25 URTEKO BIDEA
1995
Euskaltelen sorrera. Eusko Jaurlaritzaren ekinaldi politikoak sortu zuen Euskaltel, telekomunikazioen kudeaketaz arduratzen zen Euskalnet sozietate publikoaren bidez. Telefonicaren monopolioa amaitzea zen helburua. Jaurlaritzak enpresaren %40 kontrolatzen zuen; BBK, Kutxa eta Vitalen esku zegoen %60. Ez zuen jarduerarik, Espainiako Gobernuaren baimenik ez zuelako.
1996
Euskaltel martxan. Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak, Juan Jose Ibarretxek, eta PPko idazkari nagusiak, Jaime Mayor Orejak, akordio politikoa egin zuten. Jose Maria Aznarrek gehiengo soila lortu zuen 1996ko hauteskundeetan, eta botoak behar zituen Espainiako presidente izateko. EAJko bost parlamentariek babestu zuten inbestidura saioan. Trukean, PPk Euskaltel abian jartzeko baimena eman zion Eusko Jaurlaritzari.
1997
Euskaltel-Euskadiren babesle. Euskaltelek bere izaera markatu duen marketin operazio arrakastatsua abiatu zuen: Euskadi Fundazioaren txirrindulari taldea babesten hasi zen.
1998
Lehen zerbitzuak. Lehen zerbitzuak eskaintzen hasi zen: telefonia finkoa eta etxeko Internet seinalea Eusk@lnet.
1999
Sakelakoak eta telebista. Telefonia mugikorreko zerbitzua ematen hasi zen, Retevisionen sarearen bidez. Kable bidezko telebista hedatu zuen, Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hedatzen ari zen zuntz optikoko kable sarearen bidez. Bultzada politikoa eutsi zion konpainiak, Jose Antonio Ardanza Jaurlaritzako lehendakari ohia jarri baitzuen presidente.
2003
Lehen irabaziak. 200.000 euroko irabazia izan zuen telefonia konpainiak. BBK, Kutxa eta Iberdrolak kapitala hedatu zuten, Telecom Italiari akzioak erosita. Egoitza berria inauguratu zuen Bizkaiko parke teknologikoan, Derioko lurretan.
2006
Orangerekiko akordio haustura. Euskaltelek Orangerekin (orduko Amena) zuen akordio komertziala hautsi zuen. 1998az geroztik, Euskaltelek Orangeren sakelako telefoniako sarea erabili zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerbitzua emateko. Akordioa haustean, Euskaltel telefonia mugikorreko operadore independente bihurtu zen, baina Vodafoneren sarea erabiltzen hasi zen. Gerra komertziala izan zuen Orangerekin, baina bezeroen erdiak baino gehiago —450.000tik 230.000— bereganatu zituen. Gerra, ordea, ez zen amaitu; Orangek auzitara jo zuen.
2008
Viva Mobile. Hego Euskal Herritik kanpo aritzeko, Viva Mobile marka sortu zuen Euskaltelek, baina ez zuen arrakastarik izan.
2010
222 milioiko zigorra. Auzitegiek Orangeri eman zioten arrazoia. EAEko Auzitegi Nagusiak Orangeri 222 milioi euroko kalte ordaina ematera behartu zuen Euskaltel, Orangeri lehia ez egiteko kontratu bat hautsi zuela argudiatuta. Euskaltelek «aberrazio juridikotzat» jo zuen epaia, baina ziurtatu zuen gai izango zela ordaintzeko «bazkideen babesarekin».
2011
Lehendakariak erretiroa. Ardanzak lekua utzi zion Alberto Garcia Erauzkini.
2012
Jabetzan aldaketak. Trilantic Capital Partners AEBetako eta Investindustrial Luxenburgoko inbertsio taldeak sartu ziren telefono konpainiaren jabetzan, akzioen %48,1ekin. Kapitaletik atera ziren, berriz, Eusko Jaurlaritza (%7,45), Endesa (%10,64) eta Mondragon (%2,13). Kutxabankek %67,93tik %49,9ra jaitsi zuen partaidetza, baina akziodun nagusia izaten jarraitu zuen. Iberdrolak ere bere zatia %11,85etik %2ra jaitsi zuen.
