Ostalariek kalte-ordainak eskatzeari ekingo diote orain
Estatu osoko ostalariak kalte-ordainen eskaerak prestatzen ari dira, pandemia kontrolatzeko hileotan hartu dituzten neurriengatik izandako galerak berdintzeko.
Batzordean, CCOOk du gehiengoa, lau ordezkari baititu —LABek bi ,eta ELAk bat—. Josema Romeo Nafarroako CCOOko industriako idazkariaren arabera, oraindik saiatuko dira egungo lantokiak iraun dezan. «Ezin dugu ziurtatu, baina, posible bada, ahalik eta lanpostu gehien salbatzen ahaleginduko gara», azpimarratu zuen atzo.
Huarte sendiaren enpresa
Miasak ibilgailuentzako abiadura kaxen urkilak ekoizten ditu, eta prozesua osorik egiten du, galdeketatik piezen mekanizaturaino. Enpresaren jabea Huarte familia da; frankismo betean Nafarroako industrializazioaren arduradun nagusitzat jotzen den Felix Huarteren oinordekoak, alegia. Udazkenetik hartzekodunen konkurtsoan dago, eta merkataritza auzitegiak izendatutako administratzailea eta zuzendaritza enpresa ituna negoziatzen izan dira sindikatuekin: soldatak %20 eta %30 artean murriztea proposatu zieten. Lan baldintzen nondik norakoetan sartu aurretik, lana bermatzeko konpromisoa eskatu zuten langileen ordezkariek, susmoa baitute hasieratik produkzioa Zaragozara eramateko asmoa duela. «Egiten genituen kalkuluen arabera, ikusten genuen haien soldata murrizketa onartuta ere bideraezina zela enpresa», azaldu du Imanol Rodriguezek. 2015ean hitzartutako ituna berriro ere luzatzeko ez zegoen prest zuzendaritza, eta metalgintzako hitzarmenera joko zutela esan zien langileei. Etorkizuneko bermerik gabe, greba mugagabearekin erantzun zioten.
Handik bi astera etorri da likidazioaren iragarpena. Orain, zuzendaritzak hamabost eguneko epea du likidazio plana aurkezteko, eta han zehaztuko ditu 95 langileen kontratuak eteteko erregulazio espedientearen baldintzak. Eduki hori ezagutzeko zain daude sindikatuak. Romeoren arabera, oraingoz ez dute informaziorik. «Ez da egia erdiekin ibiltzeko unea», kritikatu zuen.
Imanol Rodriguezen arabera, «duela bost urte enpresak hartutako erabaki politiko baten ondorio da lantokiaren oraingo egoera». 2015ean, lan gatazka handia izan zen negoziazio kolektiboan. Orain egin bezala, langileei %20ko soldata jaitsiera proposatu zien zuzendaritzak, eta haiek grebara jo zuten. Enpresak atzera egin zuen, baina garai hartan ohartarazi zien beste nonbaitera joatea aztertzen ari zela. 2017ko otsailean, Zueran (Zaragoza, Espainia) lantokia ireki zuen, eta han mekanizatu lanak egiten dituzte. «Lan baldintza kaskarragoak dituzte, eta bezeroek hura aukeratzen dute, merkeagoa delako. Enpresak hutsik utzi du fabrika, eta logikoa da lanik ez izatea, lanik ematen ez badiozu».
CCOOko Josema Romeok deitoratu egin zuen egoera horretara iritsi izana, eta gogorarazi zuen ezen, Zaragozakoaz gain, Miasak lantoki bat duela Ameriketako Estatu Batuetan. Halaber, Txinan beste fabrika bat ireki nahi izan zuen, baina gaizki atera zitzaion. «Enpresa hemen sortu zen, eta, hemen lortutako errentagarritasunarekin, ekoizpena Txinara eta AEBetara eraman zuen. Eta orain esaten digute ez dela bideragarria munduan Miasaren beste lantokiak sortu dituena?», gaitzetsi zuen.
LABeko Imanol Rodriguezen esanetan, Nafarroako Gobernuak lehen eskuko informazioa izan du enpresaren egoerari buruz, baina nahiago izan du beste aldera begiratu.
