Manifestazioa deitu dute astelehenerako Laudion, Aiaraldeko enpleguaren defentsan

Tubacexeko kaleratzeen aurkako aldarria ardatz hartuta, eskualdeko 17 enpresetako batzordeen babesa jaso du protestak. Laudioko herriko plazatik abiatuko da.
Lan erreformaren aurkako mobilizaziora deitu duzue ostegunerako. Zeri dio beldur ELAk lan erreforma dela eta?
Batzuek diote pandemian ezin dela baliogabetu erreforma. Guk, justu kontrakoa: pandemia dela eta, inoiz baino beharrezkoagoa dela. Beldur diogu aldi baterako erregulazioen ondoren etor daitekeenari. Lan baldintzengatik ere, oro har, kezka bizia dugu. Aurreko krisialdian irakasgai argia atera genuen: krisian egiten dituzte aldaketak lan baldintzak okertzeko. Ez dugu nahi argazki bera. Erreforma aldatzen ez bada, lan enpleguen galera handiagoa izango da.
Erreformaren esparru batzuk baizik ez ukitzeko aukera asko indartu da…
Osorik baliogabetu beharko lukete, baina kaleratze kolektiboen araudia aldatzea premiazkoa da. Maiatzaren 31tik aurrera, kaleratzeko mugak desager daitezke, eta, egungo araudiarekin, enpresek nahieran egiten dituzte kaleratze kolektiboak. Doikuntza batzuk besterik ez datozela? Ultraaktibitatea, enpresa hitzarmenak eta beste zenbait aipatu dituzte, baina kaleratzeen araudia aldatzea da hemen premiazkoa: arrazoiak eta tramitazio administratiboa, Lan Ikuskaritzak zaintza bat izan dezan.
Itunen estatalizazio prozesua azkartuko ez ote den ere aipatzen ari da asko.
Negoziazio kolektiboa guri lapurtzeko mehatxua hor dago beti, eta, arazoa konpontzen ez den bitartean, hor jarraituko du. Estatuan sinatzen diren itunen %80k oztopatzen dute hemen negoziazioa. Prekaritatea estatalizazioaren eskutik iritsi da gurera, ez enpresa itunetatik, oro har. Eta grebek ekarri dituzte lan itun onak.
Piketeei ezingo diete kartzela zigorrik jarri aurrerantzean. Albiste ona, ezta?
Bai, baina mozal legeak hor jarraitzen du, eta zigor kodeak beste bide batzuk ematen ditu langileen aurka jotzeko. Piketeen inguruan egindako lege aldaketan oso argigarria izan da EAJk izan duen posizioa, ikusteko nola ulertzen duten sindikatuen jarduera eta zenbaterainokoa den patronalaren alde duten jarrera.
Zergatik diozu?
Beste koska bat igo dutelako posizio horretan. Ez da inon atera, baina Tubacexeko eta Gestampeko kaleratzeen negoziazio bileretan sartu aurretik, sindikatuen ordezkariak miatu egin ditu Ertzaintzak, motxilak eta guzti. Nork bidali ditu miatzera? Ez dago orekarik txikiena ere.
Osteguneko mobilizazioa Galiziako CIG eta Kataluniako CSCkin adostu duzue. LAB baztertu du ELAk ekinaldi horretatik?
LABek bere buruari egin beharko liokeen galdera da zergatik ez dagoen hor. Testuinguru honetan, hiru sindikatu gai izan gara akordio bat lortzeko, eta LAB ez da gai izan. Funtsean, LABek ez du lehenesten ELArekin duen harremana. LABek berak esan du aliantza zabalago batzuen bila dabilela.
LABek kontrakoa dio, ELAk ez duela sekula aurkitzen une egokia aliantza estrategiko baterako. Akusazio larriak egin ditu: patronalarekin konfrontatzeari uko egin dio ELAk?
Harriduraz hartu dugu LABen ohar gogorra. Bat gatoz gauza askotan, eta beste askotan ez, eta beti izango da horrela. Akusazio larriek ez dute laguntzen, surrealistak baitira. Europan, greba gehien egiten den herrialdea gara, eta hori horrela da ELAk duelako gehiengoa, eta greba gehienen atzean dagoelako. LABekin dugun arazo bat da batzuetan arrastaka eraman behar ditugula grebara.
