Bizkaiko energiaren zentroak 2022an ekingo dio jardunari, 40 milioi…
Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Ezkerraldea-Meatzaldea teknologia parkean egoitza izango duen Energy Intelligence Center zentroa eraikitzen hasi dira astelehen honetan.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste 30 bat udalerritan egin zituzten mobilizazioak. Pandemiaren kontrako neurriak direla eta, galarazita daude herrien arteko joan-etorriak, eta, horregatik, deialdiak deszentralizatzea hobetsi zuen pentsiodunen mugimenduak. Mobilizazio guztiak segurtasun tarteak gordeta eta ilaran egin zituzten.
Bilbokoa izan zen manifestaziorik jendetsuenetako bat. 3.500 lagun inguru bildu ziren, antolatzaileek emandako datuen arabera. Moyua plazatik Kale Nagusia zeharkatu zuten Plaza Zirkularreraino, eta handik udaletxera egin zuten. Ohi bezala, han amaitu zuten mobilizazioa.
Bi txistularik ireki zuten segizioa, eta haien atzean, manifestazioaren buruan, hiru pankarta eraman zituzten, lelo banarekin: Pentsio publiko duinak, Hiru urteko borroka: pentsiodunak aurrera eta Toledoko itunari ez. Horien atzetik joan ziren manifestariak, hiru ilaratan, askok pentsiodunen mugimenduaren zapi gorria eta haien aldarrikapen nagusiak azaltzen zituzten kartelak zeramatzatela. Babestu elkarteak, Eskubide Sozialen Gutunak eta mobilizazioa babestu zuten beste eragile batzuek ere pankartak eraman zituzten.
Amaiera ekitaldian irakurritako agirian, pentsiodunen mugimenduak gogorarazi zituen bere eskaera nagusiak: pentsio publiko eta duinak legez bermatzea, murrizketak baztertzea, eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen «alderdi atzerakoiak» indargabetzea.
Toledoko Itunaren kontra
Halaber, Toledoko Itunaren gomendioak kritikatu zituzten manifestazioetan parte hartu zutenek, pentsiodunen aldarrikapen nagusiak baztertu dituztelakoan, eta Espainiako Kongresuak gomendio horiek berretsi izana ere salatu zuten. «Bozketa horren ostean, 2011ko eta 2013ko erreformek indarrean jarraitzen dute, eta beste erreforma batzuei ateak irekitzen zaizkie, hala nola erretiro aurreratua zigortzea, pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteak luzatzea, erretiro adina handitzea, diru publikoarekin sustatutako pentsio plan pribatuak bultzatzea, eta pentsio minimoa eta alarguntasunarena desnaturalizatu eta murriztea».
Esan zutenez, orain arteko erreformek «ideia neoliberalak» izan dituzte oinarri, hau da, pentsiodunek diru sari handia jasotzen dutela eta «luzaroegi» bizi direla. «Baina pentsioen arazoa diru sarreretan dago, ez gastuetan, eta gure belaunaldirako eta etorkizunekoetarako horiek bermatzeak enplegu gehiago eta hobea eskatzen du, eta langileok gure lanarekin sortzen dugun aberastasuna birbanatzea», erantsi zuten.
Manifestazioa hasi aurretik, pentsiodunen mugimenduko bozeramaile Jon Fanok esan zuen pentsiodunen borrokak «lorpen txikiak» erdietsi dituela, azken urteotako pentsioen igoera kasu, baina oraindik ere haien aldarrikapen nagusiek ez dutela erantzunik izan. Horregatik, iragarri zuen protestek jarraituko dutela: «Hiru urte eman dugu borrokan, 154 astelehenetan egin ditugu asteroko elkarretaratzeak, eta prest gaude segitzeko».