Sarearen erosketa. Krisiari aurre egiteko diru beharrean zegoela, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakariak zuntz optikoko sarea saldu zion Euskalteli, 68 milioi euroren truke. Sare publikoaren bidez «lehia sustatzeko helburua» jada betea zuela argudiatu zuen gobernuak. Aldeko botoa eman zuten EAJk, PSEk eta PPk, eta kontrakoa Aralarrek eta EAk.
2013
Lehenengo greba. Enpresaren historiako lehen greba egin zuten langileek. Hiru egun iraun zuen. Enpresak lantaldearen tamaina %40 txikitu zuen, enpresaren bi herenak azpikontratatu zituen eta zerbitzu asko kanpoko enpresen esku utzi zituen; azkena, sare adimenduena.
2015
Burtsaratzea. Hedatzeko estrategia finantzatzeko, burtsan kotizatzen hasi zen Euskaltel. Konpainiaren ia bi heren jarri zituzten salgai (%63,55). Polemika handia sortu zuen burtsaratzeak, haren bitartez zuzendaritzako kideek 41 milioi euro inguruko gainsariak izatea adostu zutelako. Eskandalu politikoa ikusita, diru hori Euskaltelen akzioetan inbertitzea onartu behar izan zuten.
R Cableren erosketa. Uztailean, R Cable Galiziako kable bidezko telefono konpainia erosi zuen, 1.150 milioi euroan. 2017an, Asturiasko Telecable bereganatu zuen, 686 milioi euroan.
2019
Zegonaren mugimendua. Telecableren eskutik sartu zen Zegona Euskaltelen, akzioen %15ekin. Parte hartze hori ez aldatzeko bi urteko konpromisoa amaitu zenean, Zegonak jakinarazi zuen Euskaltelen kontrola hartu nahi zuela. Ia %22ra igo zuen parte hartzea, eta aliatuen laguntzarekin, Garcia Erauzkin kargutik kendu eta Jose Miguel Garcia jarri zuen.
2020
Virgin Telco. Nafarroan ere Euskaltel markaren bitartez zabaldu ondoren, Espainia erdialderako eta hegoalderako jauzia egin zuen Euskaltelek, Virgin Telco markarekin.
2021
Salmenta. MasMovilek iragarri zuen Euskaltel erosteko akordioa egin zuela haren hiru akziodun nagusiekin: Zegonarekin, Kutxabankekin eta Corporacion Albarekin.
Zegonak lana amaitu du
2015ean burtsan sartu zenetik pentsatzekoa zen egun batean Euskaltelek enpresa independente bat izateari utziko ziola. Ez zuen nahiko neurririk kontzentraziorako joera duen merkatu baten presioari aurre egiteko. Bera ere ibili da joko horretan, Galiziako R Cable eta Asturiasko Telecable erosita, baina azken horren eskutik sartu zuen Zegonaren azeria oilategian, eta, 2019az geroztik, zalantza bakarra zen nork eta noiz erosiko zuen.
Orange eta Vodafone izan dira gehien aipatu diren izenak, baina azkenean MasMovil izan da. Operazioak hainbat sektoretan sortzen duen tristura arintze aldera, MasMovil euskal enpresatzat jo du Jaurlaritzak, eta hala izan zen sorreran, baina gaur egun gutxi geratzen zaio horretatik: bulego huts bat Donostian. Bost urtez Euskaltel markari eta Derioko egoitzari eta lanpostuei eutsiko diela agindu du MasMovilek. Markak oraindik baduen pisua ikusita, izenak ez dirudi arriskuan; izana, ikusiko da.