Non geratu da gehiengo sindikala?
Gu ez gara mugitu azken urteetan izan dugun posiziotik. Gehiengo sindikalaren balioa defendatzen dugu; iazko greba orokorrari erreparatzea baizik ez dago ikusteko nolako emaitzak ematen dituen. Baina arazoak sortzen dira LABek fronte berriak eratzera deitzen dituenean CCOO eta UGT. Hori ez da koherentea. UGT eta CCOO dira estatalizazioa bultzatzen dutenak; haiek sinatzen dituzte kaleratzeko erregulazioak. UGT eta CCOOrekin ez dugu soilik desberdintasun nazional bat: hemen eredu sindikal desberdinak daude aurrez aurre.
LABek nahiago du CCOOrekin eta UGTrekin elkarlanean aritu, ELArekin baino?
LABi gertatzen zaio badela agenda politiko bat nabarmen markatzen duena. Hori ere ulertu behar da. Estatuan gertatzen diren aliantzak, gero, esparru sindikalera eramaten saiatzen dira, baina politikan balio duenak ez du zertan balio izan sindikalismoan. Sindikalismoak espazio autonomo bat behar du.
Estatu mailako zer aliantzaz ari zara? EH Bilduri buruz ari zara?
Ez da inongo sekretua EH Bildu aliantza berrietan parte hartzen ari dela estatu mailan, eta beste bidelagun batzuk bilatzen dituela. Errealitate horrek LABi ere eragiten dio.
Orduan ez zarete sustatzen ari elkarlan giro ona Adegirekin?
Guk eragile guztiekin dugu interlokuzioa, Urkullu lehendakariarekin izan ezik, eta hark nahi ez duelako. Baina gure hautua kontraboterean dago, denek dakite hori, eta aurkakoa esatea surrealista da, berriro diot.
Eta autodeterminazioaren alde estatuarekin konfrontatzeari ere ez diozue uko egin, LABek esan duen moduan?
Horrek ere ez du ez hankarik, ez bururik. LABek akusazio larriak egiten ditu, baina ez ditu argudiatzen. Iaz, greba orokorra egin genuenean, zer egin genuen, ba? Gutxietsi egin dezakete, baina Euskal Herrian lortu dugu sindikatuak ez egotea CCOOren eta UGTren sistema espainiarraren azpian. Gehiengoen bidez, betiere. Horrek herria egiten du, langile klasea egiten du, eta gure estrategiaren parte da. EH Bildu eta EAJ estatutu berriarekin hasi zirenean, ohartarazi genuen hori asmakeria politiko bat baizik ez zela. EAJ non den badakigu, eta asmakeriak behar dituela denbora pasatzeko. Non bukatu du horrek? Guk esan genuen lekuan: ezerezean.
EH Bilduk Europako funtsekin elkarlana proposatzea ere gogor kritikatu du ELAk; ezkerraren zaindari izateko beharra daukazue?
Euskal erakundeen politika ez da gure jendearentzat egina.
Zein da zuen jendea?
Langileez ari naiz.
Jarraitu, mesedez.
Zer gertatu da aurrekontuekin? Pandemiaren gordinean egonda ere, ez da eztabaidarik egon. %3 baizik ez dira igo EAEn; iaz, %1,9. EH Bilduk eta Podemosek ez dute inpugnazio politiko bat egin. Non dago oposizioa? Eztabaida taktizismora bideratu dute, bilera batera sartuko ote diren ala ez borrokatzera. Eta, azkenean, gobernuak berak esan behar izan die ez duela haien beharrik. Ez dago pultsu politikorik. Toledoko Ituna, zerga erreforma…. gai asko daude umezurtz.
Europako funtsak badatoz. EH Bilduk dio partida hori jokatzeari uzten bazaio alferrik direla protestak gero, ELAri erantzunez.
