78 enpresa eta erakundek Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute
Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute 78 enpresa eta erakundek. 1300 milioi euroko inbertsioa ekarriko du 2026ra arte ekimenak, eta 8.000 lanpostutik gora.
Galdera horri behar bezala erantzuteko beharrezko lehen gauza hidrogeno gasa bezain iheskorra da: denbora. 30 urteko denbora tartea dago zabalik, 2050. urterako zero karbono emisioko egoera lortzeko; Parisko Akordioaren ildotik, beroketa globala 1,5 gradu zentigradura mugatzeko. Eta helburu horretan berebizikoak izango dira datozen hamar urteak, alferrik galdu ezin direnak.
Horri begira, erabakien garaia orain da Europan, munduan, Euskal Herrian; orain dago eztabaidan zein bide hartuko diren beroketa globala mugatzeko, zer sustatu behar den, zein apustuk ez duen merezi… Etorkizunean damurik ez izateko, klima larrialdiari begira eta baita euskal industriaren eta ekonomiaren geroari begira ere. Energia iturri berriztagarriekin, mundua aldatzera doalako.
Aldatzera doan mundu horretan, berriztagarrien hedapena eta harekin egindako elektrifikazioa da estrategia nagusia deskarbonizaziorako. Baina hainbat sektoretara elektrifikazioa ezingo da zuzenean iritsi, eta horietan izango du tokia hidrogenoak, energia bektore izanda. Hain zuzen, eguzkitik eta haizetik lortutako argindarrak aukera emango diolako berdetzeko.
Gaur egun, jada hidrogenoa ekoizten da, hemen, Euskal Herrian ere, petrolioa fintzeko (Muskizen, Bizkaian) eta amoniakoa ekoizteko (Hernanin, Gipuzkoan). Baina hidrogeno hori grisa da, gas naturaletik ateratakoa. Haren ekoizpenean karbono dioxidoa atmosferaratzen da. Erregai fosilekin hidrogeno gris horrek beste erabileratarako aukera gutxi izan du orain arte.
Baina, isuririk gabeko hidrogenoa dator energia bektorearen aukerak zabaltzera. Argindar berriztagarriarekin, nagusiki elektrolizagailu bidez, uretatik ateratako hidrogeno berdearen ekoizpenak ez dauka karbono aztarnarik. Erregai pila batean sartuta, hidrogeno berde horretatik berriz argindarra sor daiteke, edo beroa, ibilgailu bat mugitzeko edo galdara bat berotzeko, eta airera isuriko den gauza bakarra ura izango da. Energia berriztagarria biltegiratzeko modu bat ere eskain dezake hidrogeno berdeak.
Ederra dirudi, ezta? Baina horrek ez du esan nahi hidrogeno berriztagarriak mugarik ez duenik. Hasteko, ikuspegi teknologikotik oraindik asko dago egiteko, garatzeko eta frogatzeko haren ekoizpenean, biltegiratzean, garraioan… Horregatik, hidrogeno berdeari lotuta Euskal Herrian aurkezten ari diren egitasmo gehienak demostraziokoak dira, probatzeko gerora negozio izan daitekeena.
Enpresek laguntza nahi dute horretarako. Elias Unzueta Petronorreko berrikuntzaburu eta Energia Klusterreko Hidrogenoaren sektore foroko koordinatzailea da. Haren ustez, «unea kritikoa da, eta krisia baliatu behar baldin badugu gure industria egitura transformatzeko, hasieran laguntza behar dugu. Izan ere, erronka ez da izango teknologikoa bakarrik, eskalak lortzea ere bai; eta erronka izango da zelan partzuergoak egin enpresa askoren artean, zentro teknologikoekin, unibertsitateekin behar bezala koordinatzea. Dirua etorriko da, baina erakutsi beharko dugu zertan gastatzen dugun, gauzak azaldu beharko ditugu, eta gobernantza bat izan beharko da».
Dirutza beharko; eta bizkor, besteak beste, Europako Batasunak bere buruari ezarritako helburuak betetzeko. EBren Hidrogenoaren Estrategiaren helburua da 2024. urterako sei gigawatt elektrolizagailu izatea, eta milioi bat tona hidrogeno berriztagarri ekoiztea.
Hemendik hamar urtera, 2030erako, hidrogenoa bere energia sistemaren barne-barnean egotea nahi du EBk, 40 GW elektrolizagailurekin eta hamar milioi tonako hidrogeno ekoizpenarekin. Eta, hortik aurrera, hidrogeno berriztagarriak hedatuta egon beharko luke Europako Batasunean deskarbonizatzeko zailak diren sektore guztietan.