Bide horretan, «koordinazioa eta elkarlana» sustatu nahi dituzte sindikatuekin, emakume taldeekin, gazte erakundeekin eta beste zenbait eragilerekin: «Hau ez da soilik oraingo pentsiodunen arazoa. Batez ere, hurrengo belaunaldien arazoa da».
Eusko Legebiltzarrean onartu berri diren aurrekontuak ere kritikatu zituen Fanok: «Aurrekontu horiek ez dituzte gure eskaera nagusiak jasotzen. Jaurlaritzak badu legezko ahalmena pentsioak osatzeko, 1.080 euroko saria erdietsi arte».
Itsaso zabalean jokatzen ari da partida. Edukiontzien krisiaz hitz egiten da, eta nola hori ataka estu batean jartzen ari den munduko ekonomia. Baina, funtsean, COVID-19ak agerian utzi du, auzi honekin ere, Europako eta AEBetako merkatu eta industriek Asiako eta, bereziki, Txinako manufakturekiko duten dependentzia. Horrek inbutua sortu du ekialde urruneko portuetan, eta merkantziak atera ezinik daude, garraiatzeko edukiontzi nahikorik ez dagoelako. Bezeroek salatu dutenez, itsas konpainiek egoera baliatu dute prezioak izugarri hazteko. Hamabi metro luzera duen ohiko edukiontzi batengatik duela zortzi aste baino lau aldiz gehiago ordaindu behar da.
Egunotan, gainera, areagotu egin da egoera. Herenegun izan ziren Txinan urte hasierako ospakizunak, eta bi asteko oporraldia hasiko dute orain. Adituek kezka handiz begiratzen diote gertatzen ari denari. Itsas garraioa aldaketa fasean dago hainbat arrazoirengatik, eta oraingo gertaerek prozesua bizkortu dezakete.
Itsasoetako jabeak
Azken urteetan kontzentrazio handia gertatu da sektorean: oligopolio batek kontrolatzen du munduko itsas garraioaren %85 inguru. Bost enpresa handi daude: Italiako MSC, Danimarkako Maersk, Frantziako CMA CGM, Taiwango Evergreen eta Txinako Cosco, eta horiek denak hiru aliantzatan biltzen dira.
Europako egungo legeriak —Consortia block exemption regulation delakoa, 2009koa— itsas aliantzak sortzeko aukera ematen du, baina horiek ezin dute izan kontrolatzen duten guneko trafikoaren %30 baino gehiago. 2020ko martxoan, pandemiaren eztanda betean, Bruselak beste lau urtez luzatu zuen araudia, aurkari asko dituen arren.
Ikerketa batzuek, hala nola International Transport Forumarenak —OCDEren garraio think tank-arenak—, erakusten dute Batasunak ezarritako muga hori aise gainditzen dutela korporazioek, eta araudiak beste hutsune batzuk ere badituela. «Ez da batere gardena. Merkatua kontrolatzeko osagaiak eskaintzen ditu: eskaintza mugatu eta kontzentratu dezakete, prezioen igoera neurrigabea justifikatzeko», azaldu dio BERRIAri Jordi Espinek, European Shippers Council (ESC) elkarteko zuzendaritzako kideak.
ESCk zamaren jabeak ordezkatzen ditu, 100.000 enpresa inguru. Auzian esku hartzeko eskatu diote Europako Batzordeari, eta araudia aldatzeko. Aliantzei leporatzen diete, besteak beste, kontratuak ez betetzea, irteerak arbitrarioki ezeztatzea eta baldintzak eta tasak adostutakoak baino handiagoak ezartzea. Uste dute Europako ekonomiaren suspertzea arriskuan jartzen ari direla.