Petronorrek langileen herenak jarri ditu aldi baterako erregulazioan
Azken hilabeteetan zurrumurru zena atzo baieztatu zuen Petronorrek. Pandemiaren eraginez, hidrokarburoen kontsumoa asko murriztu da Europan, eta merkatuaren inertziak eragina izan du findegiko lantaldean. Petronorrek ohar bidez azaldu duenez, azken 271 egunetan bere ekoizpen ahalmenaren %60 aritu da lanean pandemiaren ondorioz. Enpresak tarte horretan lantalde osoaren jardunari eutsi dio, formakuntza ikastaro eta antzekoak antolatuz, baina, zuzendaritzaren aburuz, egoera hori ez da «jasangarria epe luzerako».
Enpresaren datuak badu azalpena: konfinamendua hasi zenetik, bigarren findegia geldirik dauka. Maiatzean gelditu zuen, eta sei hilabetez findegi bakarrarekin jardun zuen. Bigarren findegiak erregaiaren %40 sortzen du, 88.000 tona inguru. Azaroan baikortasun zantzu txikiak ikusi zituen zuzendaritzak, eta berriz ere martxan jarri zuen biltegi txikia. Ustea, baina, ustela izan zen, hilabeteko kontua izan zelako. Epe laburreko aurreikuspen baikorrak ez ziren bete, eta berriz gelditu zuten. Zuzendaritzak orduan emaniko azalpena argigarria izan zen: «Ez du merezi erregaia ekoizten jarraitzea, gordetzeko bakarrik baldin bada».
Gauzak hala, findegiko 350 langileri eragingo die aldi baterako erregulazioak. Horiei azpikontrataturiko zerbitzu eta antzekoetako langileak gehitu behar zaizkie —mantentze arloko langile asko azpikontratuak dira—. Enpresak berak emandako datuen arabera, beste 6.200 lanpostu sortzen ditu zeharka. Langile batzordeko kideak aurki hasiko dira enpresarekin negoziatzen. Hainbat gako izango dituzte mahai gainean, eta kasu hauetan ohikoa denez, iraupena izango da lehen aldagaia. Petronorrek urte bukaerako data jarriko du mahai gainean, baina hura ere gutxi gorabeherakoa da: «Egungo egoeran ezin da aurreikusi findegia noiz itzuliko den ohiko ekoizpen kopuruetara». Zentzu horretan, txertoen hedapenak izan dezakeen eraginean du itxaropena.
Erregai kontsumoak, izan ere, asko egin du behera pandemiaren eraginez. Findegiak bi erreferentziazko merkatu ditu: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batetik, eta Espainia bestetik, eta bietan antzekoa izan da jaitsiera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ibilgailuentzako erregai kontsumoa %18,8 jaitsi zen iaz. Espainian, aldiz, %18ko beherakada izan zuen. Aurtengo lehen datuak ere ez dira onak sektorearentzat. Iazko datuekin alderatuta, pandemia hasi aurretik, aurtengo urtarrilean %19 jaitsi da salmenta Espainian. Petronorrek hegazkinentzako erregaia ere ekoizten du, eta haren kontsumoa %65 murriztu zen iaz mundu mailan.
Langile batzordeak negoziatu beharreko beste aldagai bat da erregularizazioaren aplikazioa. Tarte osoan langile berdinei aplikatzen zaien edo ziklikoki aldatuz doazen erabaki beharko dute bi aldeek, edota jardunaldi osokoa izan beharrean langile guztien lanaldiaren tarte bati eragiten dion. Enpresak ez du halako zehaztasunik eman bere oharrean, baina, egoera ikusita «erantzukizunez» jokatu duela zehaztu du, sindikatuei mezu bat bidaliz.
Hidrogenoa salbu
Petronorren ustez erregai kontsumoaren beherakada «behin- behinekoa da», baina uste baino gehiago luzatzen ari da, eta egoera horri «trantsizio energetikoak eragindako ziurgabetasuna» gehitu behar zaio. Trantsizio horren barruan «inbertsio handiak» egin beharko dituela iragarri du, baina Petronorrek lanean jarraituko du «karbonorik gabeko energia industria baten etorkizunerako bidean». Alegia, findegiaren inguruko neurri ekonomikoek ez dutela eraginik izango hidrogenoarekin harremana duten egitasmoengan. Egun, elektrolizagailuen ekoizpenean eta hidrogenoaren euskal korridorearen sorreran murgilduta dago.