EBren bide orriaren arabera, 2050era bitartean 180.000 eta 470.000 milioi euro bitarteko kopuruetan ibiliko dira hidrogeno berdearen inguruko inbertsioak. Eta 3.000-18.000 milioi euro bitartean joango dira hidrogenoan oinarritutako karbono emisio txikiko erregaietara.
Erregai fosilak ez direlako erabat desagertuko, ez behintzat bat-batean. Horregatik, badirudi hidrogeno urdinak eta CO2 harrapatuta ekoitzitako erregai sintetikoek izango dutela lekua ekonomia deskarbonizatzeko trantsizioan. Dena den, hor ere badago eztabaida: noraino inbertitu horietan, zenbateraino lagundu, argindar berriztagarri nahikoa edo hidrogeno berde-berde eta merkea iritsiko badira?
Zalantza horiek argitu bitartean, argi dago Europak ere aukera ona ikusi duela hidrogenoan. AEBen eta Txinaren atzetik doa baterietan, halaber, itxura guztien arabera, elektrolizagailu alkalinoetan ere. Baina gerra emateko prest dago hidrogenoarekin, lasterketa buruan jartzeko. Europako ekonomia suspertzeko Hurrengo Belaunaldia funtsen eta Itun Berdearen parte ere izango da hidrogenoa, energia deskarbonizatzeaz gain, besteak beste, altzairugintza eta beste sektore giltzarri batzuei arnasa emateko. Eta zer esanik ez, baliagarria izango da Europarentzat, energia menpekotasuna murrizteko.
Denborak esango du nork asmatu duen. 2050. urteari begira BNEF Bloomberg New Energy Finance da iragarle baikorrenetakoa; uste du munduak energia garbien alde egiten badu, hidrogenoak beteko duela energia eskari globalaren %24. Hydrogen Council-en bildutako konpainiek %18 aipatzen dute, eta azpirago dabiltza Wood Mackenzie eta Irena Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentzia; haiek uste dute hidrogenoarekin energia eskariaren %6 edo %7 beteko dela 2050. urtean. IEA Nazioarteko Energia Agentziak ere, uste du urte horretan munduaren energia eskariaren %7 hartuko duela hidrogenoak, baina, luzerago begira, irits daitekeela %13ra.
Industria kimikoan, zalantzarik ez
Gaur egun hidrogeno grisak betetzen duen tokia ziurtatua luke hidrogeno berdeak, batez ere lortzen badu merkeagoa izatea erregai fosiletatik ateratakoaren aldean. Hidrogenoa ezinbestekoa da hiru sektoretan: petrolioa fintzeko; lehengai gisa, ongarrietarako amoniakoa ekoizteko; eta disolbatzaileetarako eta itsasgarrietarako behar den metanola sortzeko.
Hidrogeno berdea eta karbono harrapaketa baliatuz ekoitziko diren gai kimiko berriak ere aukera bat izango dira, petrolioaren eta gasaren erabilera eta haien deribatuak murrizten eta isuriengatik garestituz doazen heinean. Europako Hidrogenoaren Estrategiaren arabera, nahiko erraza izan daiteke hidrogeno grisak betetako behar horiek hidrogeno berdearekin betetzea, eta EBko CO2 isuriak %2,2 murriztuko lirateke.
Ongarri ekoizpenarekin lotura du Iberdrolaren proiekturik handienetako batek: Fertiberiarekin batera, hidrogeno berdea ekoizteko lantegia egingo dute, haren Puertollanoko (Ciudad Real, Espainia) ongarri fabrika elikatzeko.
Altzairugintzan, ziurrenez
Hidrogeno berdeak isuririk gabeko siderurgia ekar dezakeela uste dute altzairugile batzuek. Lorpen itzela litzateke, kontuan izanda altzairugintza dela EBen CO2 isurien %8en erantzule. Dagoeneko hasi dira eraikitzen teknologia berri horiek probatzeko lantegiak. Altzairua fabrikatzeko, burdin minerala labe garai batean prozesatzen da, kokea erabiliz erregai gisa eta erreduzitzaile moduan. Prozedura horretan isuriak ezabatzeko ezinbestekoa da kokea ordezkatzea, edota CO2 igorpenak harrapatzea.
