspaldi pasatu da». Eta hor hasi zen. Ertzain horrek deitu egin ninduen: «Etorri eta konta iezadazu zer pasatu den» esan zidan, eta borrarekin barrabiletan jo ninduen lehenbizi. Probokazio bat zen, eta nik esan nion ez nuela amua irentsiko. Urduri jarri ziren; ezkutuekin kolpeka hasi ziren, eta gero jo zidaten borrakada aurpegian. Ez nuen ikusi ere egin.
Irudiak ikusi al dituzu?
Bai, bortitza da. Aberrazio hutsa. Burua okertu izan banu, beste nonbait joko ninduen, eta ziur ondorioak larriagoak liratekeela.
Salaketa jarri duzue. Zertan oinarritu duzue?
Ertzaintzaren jardun bortitzean. PCBko langileek eta han bildu ginenok ez genuen bortizkeriarik erabili, eta ertzainak izan ziren probokatu zuten bakarrak. Irudietan ikus daiteke nola ibili ziren borrakadak, ukabilkadak eta ostikoak ematen. Zoritxarrez, lan gatazka bat ordena publikoko auzi bihurtu nahi dute, eta hori ezin da inolaz ere onartu. Kalitate demokratiko gutxiko egoera baterantz goaz.
Segurtasun Sailak ikerketa hasi du. Hitz egin al dute zurekin?
Ez, Loli Garcia CCOOren Euskadiko idazkari nagusiarekin jarri dira harremanetan. Josu Erkoreka sailburuak deitu zion, eta esan zion ikerketa hasiko dutela protokoloak bete ziren ikusteko. Dena den, guk uste dugu haratago joan behar dela. Salaketa honekin ikusarazi nahi dugu PCBko langileek hilabete daramatela greban, ia egunero egurtu dituztela, eta, gainera, pikete bortitza izatea egotzi dietela. Eta hori ez da egia. Lan arazo bat ezkutatu nahi dute. Enpleguaren etorkizunarengatik borrokan ari diren langile batzuk dira. Lan gatazka bat dagoen aldiro, piketeak bortitzak eta gatazkatsuak diren diskurtsoa normalizatzen ari da, eta hori ezin dugu onartu gizarte demokratiko batean. Iragan ostiralean langileek bilera bat zuten Jaurlaritzarekin, eta Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen piketeen bortizkeriaren aitzakian. Indarkeria alde bakarretik etorri da: ertzainengandik.
Grebalarien eskaera argia da: 83 kaleratzeak aldi baterako neurriengatik aldatzea.
Hori da ukatzen digutena. Enpresek errazera jotzen dute: kaleratzeetara. Behin-behineko egoera zaila izan daiteke, enpresa askotan bezala, baina aldi baterako neurriekin konpon daiteke.
Epaitegietara jo duzue kaleratzeengatik. Zer espero duzue?
Negoziazio bide guztiak agortuko ditugu, baina salaketa jarria dugu. Bilera bat eskatzen ari ginen, eta biharko [gaur] lortu dugu. Negoziazio bidea berriz hartu ahal izatea espero dugu, eta kaleratzeen inguruan hitz egin ahal izatea. Hala ez balitz, berriz ere agerian geldituko litzateke enpresaren borondaterik eza.