Bestalde, ontzien jabeek «merkatuaren logika» darabilte. Azaldu dutenez, 2020ko laugarren hiruhilekotik eskarien gorakada espero baino handiagoa izan da Txinan, eta horrek eragin ditu portuetako pilaketak. Gainera, COVID-19a dela eta, hara bideratu dira beste herrialde hornitzaile batzuetara egiten ziren eskaerak. Horri gehitu behar zaio kontsumo ondasunen gorakada handia izan dela: altzariak, produktu teknologikoak, kiroletakoak… Eta, bereziki, babes sanitarioko materialarena. Horrez gain, nabarmendu dute edukiontzi asko Europako portuetan geratu direla hutsik, hango herrialdeetan ez delako egon horiek beteta Txinara itzultzeko produkzio eta kanpo eskaera nahikorik.
Espinentzat «aitzakiak» baino ez dira azalpen horiek. Uste du pandemia aurreko bidaia maiztasunetara eta edukiontzi kopuruetara itzul daitezkeela, eta gogorarazi du Europako esportazioek aktibo jarraitu dutela udatik. «Portuetan nahita utzi dituzte edukiontzi hutsak», salatu du.
Mendekotasun handia
Saltzaileentzat bezala, ekoizleentzat ere ezinbestekoak dira Txinatik ekarritakoak. Bitarteko manufakturatuen munduko produkzioaren %20 Txinan egiten da, eta gorantz doa etengabe; 2000. urtean %4 zen. Euskal Herrian, adibidez, siderurgia da bezero nagusiena: han egindako metalezko xaflekin ekoizten dituzte hemen tutuak eta bestelako produktu landuak.
Edukiontziekin gertatzen ari denagatik, batzuk hasi dira jada produkzio etenekin, eta beste batzuk beste herrialde batzuetara jotzen —Portugal, Turkia, Maroko—. «Hornidura kate eta erosketa prozesu batzuk eta Txinako hornitzaile batzuekiko harremana birplanteatzeko fasean gaude: kasu batzuetan, horien deslokalizazioa ekarriko dute», azaldu du Ategiko erosketa arduradun Mireia Sagardiak. 2001ean sortu zuten Ategi, Mondragon korporazioko kooperatiben erosketetan enpresen arteko lankidetza artikulatzeko. Sagardiak dio halako egoera bat ez dutela inoiz ikusi.
Bilboko portuan ere ohi baino mugimendu gutxiago nabari da egunotan. Agintaritzak ez du zifrarik eman nahi izan, baina aitortu du azken asteetan Asiako inportazioetan jaitsiera «handia» izan dela. Guztira, urtebetean Txinatik 700.000 tona inguru iristen dira Bilbora, 690 produktu baino gehiagorenak, nagusiki siderurgiarako, baina baita eraikuntzarako, automoziorako eta industria kimikorako ere.
Portuan apenas lanik duten egunak gainezka daudenekin tartekatzen dituzte. Izan ere, erabilgarri dauden itsasontzi handiek ahalik eta bidaia gutxien eginda ahalik eta merkantzia gehien garraiatu nahi dute, eta portuetako irteera eta iritsiera maiztasunak mugatzen dituzte; hori dela-eta, lana pilatzen da, horrek ohiko jarduera normaltasunez garatzea eragozten du, eta albo ondorioak eragin portuko langileei, lurreko garraiolariei…
Azpiegiturako arduradunek uste dute martxo-apirilerako egoera «normalizatzen» hasiko dela. «Bilboko portuan gertatzen ari dena munduan gertatzen ari denaren isla txiki bat baino ez da. Konponbidea ez dago hemen, baizik eta munduko merkatuetan, batez ere hornitzaileak diren herrialdeetan COVID-19ak izan dezakeen bilakaeran, eta Txinak mundu mailako eskari handia hornitzeko duen gaitasunean», azaldu du Jaber Bringasek, Uniport Bilboko portuko klusterreko presidenteak; 130 enpresa ordezkatzen ditu.
Aurrekaririk gabe
Haietako batzuk irailean jada hasi ziren nabaritzen zer etor zitekeen: «Hasieran, nahasketak izan ziren bidalketetan, eragin sakonik edo larririk ez zutenak. Baina asteak igaro ahala, egoera okertzen joan zen, eta berehala iritsi ziren edukiontzi eta leku falta itsasontzietan, eta prezioen igoerak. Urrian, merkatu oreka puskatzen hasi zen», azaldu du Sagardiak.