ArcelorMittal ere ari da altzairua hidrogenoarekin ekoizteko teknologiak probatzen, Alemanian. Hidrogenoa, kasu horretan, erredukzio gas gisa erabili nahi dute, zuzeneko erredukzioko burdina lortzeko (DRI), zeinarekin gero altzairua ekoitziko litzatekeen arku elektrikozko labeetan. Labe garai kutsagarririk ez litzateke beharko, beraz. Hasiera batean hidrogeno hori ez da berdea izango, grisa baizik, gaur egun merkeagoa delako.
Labe garaietarako kokea hidrogeno berdearekin eta berriztagarrietako argindarrarekin ordezkatzeko Hybrit teknologiak probatzen hasia da Swedish Steel Suedian eta Finlandian. 2026rako espero du altzairu berde lehiakorra ekoizten hastea.
Altzairu berdearen ibilbidea dezente baldintzatuko du hidrogenoaren beraren prezioak eta karbonoa isurtzeko eskubideenak, baina baita EBk karbonoari ezar diezaiokeen muga zerga ere. BNEFren arabera, hidrogeno berdeak kiloko 0,5 euroko prezioa izan beharko luke munduko altzairurik merkeena gainditzeko.
Jakina, ez da baztertu behar altzairu garbia ekoizteko teknologia berriek izan dezaketen ibilbidea. Orain arte ezinezkoa izan da altzairugintza erabat elektrifikatzea, baina hori alda dezake, agian, Boston Metal lantzen ari den teknologiak, zeinak argindar bidezko zuzeneko erredukzioa lortu nahi duen.
Berokuntza industrialean, zaila
Gaur egun, gas naturala erabiltzen dute porlana, beira eta berokuntza handia behar duten beste produktu batzuk egiteko. Hidrogeno berdeak denbora asko beharko du prezio lehiakorra izateko gasaren aldean, nahiz eta karbono emisio eskubideek gora egin.
Hala ere, zertarako hidrogeno berdea erabili zuzenean argindar berriztagarri merke efizienteagoa erabil badaiteke? Argindarrarekin elikatutako bero ponpek badituzte mugak prozesu batzuetan beharrezko diren tenperaturak lortzeko. Gaur egun, 160 gradu zentigradura iristen dira, eta hidrogeno berdearekiko %80ko energia aurrezten dute. Ikusteko dago bero ponpen erabilera industriala noraino iritsiko den, baina, zenbait azterketaren arabera, sektoreen bi herenetan izango da eraginkorragoa argindar berriztagarria baino.
Argindar sisteman, gauza zehatzetarako.
Hidrogeno berdea ekoizteko arrazoien artean indartsuenetakoa da energia biltegiratzeko balio duela. Haize eta eguzki handiko uneetan ekoitzitako gehiegizko argindar berriztagarria erabiltzeko aukera emango luke, hidrogeno berde gisa biltegiratuz gero, eta behar denerako erabili. Horretarako, giltzarria izango da elektrolizatzaileen prezioa.
Biltegiratzea baterien bidez ere egin daiteke; berez, bide hori efizienteagoa da energiaren ikuspuntutik, baina denborarekin bateriak deskargatu egiten dira. Gainera, hidrogenoarekin energia askoz kopuru handiagoa gorde daiteke gatz haitzulo erraldoietan, edo jada ustiatutako gas putzuetan.
Ura eta etxea berotzeko, lehia handia
Munduko CO2 isurketen %60 sortzen ditu ura eta etxea berotzeak. Alor horretan hidrogeno berdea baino lau aldiz eraginkorragoa da argindar berriztagarria eta bero ponpak erabiltzea. Baina, hor, oso kontuan hartzekoa da etxebizitza eta eraikuntza guztietan bero ponpak jartzea zenbat kosta daitekeen. Gainera, teknologia hori oraindik ez dago erabat heldua, eta kezka dago zer gertatuko den hotzaldi handietan, bero ponpentzako argindar eskaera izugarri handituko denean. Zalantzan dago sarea gai ote den eskari horri erantzuteko.
Eta gas naturalerako tutueria hidrogenora egokitzea? Aukera bat izan daiteke, batez ere, gas banatzaileentzat. Badu bere logika: gasarentzat jarrita dauden hodiak molda daitezke, gai izan daitezen hidrogenoa garraiatzeko. Dena den, aldaketa ez da erraza, konpresoreak egokitu beharko lirateke, eta tutueria zaharra moldatu… Denbora eskatuko luke, eta, bitartean, bero ponpak asko garatu daitezke.
Joan den uztailean, Europako 11 gas garraiatzaile nagusiek Hidrogenoaren Europako Bizkarrezurra proiektua aurkeztu zuten. 2040. urterako 23.000 kilometroko gasbide sarea aurreikusten dute, hidrogenoaren ekoizpen guneak lotuko dituena industrialdeekin, biltegiratze guneekin, eta argindar ekoizleekin. Gasbide sare horren %75 tutueria moldatua litzateke.