Euskaltelen akzioak ia % 16 igo dira MasMovilen erosteko…

Euskaltelek % 15,95 egin du gora Burtsan astelehen honetan, MasMovilen erosteko eskaintza publikoaren ostean. Akzioak 11,12 eurora iritsi dira saio amaieran.
MasMovil: “Euskaltel marka eta Derioko egoitza mantenduko ditugu”

MasMovilek Euskaltel erosteko eskaintza egin du. Maini Spenger MasMovileko zuzendari kudeatzaileak esan du Euskaltelen marka eta egoitza mantenduko dituztela.
Euskalteleko enpresa batzordeak bere asmoak argitzeko eskatu dio MasMovili

Euskalteleko enpresa batzordeak bere asmoak argitzeko eskatu dio MasMovili: epe luzerako proiektu bat sendotu nahi duen ala “espekulatu” nahi duen.
Masmovilek Euskaltel erosteko ia 2.000 milioi euroko eskaintza egin…
Ia 2.000 milioi euro. Hori da Masmovilek Euskaltel erosteko egin duen eskaintza, eta dirudienez konpainiako hiru akziodun nagusien babesa du operazioak: Zegonarena, Kutxabankena eta Albarena.
Eskaintza publikoa da, eta gaur eman diote haren berri Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari. Akzioko 11,17 euro ordainduko ditu Masmovilek. Eskaintzaren helburua litzateke gutxienez akzioen %75 erostea. Zegonaren, Kutxabanken eta Albaren artean haien %52,32 dituzte, eta jada sinatu dute haiek saltzeko akordioa. Salmenta gauzatzeko, ordea, %75 horretara heltzea da ezinbesteko baldintza.
Azken hilabeteetan balioa berreskuratu dute Euskaltelen akzioek, nagusiki, Espainian Virgin marka erabiltzeko akordioa sinatu zuenetik. Hala, konpainiako akziodun nagusiek uko egingo diete Euskaltel zabaltzen eta handitzen jarraitzeko asmoei. Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, iaz, etorkizunerako «esperantza handiak» zituztela azaldu zion BERRIAri, baina aurkakoa adierazten du mugimendu horrek.
Salmentak Eusko Jaurlaritzaren babesa ere badu El Correo egunkariaren arabera, Euskal Herriak erabakigune izateari utziko badio ere erabaki horrek «gaitasun teknologikoetan eta digitalizazioan aurrerapauso bat ematea ahalbidetzen baitu».
«Operazio ona da»
Masmovilek Donostian du egoitza, Espainian lan egiten duten operadore handienetan laugarrena da eta haren akziodun nagusiak inbertsio funts handiak dira, tartean KKR eta Providence. Dominionekin batera, iaz jarri zuen martxan Guuk telekomunikazio euskal operadorea. Dena den, Masmovilen egoitza nagusia Madrilen dago, eta dirudienez handik kudeatuko da Euskaltel erosteko operazioa ere. Hori bai, konpainiak hitz eman du, momentuz, mantendu egingo dituela Euskaltelen markak: Euskaltel, Virgin Telco, R eta Telecable. Kaleratzerik ez egiteko hitza ere eman du Masmovilek.
Meinrad Spenger Masmovileko zuzendari nagusiak ohar batean azaldu duenez, «operazioa ona da Euskalteleko akziodunentzat eta langileentzat, eta, batez ere, bezeroentzat: aurrerantzean guk zuntzerako eta mugikorrerako dugun azpiegitura ere erabili ahalko dute».
MasMovilek Euskaltel ia 2.000 milioiren truke erosteko eskaintza publikoa…

MasMovilek Euskaltel ia 2000 milioiren truke erosteko eskaintza publikoa egin du. Operazio horrek Euskalteleko hiru akziodun nagusien babesa dauka.