Zer da partida jokatzea? Besteen arauak onartzea? Hori guretzat partida galtzea da. Eztabaida nagusia da funts horiek zer ekarriko dieten langileei. Europako Batzordeak argitu du funts horiek baldintzatuta daudela. Azkenean, ez gaude ados EH Bilduk Europaz egiten duen hausnarketarekin ere. Sinetsiko dugu orain beltzezko gizonak bidaltzen zituen troika ez dagoela jada? Pandemia etorri da, eta erabaki batzuk hartu dira aldi baterako, baina kito.
Batzordeak ez al du bere ohiko lerro politikoa berreskuratuko, funtsak egon ala ez? Ez al du pentsioen erreforma eskatuko, funtsekin edo gabe?
Zergatik egiten ari dira pentsioen erreforma Espainian?
Pandemia hasi baino askoz lehenago egiturazko arazo handiekin hasi zelako sistema?
Ez dut horrela ikusten. Batzordea funtsen bidez ari da presio egiten erreforma modu jakin batekoa izan dadin. Lotuta daude.
Funtsak ez baleude, ez zen egingo pentsioen erreforma?
Parametro jakin batzuetan egin nahi dute, pandemiaren urgentzia aprobetxatuz; hori da kontua. Next Generation funtsak xantaia dira. Zertan ibili ziren Herbehereak eta beste estatu batzuk onartu zituztenean? Baldintzatuta datoz, eta ikusi behar da norengana iritsi eta zertarako baliatuko diren. AHTa, Nafarroako ubidea jarri dituzte hautagaien artean. Ezkerretik ezin da esan funts horiek behar sozialetara bideratuta daudela, ezin da.
Larraitz Ugartek dio ELAk interes handiagoa duela independentismotik aldentzeko, herri mailako erronka handiei aurre egiteko baino.
EAJrekin egin nahi duten elkarlana argudiatu nahian dabiltza. Ezkerretik ezin dela funtsen aurkako kritikatik egin? Ba, justu kontrakoa uste dugu: ezkerretik egin behar zaiola kritika. Kezkaz ikusten dugu EAJren posizioetara nola hurbiltzen ari diren. Bere artikuluan dio partida jokatu egin behar dela. Ontzat emanda atzean dauden interes guztiak? Multinazionalentzako dirua izango da.
Multinazionalek langileak dituzte.
Bai noski, baina diru publikoa multinazional pribatuetara bideratzen denean, ezkerrari zer pentsatua eman beharko lioke.
Pandemia hastean, lantokiak seguruak ez baziren planto egitera deitu zenuten. Txertaketa behar bezain azkar babesten ari da langileak?
Eusko Jaurlaritzaren ezaugarrietako bat da propaganda egitea, baina propagandak ere ezin du ezkutatu zein den egoera eta hutsegite nabarmenak. Txertaketak erakutsi digu Jaurlaritzak harrokeria handia duela eta aurrean duenari mezu bera bidaltzen diola: «Guri ez diguzue esango zer egin behar dugun». Posizio horretatik abiatzen dira edozein gaitan; oso errotua dute gobernuan. Eta zientzialariei ez diete kasurik egin; pandemiaren gordinean, argi; «txertatu, txertatu, txertatu» izan da haien mezua. Baina ahal bezainbeste gorde dituzte, eta gero, azkenean, zuzendu. Ez dute entzuteko gaitasunik.
Santa Marinako txertaketa irregularren artean, ELAko ordezkari batek ere jarri zuen txertoa. ELAko kide da oraindik ere?
Bai.
Nola hartu duzue erabaki hori?
Mehatxupean jarri zioten txertoa, Osakidetzak berak, esanez ez zuela aukerarik Santa Marinan egon behar bazuen. Guk salatu egin genuen protokolo hori, ez ginen ados, eta Sagarduik harrokeria handia erakutsi zuen orduan ere: esan zigun gai horretan ez genuela zer esanik. Horren ondoren zehaztu zuten protokoloa.