Eztabaida mahai gainean dago, interes asko dagoelako tartean. Askoren ustez, proiektu horren atzean gas natural kutsatzailearentzat denbora irabazteko estrategia bat besterik ez da, gas konpainia handiek euren aktiboen bizitza luzatzekoa. Hidrogeno berdea ekoitziko duten eskualdeetan hura berokuntzarako erabiltzea izan dezake zentzua.
Errepide garraioan, konplikatua
Jaun-andreok, ongi etorri momentuko eztabaidarik sutsuenetako batera, baterien eta erregai pilen arteko borrokara. BNEFko Michael Liebreich nahiko kategorikoa da hidrogenozko erregai piladun autoekin: «Ez dute tamaina bereko bateriadun auto elektrikoek baino autonomia handiagoa. Ez dira arinagoak. Bagajerako toki gutxiago dute. Azelerazioaren erdia dute, eta gehieneko abiadura txikiagoa. Osagai mugikor gehiago dituzte, alegia, mantentzeko kostu handiagoa. Eta auto elektriko baliokideak baino %20 garestiagoak dira».
Efizientzia da hidrogenozko erregai piladun autoen kontrako beste argudioa. Hala, 100 kilometro egiteko, auto batek orduko hamabost kilowatteko energia behar badu, bitarteko galerak aintzat hartuta, bateriadun autoetarako argindar hori ekoiztea orduko 25 kilowatt kostatuko da. Hidrogeno hori ekoiztea, berriz, orduko 50 kilowatt, tarteko prozedurarengatik: elektrolisia, konpresioa, biltegiratzea, garraioa…
Europan, VWek baterien aldeko apustua egin du. Stellantisek, Daimlerrek, Renaultek eta BMWk badituzte proiektuak erregai piladun autoak egiteko, baina hidrogenoan gehien inbertitzen ari direnak Toyota eta Huyndai dira. Haienak dira gaur egun munduan dauden hidrogenozko erregai piladun 20.000 autoetako ia guztiak.
Hidrogenoaren aldekoek nabarmendu dute erregai pilak merkeagoak direla bateriak baino, eta arinagoak direla. Gainera, Toyotaren ustez, zalantzan dago bateriek zenbaterainoko gaitasuna izango duten arinago bihurtzeko eta autonomia handiagoa eskaintzeko. Apustu guztiak zenbaki berera ez egiteagatik edo, Toyota hasia da auto elektrikoetan gehiago inbertitzen.
Auto elektrikoak heda daitezen kargalekuen barreiatzeak garrantzia badu, arazoa are handiagoa da erregai piladun autoentzat, ez dagoelako haiek etxeko garajean kargatzeko aukerarik.
Kamioiak eta autobusak
Kargalekuen zabalkunde eskasa muga da erregai piladun kamioientzat. Halere, kamioi ekoizle handiak ari dira erregai piladun ibilgailuak garatzen, uste dutelako ekonomikoagoak izan daitezkeela distantzia handietarako, autonomia handiagoa izan dezaketela, eta arinago kargatuko direla.
Dena den, kamioi egile batzuek jada baterien aldeko apustua egin dute. VW taldeko Scaniak, adibidez, urtarrilean adierazi du erregai pilen potentziala «mugatua» dela, energia efizientziaren herena dutelako eta mantentze kostu handiagoa.
Autobusekin ere, eztabaida dago, noraino iris daitezkeen bateriak eta noraino ez. Oraingoz, erregai pila bidezko autobusek harrera ona dute, batez ere hiri barruetarako. CAFen Solaris filialak, esaterako, jada ehundik gora Urbino 12 hidrogeno autobus saldu ditu.
Trenetan, dieselaren ordez
Orografiarengatik eta dentsitate demografikoarengatik elektrifikatzeko zailak edo garestiegiak diren trenbideetan orain arte dieselak betetzen zuen tokia, bestalde, hidrogenozko erregai piladun trenek bete dezaketela uste dute askok. Eta ez da toki txikia. Europan tren trafikoaren bosten bat dieselez mugitzen dira gaur egun.
Alemanian 2018tik ari dira erregai piladun trenak probatzen, eta tren gehiago enkargatu dizkio Deutsche Bahnek Siemensi. Italia iparralderako ere Ferrovie Nord Milanok sei hidrogeno tren eskatu dizkio Alstomi. Hidrogenoa baino efizienteagoak izan daitezkeen bateriekin bete daiteke toki hori? Batzuen ustez, bai. Tren ekoizleek badirudi ez dutela aukerarik baztertzen. CAFek eta Talgok, biek iragarri dute hidrogeno trenak ekoizteko asmoa.