ITOLARRIAN, ARNASA BILA
LANDETXEAK
Orain hasi dira lanean, baina egoera oso delikatua da
Urritik martxora, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeak itxita egon dira, jarduerarik gabe. Egoera martxoaren 5ean aldatu zen Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak (Labi) baimendu egin zuenean hiru lurraldeetako herrien artean mugitu zitekeela. «Hilabete asko eman ditugu jarduerarik gabe, eta mugitzeko aukera eman zuten momentuan bertan hasi ginen erreserbak jasotzen eta lan egiten», azpimarratu du Idoia Ezkurdiak, hiru lurraldeetako landetxeak biltzen dituen Nekatur elkarteko eledunak. Martxoaren 19ko zubian, landetxeen %49 zegoen erreserbatuta eta Aste Santurako %84, aste honen erdialdera. «Datu onak dira, 2019an %87ko okupazioa izan baikenuen».
Ziztu bizian alda daiteke dena berriro, ordea. Kutsatze kopurua gorantz doa azkar, eta ostegunean Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Labi biltzeko beharra adieraztearekin batera kezka agertu zuen Ezkurdiak: «Edozein aldaketak izugarrizko kaltea izango luke». Ezkurdia beldur zen lurraldeko itxiera ezarriko ote zen, orain arteko erreserbetan beste lurraldeetan bizi diren bezero ugari baitituzte. Ostiralean Labik ezarritako neurriak ez dira puntu horretaraino heldu, eta salbuespenak ezarri dira aurretik erreserbak ezarri dituztenentzat. Ikusteko dago, dena den, datozen egunetan zer ondorio izango duen.
Azken orduetan gertatutakoak egoeraren hauskorra adierazten du. Aldakortasun handi horretan mugitzera kondenatuta dago sektorea. Nekaturrek aukera ematen die bezeroei erreserba atzera botatzeko edo eperik gabeko txeke baten truke aldatzeko. Kalte ekonomikoari gehitu behar zaio arazo horri aurre egin beharrak kudeaketan eragiten duen lana: «Bezero bakoitzari aurreratutako dirua itzuli egin behar zaio, eta hori guztia kudeatu behar da».
Nafarroan, egoera antzekoa da, baina perspektiba okerragoa da. «Martxoko azken zubian oso gaizki joan zen dena, eta Aste Santuko eskaria oso ahula da, kaskarra. Bilkurak elkarbizitza unitate batera mugatzeak eskaria baldintzatu du. Etxe handi guztiak eta zortzi pertsonatik gorako tokia dutenak hutsik daude, eta okupatuak diren bakarrak dira etxe txikiak eta gelak alokatzen dituzten landetxeak eta apartamentuak», zehaztu du Beatriz Huartek, Nafarroako Nekazaritza Turismoaren Federazioko idazkariak. Nafarroa itxita dago, eta soilik nafarrak izan daitezkeenez bezero, erreserbatan nabaritu egin da.
Huarteren arabera, Aste Santura begira batez beste landetxeen %30 daude okupatuta eta eskualderen batean, «gehienez»%50. «Egun berean Nafarroa hegoaldetik iparraldera zeharkatu dezakegu, eta gehienek nahiago dute gaua etxean pasatu. Hala ere, batzuetan eskertzen da egunerokotik eta pandemiatik ateratzea, eta lau egun pasatzea landa eremuan».
Hego Euskal Herriko landetxeek hilabete zailak utzi dituzte atzean. Udan, bederen, lan egin ahal izan zuten, «normaltasunetik urrun bada ere», Idoia Ezkurdiaren arabera. Haatik, irail amaieran bigarren olatuak indarra hartu eta neurriak ezartzearekin batera, itxi egin zituzten ateak berriro. «Urritik lan egin gabe gaude. Udazkena sasoi ona izan ohi da guretzat Nafarroan. Eskaintza handia izan ohi dugu, baina iaz olatu bortitza izan genuen, eta erreserba guztiak bertan behera geratu ziren», adierazi du Beatriz Huartek. Horrek eragina izan du kontuetan: «2020an fakturazioan %80ko beherakada izan genuen, eta aurten, martxoaren erdira arte lanik gabe egon gara», aipatu du Ezkurdiak.