Eusko Jaurlaritzaren urtarrileko dekretuak jasotzen du ostalaritza itxita egongo dela 100.000 biztanleko 500 COVID-19 kasutik gorako intzidentzia pilatua duten udalerrietan. Arau horren aurka jo dute Bizkaiko Ostalaritzaren Elkarteak, Sea-Ostalaritzak eta Gipuzkoa Ostalaritzak, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du haien eskaera: osasunari egindako mesedeen eta negozioei egindako kaltearen arteko oreka zer-nolakoa den aztertzen duen bitartean bertan behera uzteko Lakuaren arau jakin hori. Horixe egin du justiziak, hain zuzen: auzia sakonago aztertzen duen arte, tabernak irekitzea baimendu.
Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan tabernak eta jatetxeak irekiko dituzte gaur bertan, esaterako Bilbon, 725eko intzidentzia pilatua duen arren. Beste hainbeste gertatuko da Gasteizen eta Donostian, hurrenez hurren 590eko eta 536ko inzidentziak badituzte ere. Eta zein izango da tabernek bete beharko duten arautegia? Bada, Jaurlaritzak berak abenduan ezarritakoa; alegia, urtarrileko dekretuaren aurrekoa: lokalen edukieraren erdia baliatuta, baina barrarik gabe, eta edukiera osoa terrazetan. 06:00etatik 20:00etara ariko dira, eta enkarguak 21:00ak arte jaso ahal izango dituzte bezeroek.
«Pena da auzitara jo behar izana, adostasunaren eta sen onaren bidez konpondu beharrean», esan du Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaile Hector Sanchezek. Beste lurraldeetako elkarteen bozeramaile lanak eginez, esplikatu du «albiste ona» dela epaitegietatik iritsi dena, «sektoreari justizia egiten diolako». Halaber, ostalariek herritarren osasuna babesteko «berme guztiekin» jardungo dutela esan du: «Osasuna oinarrizkoa da, eta ostalariek arauak betearazi behar dituzte». Bezeroek ez badituzte arauak betetzen justiziaren ebazpena alferrik izango dela ere azaldu du, «hilabete barru egoera berriro okerra izan baitaiteke».
Jaurlaritzaren zain
Ostalaritza elkarteak pozik azaldu dira, baina zuhur, auzi honek zer bide hartuko duen jakiteko aldagai bat geratzen baita argitzeko: Eusko Jaurlaritzak beste saioren bat egingo ote duen ostalaritzaren itxierari eusteko eremu gorrietan. Batetik, Labiren batzarra dago ostiralean, bezperako batzar teknikoaren ostean, eta neurri berriak har ditzake hark. Hala balitz, Jaurlaritzak oso zorrotz jokatu beharko luke, beste helegiterik aintzat har ez dadin epaitegietan. Bestetik, auzitegi nagusiak bost eguneko epea eman du bere erabakia inpugnatzeko. Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira ebazpena, eta, azterketa horren ondoren, helegitea jartzen duen ala ez erabakiko du gobernuak, atzo arratsaldean Bingen Zupiria bozeramaileak esan zuenez. «Erabaki honek ahuldu egin ditu pandemiaren aurkako tresnak», esan zuen. Halaber, berretsi egin zuen Labik neurri berriak har ditzakeela, baina haietan sartu gabe; «ez dagokit niri», esplikatu zuen. Beraz, egoera hauxe da: tabernak eta jatetxeak zabal daitezke orain, baina egoera horren iraungitze data ostirala izan daiteke, edo ostiralean hartutako neurriak indarrean sartzen direnean, handik ordu gutxira.
Hala, datozen orduetan jakingo da Gasteizko gobernuak dekretu berri bat edo indarrean dagoenaren doikuntza bat prestatzeko asmoa duen ala ez. Ezin baita ahaztu inauteriekin batera iritsi dela tabernak zabaldu ahal izateko babes judiziala. «Arrisku gehigarria da», gogorarazi zuen Zupiriak; «inork nahi ez dituen egoerak gerta daitezke, denok ezagutzen ditugunak». Horregatik, zuhurtzia «muturrera» eramateko eskatu zuen Jaurlaritzako bozeramaileak, eta, bereziki, ostalariei eta bezeroei.
«Begia begi truk»
Jaurlaritzaren gobernu bileraren osteko prentsaurrekoa egiten ari zela iritsi zen epaitegien erabakia, atzo. Zupiriak ez zuen balorazio zehatzik egin, eta arratsalderako utzi zuen agerraldi berezia. Adierazi zuen epaitegien erabakiak mahai gainean jartzen duela «berriz ere» Jaurlaritzaren ahalmenen eztabaida. «Auzitegiaren epaiak galdera marka handi bat jartzen du horren inguruan, benetan baditugun edo ez egoera honi erantzuteko behar diren tresnak». Edonola ere, gobernuak uste du ostalaritza itxi izanak kutsatzeak gutxitzea eragin duela.