Itsasontzietan, aukera ona
Bateriekin dabiltzan ferryak egon badaude, baina haien energia dentsitatea txikiegia da 75 kilometrotik gorako itsas ibilbideentzat. Liebreichen arabera, «baterien kimikan aurrerapauso handiren bat iritsiko balitz ere, zaila izango da 150 milia nautikoren (280 kilometro) muga argindarrarekin gainditzea». Hortik gora, itsas garraioa deskarbonizatzeko modua karbono gabeko erregaiak izango dira.
Zuzenean hidrogenoarekin edo bestela erregai pilez ibiliko liratekeen kargaontzi handiek itsasaldi luzeetarako oso toki handia beharko lukete erregaiarentzat, kargaren eta, beraz, errentagarritasunaren kaltetan.
Amoniako likidoa erregai gisa erabiltzea praktikoagoa dela uste du, adibidez, Maerskek. Amoniakoren energia dentsitatea handiagoa da, eta dagoeneko garraiatzen da. Hidrogenoa baino errazagoa da likidotzeko, eta hura biltegiratzeko beharrezko presio eta tenperatura beharrak txikiagoak dira. Metanolak ere antzeko ezaugarriak ditu.
Hegazkinetan, bizkor
Sektore honetan, bai, hidrogenoak zeresan handia izan dezake, bateriek pisuaren muga dutelako. Beharbada, distantzia txikiko hegaldietarako erabili ahal izango dira bateriak, eraginkorrak direlako, baina distantzia luzeetarako hidrogenoa giltzarria izango da. Bi modutan gerta daiteke hori. Batetik, hidrogenoarekin berarekin, hidrogenoarekin sortutako amoniakoarekin, edota erregai sintetikoekin, zeintzuek sor daitezkeen hidrogeno berdea konbinatuz, harrapatutako karbonoarekin edo biomasa bidez sortutako karbonoarekin.
Airbusek jada iragarri ditu emisiorik gabeko hiru hegazkin kontzeptu, 2035erako. Hala ere, zortzi herrialdek jada eskatu diote Bruselari hasteko abiaziorako erregai jasangarriak sustatzen. Haien ustez, dagoeneko badago modua hegazkin konpainiei eskatzeko, moldaketa handirik egin beharrik gabe, erregai jasangarri horiek kerosenoarekin nahasteko. Hidrogeno berdearen eskaria lagunduko luke horrek.
Eraikitzekoak diren lantegi gehienak demostraziorako izango dira, hainbat konpainiak teknologiak eta prozedura berriak ikertu eta frogatzeko. Gero ikusi beharko da negoziorako balio dezaketen ala ez. Hala ere, abiatzeko prozesuak inbertsio handiak behar ditu.
Hidrogenoaren azken bolada honetan, zerikusi handia izan du Europako funtsetatik dirua etortzeko aukerak. Euskadi Next barruan daude proiektuetako asko, hautagaitza publiko-pribatuetan. Beste zenbait egitasmo pribatu gisa aurkeztu dira Madrilen.
Nafarroan, Tuteran ongarria hidrogeno berdearekin ekoizteko proiektu bat badago martxan, baina oraindik zehaztazun gutxi dago haren inguruan. Bizkaian daude egitasmoetako asko, itxura guztien arabera han hidrogenoaren haran bat eratuko delako. Eta hari zerbitzua ematen, balio kate osora gehituko dira, ziurrenez, Euskal Herriko beste herrialdeetako konpainia eta erakunde asko.
Hidrogenoaren Euskal Korridorearen gidari
Hidrogenoaren Euskal Korridorearen gidaria da Repsolen filiala. Aurreikusten da proiektu horren inguruan beste hainbat enpresa batuko direla, azpiproiektuen bidez. Bihar bertan aurkeztuko da ofizialki.
Petronorrek dagoeneko ekoizten du hidrogenoa (gas naturaletik), petrolioa fintzeko behar duelako. Baina orain hidrogeno berdea egiten hasi nahi du, eta, hura erabiliz, karbonoan neutroak izango diren erregai sintetikoak ere. Bi proiektu handiak, batetik H24All deiturikoa: Muskizen (Bizkaia) duen findegian bertan hidrogeno berdea ekoizteko lantegia altxatu nahi du, beste hamalau bazkiderekin batera, Europako funtsak baliatuz.