Herritarren irteteko premia abantaila gisa erabil dezakete aurrerantzean, baina ez dira ausartu luzarora begiratzera. Euren desioa baino ez dute azaldu: «Gure itxaropena da ea noiz ahaztu dezakegun Nafarroako itxiera, ea noiz etor daitezkeen bizilagunak edo gu haiengana joan. Baina laugarren olatu baten mehatxuak itxaropena galtzea dakar», aitortu du Huartek. «Oso konplikatua da planak egitea», gaineratu du Ezkurdiak: «Nahiko genuke txertaketa azkarrago joatea, osasun egoera kontrolatuago batean egoteko; eta, nahiko genuke erkidegotako mugikortasuna altxatzea ere, eta aurrerago atzerrira begirakoa», azpimarratu du Ezkurdiak.
HOTELAK
Bizirik irautea, helburu
Are ezkorrago ikusten du datorrena Alvaro Diaz Ilunion hoteleko arduradunak eta Destino Bilbao hotelen elkarteko bozeramaileak. Bilbon, udaberriko sasoia hasi berri, prezioak duela bi urtekoak baino %50 beherago daude; eta, hala ere, iragan asteburuko zubian okupazioak ez du gainditu oheen %30. «Aste Santua antzera edo okerrago izango da. Mugikortasuna hain dago mugatuta, benetan ez dugula uste aldaketa handirik egongo denik».
Bizkaiko hiriburuko hotelen erdiak itxita egon dira udazkenean eta neguan, eta gainerakoek «bizirik irauteko» egon dira irekirik, batik bat lan kontuengatik zetozen bezeroak hartuz. Urtarrilean eta otsailean %20 inguruko okupazioa izan dute. Martxoan, mugikortasun neurriak kendu ahala apurka ateak zabaltzen hasi dira, Diazen arabera. «Orain hotelen %60 baino gehiago daude irekita. Lehen pobrezia zena orain ere pobrezia da. Erkidegoko probintziak irekita ere, ez da nahikoa, eskaintza handitu egin delako. Azken batean, jendeak atera egin nahi du, baina uneotan Bilbokoen moduko hiri hotelak ez dira egokitzen behar horietara».
Konfinamendua ezarri zenetik urtebetera, hotelak indarge daudela onartu du Diazek:«Etxe bakoitzaren egoera diferentea da, baina hainbat erori egin dira. Badakigu ez direla altxatuko. Ez dute irteerarik. Hotel kate batzuk salgai daude; beste batzuk, erabateko kiebran, mugitzeko aukerarik gabe. Beste batzuek erreskatea behar dute, baina kopuru handitan, eta beste hainbatek aurrerantz egin dezakete, baina noiz arte?». Salmentan diren hotel kateek irtenbide zaila dutela uste du: «Lasterketako auto bat oihan baten erdian izatea bezala da. Auto bikaina, bai, baina oihanean deus gutxi balio du».
Eusko Jaurlaritzak bertan egoitza duten enpresentzat iragarritako laguntzek ez dutela arazoa estaliko argi utzi nahi izan du Diazek: «Laguntzak gehienez 20.000 eurokoak izango direla iragarri dute, eta 200 gela dituen gurearen moduko hotel batentzat ondasun higiezinen zerga ordaintzeko ere ez da heltzen. Ulertzen dut laguntzek muga bat dutela, baina inork ez dezala pentsa ere zerbaiterako balioko dutela».
Nafarroan, Iruñeko Alde Zaharreko Maissonave hoteleko gerente Leire Alemanek ikuspegi baikorragoarekin begiratzen dio egoera zailari. Bigarren olatuak gogor jo zuen Nafarroa, eta gobernuak urriaren 22an lurraldea itxi egin zuen. Hala jarraitzen du ordutik, baina Maissonave hotelak irauteko «leiho bat irekia» aurkitu du. «Azarotik aurrera, Nafarroako jendearentzat eskaintzak egin ditugu. Ihes gela bat dugu hotelean, eta erakarpen horrekin geratzen dira lo egiten eta afaltzen. Horrelako gauzekin ari gara lanean». Era berean, turistarik ez da iristen, baina bai lanera Iruñera datorren jendea. «Gurekin urte askoz lan egin duten enpresetako langileak dira, eta oso gogorra egiten zitzaigun ixtea eta haiek beste toki batera eramatea».