El Corte Ingles 1996an iritsi zen Eibarrera, Galerias Preciados zenaren saltokia erosita. 13 urte geroago, jauzi kualitatiboa egin zuen, 20.000 metro koadroko saltokia eraikiz. Apustu deigarria zen: 27.000 biztanleko hiri bat, 73.000ko eskualde batean. ALFA kooperatiba historikoaren lurretan eraiki zuen, El Mundo kazetaren arabera 80 milioi euroko inbertsioa eginez. Orubea, aldiz, dohainik lortu zuen, udalak 75 urterako erabilera eskaini baitzion azpiegitura eraiki eta aparkalekua egitearen truke. Herriko merkataritza berpiztuko zuen amu moduan saldu zuten, baina errealitatea ezberdina izan da. Ireki berritan, jendea erakarri zuen, baina, denbora pasa ahala, ez zen ikusten garai bateko pilaketarik, eta autoz iritsitako erosleak gutxitan murgildu izan dira herrian.
Eibarko El Corte Ingles dendaren inguruko zurrumurru asko egon dira, eta marka eztulka hasten zen bakoitzean itzultzen ziren. Iaz hainbat denda itxiko zituela esan zuen, eta hala egin du: Andaluzian, Bartzelonan… Eibarren solairuen erdiak itxiko zituela entzun zen. Urteak erdia ustel. Aurten, hori bai, 3.000 langile kaleratzeko erregulazioa martxan jarri du, guztien %4, eta Debabarrenean urduritasuna zabaldu zen. Victor del Pino markaren zuzendariak, baina, Eibarko 207 lanpostuak mantenduko direla esan du, eta Jon Iraola herriko alkate izendatu berriak hala baieztatu du. Trebe ibili da sare sozialetan bideo bat jarriz eta Del Pinorekin izandako solasaldia azalduz. Kaleratze bat eta behin-behineko kontratu bat ez berriztea ez dira gauza bera, baina mezuak lasaitasun pixka bat barreiatu du. Dena den, ez du mesfidantza aldendu, aldaketak baitatoz, eta lehen saltoki ponposoa zena biltegi handi bilakatuko da, Untzaga plazatik 200 metrora. Langileek lan ezberdina egingo dute, trafikoa ugarituko da, eta denda ez da inoiz izango kanpoko erosleen erakargune.
Eibar laborategi bat izango da, halaber: El Corte Inglesen lehen dark store-a [denda iluna]. Markak «proiektu berrien eredu» moduan saldu du, baina errealitatea da korrika eta presaka egin beharreko metamorfosi baten lehen pausoa dela. Merkataritza guneen katea garai zailean dago. Izan ere, haren ikur diren ezaugarriek, bezeroa ondo tratatzeak eta kokagune bikaina izateak —beti hiri erdian; horrek urrundu du historikoki Donostiatik —, garrantzia galdu dute pandemiarekin eta Internet bidezko salmenten gorakadarekin. Adituen arabera, online salmenta da markaren ahulunetako bat, eta are gehiago zorpetu behar izan du. 2019an, 2.279 milioi euro zor zituen; egun, berriz, 4.551. Egoera, baina, ez da itotzeko modukoa, bere ondarearen %20tik beherakoa baita. Urre gorria balio duten orubeak ditu.
Larria ez, oraingoz. Baina adierazgarria da El Corte Inglesen gisako marka klasiko bat online merkatura bete-betean sartu nahian ikustea. Lehen, hura zen arrain txikia irensten zuen arrain handia; orain, marrazoak iritsi zaizkio saretik. Berandu iritsi dela dirudi, baina indarrez. Eraldaketarako Europako Next Generation funtsen atea jo du, eta 4.000 milioi euro lortzeko moduko egitasmoak aurkeztu ditu. Jaurlaritzak espero duenaren erdia baino gehiago da. Eta Espainiako Gobernuak limurtu egingo du: langile gehien duen enpresa pribatua da herrialdean: 90.000; eta BPGaren %2,4 sortzen du. Espainiak argi du: nahiago ditu Eibarkoaren moduko biltegi modernoak, sei solairuko denda hutsak baino.