Eskala handiko, 100 megawatteko, presio handiko elektrolizagailu alkalinoa erabiliz argindar berriztagarriarekin uretik hidrogenoa modu garbian bereiztea da asmoa; ahalik eta bizkorren hidrogeno berde kiloa hiru eurotan ekoiztea. Eta, bitartean, ekoizpen prozesu osoa frogatu eta garatzea.
Horrez gain, Bilboko portuan demostraziorako kokatu behar dituen bi lantegietako batean findegian harrapatutako CO2 eta hidrogeno berdea nahastuko ditu erregai sintetikoak egiteko. Erregai horiek hegazkinetan, itsasontzietan eta halakoetan erabiltzeko aukera ikusten da. Erretzean isuriak eragiten dituzte —erregai fosilek baino dezente gutxiago—, baina jatorrian CO2aren harrapaketa dutenez, esaten da karbonoan neutroak direla.
«Erronka hidrogeno berdea ekoizteko kostuak murriztea da»
Elektrolizagailuek ekarriko dute hidrogeno berdearen iraultza. Eta Euskal Herrian elektrolizagailuak eta haien instalazioak produzitzeko lantegi bat eraiki nahi du Iberlyzer konpainiak, zeina osatu duten Iberdrolak eta Ingeteamek. David Sole Ingeteameko zuzendari nagusi eta operazioburuak BERRIAri azaldu dio nola negozioa ez zaion faltako Iberlyzerri: «Europaren bide orriak dio 2030erako 40 gigawatteko ekoizpena nahi duela elektrolisi bidez, eta horietatik lau gigawatt lirateke Espainiarentzat. Bai, merkatu oso handia da, eta erronka hidrogeno berdea ekoizteko kostuak murriztea da, gaur egungo kiloko zazpi euroetatik euro bat, euro bat eta erdi ingurura, hidrogeno grisaren aurrean lehiakorra izateko. Horrek eskatzen du argindarraren kostua optimizatzea, eta baita elektrolisi planten eraikuntzarako inbertsioa eta haien jarduera eta mantentzea». Elektrolizagailuak halako planta bateko kostuaren %30 hartzen du.
Europak interes berezia du elektrolizagailu belaunaldi berrietan, Txinak aurrea hartuta duelako elektrolizagailu alkalinoetan. «Europarrak eta estatubatuarrak aurretik doaz, PEM elektrolizagailuetan, zeintzuek erregai pilen antzeko teknologia darabilten». Horiek abantailak dituzte, besteak beste, konpaktuagoak direla. Dena den, Yberlyzerrek diseinatuko dituen plantek kasu bakoitzerako teknologia lehiakorrena izango dutela dio Solek, «direla PEM, alkalinoak edo beste hirugarren edo laugarren teknologia batekoak».
«2002-2003 urteetan izan zen beste bolada bat hidrogenorekin»
Elektrolizagailu belaunaldi berrien ikerkuntzan ere ari da Tecnalia, baita oraingo teknologien garapena eta optimizazioan ere. Baina horiek Tecnalia hidrogenoaren inguruan egiten ari den lan guztien artean batzuk bakarrik dira. Ia kate guztian ditu proiektuak martxan, ekoizpeneko unetik hasita, biltegiratzean, garraioan, hidrogenoaren aplikazioetan, erregai piletan, mugikortasunean…
Izan ere, hidrogenoarena ez da gauza berria haientzat. Fernando Espiga Tecnaliako Trantsizio Energetikorako buruak gogoan du nola aurretik ere modan jarri izan den hidrogenoa. «2002-2003 urteetan izan zen beste bolada bat hidrogenorekin. Jardun ginen proiektuak garatzen, baina ordutik orain bi urtera arte basamortua igarotzea izan da».
Tecnaliaren lanketa guztien artean, Espigak hidrogenoaren eramaileetan egiten ari diren azterketak aipatu ditu. Nola, adibidez, hobetu nahi dituzten prozesuak hidrogeno amoniako bihurtzeko eta berriz hidrogeno bihurtzeko teknologiak. Eta asko ari dira ere hidrogenoarentzat oso baliagarriak izan daitezkeen gasen banaketarako mintzen teknologietan.
«Teknologia orokortzeko ezinbestekoa izango da bultzada politikoa»
Tren garraioa deskarbonizatzeko hiru modu daudela esplikatu du Imanol Iturriozek, CAFeko ikerketa eta garapeneko buruak. Batetik katenariak daude: «Baina arazoa haien kostua da. Ez da irtenbide errentagarriena trafiko gutxiko lineetarako eta are gutxiago linea luzeak badira». Eta hor sartzen dira beste irtenbideak jokoan.