Bide bat topatu dute horrela, baina, Leire Alemanen arabera, ez da erraza izan. Iaz, 2019arekin alderatuta, fakturazioa %80 erori zen. Egunero 146 geletatik 26 inguru okupatuta izatea lortu dute azken hilabeteetan, eta horrek zein aurretik finantza egoera on batean egoteak ahalbidetu egin die irekita jarraitzea. Nafarroako Gobernuak emandako laguntzek ere lagundu dute.
Baikor dago etorkizunari begira. «Jendeak sekulako gogoa du bidaiatzeko eta ateratzeko. Osasun egoera larria da, eta ikusi beharko dugu nola jarraitzen duen txertaketak, baina espero dut udarako egoera aldatuko dela». Ez da iritzi berekoa Alvaro Diaz. Haren ustez, ziurgabetasun handia dago, eta hori «hondamendia da» sektorearentzat.
Ipar Euskal Herrian, egoera are beltzagoa da sektorearentzat, urritik itxita baitira hotelak eta ostatuak. Horrekin batera, ostalaritzak itxita jarraitzen du, eta etxerako zerbitzua eskaintzen duten tokiek baino ezin dute lan egin. Horrek ez die laguntzen, baina apurka hotel bakan batzuek ateak irekitzea deliberatu dute. Adibidez, hala egin du Hazparnen (Lapurdi), Relais Les Tilleuls hotelaren jabeak, Helene Labatek: «Duela gutxi ireki dugu, baina ez dago bezerorik, ez baita oporraldirik». Aste Santuan ez da jaiegunik izango. Iparraldean zein Frantzian, udaberrian eskoletan bi asteko opor egunak izan ohi dituzte, eta Akitania Berriaren kasuan apirilaren 10etik 26ra iraungo du, baina Labatek itxaropen gehiago du jarria udara begira: «Espero dut uztailerako neurriak arintzea, ostalaritza irekita izatea eta uda on bat izatea».
Larzabalen (Nafarroa Beherea), Espeletta hotelak bost hilabete daramatza itxita, eta Peio Bidauri jabeak ez daki zenbat denbora emango duten horrela: «Momentu honetan ez dakigu deus». Etorkizuna ere kezkaz begiratzen du Bidaurik, zer etorriko den antzeman ezinik. Asteazkenean, Akitania Berriko prefetak, Fabienne Bucciok, eskualde osoko turismoarentzako 1.600 milioi euroko laguntza plana iragarri zuen. Otsailaren amaiera arte 471 milioi euro banatu dira ostatuetan, 390 milioi euro ostalaritzan eta 760 milioi kontsumo sektorean. «Momentuz, laguntzak eman dira, baina ez da aski bizitzeko. Behar dugu egun batez hasi lanean ere», dio Bidaurik. Itxaropena du maiatzean izango ote den. «Kasu. Beti iduri hala izango dela, baina ez dakit».
TURISMO AGENTZIAK
Lan egin ezinik, egoera noiz aldatuko zain, eusten
Euskal Herrian zehar, beste toki batzuetatik etortzen diren turistekin lan egiten duten agentziek, berriz, urtebete daramate itxita. Enpresok hainbat elkartetan bilduta daude. Horietako bat da Asoarte, eta haren bazkideak lan egin ezinik daudela baieztatu du Garbiñe Naveran Bilbao Paso a Paso agentziako arduradunak: «Urtebete daramagu diru sarrerarik gabe. Ezin dugu lan egin. Euskadi itxita dago, mugak itxita, ezin da inor etorri. Baliabide ugari ere itxita daude, eta ezin dugu ezer eskaini. Bertoko jendeak ere ez gaitu ezagutzen; akaso gure erruz. Ez dago talderik antolatzerik, eta bisita bat izango banu ere, ezin duzu afari bat antolatu. Ezin duzu ezer egin. Konplikatua da».
