«Denok argi dugu laugarren olatua ezin dugula onartu»
Legealdi erdialdean hartu duzu kargua. Nolakoa izan da jauzia?
Futbol partida batean 50. minutuan sartzea bezala izan da. Partida abian da, eta ez duzu denborarik, trena abiada betean doalako. Zailagoa izan da egokitzapena.
Manu Aierdirekin eta Davalorrekin gertatu denak eraginik izan dezake Sodenaren jardunean?
Oso arriskutsua da politika Sodenaren ildoetan sartzea. Arrisku kapitaleko sozietate bat den heinean, bere funtsa da erabakitzea lagundu ala ez arazoak dituzten enpresak eta gobernuak estrategikotzat jotako egitasmoak, jakinik arriskua dagoela. Banku arruntek ematen ez duten alorrean sartzen da Sodena, eta erabaki zailak hartzen ditu. Politika tartean sartzen denean, erabaki guztiak bihurtzen dira oso zail. Dagokion funtzioa ondo ez betetzeko arriskua dago.
Nola begiratzen diozu urteari?
Oraingoz, arazoak dituzten enpresei ea nola lagundu diezaiokegun begira gaude. Hainbat sektoretan zuzeneko laguntzak eman dira. Ostalaritzak eta turismoak, adibidez, itxiera administratibo bati aurre egin behar izan diote. Beste sektore batzuetan ikertu beharko da nola eman ahal den, eta zer emaitza izan dezaketen: garraioa edo merkataritza esparruan, adibidez. Ekonomia guztia izan da jipoitua, eta ez dugu baliabiderik denengana heltzeko. Horregatik, eztabaidatu behar da non dagoen marra gorria.
Ostalaritzari bete-betean eragin dio egoerak, baina abendutik bi laguntza deialdi jarri ditu abian gobernuak. Zer mezu ematen diozu sektore horri?
Haiekin bilera bakar batean egon naiz, iragan ostiralean. Abenduko hogei milioi euroko laguntza lehen aldiz modu telematikoan banatu zen, eta ogasuneko datuak aintzat hartuz egin zen dena: 2019 eta 2020ko jardueren arteko diru-sarreren eta gastuen arteko diferentzia alderatu eta ehuneko baten arabera banatu zen dirua. Hilabete bakarrean ireki zen epea, eta kobratu zuten. Sekula ez da halakorik gertatu. Orain, beste deialdi bat egin da, aurrekoan hainbat eragile geratu zirelako deialditik at, eta hirukoiztu egin da laguntzen muga, 75.000 euroraino. Benetan egin da ahalegin handia.
Kutsatzeen intzidentzia jaisten ari da, eta asteon neurriak malgutzen hasiko dira. Eztabaida dago gobernu barruan zer egin?
Denok argi eta garbi dugu laugarren olatua ezin dugula onartu. Ekonomiarentzat ere oso txarra da. Apiriletik aurrera txerto kanpaina askoz ere hobeto joango dela esaten digu Bruselak, txerto kopurua handituko delako eta Janssen laborategiaren txertoak baimena lortuko duelako. Dosi bakarrekoa denez, bizkortuko luke asko prozesua. Horrek esan nahi du udaberri amaierarako ekonomia joango dela irekitzen.
Hasi dira agertzen lehen erregulazioko espediente handiak: Miasa eta MTorres. Gehiago etorriko diren kezka duzue?
Bai, ez dut ezkutatuko. Enpleguaren datuak oso txarrak dira azken hilabeteetan. 40.000 langabetik gora ditugu. Ikusi dugu eragin handiagoa izan duela inguruko beste lurraldeekin alderatuta. Erantzuna besteak beste industrian datza, batik bat sektore esportatzaileetan. Beldur gara, baina ea egoera ekonomian islatzen den. Europan eta munduan pandemia kontrolatuz badoa eta sinkronizatzen bada, ekonomiak segituan erantzungo du.
Erresilientzia funtsezko hitza bihurtu da. Europako laguntzek zer ekarriko dute?
Handia. Erraldoia. Erresilientzia oso hitz europarra da. Bruselako hizkeran erabili izan da betidanik. Orain lortu dute hiztegian sartzea. Krisi honetan, Europako Batasunak emandako erantzuna, bai, hori aldatu da. Aurrekontu arruntari Hurrengo Belaunaldi plana gehituta ia bi bilioi euro dira. Inoiz ez da halako kopururik eman. Diskurtsoa erabat aldatu da, eta orain kontrakoa esaten da: inbertitu, berpiztu eta suspertu.
Diru emari hori salbamendu plan gisa ikusten da, baina gaizki ulertzera eraman dezake. Zer da Hurrengo Belaunaldia?
Hori da erresilientzia. 2048ra arte egongo gara zor hori ordaintzen. Hurrengo belaunaldiak ordainduko du. Horregatik du izena. Erresilientziak hori esan nahi du. Erabil ditzagun inbertsio handi horiek hainbat enpresa eta eragilerentzat, enpresak datozen krisiei aurre egiteko indartsuago egoteko, erresilienteago izateko.
Estatu bakoitzari zenbat diru banatu zehaztuta dago. Bruselak ezarri ditu irizpideak, baina zein egoeratan gaude? Zer falta da?
Besteak beste, bi funts handi ditu. Batetik, React-EU zehaztuta dago: pandemiari aurre egiteko. 148 milioi etorriko dira Nafarroara. Orain dugu epe bat irekita martxoaren 5era arte, diru hori nola gastatuko dugun zehazteko. Ez da gutxi. Bestalde, RRF dago [Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismoa]. Abenduaren 30ean Kongresuan onartutako dekretuan azaltzen da nola bideratu behar diren funtsak, zer figura juridiko dauden, nola arautzen diren… Hor duzu argazki bat ez oso argia. Orain ikusten ari garenez, Espainian ministerio bakoitza erabakitzen ari da nola banatuko diren bere esparruko diruak. Joan zen astean, adibidez, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak adierazi zuen ia dena zentralizatuko duela. Beste kasu batzuetan, entzun dugunez, erkidegoei zuzeneko transferentzia egingo zaie. Zer gertatzen da hemen? Momentu bat helduko da, eta eztanda bat bezalakoa izango da.
Denbora gutxi dago eta xehetasun ugari argitzeko.
Bai. Hori da, eta ezin dugu ahaztu azken hitza Europako Batzordeak izango duela.
Erkidegoetako gobernuetara zenbat diru iritsiko da? Esaten zen «%50etik gora» izango zela.
Ez dugu horri buruz gehiago zehaztu. Ez dakigu %50, %40, edo zer izango den.
Eta hori normala da?
Beti esan dut, gure parte hartzeak askoz ere handiago behar lukeela.
Nafarroako Gobernuak 125 proiektu proposatu ditu. Guztientzat dirua helduko da?
Ez. Ea nola egiten dugun. Xehetasunak falta dira. Adibidez, lankidetza publiko pribatuak PERTE delako proiektu estrategikoen bidez egituratuko dira, baina zer baldintza ezarriko dira? Eskatuko digute %80 izatea pribatua? Zenbat finantzatuko da? Hori Espainiako planak ezarriko du, eta galdera asko daude erantzunik gabe.