Horietako bat bateriak dira, eta CAFek dagoeneko ekoitzi ditu bateriekin dabiltzan zenbait tranbia. «Baina haien arazoa da autonomia mugatua dutela, eta 100 kilometrotik gorako autonomiak ez dira egingarriak bidaiarien trenetarako». Eta hidrogenoak bete dezake behar hori. «Bateriak iritsi ezin diren kasuetarako da aukera hori, alegia, gaur egun dieselarekin egiten diren operazioetarako. Baina hidrogenozko trenak garestiak dira, eta teknologia hori orokortu dadin, ezinbestekoa izango da bultzada politikoa».
CAFek FCH2RAIL Europako proiektuaren gidaritza hartu berri du bi modutara, katenariarekin eta hidrogenoz bultzatuta ibil daitekeen prototipo bat garatzeko, zeinak, gainera, bateria ere izango duen.
Hidrogenoarekin arrakasta izaten ari diren konpainien artean dago, hain zuzen, CAFen Solaris filial autobusgilea. Solarisek ehundik gora autobus salduak ditu Europan, eta Iturriozen ustez, Euskal Herrian ere ikusiko dira Solarisen hidrogenozko autobusak. «Ziur laster probatuko dugula teknologia hori etxean». CAFeko I+G arduradunaren arabera, bidaiarien garraioan hidrogenoak badu tokia, «autonomia eskakizunak handiagoak dituzten hiriko eta hiri arteko zerbitzuetan. Gaur egun, gaueko kargako bateriako autobusen autonomia 250 kilometrokoa da».
«Ekoizle, garraiatzaile eta kontsumitzaile izango da itsas sektorea»
Itsas sektorea deskarbonizatzeko hidrogenoa giltzarri izango dela uste du Angel Santurtunek Adimde Euskal Herriko Itsas Industrien Elkarteko kabinete buruak. Erregai puru bezala, erregai sintetiko moduan edo beste bektoreetan… Erabilera guztiak izango dira baliagarri, batez ere potentzia handientzako.
«Itsas sektorea ekoizle, garraiatzaile eta kontsumitzailea izango da». Eta hor hiru aukera handi zabalduko dira euskal konpainientzat: «Itsasoan (sorgailu eolikoen ondoan) hidrogenoa ekoizten duten itsasontziak eraikiko ditugu, eta hidrogenoa garraiatzen duten ontziak eta baita hidrogenoa kontsumitzen dutenak. Zabaltzen ari den merkatua da eta Balenciaga ontziola hasia da hidrogenoz bultzatutako ontziak ekoizten».
Santurtunen arabera, euskal portuek ere trafiko berria irabaziko dute hidrogenoaren eta haren deribatuen logistikaren ondorioz.
Martxotik maiatzerako tartea izan zen okerrena kanpo merkataritzarentzat —apirilean, erdia baino gehiago jaistera iritsi zen—, baina suspertzea ez da automatikoa izaten ari. Horrela, 2020ko abenduan urtebete lehenago baino %9,8 txikiagoak izan ziren esportazioak, eta %12,8 txikiagoak inportazioak.
Lau urte zeramatzan kanpo sektoreak hazten, eta hiru urte, berriz, esportazioek marka historikoak puskatzen. 2019ko errekorrak —35.683 milioi euroren ondasunak saldu zituzten enpresek Hegoaldetik eta Espainiatik kanpo—, aldi baterako jarraituko duela dirudi, nekez berreskuratuko baitira urte batean galdutako ia 6.000 milioi euroak.
Guztira, Hegoaldeko enpresek 29.691 milioi euroren ondasunak esportatu zituzten joan den urtean. 2013. urtera egin behar da atzera halako kopuru apal bat ikusteko. Kontuan hartu behar da Espainiako merkatuak garrantzi erlatiboa galdu duela mende honetan, esportazioen mesedetan —bikoiztu egin ziren 2004 eta 2019 artean—.
Iaz, salbatzailerik ez
2019an, neurri handi batean, bi enpresek salbatu zuten urtea: Volkswagenen eta CAFen esportazioak handitu egin ziren, eta, lehenengoak Nafarroan eta bigarrenak Gipuzkoan duten pisu handiari esker, bi lurraldeetan %11,6 handitu ziren esportazioak, eta Bizkaiko eta Arabako galerak konpentsatu zituzten.