Egoera berean dago Valen Ormazabal Goazen Bidaiak agentziako arduraduna. Nafarroan, Anartu elkartea osatu zuten 2017an, eta, egun ezer egin ezinik daude: «Iazko martxoaren 14an dena itxi zenetik ez dugu batere lan egin. Udan, zertxobait, baina gainera iazko konfinamenduagatik erreserben dirua itzuli behar izan genuen, eta 2020ko urtarrilaren 1etik ez dugu ezer fakturatu. Ezer ere ez», kexu da Ormazabal.
Bitartean, gastuei aurre egiten jarraitu behar dutela azpimarratu dute Navaranek zein Ormazabalek. Bilbao Paso a Pasok lau langile ditu oraintxe bertan aldi baterako lan erregulazioko espedientean, baina beste gastu finkoei ere aurre egin behar diela dio Naveranek. Eusko Jaurlaritzak laguntzak iragarri ditu: «Oraingoz, baina, ez dugu albisterik. Ulertzen dut tramiteak denbora behar duela, baina tramitazioa azkartzea eskatuko nuke, airerik gabe geratuko garelako bestela».
Ormazabalen arabera, iazkoa gogorra izan zen, baina aurtengoa «are okerrago» ikusten du, udako perspektiba «tristea» baita. «Gurean, jarduerari ekitea ez da berehalakoa, ez duzu lan egiten lehen egunetik. Berriz hastea kostatu egiten da. Itxaropena dut egoera konponduz joan ahala, jendeak egingo duen lehen gauza bidaiatzea izango dela, baina kostatu egingo da. Orain ez dugu datarik, zertarako hasi gauzak prestatzen? Udarako izan zitekeen, baina kutsatzeak ugaritzen hasten badira… Faktore askoren menpe gaude». Argi du sektorean eragile askok ateak betiko itxiko dituztela: «Ez dago honi eutsiko dion ekonomiarik».
BIDAIA AGENTZIAK
Merkatua, «erabat blokeatuta»
Kanpotik ia ez dator turistarik, eta euskal herritarrek ere ez dute bidaiatzen. Egoerak «bete-betean» eragin die bidaia agentziei, Miguel Rodriguez Viajes Iruñako arduradunaren hitzetan. Agentzia batzuk itxita daude, eta uste du ez dutela irekiko. «Ezin da errealitate honetara egokitu. Berdin du maskara ondo eramatea edo autobusa ondo aireztatua izatea. Itxiera perimetrala ezarri da, eta turismoagatik herrialde askotara joateko debekua dago. Legedia hori beste edozein berrikuntzaren gainetik dago. Horregatik, merkatua erabat blokeatuta dago, gutxienekotan».
Agentziak irekita daude, ordea. Batik bat, lan kontuengatik edo arrazoi pertsonalengatik bidaiatzea egokitu zaien pertsonen hegaldiak prestatzen dituzte. Rodriguezen arabera, aholkularitza profesional hori orain «funtsezkoa» da, herrialde bakoitzean araudiak egunero aldatu daitezkeelako, eta, aldaketak jakin ezean, ezuste desatseginekin topa daitekeelako bidaiaria: «Noaingo aireportura jo besterik ez dago. Egunero, atzera botatzen dute jendea paper bat falta zaiolako edo PCRa ez duelako behar denean egin. Agentzia batean tiketa erosi dutenek ez dute arazorik, informazioa eman diegulako».
Rodriguezen hitzetan, ziurgabetasun hori kudeatu behar izatea «etsigarria» gerta daiteke batzuetan, baina ziur dago luzarora begira, eustea lortuz gero, garai onak itzuliko direla: «Bidaiatzeko modua diferentea izango da, jendeak desberdin bidaiatuko du, eta honek guztiak lorratza utziko du. Jendeak segurtasuna eskatuko du. Baina urakanaren ostean, sektorea suspertuko da».