2 Baina zergatik orain? Bien arteko harremanak asko gaiztotu dira azken asteetan, zenbait analistaren arabera, AstraZenecaren txertoarekin gertatu zenagatik. Aste honetan, EBk beste arau-hauste prozedura bat abiatu du Erresuma Batuaren aurka, eta baliteke horrek ere auzitegietan amaitzea. Aurpegiratu dio brexit-aren Ipar Irlandarako Protokoloa urratzea mugako kontroletan.
3 Joko arauak urte hasieratik zeuden indarrean, ezta? Bai, urtarrilean gauzatu zen dibortzioa, baina graziazko epe bat ezarri zioten elkarri, egoera berrira egokitzeko, eta kontrolak malgutu zituzten, bereziki EBtik Erresuma Batura Ipar Irlandako portuetatik sartzen diren produktu askorentzat, jakientzat nagusiki. Berez, brexit-erako akordioak bi urteko epea ematen zien egoerara egokitzeko, baina Erresuma Batuak ezezkoa eman zion horri.
4 Eta noiz arteko epea zuten? Hurrengo astean amaitzen da, baina Londresek urrira arte luzatu du. Bruselak dio bere kabuz hartu duela erabakia. Johnsonen gobernuak argudiatu du mugako kontrolak hornikuntza arazoak eragiten ari direla bere lurraldeetako supermerkatuetan.
5 Aurretik ere izan dute ika-mikarik gai horrekin, ezta? Bai. Brexit-aren punturik ahulenetako bat da hori. Ipar Irlanda EBren aduana batasunean geratu da, eta unionisten haserrea oso handia da. Irlanda barruko muga gogorra ez itzultzea da protokoloaren xedea, Ostiral Santuko Akordioarekin bat egiteko; baina, aldi berean, erabakiak berekin ekarri du Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean sortzea muga. Aurretik adostu zuten neurria, eta, akordio nagusia negoziatzen ari zirenean, bertan behera utzi zuen Johnsonek, baina, azkenean, atzera egin zuen.
6 Esan duzu AstraZenecarenak harremanak gaiztotu dituela. Zergatik? Aurreko astean beste mehatxu bat egin zion Bruselak Londresi. Ursula von der Leyen batzordeburuak esan zuen EBk ez ziola AstraZenecari baimenik emango Europan produzitutako txertoak Erresuma Batura esportatzeko, han egiten ari direnak ez direlako adostutako kopuruetan heltzen ari kontinentera: 10 milioi dosik zeharkatu dute Mantxako kanala Erresuma Batura bidean, eta dosi bakar batek ere ez kontrako bidean. Irletan oso aurreratua dute txertaketa prozesua, baina erabakiak blokeatu egin dezake, eta oso kezkatuta daude gobernuan. Johnsonek ukatu egin du esportazioak oztopatzen ari dela, baina Batzordeak urtarrilean argitara atera zuen kontratuak agerian utzi zuen AstraZenecak lehentasuna emango ziola Erresuma Batuari.
7 Nork berea defendatu nahi du, baina, aldi berean, elkarren beharra dute. Inork ez zuen esan dibortzioa erraza izango zenik.
Ikusteko dago zenbat kaleratze izango diren Euskal Herrian, eta zenbat denda itxiko dituen Alemaniako multinazionalak. Enplegu erregulazioaren negoziazioaren hasieran, 591 kaleratze eta 97 itxiera proposatu zituen Douglas Spainek. Azkenean, 492 kaleratze eta 82 itxiera izango dira.
Euskal Herrian, enpresaren asmoa zen 46 langile kaleratzea eta zortzi denda ixtea: hiru Bizkaian, bina Gipuzkoan eta Nafarroan, eta bat Araban. Negoziazioetan, Donostiako Mirakruz kaleko denda, eta Ballonti merkataritza gunekoa (Sestao, Bizkaia) atera zituen zerrenda horretatik.
Itxierak argudiatzeko, Douglasek ziurtatu zuen bezero asko galdu dituela bere dendetan. Salmenta zuzenean galdutakoa Internet bidez berreskuratu duela erantzun zioten sindikatuek, eta bi greba egunekin erantzun zioten. Deitzaileen artean zegoen ELA, baina ez da erregulazioaren sinatzaileen artean azaltzen.