Aurten, ordea, ez da salbatzailerik izan. Nafarroan, autoen esportazioak %20,3 egin zuen behera —VWenak, alegia—. Gipuzkoan, berriz, %44 txikitu da trenen eta haietarako materialaren esportazioa. Neurri horretan bertan jaitsi da Gipuzkoan ibilgailu motordunen esportazioa, Irizarren autobusena nagusiki.
Oro har, Gipuzkoan %18,7 gutxitu dira esportazioak; Araban, %14; eta Nafarroan, %13. Kolperik handiena, ordea, Bizkaiak hartu du (-%20), bere ezaugarri berezien ondorioz. Beste hirurek ez bezala, Bizkaia da kanpo saldo negatiboa duen bakarra —gehiago inportatzen du esportatu baino—, haren produktu izarra hidrokarburoak direlako. Hau da, Petronorrera doan petrolioa eta handik ateratzen diren erregaiak, eta Bahia de Bizkaiara doan gas likidotua. Horrela, Bizkaiaren petrolio osagaien esportazioak %54 txikitu ziren iaz, eta %41 txikitu ziren, berriz, inportazioak.
Arabako produktu nagusiak, Mercedesen furgonetek, pixka bat hobeto eutsi diote merkatuaren hondoratzeari: %14,9 apaldu dira.
Europakoak dira Hego Euskal Herriaren merkatu nagusiak, eta, guztien aurretik, Alemania —esportazioen %17 doaz hara— eta Frantzia (%16). Historikoki, Erresuma Batua izan da merkatuetan hirugarrena, baina brexit-ak izan du eragina: lehen, esportazioen %8,4 joaten ziren hara, %6,3 joaten dira orain. AEBekiko merkataritza gerrek ez diete asko eragin esportazioei, baina bai, ordea, inportazioei. Herrialde gehienekin kanpo saldo positiboa du Hego Euskal herriak, baina 940 milioiko zuloa du Txinarekin: hara doaz esportazioen %1,8 eta inportazioen %7,3.
Eusko Jaurlaritzak lantokietako soldata eta genero arrakalari buruz eginiko inkesta baten emaitzetako bat da hori. Diskriminazio sentipen hori areagotu egiten da ikasketa mailak gora egin ahala. Izan ere, goi mailako ikasketak dituzten emakumeen %38k sentitzen dute diskriminazioa —noizean behin, sarritan edo oso sarritan—, bigarren mailako ikasketak dituztenek (%33) eta oinarrizko ikasketak dituztenek (%22) baino gehiago. Gizonezkoetan, joera alderantzizkoa da.
Pertzepzio horretan sakondu du inkestak, eta, esaterako, emakumeen %79k uste dute gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen dietela: alegia, soldata arrakala existitzen dela. Gizonezkoen artean %72k uste dute emakumeei gutxiago ordaintzen zaiela.
Soldata arrakala ikusi bai, baina kontzeptua ezagutzen al dute? Emakumeen %63k eta gizonezkoen %76k, bai. Are gehiago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %79 soldata arrakalari aurre egiteko legezko neurriak hartzearen «erabat alde» daude. Batezbesteko hori %81erainokoa da emakumezkoetan.
Soldatan jarri du arreta handiena ikerketak, baina bilakaera profesionalaren beste hainbat arlori buruz ere galdetu du. Horrela, emakumeen %69k uste dute enpresan gora egiteko egoera okerragoan daudela, eta batezbesteko hori %73 da sustapen hori ardura karguetara iristeko denean. Lan egonkortasunari dagokionez, emakumeen %61en iritziz, gizonezkoak baino egoera okerragoan daude, eta batezbestekoa bera da lana aurkitzeko aukeren inguruan galdetzen zaienean.
Emakunderen laguntzak
Ikerketaren harira, Emakundek bikoiztu egingo du soldata arrakala amaitzeko asmoz berdintasun planak egiteko bideratzen duen diru laguntzen kopurua: 200.000 eurotik 400.000ra igaroko da aurten. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren ustez, soldata arrakala «arazo sakona» da, baina enpresetan egiten diren berdintasun planei esker aurrerapauso garrantzitsuak egiten dira.
Jaurlaritzak arrakala bukatzeko estrategiaren inguruan ere galdetu du, eta emakumeen %55ek ez dute ezagutzen; gizonezkoen %57k ere ez. Datu horiei gehitu beharko litzaieke %25ek zerbait entzun dutela estrategia horri buruz, baina ez dakitela zer den. Azkenik, emakumeek 5,9ko nota jarri diote soldata arrakala bukatzeko harturiko neurrien eraginkortasunari.