Txinako manufakturak behar dituzten enpresak hilabete zailak pasatzen ari direla azpimarratu du. «Lehen aldia da. Merkatua iritsi den prezioen maila sekula ez dugu ezagutu, eta aurrekaririk gabekoa da, bereziki, denboran asko luzatzen ari delako». Gogoratu du Txinan beti egon direla zenbait aste zeinetan itsas merkatuaren «oreka normala» apurtu egiten den: «Baina testuinguru edo ospakizun zehatz batzuetan izaten zen, eta denbora labur batez: bagenekien noiz gertatuko zen, ohituta geunden, eta horretara egokitzen ginen. Baina aurten ez da horrela izan, eta aurrerantzean halako egoera gehiago egongo direla esatera ere ausartuko nintzateke».
Horrek orain arteko estrategiak aldatzera eraman ditzake enpresa asko, haren ustez. «Onartzen dute hornidura katearen etenak erregulartasunez gertatzen diren mundu batean ari direla lanean. Ekoizpen sareak eta hornidura kateak diseinatu izan dituzte eraginkortasunari, kostuari eta errentagarritasunari begira, baina egungoaren moduko etenek kolokan jar dezakete estrategia hori».
Bringasen ustez, «koiunturala» da egoera, eta «laster» itzuliko da bere onera, «erabilgarri dauden barkuen kopurua handitu eta edukiontzien birkokatze masiboa egitean. Dena den, bada uste duenik urte berriko oporraldiek mugikortasuna handituko dutela Txinan, eta COVID-19 kasuen ugaritzea ekar dezakeela horrek, eta, beraz, denbora luzeago batez geldiaraziko duela hango lantegien jarduna, eta logistikan nabarituko dela».
Europarekin jokoan
Aurrerago begira, Uniporteko buruaren arabera, badago «oso kontuan» hartu behar den errealitate bat, eta, haren ustez, auzi honen oinarrian dagoena: Asiarekiko merkataritza balantzea negatiboa dute Europako herrialdeek, inportatzen dutena baino bolumen gutxiago esportatzen dute. «Horrek eraginda, 2007an antzeko egoera bat izan genuen edukiontziekin; orduan, % 65ekoa zen desoreka; egun, handiagoa da, eta handitzen jarrai dezake».
Bilbon, deskargatutako edukiontzien kopurua Txinara kargatutakoak baino hiru aldiz handiagoa da egun, eta beste portu batzuetan handiagoa da proportzio hori. «Horrela jarraituz gero, oso denbora gutxian Txinan ez da edukiontzi hutsik egongo».
Espinek, berriz, argi dauka konpainiak lehen seihilekoan izan dituzten galerak berreskuratzeko estrategia bat jarraitzen ari direla. «Irabazi tarte oso mugatuekin aritu dira azken urteetan, eta estatuen ezkutuko laguntzak jaso dituzte. Ez da batere etikoa horrela aritzea, eta are gutxiago gaur egungo egoeran: Europako susperraldi ekonomikoarekin ari dira jokatzen, irabazi elementu bat izaten ari da haientzat».
Bezeroentzat 2021a «oso gogorra» izango dela uste du Espinek, batez ere Europakoentzat. Orain, konpainiak Asia eta AEBen arteko ibilbidean zentratuta daudela dio, «errentagarriago» zaielako, «ibilbideak motzagoak direlako». Hautu horren atzean, auzi honen beste gakoetako bat dagoela azpimarratu du: fuel olioaren prezioaren igoera eta gas isurketen araudi berria. Parisko Hitzarmenarekin bat egiteko, itsas garraioan ere gutxitu beharko dituzte CO2 emisioak konpainiek. Hori eta aliantzen indarra mugatzeko Europak har ditzakeen erabakiak baldintzatzeko, Espinek uste du ontzien jabeak «pultsu bat» egiten ari direla.