Ostalari batzuk beldur dira gobernuak«zigor zentzagarria» edota «baldintza berriak» ezarriko ote dizkien. Hala adierazi zuten, erabakiaren zain zeudela auzitegiaren aurrean, Bilbon egindako elkarretaratzean. Ostalarien patronalen bozeramaile Sanchezek ez du espero horrelako erreakziorik, «begia begi truk litzateke-eta hori». Haren ustez, «egokiena da aste batzuk pasatzen uztea», ikusteko zabaldu den jokaleku berriak zer-nolako eragina duen pandemiaren eboluzioan. «Gu ez gara irekiera libre bat mahairatzen ari, abenduko arauekin jardutea baizik».
Irekita egon ala ez, ostalarien elkarteek diru laguntzak nahi dituzte sektorearentzat, erreskate bat 231 milioi eurokoa. Nafarroan ere protestak egin zituzten atzo, barrualdean zerbitzatzeko eskatuz; ikusteko baitago EAEko auzitegiaren ebazpenak nola eragingo duen beste erkidego batzuetan. Gerta daiteke salaketa arrosario bat iristea, tabernei jarritako mugen aurka.
Datu orokor horiek ikusita, irmo mintzatu zen Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. «Hemen dagoen auzolan bakarra Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren artekoa da, enpresa handiek zergarik ordaindu behar izan ez dezaten», adierazi zuen, azkenaldian Eusko Jaurlaritzaren diskurtso ofizialetan entzuten den auzolan kontzeptuari erreferentzia eginez. Haren hitzetan, enpresa handi horiek «euskal lobbya» osatzen dute, eta zerga arloa arautzen ari dira.
Horregatik, premiazkotzat jo du zerga erreforma abiaraztea. Lehenik, bilerak eskatuko ditu Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin, hiru ahaldun nagusiekin, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin. Bestetik, hiru batzar nagusietan zein Nafarroako Parlamentuan lantaldeak osatzera dei egin dute, erreforma horren nondik norakoak eztabaidatzeko sindikatuekin eta gizarte eragileekin. Azkenik, datozen hilabeteetarako ere mobilizazioak iragarri ditu. ELAren arabera, enpresa handiei sozietate zerga nabarmen igotzeko «tarte handia» dago.
Kreditu fiskalen eragina
Foru arauen arabera,tasa orokorra %24koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; baina ELAk atzo aurkeztutako datuen artean nabarmena da gehienek tasa horren nabarmen azpitik ordaintzen dutela. Foru araudiek hainbat kenkari jasotzen dituzte, inbertsio orokorrak, berrikuntza teknologikoa, garapen iraunkorra edo enplegua sustatzeko. Gainera, urte batean galera edo zerga oinarri negatiboa izanez gero, irabaziak dituzten urteetan 30 urteko aldian konpentsatzeko modua dute enpresek. 2018ra arte, galeren %100 konpentsatzen zen hamabost urteko epean. 2018an, Batzar Nagusietan, EAJk, PSE-EEk eta PPk onartu zuten enpresa handiei murriztea zerga kreditu horien ehunekoa %50era, baina luzatu egin zieten epea, 30 urtera.
Horrek azaltzen du nolatan Petronorrek, adibidez, sozietate zergarik ez zuen ordaindu, nahiz eta 135 milioiren irabaziak aurkeztu: 2013an 87 milioi euroren galerak izan zituen eta 2014an 65 milioi eurorenak. Sozietate zergarik pagatu ez zutenen artean, Pepsicok 16,5 milioi euroren etekinak izan zituen; Bridgestonek eta Tubacexek 11,5 milioi eurorenak; eta GKNk 8,3 milioirenak. ELAk aztertutako kooperatiben kasuan, berriz, «ia ez dute zergarik ordaintzen».
Euskal Herrian jardueraren zati garrantzitsua duen Iberdrola argindar taldeari ere erreparatu zion. 2019an 2.800 milioi euroren mozkinak izan zituen, baina, ELAren arabera, Bizkaiko Foru Ogasunari 36 milioi euro baino ez zizkion ordaindu. Iberdrolak fiskalitate arduratsuari buruz urtero kaleratzen duen txostenak dio 2019an 797 milioi pagatu zituela sozietate zergan, horietatik 367 milioi Espainiako Ogasunari eta Bizkaikoari.