EAEko auzitegi nagusi horren ebazpenak arrasto luzea utziko baitu datozen asteetan, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Batetik, ostalariak beren negozioak ixteagatik kalte-ordainak eskatzeko prestatzen ari dira, adibidez Arzak eta beste izardun jatetxe batzuk, epaitegiek ate hori ireki dutelako jada; bestetik, beste zenbait sektorek auzitara joko dutela iragarri dute, ostalaritzaren aldeko epaiak hauspotuta. Gauzak horrela, inoiz baino biziagoa da koronabirusaren pandemian ostalaritzak irekita ala itxita egon beharko lukeen eztabaida. Tabernak bai ala ez eztabaida horren atzean beste eztabaida baten traza azaltzen ari da, ordea, gero eta indar handiagoarekin, eta lotura handia du pandemiari aurre egiteko aplikatzen ari den ereduaren kontraesanekin.
Birusarekin batera bizitzeko formula aspaldian hasi baitziren aplikatzen Euskal Herrian. Beste aukera da birusa desagerrarazten saiatzea, muturreko konfinamendu orokorrak eta gogorrak eginez, txertoek beren lana egin arte, betiere epidemiologoek eta birologoek sarritan azaldu dutenez. Baina iazko martxo-apiril-maiatzetako arantza errepikatzea ez dute benetako aukeratzat jo Mendebaldeko gobernu gehienek, eta, hortaz, ostalaritza auzitara jotzean esaten ari dena hau da funtsean: zergatik itxi behar da ostalaritza, beste hainbat sektore zabalik badaude, eta horiek ere kutsatzeak errazten dituzten ezaugarriak badituzte?
Egoera absurdoek ez dute laguntzen
COVID-19ak ZIUak beterik dauzkala ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du froga nahikorik ikusi, itxuraz, kutsatzeei muga jartzeko ostalaritza ixtearen garrantzia erakusten duenik. Zientziak erakutsi du, ordea, birusa errazago zabaltzen dela pertsona asko areto itxietan elkartzean; are gehiago maskara kentzen badute. Jatetxe edo taberna baten barrualdean, jan-edanean egiten den moduan, adibidez. Kontua da ostalariak galdetzen hasi direla eurena al den sektore bakarra ezaugarri horiekin. Egunotan askok galdetu dute ez al dauden kutsatzeak zineman, kultur etxean, merkataritza gunean, metroan, gimnasioan eta lantokian. Beti betetzen al diren protokoloak, eta beti al diren eraginkorrak maskarak. Behar bezain berriak eta egokiak al diren, autobusean kontu-kontari doanak kutsatu ez ditzan albokoak.
Era guztietako debekuak onartu dituzte Euskal Herriko gobernuek, eta zenbat eta debeku gehiago jarri, orduan eta kontraesan gehiago sortzen dira birusarekin batera bizitzeko formula hautatuan. Urretxu eta Zumarraga lotzen dituen zubia gurutzatzeagatik egunotan isuna jasotakoek badakite zer den kontraesan horietako bat. Etxetik 300 metrora egonik Urbil merkataritza gunera joan eta isuna jaso duten lasartearrek ere bai. Egoera absurdo horiek erakusten dute zorrotzago ibili behar dela beharrezkotzat jotzen diren debekuak ezartzean, eta ostalaritza itxi behar bada, egoera hobeto esplikatzeaz gain, itxiera hori hobeto lagundu behar dela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariak 231 milioi euroko erreskatea eskatzen ari dira; 60.000 familia daude sektorean, eta Jaurlaritzak erabaki badu ezin dutela lanean jarraitu, laguntza plan oso batekin esplikatu behar die, ez adabakiekin.